EGUNA: 2025/03/16
ABIAPUNTUA: Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Iparraldeko sarrera (1821m)
ZAILTASUNA: S3
DENBORAK:
- Igoera : Bi ordu
- Jaitsiera : Ordu erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertati joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segiko dugu. Tunelera ailegatu baino hiru kilometro inguru lehenago, bihurgune itxi batean kokatua dagoen eraikin zahar baten ondoan utzi behar da autoa.
Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (3 km) eta lehen aipatutako lekuan utzi behar da autoa.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Asteburuko bigarren eguna Aragnouet-Bielsa tunelaren inguruan eta kasu honetan aldrebes samar hasi ginen. Lehen plana Pinarrako bailaratik Barrosa mendira igatea zen, baina eguraldia fite hasi zen okertzen eta buelta hartu behar izan genuen. Tunela hegoaldetik iparraldera zeharkatu eta Aiguillette mendira abiatu ginen eguna salbatzeko. Baita ederki salbatu ere!
8:48 : Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Iparraldeko sarrera (1821m)
Eguneko bigarren ateraldia autotik beretik eskiak jantzita hasi genuen.
Misterio handirik ez duen bidea da. Argazkian ikusten den bezala, hasmentatik kaskoa ikusten da eta haren eskuinetara dagoen lepotik igaten da bertara. Hortaz, bailaratxoa osorik zeharkatuko genuen leporaino eta handik ezkerretara biratuta ertzetik iganen ginen.
10:04 : Pic de l'Aiguilletteren iparraldeko ertza (2446m)
2440 metro ingurura arte ertza eskiz igan ahal izan genuen. Puntu honetatik goiti estutu egiten da eta azken metroetarako eskiak kentze derrigorrezkoa zen. Kaskoa lainoz inguratua zegoela ikusita hari uko egin eta lehen jaitsiera bat egitea erabaki genuen.Berriz ere lehen igoera akitu genuen puntu berera itzuli ginen, berriz lainoek tontorra estali zutelako.
Eta berriz ere elur bikainetan eskiatu ahal izan genuen, kasu honetan autoraino.
11:37 : Tunnel d'Aragnouet-Bielsa / Iparraldeko sarrera (1821m)
Hala akitu genuen eski ateraldi motz baina polita. Bezperan bezala, ametsetako elur kalitatea izan genuen, luzaroan oroitzen diren horietakoa!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina