2025/03/23

Augas (2213m)

EGUNA: 2025/03/15

ABIAPUNTUA: Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORA:
  • Igoera: 2 ordu 
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herriko ipar partetik joanez gero, azkarrena Baionan A64 autopista hartu eta bertati joatea Saint Lary Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata aipatutako herriraino iritsi beharko dugu. Saint Lary gurutzatu eta Aragnouet-Bielsa tunelera doan bidea segiko dugu. Tunelera ailegatu baino hiru kilometro inguru lehenago, bihurgune itxi batean kokatua dagoen eraikin zahar baten ondoan utzi behar da autoa.
Euskal Herriko hegoaldetik joan nahi badugu ordea, hobe da Iruñeatik Jacara doan autobidea hartzea. Jacatik Huescara jarraitzen duen errepidea segiko dugu baina segidan Fiscal herri aldera desbideratuko gara. Fiscaletik Ainsara segiko dugu eta hemen iparraldera biratuko gara lehen aipatutako tuneleraino igoz Cinca ibaiaren ertzetik. Tunela zeharkatuta pixka bat jaitsi (3 km) eta lehen aipatutako lekuan utzi behar da autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Berriz ere Augas mendiaren ipar-mendebaldeko maldetan ibili gara joan den asteburuan. Niretako hirugarren aldia izan da. Inguru hartan elurte ederra bota zuen aitzineko egunetan eta elur-jausi arriskua nahiko handia zen. Baldintza horietan elur hautsaz gozatzeko aukera ematen du Augasek, aparteko arriskurik hartu gabe.

8:57 : Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)
Bielsan pasatu genuen gaua eta goizean tunela zeharkatzean iparraldeko isurialdea inoiz ez bezala harrapatu genuen. Zuri eta leun zegoen, itxura ezin hobearekin. Kilometro guti batzuk jaitsi eta antzinako aduanatik abiatu ginen Augas aldera.


Eskiak autoan berean paratu genituen zangoetan, nahiz eta jaitsiera beheitiko zatia ezinen genuen eskiatu. Zubi estua zeharkatu eta baso aldera igaten den malda gainditu genuen. Bidea basoan sartzean tentetu egiten da eta eskiz gainditzea zaila den pasabide bat igan genuen.


Zati deserosoa gaindituta, Lacoueouko pistara atera ginen 1630 metro inguruan. Puntu honetatik goiti elurrak udaberrian ere dezente irauten omen du eta beraz gehienetan eskiagarri egoten da.


Pistak ekialderantz egiten du eta 1750 metro inguruan izei artetik atera eta Augaseko malda ederretan akitzen da.


Puntu horretatik Augaseko kaskoraino 500 bat metroko malda ederrak daude. Aipatu Augas mendiak mapan 2213 metro baldin baditu ere, ertz bat gailurra dena baino goitiago igaten dela 2290 metro hartu arte eta normalean eskiz puntu horretara arte igaten da jendea.


Cortail de Prat etxola ezkerretara utzi eta malda zabalak igateari ekin genion bizi-bizi.


Tarteka izei batzuen artetik pasatuko ginen, baina oro har maldak "garbiak" dira.


Eguna eguzkitsu argitu bazen ere, goizean zehar goibel batzuk zerua estaltzen hasi ziren. Hala ere, ez ziguten eski egun ederra zapuztuko.


Augaseko "eski gailurra" begien bistan...


Aitzineko elurrak 40-50 zentimetroko elur hauts geruza utzia bazuen ere, aitzinekoek irekitako arrastotik aise eta fite igan ginen. Sektore honetan asteburuetan jende dezente ibiltzen da eta ez da erraza bakardadea harrapatzea.


Azken zatia tenteagoa da, baina zailtasun handirik gabea.


Augas mendiaren eskuinetara Cuneille mendia gelditzen da. Hau ere eskiagarria da, baina aise malda tenteagoak ditu eta elur baldintza egonkorrak behar dira bertara igateko.


Augaseko benetako gailurra ezkerretara utzi genuen bere antena eta guzi, eta arestian aipatutako ertzeko 2290 metrora dagoen punturantz segitu genuen.


Azken metroeak ertzeko punta batera ailegatzeko...


Benetako kaskoa gibelean utziz...


10:32 : Augas (2290m)
Lehen igoera IGN mapan 2289 metrora dagoen puntatxoan akitu genuen. Bertatik mendebaldera ertz guzia altuera bertsuan dago.


Bigarren igoera beranduxeago ertzean mendebalderago dagoen punta batera eginen genuen, biak ala biak Cuneille altuagoaren itzaletan...


Eskiak jaitsierarako prestatu eta 300 bat metroko lehen jaitsiera bikain bat egin genuen. Haize gutirekin egindako elur hauts hotza baldintza bikainetan harrapatu genuen. Pirinioetan gutitan harrapatzen da hain elur ona.


2000 metro baino beheitixeago jaitsi ginen. Berriz ere foka-larruak paratu eta berriz kaskorantz igateari ekin genion.


Eguna lainotuago genuen bigarre igoera honetan...


Erritmo onean igan ginen berriz ere eta fite ginen ertz inguruan...


11:53 : Augas (2290m)
Kasu honetan, jende gutiago ibilitako maldak bilatzeko mendebalderago segitu genuen eta IGN mapako 2290 metroko puntara ailegatu ginen.


Eguneko bigarren jaitsiera Cuneille eta Augas mendien artean gelditzen den sakonunetik egin genuen. Inguru horretan ez da jenderik ibiltzen eta bertzeak bezain malda politak ditu eskiatzeko.


Eguneko bigarren eta azken jaitsiera beheitiraino egin genuen. 1650 metroraino jaitsi ahal izan ginen eskiz; Lacoueouko pistatik auto aldera ateratzen den bidexkaraino, hain zuzen ere.


Handik baso zatitxoa oinez jaitsi eta zubia zeharkatuta autora itzuli ginen minutu gutian.


12:51 : Ancienne Douane Tunnel d'Aragnouet-Bielsa (1547m)
Hala akitu genuen baldintza ikaragarriez gozatzeko egindako ateraldia. Biharamunean gehiago...

 

2 iruzkin:

  1. Brutal!! Qué envidia! Con las ganas que le tengo, no he subido nunca...siempre esperando esa nevada... si sé que vais, me apunto de cabeza!!! Ya habrá más días!!!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Hola David! La verdad es que tuvimos unas condiciones extraordinarias! Hubieras disfrutado mucho! La verdad es que es una zona donde la nieve aguanta bastante y suele ser esquiable muchas veces, así que ya habrá más días así. Espero.

      Ezabatu