2024/12/31

Monfaucon (2712m)

EGUNA: 2024/12/31

ABIAPUNTUA: Aulon (1234m)

ZAILTASUNA: S3

IRAUPENA:
  • Igoera: 5 ordu
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Baionan A64 autopista hartu eta bertatik joan behar da Saint-Lary-Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata, Guchen herrira ailegatu beharko dugu. Herri honetatik goiti Aulon herrira iganen gara. Bidean elurrik ez dagoelarik, Aulondik goitiago autoz igatea ere posible da; Granges Lurgues izeneko bordetaraino, hain zuzen ere. 

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Urtea gehien gustatzen zaiguna eginez akitu genuen, eta oraindik ezagutzen ez genuen bailara batean gainera. Aulon herritik goiti irekitzen den bailarak hego isurialde eskiagarria duten hainbat mendi ditu. Ezagunenak Arbizon eta Prada dira, baina badira Aulon eta Monfaucon bezalako mendi ederrak ere. Azken hau izanen da segur aski aipatu ditudan lau mendietatik eskiatzaile gutien erakartzen duena, baina bere hego-mendebaldeko malda ederrek inbidia guti diote gainerakoei.

9:20 : Aulon (1234m)
Herriko aparkalekuan pasatu genuen gaua eta karrikak gurutzatuz egin genituen lehen metroak. Azken etxeak gibelean utzi eta Lurgueseko bordetara igaten den bidexka polita hartu genuen.


Belai artetik doan bidexka berdetik gustura egin genituen lehen metroak. Horrelako bideetan eskiak bizkarrean eramatea ez da arazo.


9:44 : Granges Lurgues (1409m)
25 bat minutuko paseotxo baten ondotik borda politez osatutako herrixka gisakora ailegatu ginen. Borda arteko karrika zeharkatu eta Arbizongo norabidea erakusten duen seinaleari kasu eginez bertarantz jo genuen.


1500 metro inguruan paratu genituen eskiak zangoetan, Lurguesetik goitiko maldetan. Metro batzuk egin eta argazkiko basotxoan sartzean berriz zati batean eskiak eskutan eraman beharko genituen.


Basotxotik ateratzean Aulon mendia agertu zitzaigun parez pare. Inguru honetatik goitiraino ez genituen eskiak berriz kenduko.


Espigouseko etxola eta Auloueilh aldera doan bailara nagusia ezkerretara utzi eta iparralderantz egin genuen.


Segidan Amedos izeneko ertzak bi bailaratxo banatzen ditu. Guk eskuinekoa hartuko genuen errekaren bazterreko maldetatik goiti egiteko.


Lehen malda tente bat gainditu genuen, baina ordu horretarako eguzkiak bertako elurra guritua zuen eta zailtasun handirik gabe gainditu genuen.


Hortik goiti Porte de la paloume izeneko lepo aldera igaten den bailaratxotik segituko genuen.


Bigarren malda tente bat gainditu beharko genuen bailaratxo honetan goiti...


Atsedenaldia bigarren malda tentea gainditu eta gero...


Hala Porte de la Paloumeko zirkuan sartu ginen. Lepoa parean ikusten dena da, baina bertara ailegatu gabe zirkutxoaren sakonetik eskuinetara doazen maldetatik iganen ginen.


Lekua ikusgarria eta bakartia da...


Monfaucon mendiaren hego-mendebaldeko malda igan ahala tentetu egiten da. Gero guretako izanen genuen oso-osorik eskiatzeko...


Loreak azken metroetan eskiak bizkarrean paratu behar izan zituen, baina eguzkiak transformatutako maldak eskiz igateko modukoak dira.


2600 metro inguruan dagoen lepotxo honetan utziko genituen eskiak eta azken metroak oinez egin.


Ederki kostata egin genuen hego-mendebaldeko bizkarretik goiti. Teknikoki bide erraza da, baina eskubaloi baloiaren neurriko harriek zati hau deseroso bilakatzen dute.


13:47 : Monfaucon (2712m)
Lau ordu eta erdiko igoera luzearen ondotik kasko polit honen gainean ginen. Gugandik hurbil inguruko mendirik ezagunena den Arbizon ageri zen.


Urrunago Midi de Bigorre ingurua...


Goitian bakar-bakarrik egonalditxoa egin eta eskietara itzuli ginen. Argazkian ikusten da eskiak utzi genituen lepotik kaskora ailegatzeko gainditu behar izan genuen malda deserosoa.


Eskietara ailegatzen parean Aulon mendia genuela...


Eskiak jantzi eta jaitsiera ederrari ekiteko prestatu ginen.


Jaitsieran elur ona harrapatu genuen. Eguzkiak malda gehienak transformatu zituen eta kasik arrastorik gabeko malda zabaletatik gozatu ederra hartu genuen.


Paraje zoragarrian eskiatuz...


1200 metro inguru jaitsi genituen eskien gainean, jaitsiera luzea Pirinioetan genituen elur baldintza eskasak ikusita.


15:29 : Granges Lurgues (1409m)
1400 metro inguruan eskiak motxilara eraman eta Aulonerako paseo polita eginez akituko genuen eguna.


15:51 : Aulon (1234m)
Sentsazio bikaina utzi zigun Urtezahar egunean egindako irteerak. Mendi eskiaren esentzia osoa jasotzen duen egun horietako izan zen!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina