2024/12/29

Lenquo de Capo (2716m)

EGUNA: 2024/12/29

ABIAPUNTUA: Piau Engaly (1850m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S2
DENBORAK:
  • Igoera: Bi ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertatik joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segituko dugu. Bidean goazela, eskuinetara Piau Engaly eski estaziora igotzen den bidea hartu beharko dugu. Estazioaren goitiko partean dauden aparkalekuetako batean utziko dugu autoa.
Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu, ordea, hobe da Iruñetik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (6 km) eta Piau Engalyko bidea hartuko dugu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Gure egonaldiaren bigarren egunean Louron bailara utzi eta Aurekora pasatu ginen. Piau Engaly eski estaziora hurbildu eta bertatik zailtasun handirik ez duen Lenquo de Capo mendira iganen ginen. Batez ere ekialdeko orientazioko maldak ditu, udaberriko elurra bilatu nahi delarik aproposak izaten ahal direnak, nahiz eta negu gorrian transformatzea pixka bat kostatzen zaien.

9:49 : Piau Engaly (1850m)
Sei lagun elkartu ginen estazioko eguneko aparkalekuan. Erreka aldera jaitsi eta Badet izeneko pistatik ekin genion egunari.



Pistatik izen bereko erreka gurutzatzeko hoberena mapetan 1874 metrora dagoen zubitik egitea da. Fiteago, Monne izeneko etxola inguruan ere bertze zubi bat dago, baina nahiko hondatua dago orain.


Erreka gurutzatuta, pistak fite atzentzen dira eta magal zabaletatik goiti egiten da.


Malda hauek nahiko etzanak dira, eta erraz igateko modukoak. Poliki-poliki diagonal luze bat marraztu behar da mendebaldera eginez. Malda guziak zeharkatuta, argazkian ikusten den orratzaren ezkerretik Lenquo de Capoko iparraldean dagoen bailara gisakora pasatuko ginen.


Eguzkiak ederki goxatzen zuen eta arropa kendu behar izan genuen malda hauetan goiti.


Arestian aipatutako orratzaren ezkerretara itzalean zeuden maldak baliatuz pasatu ginen. Gure harridurarako malda hauetan elur hauts zaharra harrapatu genuen eta jaitsieran bertan eginen genituen birarik goxoenak.


Itzaletako zatitik atera, malda tenteago bat gainditu eta goi-ibar batera atera ginen. Puntu honetatik Lenquo de Caporen gailurra eta bertara igateko zeharkatu beharreko lepoa begien bistan genituen.


Malda errazetatik zuzenduko ginen lepo zabalera.


Eta lepotik itzaletako bertze malda tenteago bat gainditu beharko genuen gailur aldera.


Azken malda horrek gailurraren bizkarrean utziko gintuen. Hemen elur guti zegoen...


...eta gehienek eskiak bizkarrean egin genituen azken metroak.


12:33 : Lenquo de Capo (2716m)
Bidean jende aunitz ikusi genuen, baina kasualitatez gailurrean bakar-bakarrik ginen. Tarte goxoa pasatu genuen solasean eta jan-edanean...


Jaitsierarako batzuk mendiaren ekialdeko ertzetik beheiti sartzen zen malda bat probatzea erabaki genuen. Ertz erraza oinez zeharkatuko genuen bigarren leporaino...


...eta argazki honetan ikusten den lepotik ipar-orientaziodun malda polita jaitsiko genuen.


Jaitsi baino lehen baten batek alpinismo pixka bat egiteko abliatu zuen...


Jaitsierari dagokionez, nahiz eta udaberriko elur bila joanak ginen, goxoena itzaletan aurkitu genuen. Ekialdeko ertzetik jaitsitako maldan eta orratzaren ezkerreko maldetan aurkitu hauts pixka batean eskiatu ahal izan genuen.


Gainerako zatiak ez ziren sobera onak izan, arrasto aunitz zegoen bazterretan eta elurra aldakorra zen: batzuetan pisuegia eta bertzeetan transformatu gabea.


Elurrak elur, Campbieil mendiaren hego-harresi ikusgarriaren azpian paisaia ederrean eskiatzeko aukera dago.


14:31 : Piau Engaly (1850m)
Hori izan zen egonaldiko bigarren egunak eman zuena. Elurra ez zen suziriak botatzeko modukoa izan, baina egun polita pasatu genuen.
 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina