2021/08/30

Alpeetako mendateen zeharkaldia

2018an Pirinioak zeharkatu genituen errepideko bizikletaz eta iaz, berriz, Dolomitetako bidaia zoragarrian bertako mendatetzar ezagun aunitz zeharkatzeko aukera izan genuen. Trilogia hesteko munduko ziklismoaren hirugarren mendigune ezaguna bisitatzea falta zitzaidan: Frantziako Alpeak. 

Bertara azken momentuan inprobisatutako bidaia duela hiru urte Pirinioetan egin genuenaren idurikoa izan da. Route des Grandes Alpes bidea oinarritzat hartuz, Leman lakutik Mediterraneo itsasoraino zeharkatu ditugu Frantziako Alpeak, bidean sei egunek uzten ziguten mendate kopururik handiena sartuz. Abentura polit hau ezinezkoa izanen litzateke Enekoren laguntza  eta Xabiren konpainiarik gabe. Esker mila biei!

Hona hemen emaitza:
 
KRONIKA:

1. ETAPA
THONON LES BAINS - LE GRAND BORNAND
(2021/08/16)
Powered by Wikiloc


Horrelako bidaiek sortzen duten urduritasun puntuarekin hasi dugu eguna. Dena ongi aterako ote den, pentsatutako guzia gauzatzeko gai izanen ote garen, trafikoa handiegia izanen den... Laku bazterreko herri handia D902 errepidetik utzi dugu eta erreka bazterreko bidetik poliki-poliki paisaia nola aldatzen joan den ikusi dugu. Egunak hodeitsu eta epel hartu gaitu eta iragarpenek euririk eman ez arren, Morzinetik goiti Joux-Plaine mendatean goiti igotzen hasi garenerako laino arteko sirimiriaren azpian ginen.

Joux-Plaine gogorra, ibilbideko lehen "oztopoa"

30 kilometrotik goitiko sasi-ordekaren gibeletik gogotsu hartu dugu mendatea, azken finean hori baita gustatzen zaigun terrenoa. Pinu arteko belardi hezeen artetik igotzen den errepideak hasieratik erakutsi dizkigu hortzak. Zazpi kilometrotik goiti %8,5eko maldan, aise erraten da. Metroak irabazi ahala gero eta laino hetsiagoa eta jaisten hasi bezain fite euri zaparrada batek bete-betean hartu gaitu. Poliki-poliki egin dugu Samoens herrirainoko jaitsiera sigisagatsua eta gustura hartu dugu hortik aitzinerako zelaia, gorputzean barneraino sartutako hotza kentzeko.

Joux-Plaine, bista ederrarekin

Trafiko handiko zati batetik sartu gara Cluses herri handian. Berez, aurreikusitako ibilbidean Colombiere mendatea gelditzen zitzaigun lehendabiziko etapa akitzeko. Herritik ateratzen, ordea, Colombiereren aitzinetik aurtengo Tourrean igotako Rommeko mendatera doan errepidea ikusi dugu eta ordurako ateri zegoenez bertatik pasatzea erabaki dugu.



Mendatea igotzen hasi orduko berriz ere euripean ginen! Gibelera itzultzeko beranduegi zen, ordea, eta %9ko malda nahiko konstanteko portua zeharkatu behar izan dugu Colombiererako bidean. Portu hauxe bera izan zen Tourrean Pogacarrek eraso bortitza jo eta gainerakoak gibelean utzi zituena. Gaineko aldean Romme herrixka dago eta bertako etxe baten atarian ailegatuko ez zen aterune baten zain egon gara pixka batean.

Rommen goiti euripean...
...pena, ingurua zoragarria baita 

Jaitsiera motzaren ondotik eguneko azken zailtasunari egin diogu aurre. Colombiere mendatea, Reposoir herritik goiti, ez da luzea, baina azken bi kilometroak arras gogorrak ditu, %10-11 inguruko batez bertzeko maldarekin. Gogorra egin zait azken kilometroa, baina ordurako ateri genuen eta nahiko idor ailegatu gara behintzat lepora. Han genuen zain Eneko, bertako tabernako berokian elkarrekin bazkaltzeko arropa idorra jantzita. Tortilla eta krepeen ondotik etaparen bukaera izanen zen Le Grand Bornand herrirainoko jaitsiera egin dugu, ordu horretarako eguzki izpi batzuen konpainia eta guzi. Bertako kanpin batean Lore eta Txominekin elkartu eta afalondoko solasaldi goxoarekin eman diogu amaiera estreinakoari.

Eguneko zailtasunak akituak

Paisaia politak Le Grand Bornanderako bidean

Araviseko mendilerro ikusgarria herritik

 
2. ETAPA
LE GRAND BORNAND - BOURG SAINT MAURICE
(2021/08/17)


Powered by Wikiloc
 
 
Bigarren eguna ere hodeitsu ernatu da. Hodeitsu eta fresko. Hala ere, iragarpenek gaurkoan ez dute hutsik egin eta argituz joan da eguzkia agertu arte. Malda beheiti kilometro pare bat egin ondotik, Saint-Jean-de-Sixt herrian hasi gara lehendabiziko portua igotzen. Atzo ez bezala, gaur zelai tarterik ia ez dugu izan. Berotzeko Aravis etzan eta polita igo dugu. Zaindutako belardi eta egurrezko etxetxo politen artetik igotzen den errepideak ez du malda handiegirik eta gozatzeko tartea uzten du. Igoeran ibilbideko lehen zulatua izan dut, eta horrek pixka bat gibelatu gaitu, baina erritmo onean igo gara oro har. Jaitsiera ere aunitz gustatu zaigu, bihurgunez betetako errepide bihurrian, Araviseko mendigunetik urrunduz. 

Etxe ederrak larre alpinoetan
Aravis mendigunea zeharkatzen da mendatetik
 

Jaitsierak Flumet herrixka politean utzi gaitu eta bertatik ekin diogu bigarren mendateari: Saisies gaina. Frantziako Tourrean inguru honetan ibiltzen direlarik, aunitzetan lotzen dituzte bi mendate hauek, baina etzanagoak direlako edo ez dute bertze batzuen adinako sonarik. Hasiera polita du Saisieseko mendateak ezker-eskuin eramaten gaituzten bihurgune hetsietatik, baina oro har ez zaigu lehendabizikoa adina gustatu. Errepidea zabalagoa da eta trafiko handia izan dugu. Gainak ere ez du misterio handirik. Eski estazio bat da Saisies eta lepo inguru guziak instalazio eta eraikinez beteta daude.
 
 
Col des Saisies, azpiko zatia
Eguneko bigarrena

Mont Blanc inguruak Saisieseko jaitsieratik
Doroneko ibar polita, aunitz gustatu zitzaidan

Gainean ohitura bilakatu den argazkia egin eta beheitirakoari ekin diogu. Jaisten hasi eta gutxira Mont Blanc inguruko glaziar disdiratsuak ikusi ahal izan ditugu ibilbidean lehendabiziko aldiz. Pirinioetakoek ez duten berezitasun hori dute errepide hauek, inguruko menditzar elurtuak ikusteko aukera ematen digutela tarteka.

Doron bailaran barneratu gaitu jaitsierak. Pasatu ditugun bertze batzuk ez bezala, lasaia da ingurua. Herri txiki politak, belardi berdeak... baina ez dago eski estazioen arrastorik eta horrek bakea ematen dio parajeari. Beaufort herrian geldialditxoa egin dugu  ura hartzeko, Pre eta Roselend mendatetzarren oinean. 

Bi aukera daude bertatik etaparen amaiera izanen zen Bourg-Saint-Maurice herrira ailegatzeko: Roselend ezaguna igotzea edo Pre eta Roselend lotzea. Guk bigarrena hautatu dugu eta asmatu dugula erraten ahal da. Pirinioetako eta Alpeetako mendateen ezaugarririk onenak batzen dituen portua da Pre. Bertako errepide estuak Ipar Euskal Herriko igoerak oroitarazi dizkigu, baina aldi berean inguruko paisaiek Alpeetan ginela adierazten ziguten. Maldak ez du ia atsedenik eskaintzen Areches herritik goiti eta %9 inguruan mantentzen da hortik goitiko piko aunitzekin.

Gaina harrapatu eta bertze aldera pasatuta paisaiaren ikusgarritasuna handitu egin da. Roselendeko urtegiaren ondoan bazkaldu dugu eta segidan mendate ezagun honetara ailegatzeko falta zitzaigun zatiari ekin diogu larre zabalen arteko errepide ikusgarritik. Erraten ahal da orain arte igo dugun mendaterik ezagunena dela Roselend, nahiz eta ezagunenak igotzeke ditugun oraindik. Beheiti abiatu bezain fite eguneko bigarren zulatua izan dut, berriz ere aitzineko zirrikan. Arazoa konponduta Bourg Saint Mauricera eraman gaituen jaitsiera luze eta dibertigarriari ekin diogu. A zer mendatetzarra! Horrenbertzez, egunekoak eginak!

Col de Pre, gogorra, ederra

Errepide estua eta sigi-sagatsua

Postaletako paisaiak

Gainean

Igoera bezala, jaitsiera ere ederra

Roselendeko urtegia

Cormet de Roselend

Larre zabalak portuaren goitiko aldean

Roselendeko Aguas Tuertas?

 
3. ETAPA
BOURG SAINT MAURICE - SAINT JEAN DE MAURIENNE
(2021/08/18)
Powered by Wikiloc


Biharkoaren baimenarekin, erraten ahal da gaurkoa izan dela Alpeen zeharkaldi honetako etapa erregina. Gainditutako desnibel positiboa eta distantzia kontuan hartzen badugu behintzat bai. Eta menuaren parte bi koloso: Madeleine eta Croix de Fer, Croix de Fer eta Madeleine. 20 kilometrotik goiti dituzten igoerak dira, amaiezinak, gogorrak, poliki-poliki giharretako indar guziak xurgatzen dizkizutenak... 
 
Mendateei ekin baino lehen hala ere, bailara zaratatsu batetik kasik 40 kilometro egin behar izan ditugu. Bourg-Saint-Mauricetik N90 errepideko kalapitaren artean atera gara eta bertatik egin ditugu hainbat kilometro. Gero zorionez elkartu zaigun bertako txirrindulari batek bide berdeetatik eraman gaitu Moutiers herriraino. Zati honetan guzian bide berdeen sare berria ari dira eraikitzen eta posible da ondoko urteetan guk egindako bidearen arrastoak baliorik ez izatea. 

Ia ordu eta erdiko bidearen ondotik Madeleine ezagunaren lehendabiziko maldei ekin diegu. Erran bezala, mendatetzar hauetan hamaika sentsazio izateko astia ematen du. Hasmentan %8ko maldetan kasik nahigabe zoazenaren sentsazio goxoa, gero atsedenguneetan ipurdia minberatzen hasi zaizunarena, eta azken kilometroetan pilatutako nekeak toki guzietan min ematen dizu. Nik, behintzat, gaurkoan Madeleinen etapa akitzeko zailtasunak izanen nituela pentsatzen nuen.

Madeleineren azken kilometroak

Lepoan

Gailurrean argazkia egin eta haize finetik eskapo abiatu gara ziztu bizian. Luzea da La Chambrerainoko jaitsiera. Luzea eta azkarra, pedalei eragin behar ez zaien horietakoa. Sainte-Marie-de-Cuines herrian geldialdia egin dugu menu bana jateko eta arratsaldearen lehen ordu beroetan hasi gara Glandon mendatea igotzen.


Lasai hartu dugu, Glandon eta Croix de Fer portuen loturak kasik 25 kilometroko igoera luzea baitu. Lehendabizik zatia eramangarria da %7 eta 8 artean, baina Saint-Colomban-des-Villards herriko atsedengunearen ondotik, maldak tentetu egiten dira. Ederra iruditu zaigu azken zatia. Ederra eta gogorra, azken bi kilometroak %11 ingurukoak baitira. Glandon zeharkatu, malda motz bat jaitsi eta Croix de Ferren azken hiru kilometroekin lotu dugu. Azken zati hau arras eramangarria da eta aise plantatu gara mendatearen goitiko aldean. Horrenbertzez, etapa erreginaren zailtasunak gaindituak genituen.

Bazkalondoan Glandonen oinean
Goitiko zati ikusgarria eta gogorra
Gainean taldeko zuzendariarekin
Glandon-Croix de Fer lotura, bi klasiko

Saint-Jean-de-Maurienne herrirainoko jaitsiera amaigabearekin eman diogu amaiera egunari. Kasik 140 kilometro eta 3500 metro inguruko desnibel positiboa gainditu dugu eta gure buruari ezarritako erronkatxo hau egiteko aukera handiak ditugula ikusi dugu lehen aldiz. Oraindik aunitz dugu egiteko ordea... Ea biharkoa nola doan...

Kontent Croix de Ferren, etapa gogorrenaren azken zailtasunak gaindituta
Arveseko bailara, jaitsieran zeharkatuko genuena


4. ETAPA
SAINT JEAN DE MAURIENNE - GUILLESTRE
(2021/08/19)
Powered by Wikiloc

Atzokoa gogorra izan zen, baina gaurkoa ere ez da gibelean gelditzen. Ibilbidearen lehen egunetan paraje zoragarrietatik pasatu ginen, mendate ezagun batzuetatik eta bertze ez hain ezagunetatik. Bi egun hauetan zeharkatutakoek, ordea, ez du aurkezpen aunitzik behar. Madeleine, Glandon, Croix de Fer, Telegraphe, Galibier eta Izoarden txirrindularitza arnasten da. Eta hori nabaria da maldan goiti abiatzen zaren momentutik. 

 
Gaurko trilogiak aipatze hutsarekin beldurra ematen zuen. Eta zer erranik ez aitzineko egunetan hanketan pilatu genuen guziarekin. Saint-Jean-de-Maurienne utzi eta errepide zabalaren bazterretik egin ditugu lehen kilometroak Saint-Michel-de-Maurienneraino. Atzo bezala, mendate handi hauen oinean dauden bailarak ez zaizkigu aunitz gustatu. Errepide zabalek zeharkatzen dituzten bailara sakonak dira, xarma handirik gabeko herri handi zaratatsuez osatuak. Atsegin hartzen da portuetan goiti abiatzean eta, doike, parajeak aunitz aldatzen dira. Telegraphe guzia zuhaitzez inguratuta egiten da, bailara sakonetatik ateratzeko transizio bat dela erraten ahal da. %7 inguruko malda konstantea aperitibotxo bat dela erraten ahal da. Valloire herrixkara jaitsiera laburra eta geldialdia egin dugu kafe bat hartzeko. Galibier handiaren azpian ginen! Hortik goiti paisaia ireki eta 2642 metrora eramanen gintuzten 18 kilometroei ekin genien. Zer erran Galibierri buruz! Alpeetako mitorik handienetakoa da, handiena ez bada... Aise gainditzen ditu 2000 metroak eta azken 8 kilometroetan errepide estuak goi-mendiko larre basatietan barneratzen zaitu. Sentsazio onekin igo dugu, bizikletaz gozatuz eta goitian geldialdi luzea egin dugu eguzki goxotan hodeiek uzten ziguten heinean Meijeko glaziarrez gozatuz. Niretako bidaiako momentuetako bat izan da!

Trilogiaren lehen atala
Goi mendiko parajeak igoera edertuz
Mugarria
Galibierren azkenean
Igoeraren azken kilometroa
Jaitsiera Meijeko glaziarren itzalean

Segidan jaitsiera luzea izan dugu Briançon herrira. Lehen zatia tentea da, Baina Lautaretetik beheiti malda eztitu eta haizea kontra izanda pedalei gogor eragin behar izan diegu. Uste baino gehiago kostata ailegatu gara herri ezagun honetara. Bazkaldu eta Izoard ezagunarekin hasi gara. Bertze 19 kilometroko igoera hanketara, bertze mendatetzar ezagun bat, gaur ere 50 kilometroko igoera pilatu arte.


Aipatu portu honen alde ezaguna bertze isurialdetik igotzen dena dela, baina hain ezaguna ez den igoera honek ere badu berea. Lehen zatia etzanagoa da, baina Cervieres herritik goiti errepidea tentetu eta nekez jaisten da %8tik beheiti. Paisaiak ez du aitzinetik igo ditugun lepoetakoekin zerikusirik. Hegoaldera egin ahala gero eta idorragoa da eta pinu eta harri finez janzten dira mendiak. Kontent hartu dugu gailurra. Bezperakoekin batera ibilbide osoan igo beharreko mendate ezagunenak hemen akitzen ziren eta bi egun falta bazaizkigu ere nolabait "egina" dagoen sentsazioa izan dut. Souvenirs eta freskagarriak saltzen dituzten tabernatxoan garagardo banarekin ospatu dugu igoera.


Guillestrerako jaitsierarekin akitu dugu eguna. Casse Deserte deitzen den parajean geldialditxoa egin dugu paisaia berezi hau begiratzeko eta errepide leunetik beheiti segitu dugu ziztu bizian. Azken kilometroak zintzur sakonen artetik egin ditugu Guillestre herri politean ostatu hartu arte. Creperie batean afari bikainak biribildu du egun zoragarri hau!

Casse Deserte parajea


5. ETAPA
GUILLESTRE - ISOLA
(2021/08/20)
 
 
Powered by Wikiloc


Zerua ukitu genuen atzo etapa ikaragarria burututa eta zerurako bidean jarri gaitu gaurkoan 2800 metrotik goiti altxatzen den Bonette mendateak. Vars portuan goiti ekin diogu egunari, Guillestre utzi orduko malda goiti. Iduri du Alpeetan debekatua dagoela 20 kilometro baino gutiagoko mendateak egitea. Errepide zabaletik atsedenegune batek erditik zatitzen dituen bi zati gogorragoz osatua dago Vars. Hasmenta tentea, gero kilometro errazago batzuk eta eski estazio inguruan berriz ere goiti egiten du bideak.  Igoerako bidea baino tenteagoa da jaitsierakoa. Bizikletak laster hartzen zuen abiadura %10 inguruko maldetan. Hala, ziztu bizian ailegatu gara Jausiers herrixkara.

Varseko lepo inguruak

Atsedenaldia kafetxo eta croissant batzuekin eta eguneko oztopo nagusienerako prestatu gara. Bonettek ez du aitzineko egunetan pasatu ditugun portuen izenik, baina Alpeetako errepiderik altuena den honetara ailegatzeko 23 kilometro egin behar dira %7 inguruko pendizarekin. Malda nahiko konstantea da, erritmoa hartzen laguntzen duena eta altuera irabazi ahala paisaia zoragarrian barneratzen da errepide estua. %15eko maldaren bat duen azken zatiak 2802 metroan utzi gaitu. Goitian motorzaleak eta txirrindulariak, momentua betikotu nahian... Igoera luzea bada, jaitsiera zer erranik ez! Gozatu ederra hartu dugu bertze behin ere larre zabal arteko errepide sigi-sagatsuan... Jaitsi eta jaitsi, inoiz ez zela akituko iduri zuen. Saint-Etienne-de-Tinee herrixkaraino jaitsi gara, etapa akabaila izanen zen Isola herritik hurbil. Bazkalondoan egin dugu azken zatia, baina Isolako kanpina hetsita harrapatu dugu eta berriz aitzineko herrira itzuli gara gaua pasatzera. Bihar azken etapa Mediterraneorako bidean...

Bonetten goiti
Alpeetako errepiderik altuena, eta gure ibilbidekoa ere bai, doike



6. ETAPA
ISOLA - MENTON
(2021/08/21)

 
 
Colmiane edo Saint Martin mendatearen gainean

Kitto! Ailegatu gara Mediterraneo itsasoaren ertzera. Kosta Urdina izenez ezagutzen den kostaldeko Menton herrian akitu da gure bidaiatxoa. Sei egun izan dira, 700 kilometrotik goiti eta pilatutako desnibel handiarekin. Sentsazio aunitz, paraje ezberdinak, momentu ahaztezinak... Castillon mendatearen jaitsierak zuzenean Mentongo hondartzara eraman gaitu, zelairik gabe, goiti eta beheiti, itsasoan hiltzen dira Alpeak, azken momenturaino maldak eskainiz.


Castillon mendate etzan eta motza igo aitzinetik bertze bi zeharkatu behar izan ditugu gaur ere, eta Niza inguru hauetan maldek dutela protagonismoa argi gelditu da. Isolatik abiatu eta beheranzko joera zuen errepidetik erritmo bizian hasi dugu eguna. Ageri zen gaur azken indarrak uzteko arazorik ez genuela izanen, ez genuela gehiago biharamunekoan pentsatu beharrik. Erritmo gogorrean igo dugu Colmianeko mendatea ere. 16 kilometro inguru, malda etzanekin, aitzinetik pilatutako esfortzuen utzi dizkiguten hankak baliatu eta egurra eman diogu. Ordubete pasatuxean goitian ginen. Saint-Martin-de-Vesubie herrira egin dugun jaitsierak harrituta utzi gaitu. Ez paisaiagatik, ezta maldagatik ere! Iazko urrian izandako uholde batek bailara hau xehatu zuen, errepidea desagertu egin zen, etxeak erori... Oraindik ere nabariak dira inguruan ondorioak. 

Atsedenaldi baten ondotik Turini mendatea igo dugu. Txirrindularitzan baino ezagunagoa omen da rallyen munduan, baina portu ederra iruditu zaigu. %7,5eko batez bertzeko malda du eta errepide estua ederretik igotzen da. Igoera bezain ikusgarria izan da jaitsiera ere, Sospel herrirantz zintzur sakon eta paraje bakartiak zeharkatu baititugu. Gezurra ematen zuen Mediterraneo burrunbatsua hain hurbil genuenik! Arestian erran bezala, Castillon mendatetik ailegatu gara bertara. Itsaso urdina parean genuela egin dugu azken jaitsiera...

La Bollene-Vesubie, Turiniren oinean
Col de Turini
Zintzur sakonak Sospelera bidean

Azkena, itsasoa zain dugu

 BIDEOA:

2 iruzkin: