2025/03/25

Pic de l'Aiguillette inguruan

EGUNA: 2025/03/16

ABIAPUNTUA: Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Iparraldeko sarrera (1821m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Igoera : Bi ordu 
  • Jaitsiera : Ordu erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertati joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segiko dugu. Tunelera ailegatu baino hiru kilometro inguru lehenago, bihurgune itxi batean kokatua dagoen eraikin zahar baten ondoan utzi behar da autoa.

Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (3 km) eta lehen aipatutako lekuan utzi behar da autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Asteburuko bigarren eguna Aragnouet-Bielsa tunelaren inguruan eta kasu honetan aldrebes samar hasi ginen. Lehen plana Pinarrako bailaratik Barrosa mendira igatea zen, baina eguraldia fite hasi zen okertzen eta buelta hartu behar izan genuen. Tunela hegoaldetik iparraldera zeharkatu eta Aiguillette mendira abiatu ginen eguna salbatzeko. Baita ederki salbatu ere!

8:48 : Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Iparraldeko sarrera (1821m)
Eguneko bigarren ateraldia autotik beretik eskiak jantzita hasi genuen.


Misterio handirik ez duen bidea da. Argazkian ikusten den bezala, hasmentatik kaskoa ikusten da eta haren eskuinetara dagoen lepotik igaten da bertara. Hortaz, bailaratxoa osorik zeharkatuko genuen leporaino eta handik ezkerretara biratuta ertzetik iganen ginen.



Bezperan sektore honetan ibilitako eskiatzaileek irekitako arrastotik eroso igan ginen. Haize hotza zebilen eta igan ahala lainoak agertuz joan ziren.


Gure gibelean Garlitz mendia ageri zen...


Zailtasun handirik gabe Aiguilletteko lepora ailegatu ginen.


Lepoaren bertze aldean Troumouseko zirkua osatzen duten mendiek osatutako harresi ikusgarria agertu zitzaigun bat-batean. Paraje ikusgarria da!


Haize ufada hotzek astintzen gintuzten bitartean ertz erraza eskiz igateari ekin genion. Zati hau elur-baldintzen arabera, oinez igatea hobea izaten ahal da.



10:04 : Pic de l'Aiguilletteren iparraldeko ertza (2446m)
2440 metro ingurura arte ertza eskiz igan ahal izan genuen. Puntu honetatik goiti estutu egiten da eta azken metroetarako eskiak kentze derrigorrezkoa zen. Kaskoa lainoz inguratua zegoela ikusita hari uko egin eta lehen jaitsiera bat egitea erabaki genuen.


Ertzetik beretik ipar-ekialdera jaitsi ginen kristoren elurra zuen malda batetik...


2200 metro ingurura jaitsi ginen eta elurraren kalitatea ikusita berriz igatea erabaki genuen.


11:05 : Pic de l'Aiguilletteren iparraldeko ertza (2446m)
Berriz ere lehen igoera akitu genuen puntu berera itzuli ginen, berriz lainoek tontorra estali zutelako.


Eta berriz ere elur bikainetan eskiatu ahal izan genuen, kasu honetan autoraino.

 

11:37 : Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Iparraldeko sarrera (1821m)
Hala akitu genuen eski ateraldi motz baina polita. Bezperan bezala, ametsetako elur kalitatea izan genuen, luzaroan oroitzen diren horietakoa!

2025/03/23

Augas (2213m)

EGUNA: 2025/03/15

ABIAPUNTUA: Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORA:
  • Igoera: 2 ordu 
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertati joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segiko dugu. Tunelera ailegatu baino hiru kilometro inguru lehenago, bihurgune itxi batean kokatua dagoen eraikin zahar baten ondoan utzi behar da autoa.
Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (3 km) eta lehen aipatutako lekuan utzi behar da autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Berriz ere Augas mendiaren ipar-mendebaldeko maldetan ibili gara joan den asteburuan. Niretako hirugarren aldia izan da. Inguru hartan elurte ederra bota zuen aitzineko egunetan eta elur-jausi arriskua nahiko handia zen. Baldintza horietan elur hautsaz gozatzeko aukera ematen du Augasek, aparteko arriskurik hartu gabe.

8:57 : Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)
Bielsan pasatu genuen gaua eta goizean tunela zeharkatzean iparraldeko isurialdea inoiz ez bezala harrapatu genuen. Zuri eta leun zegoen, itxura ezin hobearekin. Kilometro guti batzuk jaitsi eta antzinako aduanatik abiatu ginen Augas aldera.


Eskiak autoan berean paratu genituen zangoetan, nahiz eta jaitsiera beheitiko zatia ezinen genuen eskiatu. Zubi estua zeharkatu eta baso aldera igaten den malda gainditu genuen. Bidea basoan sartzean tentetu egiten da eta eskiz gainditzea zaila den pasabide bat igan genuen.


Zati deserosoa gaindituta, Lacoueouko pistara atera ginen 1630 metro inguruan. Puntu honetatik goiti elurrak udaberrian ere dezente irauten omen du eta beraz gehienetan eskiagarri egoten da.


Pistak ekialderantz egiten du eta 1750 metro inguruan izei artetik atera eta Augaseko malda ederretan akitzen da.


Puntu horretatik Augaseko kaskoraino 500 bat metroko malda ederrak daude. Aipatu Augas mendiak mapan 2213 metro baldin baditu ere, ertz bat gailurra dena baino goitiago igaten dela 2290 metro hartu arte eta normalean eskiz puntu horretara arte igaten da jendea.


Cortail de Prat etxola ezkerretara utzi eta malda zabalak igateari ekin genion bizi-bizi.


Tarteka izei batzuen artetik pasatuko ginen, baina oro har maldak "garbiak" dira.


Eguna eguzkitsu argitu bazen ere, goizean zehar goibel batzuk zerua estaltzen hasi ziren. Hala ere, ez ziguten eski egun ederra zapuztuko.


Augaseko "eski gailurra" begien bistan...


Aitzineko elurrak 40-50 zentimetroko elur hauts geruza utzia bazuen ere, aitzinekoek irekitako arrastotik aise eta fite igan ginen. Sektore honetan asteburuetan jende dezente ibiltzen da eta ez da erraza bakardadea harrapatzea.


Azken zatia tenteagoa da, baina zailtasun handirik gabea.


Augas mendiaren eskuinetara Cuneille mendia gelditzen da. Hau ere eskiagarria da, baina aise malda tenteagoak ditu eta elur baldintza egonkorrak behar dira bertara igateko.


Augaseko benetako gailurra ezkerretara utzi genuen bere antena eta guzi, eta arestian aipatutako ertzeko 2290 metrora dagoen punturantz segitu genuen.


Azken metroeak ertzeko punta batera ailegatzeko...


Benetako kaskoa gibelean utziz...


10:32 : Augas (2290m)
Lehen igoera IGN mapan 2289 metrora dagoen puntatxoan akitu genuen. Bertatik mendebaldera ertz guzia altuera bertsuan dago.


Bigarren igoera beranduxeago ertzean mendebalderago dagoen punta batera eginen genuen, biak ala biak Cuneille altuagoaren itzaletan...


Eskiak jaitsierarako prestatu eta 300 bat metroko lehen jaitsiera bikain bat egin genuen. Haize gutirekin egindako elur hauts hotza baldintza bikainetan harrapatu genuen. Pirinioetan gutitan harrapatzen da hain elur ona.


2000 metro baino beheitixeago jaitsi ginen. Berriz ere foka-larruak paratu eta berriz kaskorantz igateari ekin genion.


Eguna lainotuago genuen bigarre igoera honetan...


Erritmo onean igan ginen berriz ere eta fite ginen ertz inguruan...


11:53 : Augas (2290m)
Kasu honetan, jende gutiago ibilitako maldak bilatzeko mendebalderago segitu genuen eta IGN mapako 2290 metroko puntara ailegatu ginen.


Eguneko bigarren jaitsiera Cuneille eta Augas mendien artean gelditzen den sakonunetik egin genuen. Inguru horretan ez da jenderik ibiltzen eta bertzeak bezain malda politak ditu eskiatzeko.


Eguneko bigarren eta azken jaitsiera beheitiraino egin genuen. 1650 metroraino jaitsi ahal izan ginen eskiz; Lacoueouko pistatik auto aldera ateratzen den bidexkaraino, hain zuzen ere.


Handik baso zatitxoa oinez jaitsi eta zubia zeharkatuta autora itzuli ginen minutu gutian.


12:51 : Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)
Hala akitu genuen baldintza ikaragarriez gozatzeko egindako ateraldia. Biharamunean gehiago...

 

2025/03/14

Trampolingeles (2278m) eta Pic d'Astu (2277m)

EGUNA: 2025/03/09

ABIAPUNTUA: Astun (1730m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Astun - Pico de Astun Occidental : 2 ordu
  • Pico de Astun Occidental - Pic d'Astu : Ordu eta erdi
  • Pic d'Astu - Astun : Ordu erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jacara doan autobidea hartuko dugu. Behin Jacara ailegatuta, Candanchu eta Astungo eski estazioetara igotzen den bidea hartuko dugu. Somporteko lepoan Astunera eskuin hartuko dugu.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Batzuetan hasmentan bururatutako planak ez dira nahi bezala ateratzen eta dagoena hartu behar izaten da. Horrelako zerbait gertatu zitzaigun joan den asteburuan Astunen. Gure asmoa eski estaziotik abiatu eta Moines, Bersau eta Astungo lepoak zeharkatuz zirkularra egitea zen. Eguraldia iragarritakoa baino eskasagoa izan zen ordea eta hasmentako plana alde batera utzita inprobisatuz aritu ginen.

8:34 : Astun (1730m)
20 bat zentimetroko elur geruza freskoarekin ernatu ginen eski estazioan gaua pasatuta. Gosaldu, kafea hartu eta estazioko pisten ondotik abiatzen den bidetik hasi ginen igaten.


Bide hau fite ezkerretara biratzen da eta iparralderantz jotzen du. Argazkietan ikusten den bezala, zerua ilun zegoen, baina iragarpenak hobetzera ematen zuen.


Hala bada, konfidantzaz Llanos del Sol deitzen den zelaitxoa zeharkatu eta Escalarreko amildegirantz egin genuen.


Escalarreko amildegian goiti hegoaldeko orientaziodun maldetatik igan ginen. Arratsean botatako elurraren azpian ez zegoen baserik, baina nahiko zen goiti igateko.


9:31 : Ibon del Escalar (2078m)
Lakura ailegatuta komeriak hasi ziren. Ordura arte amildegiko harkaitzekin erreferentzia bisualak genituen, baina lakutik goiti lainopean dena zuri ikusten zen. Geldialdi luzea egin genuen aitzinera segitu edo ez erabakitzeko, eta azkenean Moineseko leporaino igatea erabaki genuen.


Mantso-mantso, kasik deus ikusten ez genuela eta GPSaren laguntzaz lakutik leporainoko egin genuen.


9:59 : Col des Moines (2168m)
Lepoan zeharkaldia egiteko aukerarik ez zegoela ikusita, fokak kendu eta gibelera eginen genuela erabaki genuen, Escalar eta Truchas lotzen dituen pista hartu eta gero Astu mendia igaten saiatzeko.


10:27 : Ibon del Escalar (2078m)
Hala, elur hautsetan lehen jaitsieratxoa egin genuen lepotik lakura. Bertan eguna pixka bat argitzen ari zela ikusi genuen eta berriz Moines aldera itzultzea erabaki. Hortaz, foka larruak paratu eta gure arrastoetatik goiti egin genuen.


Lepora bueltan, eskuinetara biratu eta Trampolingeles menditxoa iganen genuela erabaki genuen. Bertatik gero Ossau bailara aldera jaitsiera bat egin eta Astungo lepotik zirkularra burutzea zen plan berria.


11:00 : Trampolingeles / Pico de Astun Occidental (2278m)
Ostarte batzuk lagun genituela zapaldu genuen eguneko lehen gailurra, Astun mendiaren mendebaldeko punta. Hala ere, pozak ez zuen luze iraun eta berriz lainoak ugaritzen hasi ziren. Hala, behingoz iparralderantz jaistea baztertu eta Escalar lakura itzultzea erabaki genuen, gero Astungo isurialdetik Astu mendia igaten saiatzeko.


12:00 : Ibon del Escalar (2078m)
Bigarrenez escalar lakura jaitsi eta bertatik Truchas lakura doan pista hartu genuen.


Bi lakuen arteko pista Astun mendiaren azpitik pasatzen da.


Hego orientaziodun malden azpitik zeharkaldia egiten du, altuerarik irabazi eta galdu gabe.


12:42 : Ibon de Truchas (2119m)
Behin bertze lakura ailegatuta, eski estazioko teleaulki baten ondotik pasatu eta mendi eskiatzaile batzuk irekitako arrastotik ekialderantz jo genuen.


Astu mendiaren ekialdeko bizkarrera ateratzen malda tente bat gainditu genuen eta behin bertatik zailtasunik gabe ailegatuko ginen kaskora.


13:20 : Pic d'Astu / Pico de Astun Oriental (2177m)
Lehenago Astun mendiaren mendebaldeko tontorrean baldin baginen, oraingoan ekialdekora ailegatu ginen. Erdikoa eta altuena dena baino metro batzuk apalagoak dira biak ala biak.


Berriz bizkarrera atera ginen puntura itzuli eta bertatik jaitsiera zuzena eginen genuen estazioko pistetaraino.


Elurra hezeago harrapatu genuen jaitsiera honetan, baina aitzinekoak baino bertikalagoa zen eta niri eguneko onena iruditu zitzaidan. Kasik 200 metroko jaitsiera eginda, pistetan sartu eta estaziora bertatik jaitsi ginen.

 

13:49 : Astun (1730m)
Hala akitu zen misterio handirik gabeko eski ateraldi hau, paisaiarik ikusi gabe, hasmentako plana egin gabe, baina eskiatzeak beti uzten digun alaitasunarekin.