2025/01/18

Crete de la Pegue (2406m) eta Col de la Bonida (2302m)

EGUNA: 2025/01/12

ABIAPUNTUA: Tourmaleteko errepidea (1540m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Tourmaleteko errepidea - Crete de la Pegue : 3 ordu
  • Crete de la Pegue - Super Bareges : Ordu erdi
  • Super Bareges - Col de la Bonida : 2 ordu
  • Col de la Bonida - Tourmaleteko errepidea : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz-Saint-Sauveur herrietara ailegatuko gara hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendate ezagunerako bidea hartu behar da eta Tournaboupeko aparkalekura igan. Elurrik ez badago Tournaboupetik goiti bertze kilometro inguru gehiago igaten ahal da errepidetik.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Elur egin berria, hotza eta eguzkia elkarrekin egun berean harrapatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izaten Pirinioetan. Horrelakoetan, aukera izanez gero, ezin da hutsik egin! Batzuetan hiru osagai horiei haizea ere gehitzen zaie, eta horrela izan zen joan den igandeko ateraldian. Egin berria zuen elurra haizeak landu zuen eta hego isurialdeetan iparretan baino hobea harrapatu genuen. Ateraldi honetan bi isurialdeak konbinatzeko ibilbidea inprobisatu genuen, Grand Tourmalet eski estazioaren inguruko bi klasiko iganez eta jaitsiz.

9:08 : Tourmaleteko errepidea (1540m)
Ordu horretarako auto dezente hasiak ziren ingurura hurbiltzen. Inguru honetara mendieskizale aunitz joaten da eta zaila da bakardadea harrapatzea. Zorionez, aukerak ere anitzak dira eta hasmentako jendetza hara eta hona sakabanatzen hasiko zen.



Tourmaleteko errepide bazterrean, elurra hasten den lekuan autoa utzi eta errepidetik beretik goiti egin genuen lehen zatia. Errepidea ez da eski pisten parte eta beraz ez da eskiatzailerik jaisten kontrako norabidean. 


9:38 : Super Bareges (1738m)
Beroan sartzeko ziztu bizian egin genuen estazioaren goitiko parterainoko zatia. 


Ostatu eta teleaulkien artetik pasatu, eta eski estazioko kalapita gibelean utzi genuen puntu horretan.


Hegoaldeko norabidea hartu genuen eta argazkiko bailaratxorantz zuzendu ginen. Bat de Barrere izena du Campana eta Caoubere artean irekitzen den harantxo edo zirkuak.


Bertara ailegatzeko zati tentexeago bat gainditu behar da, baina zailtasun handirik gabea. Berez Pegueko ertzeraino eski ibilbidea jendetsua izaten da erraza delako.


Gure gibelean Barbe eta Bedera inguruak elur aunitzekin ageri ziren. Haizeak iparraldetik joa zuen eta alderdi hartan gu igaten ginenean baino elur gehiago pilatu zen.


Malda tenteena gaindituta Bat de Barrereko bailaran barneratu ginen. Eskiagarri zegoen, baina elur soberakinik gabe.


Leku polita da eta ailegatzeko erraza...


Gure eskuinaldera gelditzen ziren ekialdeko maldetan elur gehiago eta hobea zegoela ikusita, haietatik igan ginen. Urrunean Midi de Bigorre zelatari...


Mantso-mantso metroak jan genizkion mendiari...


Ipar haize fina zebilen eta haren eragina agerikoa zen inguruan... 


Pegueko ertzera atera ginelarik, haizeak gogor jotzen zuen eta afera ez zegon bertan luzaro gelditzeko.


11:08 : Dome de la Pegue (2406m)
Ezkerretara metro batzuk gehiago irabazi eta ertz honetako gailurtxo batera atera ginen. Ateraldi hau egiten duten eskiatzaileak puntu honetara arte igaten dira normalean.


Denbora sobera galdu gabe, haizetik babestuago zegoen leku batera jaitsi eta bertan egin genuen trantsizioa. Hala eguneko lehen jaitsierari ekin genion. Goitiko aldean haizeak aunitz landua zuen elurra eta beraz nahiko aldakor zegoen, baina beheitiago elur hauts konpaktuz osatutako malda politak eskiatu ahal izan genituen.


13:15 : Super Bareges (1738m)
Eski estazioara bueltan, bertako ostatuan zerbait jan eta oraindik eskiatzeko gogoz ginenez, hego magalak zer moduz zeuden probatzea erabaki genuen. Bertatik hegoaldera ateratzen den Toueko teleskia hartu ahal izan genuen forfaitik gabe ere eta 170 bat metro irabazteko aukera izan genuen.


Teleskiaren goitiko partean foka-larruak paratu eta iparralderantz igaten segitu genuen.


Onceteko laku aldera igaten den bailara hartu genuen, pixka bat tenteagoa den hodi itxurako malda bat gaindituz.


Zati hau iganda gure ezkerrean Bonida mendia ikusten hasiko ginen.


Hain zuzen ere, Bonidaren ezkerreko aldera dagoen izen bereko lepora igatea zen gure asmoa. Ondoren, bertatik hego-mendebaldeko maldak jaisteko aukera aztertuko genuen.


Gure harridurarako Bonidako lepoan ez zebilen jende aunitzik.  Zati batean arrastoa irekitzea ere tokatu zitzaigun.


13:49 : Col de la Bonida (2302m)
Neouvielle mendiaren begiradapean ailegatu ginen lepora, malda tente samar bat iganda.


Lepo honetan akitutzat eman genuen eguneko bigarren igoera. Lehenengoa ez bezala, haizea bare zegoen eta gustura egoteko aukera izan genuen.


Lepotik hego-mendebaldeko maldek itxura ona zutela ikusi ahal izan genuen. Gainera, oraindik ez zen inor jaitsi handik eta beraz probatzea erabaki genuen.


Eta baita asmatu ere! Elur ona harrapatu genuen zati honetan eta malda osoak guretako bakarrik! 


Aoubeko etxolaraino jaitsi ginen aunitz gozatuz eta bertatik gure arrastoei begirada bat bota genien. Ederra izan zen! Etxolatik beheiti hegoalderantz oraindik malda polita eskiatzeko aukera izanen genuen, nahiz eta zati horretan arrasto aunitz harrapatuko genituen.


14:45 : Tourmaleteko errepidea (1540m)
Autorainoko eski saioa eta gero kontent akitu genuen eguna. Dudarik gabe baliatu behar diren egun horietako bat izan zen!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina