2024/12/27

Pluviometre d'Ayre (2260m)

EGUNA: 2024/12/23

ABIAPUNTUA: Bareges (1208m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK: 
  • Igoera: Hiru ordu
  • Jaitsiera: Hiru ordu laurden
NOLA AILEGATU: 
Baionatik autopistaz joanen gara Tarbesen atera arte eta hemendik Lourdesera joko dugu. Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz-Saint-Sauveur herrietara ailegatuko gara, hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendaterako bidea hartu behar da eta bidean Bareges herrian aparkatu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Klima aldaketaren eragina nabaria da eta elurra botatzen duen arren, gero eta fiteago urtzen du. Tenperaturak goiti eta beheiti fiteago egiten du, bereziki goiti. Hori dela eta, elurrak denbora guti irauten du egoera onean, gutiago hauts egoeran. Egun horiek aprobetxatu behar dira, eta eguraldi eskasa ari duelarik ere bai. Kasu hori izan dugu oraingoan eta Ayreko basora zuzendu gara, urtebetean hirugarrenez.

11:00 : Bareges (1208m)
Herriko aparkalekutxo batean autoa utzi eta herriaren goitiko partera abiatu ginen. Bainuetxearen ondotik eskuinetara ateratzen den errepide ttipiak segidan utziko gintuen pista batean. Pista hori eski pista izan zen antzina eta hortik egiten ahal da igoera guzia Lienzeraino.



Berez seinaleek bide luzeago batetik igortzen dute, baita badira hainbat laburbide. Onena segidan ezkerretara hartzea da, baina guk luzexeagoa den bide bat hartu genuen. Jaitsiera, aldiz, bide motzenetik egin genuen.


Hartu genuen pista antzinako funikularraren bidearen azpitik pasatzen da. 


Ondoren hego-ekialdeko norantza hartzen du.


Etxe batzuk dauden soilgune batetik pasatzen da berriz ere basoan sartzeko.


Eta kasik zuzen-zuzen Lienzeko zelaitxoraino ailegatzen da.


Guk dena den pista utzi eta basotik hegoalderantz jo genuen. Asmoa irekita zeuden eski pistak ahal bezain bertze saihestea zen.


Baso zati hau tarteka hetsi samarra da, baina igateko ez genuen arazorik izan.


Hala, Ricao izeneko pista beltzera atera ginen. Berez bezperan hetsia zegoen, baina gu pasatu ginelarik irekia zegoen. Hortaz zati honetan jaisten ari ziren eskiatzaile batzuk gurutzatu genituen.


Pista oso-osorik iganen genuen.


Malda konstantea du.


Behin pista goitiraino iganda, berriz ere funikular zaharraren azpitik pasatu eta honen goitiko partera igaten den pista zaharra hartu genuen.


Hortik goiti pistetako kalapita akitu egiten da.


Funikularraren goitiko geltokitik hegoalderantz biratu eta azken zatiari ekin genion. Baso baten ertzetik egiten da plubiometroaren gailurrerainoko bidea. Zati honetan haizeak gehixeago jotzen zuen eta hortaz arbolen babesa bilatzen saiatu ginen.


Gaineko aldean elur malda politak daude eta gozatu ederra hartuko genuen jaitsieran.


Azken metroak...


13:36 : Pluviometre d'Ayre (2260m)
Eguraldi eskasagatik goitiraino ailegatuko ginela uste ez bagenuen ere, azkenean argiune bat baliatu eta goitian ginen. Egia erran haizeak uste baino gutiago jotzen zuen kaskoan eta nahiko ongi egon ahal izan ginen.


Jaitsieran gaineko malda eskiatu eta elur-jausien kontrako hesien artetik funikularraren azpiko pistara sartu ginen zuzenean. Zati honetan kasu eman behar da elur-jausi arriskua handia delarik.


Hortik beheiti pistaz pista Lienzeraino jaitsi ginen eta gero igoerako pistatik Baregeseraino.

15:00 : Bareges (1208m)
Lienzeko jatetxean zerbait hartzeko geldialdia eginda, lau ordu eskasean autoan ginen bueltan. Hurren arte elur hauts!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina