Orriak

2026/08/05

Torri del Sella - Spigolo Steger (190m, V) eta Diedro Kostner (100m, IV)

EGUNA: 2026/08/05

ABIAPUNTUA: Passo Sella (2240m)

ZAILTASUNA: Spigolo Steger (V, 190m) eta Diedro Kostner (IV, 100m)

IRAUPENA:
  • Hurbiltzea: 20 minutu
  • Spigolo Steger eskalatzea: Ordu eta erdi
  • Diedro Kostner eskalatzea: Ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordubete

ARRASTOA:

Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Ezin ginen Dolomitetatik joan bertako pareta ederretan gutienez bideren bat eskalatu gabe. Aitzineko egunetan aukeraketa eginda, azkenean Sellako dorreetan bi bide klasiko eskalatzea erabaki genuen: Spigolo Steger eta Diedro Kostner. Elkarren segidan eskalatzeko egokiak dira tartean 10 minutu bertzerik ez baititugu egin beharko oinez. Gainera, pareta bertikal hauetan eta bide historikoetan eskalatzeak sortzen duen zirrara deskribaezina da.

Sellako dorreak ilunabarrean


Hurbiltzea:
Bide hauek ederrak izateaz gain, ezagunak dira duten hurbiltze motzagatik. Sellako portu ezagunaren inguruan utzi behar da autoa, Canazei aldera jaisten hasita dauden aparkalekuetako batean. 


Lepotik goiti dorreka begien bistan daude. Haietara abiatzen den bidexenda markatua hartu behar da. Bidexenda horretatik zati bat egin eta zuzenean dorreen mendebaldeko oinera igaten den bertze bat hartuko dugu, nagusia hegoaldeko bideetara baitoa.


Dorreen azpian kokatuta eskalatu beharreko bidea parez pare ikusten da, eta inpresioa eragiten du. Bidearen hasmenta pixka bat iparraldeko isurialdean dago, ertzaren azpiko aldean.


Ezkerretara erorketa pixka bat duen erlaitz baten hondarrean hasten da bidea. Harkaitzean inguratutako soka bat dago 0 bilgune moduan.

 
 
Eskalada - Spigolo Steger (190m, V):
  • 1. luzea (30m, III): Erlaitza hesten duen irtengunea eskalatu behar da tximinia batetik. Gero ezkerretara jo zailtasunik gabeko zatitik eta ertzaren lepotxo batean dago lehen bilgunea.
 
 
  • 2. luzea (30m, III+): Paretan goiti arrakala erraz bat segituz igan behar da. Ondotik terraza batean eskuinetara egin diedro-tximinia batean azpira.
 
  • 3. luzea (45m, IV): Aipatutako diedro-tximinia igan behar da goitiraino. Akitzean eskuinetara pauso bat gainditu eta terraza zabal batera ailegatzen da. Terrazatik 10-15 metro eskuinetara eginda ailegatzen da bilkurara. 
 
 
 
 
  • 4. luzea (35m, IV+): Bilgunetik goiti arrakala bat eskalatu behar da. Hainbat iltzez aseguratua dago. Zati hau gainditzean diedro erraz batetik ertzaren ipar isurialdean dagoen bilkurara ailegatuko gara.
 

 

  • 5. luzea (50m, V): Bilkuratik pixka bat igan eta eskuinetara zeharkaldi bat egin behar da. Zeharkalditik ateratzean goiti egiten da eta hor dago pausorik zailena (V). Ongi ekipatua dago zati hau. Hortik goiti zailtasuna jaitsi egiten da eta Sellako lehendabiziko dorrearen gainean akitzen da luzea, bloke batean dagoen bilkuran.
 

Lehen dorrea eta bigarren dorrearen arteko lepora jaitsi behar da Diedro Kostner bidea eskalatzeko.



Jaitsiera horretan argi ikusten da eskalatuko genuen diedro ederra, paretaren ezkerreko aldean. Bide horren hasmentara ailegatzeko, bi dorreen arteko lepotik zeharka igaten hasten den terrazattoa hartuko dugu koba ttiki bateraino. Argazkian ikusten dira terraza eta koba. Bigarren bidea ez eskalatzeko, bi dorreen arteko lepotik eskuinetara jaitsierako bidea hartzen ahal da.


Eskalada - Diedro Kostner:

  • 1. luzea (30m, III+): Diedrora ailegatzeko trantsizio luzea da, tarteko ekipamendurik gabea. Diedroaren sarrera baino eskuinerago akitzen da ekipatutako bilgune batean.

 

  • 2. luzea (25m, IV): Bilgunetik ezkerretara egin eta diedro ederrean sartuko gara. 2. eta 3. luzeek diedroa eskalatzen dute osorik.
  • 3. luzea (25m, IV): Diedroaren bigarren zatia eskalatzen da, eskuineko pareta erabiliz. Luzearen azken zatian eskuinetara jo behar da eta berriz ezkerretara itzuli diedroaren gainetik zeharkaldia egin eta bilgunera ailegatzeko. Aitzineko luzea bezala, ikusgarria!

  • 4. luzea (20m, III): 2. dorrearen gailurrera ailegatzen den luze erraza da. Bilgunetik metro batzuk ezkerretara egin eta goiti segitzen du kaskoraino.



Jaitsiera:
Dorrearen puntatik 3. dorrera joanen bagina bezala hasiko gara jaisten. Segidan rapel batera ailegatuko gara, tximinia bat jaisteko erabiltzen dena. Rapela egin gabe ere jaisten ahal da nahiko aise (III).


Tximinia jaitsita 3. dorrearen azpiko lepora ailegatuko gara. Bertatik eskuinetara (hegoalderantz) egiten du bideak, esposizio pixka bat duten deseskalada pauso batzuk eginez. Pauso horiek ekipatuta daude, baina kasu emanez sokarik gabe jaisteko modukoak dira.


Guk bukaerako pauso batean bakarrik egin genuen rapela.


Behin zatirik bertikalena jaitsita, dorreen hegoaldetik eskuinetara zeharkaldia egiten duen bidexka nabarmena segitu behar da igoerako puntu berera ailegatzeko.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina