2019/12/16

Arnousse (2141m), Benou (2271m)

EGUNA: 2019/12/15

ABIAPUNTUA: Astun (1730m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Astun - Pic d'Arnousse : Ordu eta erdi
  • Pic d'Arnouse - Pic de Benou : Ordu bat
  • Pic de Benou - Astun : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Jacara doan autobidea hartuko dugu. Behin Jacara iritsita Candanchu eta Astungo eski estazioetara igotzen den bidea hartuko dugu. Somporteko lepoan Astunera eskuin hartuko dugu.

ARRASTOA: 
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Udazkenaren hondar zatia oparoa izan da elurraren aldetik eta negu gorrian sartu aitzinetik udazken "zuri" honi behar bezalako amaiera eman nahi genion. Berriz ere eguneko ateraldia egin dugu Astun aldera, joan den astean hasmentan gure helburu ziren bertako hego aurpegietan eskiatzeko asmoz.


10:22 : Astun (1730m)
Estazioaren gaineko partera doan errepidea hartu eta bidegurutzetik metro gutira utzi genuen autoa, ezkerretara ateratzen den pista baten ondoan. Aparkaleku handi bat dago justu bertan. Aipatutako pistatik goiti abiatu ginen.


Pistak zeta luze bat marrazten du mendiaren lehen hego malda malkartsuetatik erraz ateratzeko. Zati honetan dozenaka elur-jausi zahar zeharkatu genituen, beraz ez dago erran beharrik elurra egin berritan ez dela komeni bertan ibiltzea.


Zeta luzearen ondotik zati malkartsuena gainditu eta elur-jausietatik babesteko eraikia dagoen harresi baten gainean kokatuko ginen.


Harresia gibelean utzi eta gure ezkerretara biratuta hurrengo zati malkartsua gainditzen lagunduko zigun hodi batetik segitu genuen. Behean Astungo aparkalekuak lepo zeuden jadanik, gu ordea paraje hauetan ia bakarrik.


Malda etzaten den lekutik Lecherin, Aspe, Llena de Garganta eta Llena del Bozo mendiak parez pare genituen.


Eta baita gure eguneko helburu ziren Arnouse, ezkerretara, eta Benou, eskuinetara, mendiak ere. Bien arteko lepora igoko ginen, bertan eskiak utzi eta di-da batean ezkerretara Arnoussera igo eta eskietara itzulita Benouko ertz zabalari ekiteko.


11:49 : Col d'Arnousse (2080m)
Eskiak lepoan utzi eta azken metroak oinez egin genituen elurrik gabeko ertzetik.


12:05 : Pic d'Arnousse (2141m)
Eskaladatxo erraz bat igo eta minutu gutxian lehen kaskoan ginen.


Mendebaldeko gailur ezagunak ikusteko begiratoki paregabea: Bisaurin, Acue, Castillo d'Acher, Chinebral, Acherito, Petretxema, Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi...


Lepo haize gogaikarria ibili arren, arraroa bada ere, gailurrean nahiko ongi egoten zen.


12:18 : Col d'Arnousse (2080m)
Berriz lepora bueltan, eskiak jarri eta Benouren hegoaldeko ertza igotzen hasi ginen.


Gibelean igo berri genuen Arnousse mendia.

Ertzean elur gogorra harrapatu genuen. Urteko egunik motzenetakoan eguzkiari hego magal hauek guritzea kostatzen zaio.


Hortaz, azken metro tenteagoak igo baino lehen, kranpoiak jartzeko geldialdia egin genuen.


Azken malda gandorrera ateratzeko...


Behin gandorrean, eskiak eta motxilak jaitsiera hasiko genuen sasi-gailurrean utzi eta tontorrerainokoa egin genuen.


13:18 : Pic de Benou (2271m)
Eguneko bigarren gailurrean...


Erdialdeko Pirinioak kaskotik...


Tontorrean minutu batzuk emanda hego maldetan beheiti abiatu ginen eskiak jarrita. Elurra hasieran astun xamarra zegoen baina metroak jaitsi ahala gero eta hobea. Jaitsiera zuzena egin genuen eski estazioraino.


14:12 : Astun (1730m)
Goiz-pasa ederraren ondotik, Jakako Esteban tabernako hanburgesa zoragarriak jan eta etxera kontent!


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina