2021/01/03

Antxola (1119m)

EGUNA: 2021/01/03

ABIAPUNTUA: Otondoko Borda -Iñarbegi (600m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Igoera: Ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik Baigorrira doan errepidea hartu behar da, baina herritik atera orduko eskuinetara Iñarbil auzora igotzen denari segituko diogu.Auzora ailegatzean lehen etxeak pasatuta eskuinetara ateratzen den errepide estu bat hartu behar da Iñarbegi auzoraino. Bertara ailegatzean, malda beheiti hasi orduko ezkerretara ateratzen den zementuzko bidea segituko dugu baserri baten ondoan akitzen den arte. 

KRONIKA:
Azken urteetako elurterik handiena dugu herri inguruko mendietan. Horrelako zerbait izan genuen azken aldia 2015eko negua izan zen, duela sei urte. Orduan Auza eta Antxola mendiak eskiz igotzeko aukera izan nuen eta oraingoan ere kontrako ordenean izan bada ere, bietako maldetan eskiatu ahal izan dugu.

10:59 : Otondoko Borda (600m)
Bigarren egunez segidan Otondoko borda buruan plantatu gara eta bezperan bezala pista elurtutik ttipi-ttapa abiatu.


Bortz minuturen buruan iratze-lekuan eskiak oinetara eta goiti atsedenik gabe!



Atzo ez bezala, egun grisa izan dugu eta elur maluta batzuk lagun genituela egin dugu zati hau.


Gaurkoan ordea atzo ireki genuen arrastoa baliatu ahal izan dugu eta horrek igoera erraztu du.


Metroak irabazi ahala gero eta laino gehiago.


Antxolaren azken malda, hegoaldekoa, erabat lainopean egin dugu.


12:09 : Antxola (1119m)
Azken metroak gailurra bistan genuela. Fokak kendu eta hegoaldeko maldan elur goxoa harrapatu dugu.


Bizpahiru igoera eta jaitsieraren ondotik, igotako bide beretik egin dugu beheitirakoa paisaia zoragarria lagun.


14:47 : Otondoko borda (600m)
Hala akitu dugu inguruan egindako bigarren eski ateraldia. Segi dezala bestak!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat