2021/01/02

Auza (1306m)

EGUNA: 2021/01/02

ABIAPUNTUA: Otondoko Borda - Iñarbegi (600m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S3
DENBORAK:
  • Igoera: 2 ordu
  • Jaitsiera (iparraldera) : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Erratzutik Baigorrira doan errepidea hartu behar da, baina herritik atera orduko eskuinetara Iñarbil auzora igotzen denari segituko diogu.Auzora ailegatzean lehen etxeak pasatuta eskuinetara ateratzen den errepide estu bat hartu behar da Iñarbegi auzoraino. Bertara ailegatzean, malda beheiti hasi orduko ezkerretara ateratzen den zementuzko bidea segituko dugu baserri baten ondoan akitzen den arte. 

KRONIKA:
Herrian berean, gure mendi kuttunean eskiatzeak ez du preziorik eta Auzan eskiatu izan dugun bakoitzean luze iraun digu irribarreak. Gaurkoa ez gutxiagorako izan! Esperantza handirik gabe abiatu gara Iñarbegi aldera eguerdiko 12:00ak joak zituelarik, baina hara ailegatzean uste baino elur gehiago zegoela ikusi eta hegoaldetik iparralderako eski zeharkaldi bikaina lotu dugu herriraino eskiak bizkarrean genituela jaitsiz.

12:43 : Otondoko borda (600m)
Goizeko lehendabiziko orduetako eguraldi iluna eguzkiari bide eman diolarik egin dugu Iñarbegirainokoa eta etxean jokatzeak hori du, inprobisatzeko aukera gehiago ematen duela. Eguerdia ederki pasata zela abiatu gara Otondoko bordaren ondoko pistatik. Eskiak autoan berean jarri arren, gero zatitxorfen batean kendu beharko genituen pista honetan, ura dela eta.



Pista akituta Burdinkurutxeko gailurtxora igotzen den iratze-leku maldatsutik goiti abiatu gara.



Puntu honetatik Auzaren hegoaldeko magal ederra bistaratu dugu. Elurrez lepo!



Iñarbegi gibelean uzten. Zoragarri elurrez zurituta!



Metroak irabazi ahala gero eta elur gehiago! Tarteka arrastoa irekitzeko lanak izan ditugu.



Pagadiak ere eder daude elurrez apainduta...



Poliki-poliki altuera irabaziz. Luze egin zaigu iratze-lekuko igoera.



Auza gure esperoan...



Burdinkurutxeko gailurtxoa eskuinetara utzi eta metro batzuk galdu ditugu parean ikusten den Antxolako mendi aldera segituz. Hemendik aitzin GRaren bidea segitu behar da, baina bistan denez markak ez dira ikusten!



Antxolako hego-aurpegi tentagarria utzi eta mendebaldetik inguratu dugu.



Sakana deitzen den bizkarrera atera eta bertatik eginen genuen gailurrerainokoa.



Auzaren hego-aurpegia ikusgarri zegoen, elur zama handiarekin. Puntu honetatik gailurrera haizea lagun izan dugu eta tenperatura hotza lagun sentsazio termikoa arras apala zen.



Azken metroak...



14:37 : Auza (1306m)
Gailurrean denbora sobera pasatu gabe, foka-larruak kendu eta beheiti jaisteko prestatu gara.





Beheitirakoa ipar-aurpegitik egin dugu. Egun batzuk lehenago fitxatu genuen Izpegitik eta elur ausarki zuela ikusi.




400 metroko malda ederra du ipar-aurpegiak basora ailegatu arte. Inguru harritsua da eta ez da erraza izaten eskiatzeko moduan aurkitzea.




Guk gaurkoan eskiatzeko moduan aurkitu dugu eta elur-hauts bikainarekin gainera! Plazer hutsa!




15:34 : Kuarteleko Kaskoa (627m)
Basoan elur falta zela eta pixka bat bizkarrean eraman ditugu eskiak, baina basotik ateratzean berriz ere jarri ahal izan ditugu Kuarteleko Kaskoraino. Bertatik Olateko Ttutturru aldera ikuspegi polita genuen.




Hortik beheiti eskiak bizkarrea eta ttipi-ttapa pistaz pista jaitsi gara Iñarbil aldera.




Ur tragoxka bat Iñarbilgo iturrian...




16:23 : Erratzu (285m)
...eta etxeraino eskiak bizkarrean genituela. Egun bikaina!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat