2024/09/28

Estremere - Aguja de Portalet (5c , 120m)

EGUNA: 2024/09/28

ABIAPUNTUA: Col du Pourtalet (1794m)

ZAILTASUNA: 5c , 120m

DENBORAK:
  • Hurbiltzea: 20 minutu
  • Eskalada: 2 ordu
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da, baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste aldera bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Portaleteko mendatea igotzeari ekinen diogu. Goitiko aparkalekuan utziko dugu autoa.

KRONIKA:
Estremere mendiko Aguja de Portalet bidea goiz edo arratsalde erdi bat betetzeko aproposa da. Mendiaren hegoaldean dagoen orratzera igaten da bidea, eta eskalada estetikoa eskaintzen du. Zailtasun aldetik ere, ez du sobera estutzen. Gure kasuan larunbat goiz bateko eguraldi eskasa hobetzen hasi zelarik eskalatu genuen.

Hurbiltzea:
Aparkalekutik beretik ikusten da orratza, Estremere mendiaren eskuinetara (iparraldera). Bide argirik gabeko larreetatik hurbilduko gara bertara.


Hurbildu ahala orratz txikia nabarmenago ikusten da.


Eta handiago!


Eskalada bidearen hasmenta orratzaren azpian dago, eskuineko aldean. Argazkian zuriz jantzitako pertsona bat ikusten da 0 bilgunean.


Eskalada:
  • 1. luzea (5c, 30m): Bi irtengune dituen plaka eskalatzean datza. Azken metroak etzanagoak dira, eta arroka okerragoarekin.
Lehen luzea akitzen

  • 2. luzea (4b , 30m): Bilgunetik metro pare bat igan eta ezproi baten ezkerretara pasatuko gara. Behin bertze aldean zeharkaldi erraz batetik lepotxo gisakoan dagoen bilgunera ailegatuko gara.
Bigarrena hasten

  • 3. luzea (5c, 30m): Bilgunetik ezkerretara helduleku onak dituen paretatxoa eskalatuz hasten da. Hortik aitzinera harmaila batzuk gainditu behar dira bilguneraino. Harmaila hauetako batean ezkerretara itsaskortasuna bilatuz egin beharreko pausua iruditu zitzaidan bide osoko zailena niri.

  • 4. luzea (5c, 30m): Honakoa da bidearen luzerik "ezagunena". Orratzaren gaineko parteko diedro ikusgarri eta bertikala igatean datza. Lehen metroak diedroaren ezkerreko plakatik eskalatzen dira, ondotik diedro barnetik goitiraino segitzeko. Helduleku arras onak ditu eta nahiko aise igaten da.
Laugarren luzeko diedro politean

  • 5. luzea (II, 30m): Berez eskalada zatia akituta ertz estu bat zeharkatu behar da. Hiru puntu daude zati erraz hau babesteko.
Puntaren puntan...


Jaitsiera:
Estremereren hegoaldeko bizkarrera atera eta bertatik beheiti abiatuko gara. Beheitiago bidexkak mendebalderako norantza hartuko du berriz ere Portaletera ailegatzeko.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina