2025/08/31

Spijeoles (3065m) - Adishatz (6a , 420m) eta Perdiguero (3222m), Punta Lliterola (3133m), Pico Royo (3122m) eta Tuca Lliterola (3097m)

EGUNA: 2025/08/22-24

ABIAPUNTUA: Granges d'Astau (1139m)

ZAILTASUNA: 
  • Adishatz: 6a , 420m
  • Lliterola gandorra: F+
IRAUPENA:
  • Granges d'Astau - Refuge d'Espingo : Bi ordu eta erdi
  • Refuge d'Espingo - Adishatz hasmenta : Bi ordu eta erdi
  • Adishatz eskalatzea : Lau ordu eta erdi
  • Spijeoles - Refuge de Portillon : Bi ordu
  • Refuge de Portillon - Perdiguero (Lliterola ertzetik) : Hiru ordu eta erdi
  • Perdiguero - Refuge de Portillon : Bi ordu
  • Refuge de Portillon - Granges d'Astau : Hiru ordu eta erdi

NOLA AILEGATU:
Baionan A64 autopista hartuta, Montrejeau eta Luchongo irteera arte segituko dugu. Hemen Luchongo norabideari segika bertaraino ailegatuko gara. Behin Luchonen gaudela Col de Peyresourde mendatera igaten den errepidea hartu behar da Oô herrira doan bidegurutzera ailegatu arte. Oô herria gibelean utzi eta aitzinera segiko dugu errepide beretik Granges d'Astauko aparkaleku zabaleraino.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Luchon inguruko gainak aunitz gustatzen zaizkigu eta laugarren urtez segidan abuztuko asteburu bat pasatu dugu haietan. 2022an Belloc eta Saint Saud artean 11 hiru milako igan genituen; 2023an Maupas eta Crabioules mendien arteko ertz zorrotza zeharkatu genuen; 2024an Astautik Lys bailarara zeharkaldia egin genuen Grand Quayrat, Maupas eta Boum mendiak iganez eta aurten Spijeoles mendia Adishatz eskalada bidetik eskalatu eta Perdiguerora joan gara Lliterola ertzetik. Jarraian aterladi eder honi buruzko kronika.

2025/08/22
14:59 : Granges d'Astau (1139m)
Lehen eguneko plana ez zen luzeegia. Granges d'Astauko aparkalekutik Espingoko aterpera iganen ginen. Bi ordu eskaseko igoera. Aparkalekuan bazkaldu, ondoko jatetxean kafe bat hartu eta goiti abaitu ginen.


Galbiderik ez du Espingorako bideak, kasik denbora osoan GR10-aren markei segitzen baitie.


Gainera hasmentako zatian Ôo lakura igaten den bidetik ibiliko ginen. Bertara ehunka turista igaten dira udako egunetan eta bide zabal eta markatua da.


Aparkaleku aldera Ôo lakurako igoeratik...


Arbolapean igaten da bidea, zig-zag batzuk marraztuz...


Azken zatian jaitsiera labur bat eta laku bazterreko aterpea bistaratu genuen.


16:00 : Lac d'Oo (1507m)
Behin lakura ailegatuta, bidexka estutu egiten da eta lakuaren ezkerretik goiti egiten du.


Altuera fite hartzen da tarte honetan...


Lakua gero eta beheitiago utziz...


Azken zatian bailaratxo gisako batean sartzen da bidea eta parez pare ikusten da Espingoko lepoa. Aterpea lepotik metro gutira dago.


16:51 : Refuge d'Espingo (1967m)
Bi ordu inguru behar izan genituen aterperaino igateko. Laugarren aldia zen niretako inguru honetatik pasatzen nintzela, baina ez nuen inoiz lo egin bertan. Leku zoragarrian kokatua dago eta zerbitzu ona eskaintzen dute. Logelak ere nahiko erosoak iruditu zitzaizkigun, espazio dezente baitute.


2025/08/23
6:24 : Refuge d'Espingo (1967m)
Goiz paratu genuen iratzargailua eta gosaldu ondotik ilunpetan utzi genuen aterpea.


Espingoko lepora igan, eta handik hegoaldera segitzen duen bidea hartu genuen metro batzuk galdu eta Saussat lakua inguratuz.


Lakua gibelean utzita altuera hartzen hasten da losaz egindako bidexka. 


Lakua eta aterpea gibelean...


Eguna argituz bezalam eskuinetara Spijeolesen ekialdeko paretara joaten zitzaigun begirada. Fite han izanen ginen eskalatzen...


Coume de l'Abesque deitzen den zirkutxoan, erreka zeharkatzen duen zubia pasatu gabe eskuinetara hartuko genuen bide nagusia utzita. Bide nagusia Portillon aterpera igaten da.


Gu bidexka estuago batetik belardi bat igaten hasiko ginen. Aitzinean genuen Spijeoles aldera. 


Hartu berri genuen bidexka Spijeolesera igaten den bide arrunta da, baina behin ekialdeko paretaren azpian kokatuta hau ere utzi eta paretarantz zuzenduko ginen. Zati honetan mugarriren bat harrapatu genuen eta bidexka arrastoren bat, baina bide argirik ez.


Behitiko partean lainopean zeuden, baina guk primerako eguraldia genuen lagun. Argazkian Espingo aterpea ere ikusten da ongi behatuz gero.


Paretara hurbildu ahala, eskalada bidearen erreferentzia hartu behar da ailegatzeko. Argazkiaren erdialdean ikusten den tringelu gisakoaren gainean dagoen sapaitxotik pasatzen da bidea. Erraz identifikatzen da aitzinetik iksui badugu. 


Harat ailegatzeko harkaitz gorrixka bateko diedro etzan bat eskalatu genuen eta gero eskuinetara zeharkaldi delikatu samarra (III) egin. Agian eskuineko aldetik hurbiltzea hobe izanen da.


Horrenbertzez, bidearen azpiko aldean gauzak prestatu eta eskalatzeari ekin genion:
  • 1. luzea (4c , 50m) : Sobera nabarmena ez den ezproi batetik igaten da luzea. Ez da zaila baina 50 metrotan lau aseguru bertzerik ez ditu. Guk friend bat edo bertze sartu genuen.

  • 2. luzea (5c , 35m) : Azkenarekin batera, bide osoko luzerik politena da. Plaka bat eskalatzen da eta sapaira ailegatzean ezkerretara zeharkaldi bat egiten da ezproi bat zeharkatu eta bilkurara ailegatzeko.

  • 3. luzea (5b , 50m) : Bi aseguru dituen plakatxo bat eskalatzen da bilkuratik goiti. Gero zerbait eskuinetara egin eta diedro bat, eta azkenik plakatxo bat bilkurara ailegatzeko.


  • 4. luzea (5b , 50m) : Bilkuratik metro erraz batzuk eskuinetara egin eta diedro batean sartzen gara. Diedro polit hau osorik eskalatu eta terraza zabalago batera ailegatuko gara. Terraza honetan bidea nondik zihoan ikustea kostatu zitzaidan, ez baita asegururik ikusten. Gure parean zerbait ezkerretara gelditzen den diedro batetik hasi behar da eskalatzen, aseguru batera eta bilgunera ailegatzeko. Azken zati hau ez zitzaidan batere gustatu erdi solte dauden harkaotz blike handiak baititu.

  • 5. luzea (4c , 45m) : Bilgunetik zuzen atera behar da ikusten den aseguru bateraino. Justu bilgunearen gaineko blokea solte dago eta guk eskuinetik inguratu genuen. Ondotik eskuinetara egin eta plaka batean sartuko gara. Helduleku onak ditu, baina aseguruen artean distantzia handia dago eta hobe da sobera ez pentsatzea. Gainera, zaila da friend-ak sartzea. Bilgunean plaka amaierako sapaiaren azpian dago.

  • 6. luzea (5c , 50m) : Bilkuratik ezkerretara ateratzean dago luzeari gradua ematen dion pausoa, lehen txapan berean. Gero ezkerretara igaten segituko dugu ezproi gisako batera ailegatu arte, eta handik goiti zuzen diedro etzan batzuetatik. Bilkura terraza handi batean dago.

  • 7. luzea (6a , 50m) : Bilkuraren gainean pixka bat makurtua dagoen paretatxoa eskalatzeak ematen dio bide osoari gradua. Hiru txapa ditu eta A0 moduan egiteko aukera ematen du. Hala ere, eta nahiz eta pixka bat bustia egon, niri arras egingarria iruditu zitzaidan. Kokapenak bilatzea bertzerik ez da. Hortik goiti erraztu egiten da, baina ez da erraza bidea segitzea. Ni erdian belarra duen diedro nabarmen batean barneratu nintzen, baina bidea pixka bat eskuinetarago doa harmaila gisako batzuetatik. Bilkura erlaitz batean dago.

  • 8. luzea (3b , 45m) : Trantsizio luzea. Bilkuratik goiti igan eta ezproi gisako akitzean eskuinetara eginen dugu kanal bat zeharkatu eta bilkurara ailegatzeko.

  • 9. luzea (5c , 45m) : Luze hau opari bat da, zinez ederra. Bilkuratik eskuinetara eginen dugu parean ikusten den plaka eskalatzeko. Erdian dagoen arrailduratik eskalatzen da. Mantendua eta ederra! Bilkuratik kaskora 10 bat metro bertzerik ez daude.


14:56 : Pic de Spijeoles (3065m)
Bortz ordu eta erdi inguruz ekialdeko paretan ibili ondotik gailurrera atera ginen. Poza erabatekoa zen. Tontorretara igaten diren eskalada bideak aunitz gustatzen zaizkit, eta hau 3000 metrotik goitiko batera eskalatzen genuen lehendabiziko bidea zen.


Hori guti ez, eta kaskoan bortz lagun bertzerik ez ginen: diedroa eskalatu zuen bertze sokada bat, mendizale bakarti bat eta gu!


Luze egon ginen gailurraz gozatzen eta argazkiak ateratzen. Honakoan Bachimalako mendigunea eta Gourgs Blancs lakuak ageri dira. Laku horietatik goiti igan ginen mendi honetara duela hiru urte.


Gourgs Blancs mendiaren iparraldeko aurpegia eta jadanik desagertua den glaziarra...


Seil dera Baquo eta Portillon mendien arteko gandorra. Berez biharamunean bertara ginen joatekoak, baina baldintza txarrak zirela erran ziguten eta azken momentuan planez aldatu genuen.


Lac Glace eta Perdiguero inguruak... Harat joanen ginen biharamunean...


Belloc mendietarako gandorra eta Hourgade ederra urrunago...


Lorea kaskoan kontent!


Espingo aterpe inguruak eta Granges d'Astauko aparkalekua bera ere ikusten ziren iparraldera begiratuta.


Egonaldi luzearen ondotik beheiti abiatu ginen. Ez genuen presa handirik Portillon aterpera bertzerik ez baikenuen joan behar. Gailurretik hegoaldera mugarriei segituta bide arrunta jaisteari ekin genion. Goitian zati bertikalago bat jaitsi...


...eta harkaitz eta belardiak tartekatuz Glace laku aldera jaitsi ginen.


Handik heldu ginen...


Glace laku inguruan iparraldera segitzen dute mugarriek eta bidexkak. Espingo aldera jaisten den bidea da hura. Gu. ordea, mendebaldera zuzenduko ginen, lakuaren bazterreko bizkarra zeharkatu eta Sentier des Mineurs izeneko bidetik joateko.


Spijeoles ederrari begiratu bat bota...


...eta mugarrien laguntza Sentier des Mineurs bidearen sarrera bilatu genuen.


Bide honek Tusse de Montarque mendiaren iparraldeko pareta zeharkatzen du. Antza meatzariek antzina bide hau erabiltzen zuten Portillongo lakutik Glacekora joateko eta hortik heldu zaio izena.


Zati batzuek esposizio handi samarra dute eta kablez ekipatuta daude...


Segidan argazkian harkaitzean ikusten den erlaitz diagonal horretatik pasatuko ginen.


Erlaitz diagonalean ere kablea dago paratua.


Grand Quayrat bidetik ikusita...


Bertze zati ikusgarriren bat pasatu eta Portillongo aterpera igaten den bide arruntera aterako ginen. Benetan polita iruditu zitzaigun Sentier des Mineurs.


17:31 : Refuge de Portillon (2568m)
Espingotik abiatu eta 11 ordura ailegatu ginen Portillonera. Nekatuta, baina kontent! Afaldu aitzinetik garagardo batekin ospatu genuen eguna. Aterpezainek biharamuneko planak aldarazi zizkiguten Portillon mendiko jaitsiera arriskutsu zegoela erranda, beraz Perdiguero aldera joanen ginela erabaki genuen.


2025/08/24
6:46 : Refuge de Portillon (2568m)
Ateraldiko hirugarren egunean eskaladako trasteak aterpean utzi genituen. Plana Lliterolako lepora igan eta handik izen bereko gandorretik Perdigueroraino joatea zen, gero bide arruntetik itzultzeko. Ez zen ibilaldi luzeegia, baina gero autoraino jaitsi behar genuenez goiz ekin genion egunari.


Seil dera Baquo inguruak bertze baterako utzi genituen...


...eta urtegia zeharkatuta lakua inguratzeari ekin genion.


Behin lakua zeharkatuta Lliterola Inferior lepora igaten den bailaratxoa gure ezkerretara ikusi genuen. Mugarriak eta bidexka arrastoak segituz goiti eginen genuen.


Bezperan igandako Spijeoles mendia, Gourdon eta Gourgs Blancs egunaren lehen argitan...


Mantso-mantso harkaiotz blokez osatutako itsasoa zeharkatzen hasi ginen. Dena den, pentsatzen ahal dena baino erosoagoa da leporako igoera bidea ongi segitzen badugu.


Hormatutako lakutto honen ondotik pasatu eta leporako azken malda iganen genuen.


Lezat mendia eta Spijeoles urrunago...


Azken metroak lepora ateratzeko...


7:42 : Collado Inferior de Lliterola (2981m)
Aterpetik ordubete eskasean ailegatu ginen lepora. Luzatu gabe eskuinetara biratu eta Lliterolako ertza zeharkatzeari ekin genion.


Eskuak erabili beharreko zatiak (II) ditu ertzak, baina ,oro har, zailtasun handirik ez du eta esposiziorik ere ez.


Lehen igoera deskatalogatuta dagoen Lliterolako orratzera eginen genuen.


7:49 : Aguja Lliterola (3035m)
Pixka bat behartuago zen azken eskalada pauso batek (III) lehen kaskoan utziko gintuen. Hala ere, orratze hau mendebaldetik arazorik gabe inguratzen da.


Ondoko lepora jaitsi eta Punta Lliterola mendirantz segitu genuen.


Lehen partean mendebaldeko isurialdetik eskaladatxo errazak eginez (II).


Gero ertzetik beretik...


Eta azken zatia ekialdeko isurialdetik oinez...


8:11 : Punta Lliterola (3133m)
Hala ailegatu ginen eguneko lehendabiziko 3000ko ofizialera.


Sobera gelditu gabe aitzinera segitu genuen.


Zati bat ertzetik jaitsi eta bertze igoera motz batek Pico Royo mendi gorrixkan utziko gintuen.


8:25 : Pico Royo (3122m)
Mendi honetara ailegatzeko azken metroetan harkaitza aldatu eta gorri bilakatzen da. Hortik heldu zaio mendiari izena.


Jaitsiera eroso bat, izenik gabeko puntatto bat igan eta jaitsi eta hirugarren kaskora ailegatuko ginen.


Ertz errazetik...


8:37 : Tuca Lliterola (3097m)
Mendi honekin hetsi genuen bi lepoen arteko zatia. Azkena parean ikusten genuen Perdiguero izanen zen...


Malda tente batetik Lliterola Superior lepora jaitsiko ginen.


8:44 : Collado Superior de Lliterola (3051m)
...eta lepotik goiti Perdiguero mendiaren iparraldeko errtza igateari ekinen genion.


Mugarriak segituta ertza baino eskuinerago igaten da bidea (mendebalderago). Guk zati batzuek ertzetik beretik eginen genituen eskaladatxo errazak eginez.


Lepo gisako batera ailegatu ginen eta azken zatia blokeen artetik erdi oinez eginen genuen.


Azken metro polit eta panoramikoak...


9:05 : Perdiguero (3222m)
...eta sektoreko erraldoiaren puntan ginen. Lehen aldia zen niretako mendi ezagun honetan eta horrekin 3000ko hamaika mendiguneetako gailur altuenetatik hamar igatea lortu nuen. 


Kaskoan egonaldittoa egindako bide beretik jaitsiko ginen Lliterola Superior lepora.


Lepora buelta ezkerretara biratu eta Portillongo aterpetik Perdiguerora igaten den bide arruntetik beheiti abiatuko ginen. Lehen zatian harkaitz blokezko zati deseroso bat zeharkatu behar izan genuen elurra gogorra zegoelako.


Beheitiago bizkar baten gainetik doan bidexkatik eginen genuen zati bat. Parean Portillon  eta Seil dera Baquo mendiak genituen, itxurra ederrarekin. 3000koen sektore honetatik falta zaizkidan bi tontor nagusiak dira horiek.


Betiere mugarriei segituta, bizkarra akitzean iparralderantz biratuko ginen, Portillongo lakua ekialdetik inguratzen duen bidearen bila.


Aterpetik ez dirudien arren, bide erosoa da Portillon inguratzen duena.


Berriz goizean igandako zatira ailegatu ginen eta handik minutu gutian aterpean izanen ginen.


10:53 : Refuge de Portillon (2568m)
Lau orduz egin genuen Perdiguero eta Lliterola mendien itzulia. Hala ere, eguna ez zen akitua guretako. Aterpetik gauzak bildu eta jaitsiera luzea genuen autoraino.


Bizkarrean pisu gehiagorekin iparraldera jaisten den bide markatutik egin genuen.


Bezperan igandako Spijeoles mendiaren paretara begiak joaten zitzaizkigula...


Harrizko parajeak gibelean utzi eta laku eta belardizkoetan barneratu ginen.


Bidexka zabal eta erosotik beheiti eginez...


Coume de l'Abesqueko zirkuttora jaitsi ginen. Inguru honetan utzi genuen bezperan bide nagusia Spijeoles aldera jotzeko.


Eta itzaletan ikusten den pareta hori zeharkatu genuen bezperan Sentier des Mineurs bidetik. Zer asteburu puska!


Losazko bidetik Saussat laku aldera jaitsi ginen.


Eta handik Espingoko aterpera jo genuen.


12:36 : Refuge d'Espingo (1967m)
Igoera motz batek aterpera eramanen gintuen. Berez jaitsieran ez dago aterpetik pasatu beharrik, baina makilak han utziak genituen bezperan eta bide batez bazkaltzeko geldialdia egin nahi genuen.


Spijeoles alderako bistarekin galette eder bana bazkaldu genuen.


Eta Julien aterpezaina agurtuta, Oo laku alderako jaitsierari ekin genion.


Oo lakua eta ur-jauzia...


Aterpe zaharraren ondotik pasatu eta "autopistatik" turista artean eginen genituen asteburuko azken metroak.


15:03 : Granges d'Astau (1139m)
Bertze behin bortz izarreko asteburua izan zen Luchongo gainetan pasatutakoa, plan ederra burutua eta itzultzeko aitzakia izateko beti bertze zerbait utzita...

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina