EGUNA: 2025/08/16
ABIAPUNTUA: La Cleta (1483m)
ZAILTASUNA: 
V-. Azpiko krokisetan zatirik teknikoenari buruzko azalpenak daude. Krokis hauek smithyrenbloga.blospot.com blogetik hartuak dira. Bertan ertz honi buruzko azalpen bikainak daude.
IRAUPENA:
- La Cleta - Ertzaren hasmenta : Bi ordu eta erdi
- Arista de los Murcielagos eskalatzea : Bi ordu eta erdi
- Jaitsiera : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Pirinioetako autobidean barrena Jaka aldera eginen dugu. Jakara ailegatu aitzinetik, Puente La Reina de Jaca herrian, ezkerretara hartuko dugu Echo aldera doan errepidetik. Bide horretatik segituko dugu Aragües del Puertoko errepidea ikusi arte eta jarraian Jasa herrikoa hartuko dugu. Jasa herritik pasatzen da Aisa herriraino doan errepidetxoa. Aisara ailegatu aitzinetik ezkerretara hartuko dugu Rigüeloko amildegian gora igotzen den bidean barrena eta bertatik segiko dugu burdinezko balengo batek bidea moztuko digun arte.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Pirinioetako klasiko handi bat da Aspe mendiaren ekialdeko ertza, Murcielagos izena hartzen duena. Eta hala izanda, pirinioetan alpinismoa praktikatzen dugun gehienon helburu izaten da. Gurea ere bazen, doike; eta gauza bat edo bertze beti gibelatu behar izan dugun ertz hau eskalatzeko momentua. Azkenean abuztu honetako larunbat sapa batean izan dugu bertaratzeko aukera.
6:19 : La Cleta (1483m)
Aisa herriko igerilkuaren ondoko aparkalekuan pasatu genuen gaua eta goiz jeikita Cletako aparkalekuraino hurbildu ginen. Gauza prestatu eta oraindik argitu gabea zela eman genituen lehen pausoak.
Ondotik pixka bat gehiago igan eta bi iltzez osatutako 0 bilgunera ailegatu ginen. Hortik goiti bi eskalada-luze eginen genituen Dondestastu eta Dondestanestos orratzak gainditzeko:
- 1. luzea (IV , 35m) : Bilgunetik atera eta irtengune bat eskalatzen da. Ondotik kanal batean sartu, bertatik pixka bat igan eta zailago jartzen hasten delarik ezkerretara irtengunen bertikal bat eskalatu behar da. Bertze pare bat irtengune eskalatu eta orratzetik pixka bat ezkerretara gelditzen den bilkurara ailegatuko ginen.
|  | 
| Lehen bilgunera ailegatzen | 
- 2. luzea (IV , 45m) : Dondestastu orratzaren bilgunetik metro erraz batzuk deseskalatu (II) eta bertze bilgune batera ailegatu ginen. Hortik goiti eskalatzen da Dondestanestos orratzera doan pareta ederra. Iltze aunitz dituen pareta bat eskalatzen hasten da, ondotik eskuinetara egin eta kanal erraz batetik segitzeko. Kanala akitu arte segitu eta eskuinetara eginez bigarren bilgunea aurkitzen da.
|  | 
| Bigarren luze ederra | 
|  | 
| Bilgunea eta Dondestastu orratza bigarren luzetik | 
Bigarren luzea eskalatuta, sokak gorputzean inguratu eta gandorretik oinez segituko genuen tarte batean. Momenturen batean eskaladatxo errazak (II) egin behar dira, baina aparteko zailtasunik ez du zati honek.
Hala bat-batean gandorra mozten den punta batera ailegatu ginen. Puntu horretan 20 metro inguruko rapel bat egiteko bilgunea muntatuta dago. Soka pasatu eta rapela eginez lepo batera jaitsiko ginen.
Lepoan bertze orratz iduriko batek mozten du aitzinera segitzeko bidea, baina eskuineko aldetik (Candanchuko isurialdetik) inguratzen da orratz hori. Modu berean, eskaladatxo ttipiak ertzaren ahoa baino eskuineragotik segituko genuen.
Irtengune baten azpian muntatutako bilgune batera ailegatu ginen. Bide zuzenetik gindoazen seinale! Bilgunearen gainean irtengune bertikal bat dago eta beraz luze bat egitea erabaki genuen. Hortik goitiraino luzeka segituko genuen beraz:
- 3. luzea (III+ , 25m): Irtengunea eskalatu eta ezkerretara eginez diedro etzan batetik bertze bilgune batera ailegatu ginen. Hau hau ertzaren ahoan dago.
- 4. luzea (V- , 30m): Bilgunetik eta pareko harkaitzaren gainera igatea da pausurik zailena, bide osoari gradua ematen diona (V-). Ondotik belarrezko terrazetatik pareko paretan dagoen bilguneraino metro errazak bertzerik ez dira.
- 5. luzea (III+ , 25m): Bilgunearen pareko pareta bertikala ez da zuzenean eskalatzen. Eskuinetara egin eta bertze bilgune bat ikusiko dugu 7-8 metrora. Bertatik ezkerretara diagonalean igaten den tximinia gisakoa eskalatu behar da erlaitz zabal bateraino.
- 6. luzea (III , 45m): Zuzen goiti segitu genuen eskalada errazak eginez. Kobazulo baten ezkerretik pàsatu eta ertza etzaten den erlaitz zabal batean egin genuen azken bilkura.
Kontent harrapatu genuen Aspeko gailurra eta tarte zabala pasatu genuen jan-edanean. Aspalditik agendan zegoen Murcielagos ertza egina genuen! 
Kalimaren eraginez ikuspegia ez zen arras zabala. Midi d'Ossau doi-doi ikusten zen...
Jaitsiera hegoaldeko bide arruntetik eginen genuen. Duela 12 urte alde horretatik eskiz igan nintzen mendi honetara egindako lehendabiziko bisitan. Oraingoa hirugarrena izan da. Kaskotik sasigailurraren arteko lepora jaitsi eta mendebalderantz bidexka nabarmena segituko genuen.
14:29 : Paso de la Garganta de Aspe (2427m)
Garganta de Aspera jaitsi eta ezkerretara biratuko ginen terreno karstikoan sartzeko.
Itsaskortasun handiko harkaitz zurixketik ibiltzea ez da beti erraza eta itzuli dezente eman behar dira arrakala sakonak inguratzeko.
Hala ere, nahiko fite jaitsi ginen harkaitz gaineko mugarriei segituz.
Kareharria utzi eta belar arteko bidexkatik Asperen hegoaldeko aurpegiko inbutura zuzendu ginen. Harresien arteko pasabide tentea da; harresi hauek gainditzeko erabiltzen den pasabidea, hain zuzen ere.
Handik beheiti bidexka leunetik bizkarrez bizkar goizean igandako bidea desegiten hasiko ginen.
16:09 : La Cleta (1483m)




 
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina