2016/08/07

Palas (2974m), Arriel (2824m)

EGUNA: 2016/08/06-07

IRTEERA: Embalse de la Sarra (1420m)

ZAILTASUNA:
PD. Ibilbide osoan zehar hainbat puntu daude zailtasun gehiagokoak.
  • Arriel: Gailurrera ailegatzeko azken metroetan trepada errazak (I) egin behar dira eta pausu aereo bat ere badu ertzaren azken zatian.
  • Passage d'Orteig: Arriouseko lakutik Arremouliteko aterpera doan bidean pasabide hau dago. Erraza da, kable bat dauka laguntzeko, baina ezkerretara amildegia dauka eta bidea oso estua da.
  • Arete des Geodesiens: Palasera igotzeko iparraldeko arista da. Trepadak egin behar dira ia une oro (II) eta arista saihesteko ekialdeko paretean egiten den zeharkaldia aereoa da.
  • Ledormeur tximinia: Guk jaitsieran harrapatu genuen. Ez da zaila (II) baina kontuz ibili behar da harriak bota gabe.
DENBORAK:
  • Embalse de la Sarra - Arriel : 3 ordu eta erdi
  • Arriel - Refuge d'Arremoulit : 2 ordu
  • Refuge d'Arremoulit - Palas : 2 ordu eta erdi
  • Palas - Embalse de la Sarra : 3 ordu
NOLA IRITSI:
Iruñeatik Pirinioetako autobidean barrena Jacara joan behar da eta hemendik Sabiñanigo aldera hartuta, Biescasen goiti Tenako ibarrean sartuko gara. Pourtaleten goiti igotzen den bidetik Sallent de Gallego herrira joanen gara eta hemendik La Sarrako urtegira.

DESKRIBAPENA:
Ez dira 3000 metroko langara ailegatzen eta horregatik bertze anitzen itzalean gelditzen dira. Balaitous ezagunak eramaten ditu inguruko foko gehienak. Hala ere, Pirinioetan ez dira mendi anitz asteburu honetan igo ditugun bi hauen edertasuna gainditzen dutenak.

2016/08/06
8:23 : Embalse de la Sarra (1420m).
Gaua urtegi ondoko aparkalekuan pasa eta gero, goiz freskoan jarri ginen martxan.



Hasmentako zatia Respomusoko aterpe aldera doan GR11ko bidetik eginen genuen. Arriel mendia, eguneko helburua, begibistan genuen jadanik. Eskuinean ikusten dena da.


Pagadi bat zeharkatzen du GR11ko bideak.


Hortik lasterrera utzi behar da ordea. Seinale honetan argi ikusten da norantz jo behar dugun Arrieleko gailurrera joateko.


Bideak laster irabazten ditu metroak eta oihana gibelean utzita zelaitxo eder honetara ateratzen da. Hemendik jadanik igo beharreko Sobako amildegia ikusten da. Igoerako zentzuan errekaren ezkerretik joan behar da. Bidexka badago, baina momenturen batean ez da arras garbi ikusten.


Behiak Sobako larre berdeetan eta gibelean Arriel.


11:00 : Col d'Arriel (2608m).
Sobako amildegi goraino igota, izen bereko lepoa gure ezkerretara utzi eta Arrieleko bi tontorren artean dagoen lepora iritsi ginen.


Hemendik gailurra hurbil ikusten da. Malda harritsu gainditu eta azken metroetan ertz errazetik trepatu behar da.


Igo ahala Arremouliteko laku eta aterpea, zein biharamuneko helburua zen Palas mendia ikusten hasi ginen.


Azken metroak...


11:38 : Arriel (2824m).
Asteburuko lehen tontorrean. Gibelean nola ez, Midi d'Ossau.


Balaitous eta Frondella mendiak.


Palasek hemendik zirrara eragiten du. Hurrengo egunerako...


Behean Arrieleko lakuak eta goraxeago Respomusoko urtegia. Hor daude baita Gran Facha, Vignemale, Infiernos, Garmo Negro eta enparauak ere.


Tenako bailara eta Sallent de Gallego, baita Peña Telera eta Peña Sabocos mendiak ere bertzeak bertze.


Han izan ginenaren seinale. Igoera gurekin egin zuen Bilboko Josebak, agur bat berarentzat.


Palas eta Balaitous mendiekin.


13:33 : Collado de la Soba (2449m).
Gailurrean tarte zabalean egon eta gero igotako bide beretik jaitsi ginen Sobako leporaino. Hemen ordea igoerako bidea utzi eta bailaraz aldatu genuen.


Joseba agurtu eta Arriouseko bailarara pasa ginen, Midi zaindari genuela.


Arriouseko lepo aldera joanen ginen, baina bertara ailegatu gabe...


14:00 : Lac d'Arrious (2285m).
Honela Pirinioetako laku eder honetara ailegatu ginen. Hemendik Arremouliteko aterpera bi aukera daude: luzeagoa dena Artousteko lakutik edota motzagoa baina arriskutsua den Orteig pasabidetik.


Hortxe bide luzea pasatzen den Artousteko lakua.


Gu motzetik joanen ginen, Pic du Lac d'Arrious mendiaren magal bertikalean zizelkatutako pasabide ikusgarrian barrena.


Passage d'Orteig deritzona da, ikusgarria. Hala ere, kable bat dauka laguntzeko eta erraz egiten da. Arras leku ederra da.


Pasabidea zeharkatuta Arremouliteko lakua eta aterpea hurbil daude jadanik. Gorago aldiz, Palas.


 Arremouliteko lakua eta aterpea, asteburuan igoko genituen bi mendiekin: ezkerrean Palas eta eskuinean Arriel.


Azken pausuak aterpera heltzeko.


14:57 : Refuge d'Arremoulit (2265m).
Aterpea leku bikainean kokatua dago eta nahiko ongi dago. Ttikia da, zaharra eta horrek xarma ematen dio nahiz eta toperaino beteta egon eta lo egiteko pixka bat klaustrofobikoa izan. Otorduak nahiko onak.


Afaria terrazan eman ziguten, ondotik atseden hartzera, gu aterpearen "erosotasunean"...


...eta bertze batzuk vivac honetan.


2016/08/07
7:58 : Refuge d'Arremoulit (2265m).
Gau haizetsuaren ondotik, egun ederra atera zen. Arrieleko kaskoan lehen izpiak.


Baita Lurien mendian ere.


Aterpea mugimendu betean...


Guk aterpea eta lakua gibelean utzi eta gorakoari ekin genion.


Zirku polita Arrieltik Lurienera.


8:19 : Lac de Palas (2359m).
Aterpetik atera eta lasterrera, laku hau utzi genuen gure eskuinetara eta Palas mendia inguratzeari ekin genion. Parean ikusten den lepora bertze bide bat joaten da, baina hori ez zen gure bidea.




Arriel handia eta ttikia eguzkitan.


Igoera ia gehiena harrizko bloke handien gainetik egiten da. Desnibel gehiegirik ez dauka ordea.


9:22 : Breche des Geodesiens (2786m).
Honela solas eta solas iparraldeko arista edo Arete des Geodesiens deiturikoaren hasiera puntua den bretxan plantatu ginen.


Hemen kaskoak jantzi eta goiti. Lehen metroak ertza baino trepada errazezko maldatik egiten dira.


Hitoei segika laster sartzen da bidea zati korapilatsuagoan. Hasteko Palasen ipar-mendebaldeko pareta espuestoan zeharkalditxoa tolatzen da.


Ez da zaila hitoei ongi segituz gero...


Bigarren platera iparraldeko ertza. Ikusgarria baina teknikoki ez da zaila.


Ertzean Balaitous mendia gibelean genuela...


Gozatzen...



...bertze hainbertze...


Azken ertz zatian... Erran bezala ikusgarria baina ez zaila.


10:13 : Palas (2974m).
Eta azkenean, aterpetik atera eta bi ordu pasatxora Palaseko gailurrean ginen.


Abiapuntua gure oinetan, Arriel eta Midi mendiak berriz parean. Hau bezala bertze 2000ko handi batzuk.


Artousteko lakua. Bertara ailegatzen den trentxoaren txistuak ziren entzuten genituen soinu bakarrak.


Igotako ertz polita. Hasieran itzaletan ikusten den paretatik egiten da eta gero ertzetik beretik.


Gailurreko argazkia...


Kaskoan gosaldu ondotik beheiti abiatu ginen. Beherakoa hegoaldeko aurpegitik eginen genuen, Arrieleko lakuetara jaisten den bidetik.


Hasiera harri solte asko dituen kanal batetik...


...geroago Ledormeurreko tximia ezagunetik. Lehenago aipatu bezala, ez da tximinia zaila baina kontuz ibili beharrekoa harriak bota gabe eta irrist egin gabe. Goiko partea etzanagoa da eta harri solte askorekin. Behekoa berriz bertikalagoa baina garbiagoa. Helduleku onak ditu, baita rapela muntatzeko aukera ere.


12:47 : Ibon de Arriel Alto (2259m).
Pareta gibelean utzita, malda harritsutik Arrieleko laku ederretara ailegatu ginen.


Ez nituen ezagutzen eta zinez leku ederra da benetan.


Frondella mendiak Arrieleko lakuetatik ikusita.


Azken begirada igotako mendi dotoreari.


Azken lakua, Ibon de Arriel Bajo.


Balaitous eta Frondella mendiak ere gibelean utzi genituen.


Eta Arrieleko amildegi malkartsuan barneratu ginen berriz ere bezperan ibilitako GR11ko bidexkaren bila.


Pirinioetako txoko eder hau gibelean utzita.


14:54 : Embalse de la Sarra (1420m).
Jaitsiera luze egin zitzaigun beroagatik baina asteburuan egindako aktibitate bikainak nekea baino handiagoa zen poztasuna ematen zigun.

BIDEOA:

2 iruzkin:

  1. Aupa artista!!!!

    Errepor ederrra eta argazkiak itzelak. Bideogatik zer esanik ez, oso hunkigarria ziru Kax harro egongo litzatekela.

    Eutsi horri eta eman eurreeeee!!!!

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa korrikalari!!

    Mila esker zure hitzengatik!! Asteburu ederra eta hunkigarria izan da bai!!

    Ongi segi!!

    ErantzunEzabatu