EGUNA: 2025/09/05
ABIAPUNTUA: Argibielako lepoa (1297m)
ZAILTASUNA:
- Esminu: 6b, 180m
- Ekialdeko ertza: IV+
IRAUPENA:
- Argibielako lepoa - Esminu hasmeta : 45 minutu
- Esminu eskalatzea : Bi ordu eta erdi
- Ekialdeko ertza : Bi ordu eta erdi
- Ezkaurre - Argibielako lepoa : Ordu eta laurden
NOLA AILEGATU:
Erronkari ibarrera joateko Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu eta Irunberrira joan behar da. Hemendik Zaraitzuko bailarara doan errepidea hartu behar da Nabaskoize herrian utzi eta eta Burgi aldera jo arte. Coronaseko lepoa zeharkatu, Erronkarin sartu eta bailara igotzeari ekinen diogu. Izabatik goiti, Belaguan barneratuko gara eta adi egon beharko dugu kilometro gutxira eskuinetara Zurizara doan errepidetxoa hartzeko. Errepide honek utziko gaitu abiapuntutzat izanen dugun Argibielako lepoan.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Esminu Ezkaurreko ekialdeko ertzaren hego paretan kokatua dagoen eskalada bide polita da. Harkaitz ederra, ekipamendu ona eta tximiniak gailentzen diren eskalada eskaintzen ditu. Gainera, bidea akituta ekialdeko ertzari segituta kaskora ailegatzeko aukera ematen du mendi egun polita borobiltzeko.
8:16 : Argibielako lepoa (1297m)
Eguzkitsu eta fresko ernatu zen eguna Argibielako lepoan. Jadanik gibelean uzten ari garen uda
Hala bada eskaladari ekimen genion. Berez zazpi luze ditu bideak, baina lehena eta seigarrena trantsizio luze motzak direnez normalean hortzetan eskalatzen da:
- 1. luzea (6a+, 45m) : Erran bezala lehen luzean bi luze elkartu genituen. Hasmentan eskuinetara landarez estalitalitako terraza gisakoa igan behar da. Hortik goiti agian bide osoko zatirik politena eskalatuko dugu. Tximinia estu batetik hasten da eta azken zatian eskuinetara ateraz harlauz ikusgarriaren izkinetik eskalatu behar da
- 2. luzea (6a+, 15m) : Luze motz, baina ikusgarria. Bilgunean gaineko aldean dugun sapaia arrakala batetik eskalatuz inguratu behar da. Hasmentan bavaresa moduan eskalatzen da eta akitzeko plakatik pausu finagoak eginez.
- 3. luzea (4c, 40m) : Hirugarrena trantsizio luzea da. Terraza batetik eskuinetara egin behar da kobazulo batean bilkura muntatu arte. Oinez ia denean, bilkurara ailegatzeko egin behar da gradua ematen dion pausoa.
- 4. luzea (6b, 15m) : Kobazulotik goiti eskalatu eta tximinia estu batetik goiti egitean datza. Azken pausoak dira zailenak, tximiniatik ateratzeko. Gorputzaren posizioekin jokatzeko da, polita. Motxilak traba egiten du zenbait momentutan.
- 5. luzea (5b, 40m): Luze honetan tximinia izanen dugu goitiraino. Trabatutako harkaitz bat gainditzeko egin behar dira lehen pausoak. Gero bilgune batetik pasatu eta gorputza ongi kokatu beharreko zati bat gainditu behar da. Azken zatian ez sobera argi gelditzen nondik segitu. Tximiniaren eskuineko aldean dagoen parabolt batetik pasatuta, ezkerretara egin behar da aise goitiago dagoen parabolt batera ailegatu eta tximiniatik ateratzeko. Distantzia handia dago parabolten artean guk friendsak erabili genituen luze honetan.
Eskalada bidea Ezkaurreren ekialdeko ertzean berean akitzen da. Hemen hiru aukera ditugu: ertzetik beheiti jaistea, ertzaren ezkerreko aldetik igaten den Esminu Directa (5a) bidetik segitzea edo ertz klasikoa segitzea. Guk azken aukera hartuko genuen kaskora joan nahi genuelako, baino sobera luzatu gabe.
- 1. luzea (4b, 30m) : Plaka etzanak eskalatu genituen, itsaskortasuna bilatu beharrekoak.
- 2. luzea (4c, 30m) : Hau ere plaka etzanetatik hasten da, iltze batetik pasatu eta ezkerretara egiteko. Arrakala baten laguntzaz zati leun bat eskalatu eta eskuinetara ateratzen da bertze iltze batetik. Arrakalan friend bat ere sartu genuen guk.
15:20 : Ezkaurre (2045m)
Gauza bat eta bertze, zazpi ordu kostatu zitzaigun kaskora ailegatzea. Eskalatzean denbora fite joaten da. Gailur zabalean haizeak eman zigun ongi etorria. Zerbait jan, argazki batzuk eta beheiti abiatuko ginen.
16:26 : Argibielako lepoa (1297m)
Zorionez jaitsiera igoera baino aise azkarragoa izan zen. Ordubete eskasean autoan ginen berriz, Nafarroako Pirinioetan eskalada eta mendi itzuli ederra burututa.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina