2016/08/13

La Munia (3133m)

EGUNA: 2016/08/13

IRTEERA: Petramula (1920m)

ZAILTASUNA:
PD. Ibilbide zaila ez izan arren kontuz ibili beharreko puntu batzuk ditu:
  • La Muniako arista: Lepotik gailurrera hainbat trepadatxo egin beharko dira. Hauetako zailena Pas du Chat / Paso del Gato deitutakoa da (II+). Azken ertz zatia nahiko estua da.
  • Camino de las Pardas: Garai batean mehatzeetan lan egiten zutenek egindako bidea da, amildegi baten erditik doana. Zati askotan harri jauzien ondorioz bidexkarik ez dago ia eta espuesto xamarrak diren zatiak ere baditu.
DENBORAK:
  • Petramula - La Munia : 3 ordu eta erdi
  • La Munia - Petramula (Camino de las Pardasetik) : 3 ordu eta erdi
NOLA IRITSI:
Iruñeatik Jacara joan behar da eta hemen  Formigal eski estazioko norabidea hartu. Biescas herrian eskuinetara bidegurutze bat dago Ordesako Parke Nazionalera. Errepide horretatik Cotefablon barrena Brotoko haranera ailegatuo gara eta errepide bera segituz Ainsara. Ainsatik Bielsako norabidea hartu eta herri hau atzean utzita, Parzanen ezkerretara Chisagües herrixkara igotzen den bidea ikusiko dugu. Herrixkatik gora, errepidea pista bihurtzen da. Pista honetatik igoko gara, bihurgune itxi baten ondoan aparkatu arte.

DESKRIBAPENA:
La Munia Pirinioetako handi bat da. Denbora zeraman nire agendan eta azkenean izan dut bisitatxo bat egiteko aukera. Egindako ibilbidea arras gomendagarria da. Alde batetik bere hegoaldeko igoera normala dena, La Muniako lakuetatik pasata ederra delako. Gero ertz bikainetik ibiliko garelako. Akitzeko berriz, Camino de las Pardaseko bide ikusgarria zeharkatzea zirraragarria da.

7:55 : Petramula (1920m).
Gaua aparkalekuan bertan pasa ondotik goiz xamar ekin diogu bideari, ibilbide luzea baitugu aitzinetik. Aparkaleku ondoko seinaleak etorreran erabiliko dugun Las Pardaseko bidea erakusten digu. Guk ibilbide zirkularra egin genuen, La Muniako lakuetatik pasatzen den bide normaletik igo, Barrosan barrena Las Pardaseko bidetik itzultzeko.



Aparkalekua autoz betetzen ari da poliki-poliki.


Lehen metroak eguzkiak jo gabe eginen genituen Comodotoko punta polita gibelean genuela.


Lehen metroetan...


Igo ahala eguzkia gogor jotzen hasi zitzaigun goiz izan arren.


Lehen zatian Clot de los Gabachoseko amildegia igo genuen, Robiñera mendia gure eskuinetara utziz.


9:17 : Ibones de la Munia (2524m).
Lehen zatia erritmo onean pasa ondotik, La Muniako zirku ederrean barneratu ginen.


Lakuak ikusgarri zeuden goizeko ordu horietan.


Urrunean Monte Perdido eta Cilindro ere agertzen hasi zitzaizkigun. Egun osoan zehar izanen genituen ikusgai.


Chinipro mendiak La Muniako lakuetan erreflexua egiten. Zoragarria!


Poliki-poliki La Muniako lakuak gibelean utzi eta La Muniako lepo aldera igotzen joan ginen.


La Muniako zirkua, Pirinioetako xoko eder horietako bat.


Robiñera ere gibelean utzi genuen. Hemendik itxura mehatxatia dauka mendiak, nahiz eta zaila ez izan.


Azken metroak lepora ailegatzeko, berriz ere eguzkitan...


10:10 : Col de la Munia (2853m).
Uste baino lehenago ailegatu ginen lepora. Bertze aldean Troumouseko zirku zabalak eman zigun ongi etorria. Puntu honetan elkartzen dira iparraldeko eta hegoaldeko bideak.


Zerbait jan eta ertzerako prestatzeko denbora bat hartu genuen.


Eta arista igotzeari ekin genion Monte Perdido eta enparauen begiradapean.


Aristaren hasieran hitoak segituz bidexka zatiak aurkituko ditugu.


Ipara eta hegoaldeko isurialdeetatik gainditzen dira aristak eskaintzen dituen traba nagusienak, nahiz eta tarteka trepadaren bat egin behar den.


Orratz ttiki baten gainean, aristan gozatu ederra hartu genuen.


Iparraldeko itzaletan terraza antzeko batetik egiten dira metro batzuk. Leku ikusgarria Troumouseko pareten artetik.


11:06 : Pas du Chat / Paso del Gato (2957m).
Honela poliki-poliki aristako pausurik zailenera ailegatu ginen. Paretatxo bat da, nahiko leuna, baina arteka batzuk ditu. Arteka horiek katu baten hatzaparrek eginak dirudite, hortik datorkio bere izena. Arteka horietan eskuak eta hankak sartuta nahiko erraz gainditzen da pausua (II+).


Pausua gainditu bertze trepada batzuk egin behar dira. Nahiko bertikalak izan arren helduleku onak dituzte.


Eta trepadak gaindituta sasigailur honetara ailegatu ginen. Gailurra begibistan genuen jadanik, nahiz eta oraindik ertz zati bat falta izan.


Ertza ikusgarria da, ibilbideko punturik politena agian. Hala ere, nahiko erraz igotzen da.


Pausu estuenetariko batean...


Gailurra eskura...


Azken metroak...


11:54 : La Munia (3133m).
Autotik atera eta lau ordu ingurura hainbertze desiratutako gailur bikain honetan ginen. Barrosako bailara kaskotik ikusita...


Bertze aldean gainditutako ertz ederra eta urrunean Monte Perdido eta Vignemaleko mendiguneak beren glaziarrekin.


Troumouseko zirku zabal eta berdea...


Eta iparraldera Troumouseko kresterioa, bertze noizbait egiteko...


La Muniako gailurrean...


13:22 : Cuello Robiñera (2824m).
Gailurrean ia ordubete pasata beherakoari ekin genion. Arestian erran bezala, beheiti ez ginen igoerako bidetik jaitsiko, Barrosako bailara aldean dagoen Las Pardaseko mehatzeetako bide ikusgarritik baizik. Horretarako hasteko La Munia eta Robiñera artean dagoen lepora jaitsi ginen. Horretarako ertzetik metro batzuk jaitsi eta Paso del Gatora ailegatu aitzinetik ezkerretara ateratzen den bidexka bat hartu genuen. Bidexka horrek La Muniako harresiak terraza antzeko batzutatik gainditzen ditu, ia trepadarik egin gabe. Argazkian gorriz agertzen den bidea da jaitsieran hartutako bidea, berdez agertzen dena aldiz igoerakoa. Argazkia Robiñerako lepotik aterata dago.


Lepora ailegatu ondotik Barrosako amildegian barneratu ginen Las Pardaseko bidearen bila. Hau izan zen ibilbide osoko punturik nahasgarriena. Leku bakartia da Barrosako amildegia eta hasierako hito apurrak laster galdu genituen. Bagenekien Las Pardaseko bidea 2400 metro ingurura hasten zela, beraz iruditzen zitzaigun lekutik jaisten hasi ginen. Amildegiaren ertzera joan ginen zuzenean ordea. Destrepe delikatu bat egin eta azkenean bidearen hasiera ikusi genuen. Elur lausoaren ondoan dagoen belarditxoan bidexka arrastoak ikusten ziren, hori zen gure bidea! Bertara ailegatzeko ordea biderik gabeko zati harritsu eta gogaikarria gainditu behar izan genuen. Harriak arras ezegonkor zeuden eta pausu bakoitzean mendi erdia beheiti botatzen genuen. Denbora anitz pasa genuen amildegian eta harri artean Las Pardaseko bidera ailegatu arte.


14:25 : Camino de las Pardas bidearen hasiera (2388m).
Azkenean hartu genuen harkaitzen artean modu ikusgarrian pasatzen den bide hau. Ideia bat egiteko, Ordesa dagoen Faja de las Flores bidearen antzekoa da hau, baina jende gutxiago ibiltzen da eta askoz basatiagoa da.


Aurrean ikusten genuen bidea nondik zihoan eta zinez zirraragarria zen.


Bidearen marra erraz ikusten da, amildegiaren gainetik doa momentu guztian.


Robiñera mendiaren amildegian zizelkatuta dago bidea. Argazkiaren beheitiko aldean bideak paretan egiten duen marra, gainean berriz Robiñera eta La Munia.


Gure ezkerretara une oro 700 metro baino gehiagoko amildegiak erraten zigun eskuak sakelean ibiltzeko tokia ez zela hura, Barrosako bailara basatiaren erraietan akitu nahi ez bagenuen behintzat.


Basatia, malkartsua, bakartia, ikusgarria Barrosako amildegiaren gainetik pasatzen den bide hau. Mila hitzek ezin dute deskribatu. Joan beharreko lekua...


Bidea argazkian ikusten den lepotxoan akitzen (edo hasten) da. Azken zati hau ere hasmenta bezain ikusgarria da, eta agian aereoagoa. Gainera argazkiaren eskuinaldean ikusten den zatian ia ez zegoen bidexkarik eta harri eta areazko malda tente eta ezegonkorretik pasatu behar zen. Momentu nahiko kritikoa izan zen. Aipatu zati batzutan kable bat dagoela pasatzen laguntzeko, baina lurjauziak direla eta kablea aske dago puntu batzutan eta ez du askorik laguntzen.


Terrazatxo politetik ttipi-ttapa...


Lekurik espuestoenean kable zatiak daude gure ezkerretara erran bezala.


Gure eskuinetara berriz amildegia.


15:36 : Camino de las Pardas bidearen bukaera (2493m).
Ordubete inguru bide ikusgarrian pasa ondoren Lienako mendizerrako zelai berdeetan akitzen da pasabidea. Justu Espluga Ruego mendi tentearen azpian. Pirinioetan gaude edo Picos de Europan?


Momentu kritikoak gibelean utzi genituen beraz eta Lienako zelai berdeak jaisteari ekin genion nekatuta baina pozik. Gibelean genituen Monte Perdido, Espluga Ruego, Robiñera eta La Munia bertzeak bertze.


Leku paregabeak, mendi egun bikain honetan ibiltakoak.


Chisaguesetik Lienako gailurrera igotzen den pistatik egin genituen azken metroak...


... Petramulako txokoan genuen autoraino. Monte Perdidok oraindik ez zuen desagertu nahi.


16:57 : Petramula (1920m).
Bederatzi orduko ibilaldiaren ondotik berriz ere autoan ginen, leku ikusgarrietan ibiltzeak ematen duen poz eta zirrara gorputzean genituela. Bortz izarreko ibilbidea dudarik gabe!!


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina