EGUNA: 2025/11/22
ABIAPUNTUA: Sorogaingo aterpetxea (821m)
ZAILTASUNA: S2
IRAUPENA:
- Sorogain - Adi : Bi ordu eta erdi
- Adi - Iturrunburu : 45 minutu
- Iturrunburu - Sorogain : 20 minutu
NOLA AILEGATU:
Elurra dagoelarik Sorogainera hegoaldetik bakarrik ailegatuko gara. Iruñetik Zubirira joko dugu eta bertatik Erroko mendatean barrena Erroibarren barneratuko gara. Gerendiain herria pasatuta ezkerretara Sorogainera igaten den bidea hartuko dugu. Bide honetan elurra ez dute kentzen, beraz ailegatzeko kateak behar izatea posible da, edo baita ez ailegatzea ere.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Lehen elurte handiak elurra etxe ondoraino ekarri zigun eta beraz eski denboraldia estreinatzeko ez genuen urrunegi joan beharrik izan. Sorogain ingurua bertatik bizikletaz pasatuta ezagutzen dut gehienbat eta banuen gogoa alde horretan eskiak paratzeko. Adiko mendira egindako zirkular polit hau bertaratzeko aitzakia bikaina izan zen. Eskiatzeko paraje arras aproposak eskaintzen dituen parajea da!
8:27 : Sorogaingo aterpetxea (821m)
Goiz abiatu ginen etxetik elurtearen ondoko lehen larunbata izaki jende aunitz egotea espero baikenuen. Lehenak izan ginen hetsia dagoen aterpetxearen ondoan aparkatzen, eta gure sorpresarako egun osoan zehar aski jende guti hurbilduko zen bertara. Errepide elurtuaren ondotik iparralderantz egin genuen lehen zatia.
Kaskoan eski batekin arazo bat izan nuen eta denbora dezente egon ginen konpontzen. Ondotik argazkia eta beheiti abiatu ginen.
Iturrunburu aldera jaisteko bi aukera daude: eskindegia berriz zeharkatu gabe haren ezkerretik jaistea edo hura zeharkatu eta eskuinetik jaistea. Guk bigarren aukera hartu genuen malda zabalagoak baitaude bertatik. Hala ere, elurraren kalitatea ez zen ona eta ahal zen moduan jaitsi ginen.
11:38 : Adatungo lepoa (1200m)
250 metroko jaitsieraren ondotik Adatungo lepora ailegatu ginen. Bertan lainorik ez zen eta gure ondoko helburua zen Iturrunburu mendia ikusten ahal genuen ekialdean.
Berriz foka-larruak paratu eta bertara zuzendu ginen bizkarrez bizkar.
Lepo honetatik bertatik pasatzen den GR11aren bidea hartuko genuen zati batean.
Aratungo gain harritsua iparraldetik inguratu genuen GR-ari segituz. Zati honetan elur guti baldin badago eskiak kentzea beharrezkoa izaten ahal da.
Behin Aratun inguratuta malda etzanetatik harrapatuko genuen Iturrunburuko gaina.
Paraje politak elurrak apaindurik...
Azken zatitxoa pixka bat tentetzen da, baina ez du zailtasun berezirik...
12:19 : Iturrunburu (1338m)
Kaskoan trantsizioa eta bigarren jaitsierari ekiteko prestatu ginen.
Eta bigarren hau lehendabizikoa baino aise hobea izanen zen. Sorogaingo lepo aldera jaitsi ginen elur hautsezko malda zabal eta politetatik.
Gozatu ederra hartu genuen!
Jaitsitako malda ongi sinatuta utzi genuen...
12:55 . Aztakarriko erreka (946m)
Elurraren kalitatea ikusita, berriz ere fokak paratu eta malda igatea erabaki genuen.
Malda leun eskiagarriak nonahi daude inguru honetan.
13:30 : Iturrunburuko iparraldeko bizkarra (1240m)
Eguneko hirugarren igoera kaskoa baino iparralderagoko bizkar honetan akitu genuen. Berriz ere Sorogaingo lepo alderako malda bikainak jaitsiko genituen.14:28 : Sorogaingo aterpetxea (821m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina