2019/12/08

Lary (2397m)

EGUNA: 2019/12/07

IRTEERA: Station de Gavarnie-Gedre (1840m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Especieres - Col de Lary : Ordu eta erdi
  • Col de Lary - Pic de Lary : 20 minutu
  • Pic de Lary - Crete des Ligades : 30 minutu
  • Crete des Ligades - Especieres : 30 minutu
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik iparralderuntz Argeles eta Luz Saint Sauveur herrietara iritsiko gara. Azken honetatik Gavarnie herrira igoko gara, herria atzean utzi eta eski estazioraino ailegatuz.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bigarren eguna Luz-Saint-Sauveurreko oinarrizko kanpamentuan eta bezperako eski egun ederraren ondotik sektorez aldatu genuen Gavarnie aldera igoz. Eski estaziotik abiatzen zen jende gehiena Saint Andre klasikora igotzen zen bitartean, gu Lary aldera zuzenduko ginen, gailur hau igo eta segidan Ligadeseko gandorretik hegoaldeko malda ukitu gabeak eskiatzeko.

9:49 : Station de Gavarnie-Gedre / Les Especieres (1840m)
Presarik gabe abiatu ginen, bezperako ibilbidea baino aise motzagoa zena egiteko. Lehen metroak oraindik itxita zeuden eski estazioko pistatik eginen genituen, Tenteseko lepora igotzen den bidetik hain zuzen ere. Bertatik eskuinean igok genuen Lary mendia aitzinean genuen eta Ligadeseko gandorretik beheiti jaitsiko genuen malda ere fitxatu genuen.


Pistetatik kilometro inguru ibiliz, hauek alde batera utzi eta eskuinetara biratu ginen Peyrenere deitzen den parajetik Laryko bailaratxoan sartzeko.


Poliki-poliki gure ezkerretara gelditzen ziren bizkar batzuk inguratu eta Laryko bailaratxoan sartu ginen. Igoera eztia da eta inguru honetako klasiko bat mendi-eskia praktikatzeko.


Malda akitu eta hormatutako laku bat gure ezkerretara utzi argazkian ageri den Laryko lepora ailegatu ginen.


11:24 : Col de Lary (2278m)
Lepotik goitixeago eskiak utzi eta Lary mendiaren hego-mendebaldeko ertza igotzeari ekin genion.


Ertza erraza da eta irudian ageri den paretatxoan bertzerik ez dira eskuak erabili behar. Gainera pausu hau ere eskuinetik metro batzuk galduta saihestu daiteke.


Gailurrera ailegatzen gibelean ibilitako ertz guzia genuela.


11:55 : Pic de Lary (2397m)
Kaskotik Vignemale ingurura eta Ossoueko bailara bakartira ikuspegi zoragarria dago. Ea negu honetan bertara sartzen garen, errepidea ireki arte arimarik ere ez baita ibiltzen.


Berriz lepora itzuli, eskiak hartu eta hegoalderantz segitu genuen Ligadeseko gandorrera ateratzeko. Bertatik zuzenean jaitsiko ginen eski estazioraino.


12:48 : Crete des Ligades (2343m)
Gandorreko lepotxo honetan egin genuen transizioa. Ezkerretara Laryko lepoa eta gailurra ikusten ahal dira eta eskuinetara jaitsiko genuen hego maldaren hasmenta.


Bezperan bezala udaberriko elur bikaina harrapatu genuen eski pistetaraino egindako jaitsiera zuzenean. Gainera, inor ere ez zen pasatu gure aitzinetik eta beraz arrastorik gabe zegoen. Bikaina!


13:35 : Station de Gavarnie-Gedre / Les Especieres (1840m)
Hala bi egunetan egindako eski ateraldi politek ematen duten alaitasunarekin Lary inguruak agurtu eta etxerako bidea hartu genuen. Asteburu ederra!


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina