2021/10/17

Gabizos (2632m), Grand Gabizos (2692m)

EGUNA: 2021/10/10

ABIAPUNTUA: Cirque du Litor (1358m)

ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD+). Zailtasunak bi gailurretara ailegatzeko ertzetan harrapatuko ditugu:
  • Pic de Gabizos: II. graduko eskaladatxoak egin behar dira ertzetik.
  • Grand Gabizos: Tailllades Blanques deitzen den gandorrean hainbat puntatxo eta arrakala zeharkatu behar dira III. gradurainoko eskaladak eginez.
DENBORAK:
  • Cirque de Litor - Gabizos : 3 ordu eta erdi
  • Gabizos - Grand Gabizos : 2 ordu
  • Grand Gabizos - Cirque du Litor : 2 ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista hartu eta bertatik segituko dugu Tarbes hiriko irteeraraino. Hemendik Lourdesera joan eta bertatik Argeles-Gazost herrira ailegatuko gara. Hemen Aubisque mendate ezagunera igotzen den bidea hartuta Val d'Azunen barneratuko gara. Soulorreko lepoa zeharkatu eta bi kilometro pasatuxe jaitsita errepide bazterreko aparkaleku txikian utziko dugu autoa.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Lourdesetik Argeles-Gazost aldera doan autobidetik pasatzean begirada eskuineko aldera Arrenseko bailararen gainean altxatzen den mendigune ikusgarrian galtzen zait aunitzetan. Gabizoseko mendigunea da, azpitik ikusten duzularik bertara igotzeko gogoa sartzen dizun horietako bat. Mendiguneko gailur handienak ertz eta gandorretatik zeharkatuz egindako ibilbidearen kronika da honakoa.

Gabizos mendia Soulorreko bidetik


8:59 : Cirque du Litor (1358m)
Autoa Soulor eta Aubisque mendateen arteko errepide bazterrean utzi eta errepidetik beretik eman genituen lehendabiziko pausuak.


Aubisque aldera metro batzuk egin eta lehen tunela baino lehenxeago ezkerretara ateratzen den bidexka malda hartu behar da Gabizos mendigunera igotzeko.


Baso politetik egiten dira bidexkako lehen metroak, altuera laster irabaziz.


Basoaren irteeran Petite Pene Medaa mendiaren pareta ikusgarriak bistaratu genituen. Inguru honetan hainbat dira pareta ikusgarriak eta ertz zorratzak dituzten mendiak.


Petite Pene Medaa eta argazkian ikusten den Gabizos mendiaren arteko belardietatik goiti segitu genuen.


Eguneko lehen helburua zen Gabizos mendia mehatxati ikusten da puntu honetatik. 


Atsedenik gabe goiti igotzen den bidetik, bikiak ederki berotu zitzaizkigun igoera bertikal honetan.


Zelaitxo honetan igoeraren lehen zatiko malda gaindituta atseden pixka bat eman ahal izan genien gure hankei.


Metro gutxi batzuk aitzinago, puntu honetan, Larue etxolara doan bide nagusia utzi eta ezkerretara biratu ginen. Argazkian erdian ikusten den Pourteteko leporantz zuzenduko ginen. Bertara ailegatu baino lehen ezkerretan dagoen Gabizosera igotzen den korridore bat hartu genuen, gero berriz bertatik itzuli, lepora igo eta eskuinetara Taillades Blanqueseko gandorrari ekiteko.


Bidearen lehen zatian malda tentea gainditu behar izan bagenuen, Pourteteko lepora igotzen den honetan zer erranik ez! Bidexkarik gabeko igoera da, harri eta belardiak tartekatuz eta arras bertikala da.


Arestian erran bezala, lepora ailegatu baino lehen, mendiko pareten artean bidea egiten duen korridore bat hartuko genuen. Irudian argazkiaren erdian ikusten dena da.


Bidexka ahul batetik sartuko ginen korridore zabalean eta goitiago Edouard arrakalara igotzen den estuago batera pasatuko ginen.


Korridorean sartzeko gainditu genuen zatiak esposizio pixka bat badu eta kasu eman beharreko lekua da.


Kaskoa jantzi eta goiti segitu genuen. Pareten erteko pasabide ikusgarri horretatik aterako ginen Edouard arrakalara.



11:17 : Breche Edouard (2522m)
Arrakalara ailegatzean eguzkiak eta Arrenseko bailararako ikuspegi bikainak eman ziguten ongi etorria. Hantxe ginen, bailaratik hain ikusgarri ikusten den Gabizos mendiaren gaineko ertzean, leku zoragarrian.


Harri-mukuruei segituz eskuinetara biratu eta ertzeko lehen orratz bat ekialdetik inguratzen du bideak.


Orratza inguratuta gailurrera eramanen gintuen ertz ikusgarria ikusgai genuen. 


Ertzaren azpiko lepotxoan arnesa eta soka paratzea erabaki genuen, azken zatiak esposizio handi samarra baitauka. Plaken arteko arrailetatik igoko ginen II. graduko eskaladatxoak eginez.


Ekialdera amildegi handia du mendiak, baina igoera ez da zaila eta helduleku onak daude.


Azken metroak...


11:53 : Pic de Gabizos (2632m)
Hala ailegatu ginen hain ezaguna ez den mendi ikusgarria honetara. Gailurretik Grand Gabizos eta bertara ailegatzeko gainditu beharreko gandorra parez pare genuen.


Ekialdera ere ertz ikusgarria du Gabizosek. Bassiarey deitzen den ertz honek ere mendi hau igotzeko modu dotorea eskaintzen du.


Gailurrean tartetxo bat hartuta, ertza berriz jaitsi eta Edouard arrakalan materiala biltzeko geldialdia egin genuen.


Korridorea berriz jaitsi eta Pourteteko lepora igotzeari ekin genion malda harritsu deserosoa ezkerretara genuen paretaren kontratik ahalik eta hobekien gaindituz.


13:12 : Le Pourtet (2476m)
Lepoan eskuinetara hartu eta Grand Gabizosera eramanen gintuen Taillades Blanques deitzen den gandorrari ekin genion.


Hasierako zati honetan zailtasun handirik gabe ibili ginen, belarrezko zatiak harkaitzen gainetik egindako eskaladatxo errazekin tartekatuz. Momenturen batean III. gradu inguruko eskaladatxoren bat egin genuen harkaitzetik baina eskuinetik saihesten ahal zen.


Gibelean utzia genuen pixka bat lehenago igo genuen Gabizos ikusgarria. A ze menditzarra!


Bertze eskaladatxo bat...


Lehen zatia gaindituta 2669 metrora dagoen izenik gabeko kota honetara ailegatu ginen. Sorpresatxoa eraman genuen oraindik gailurra urrun ikusten baikenuen, uste baino urrunago.


Hori gutxi balitz, puntu horretatik aitzin gandorrak goitibeheiti aunitz ditu. Arrakala eta tontorrak zeharkatu behar dira, guzia kalitate txarreko harkaitz hasukorretik.


Lehen arrakala sakon batera jaitsiera eginda bigarren puntara igoko ginen.


Etengabe eskuak erabili beharreko pasabideak gaindituz...


Goiti eta beheiti... Gibeleko punta hartatik heldu ginen...


2662 metrora dagoen izenik gabeko bigarren kotatik gailurra oraindik ere urrun ikusten zen eta gainera azklen zatiak inpresio handia eragin zigun. Puntu honetatik ikusita helduleku gutxiko plaka leuna eta bertikala zela ematen zuen eta gainera bi aldeetara esposizio handia zuena. Kezka puntu batekin segitu genuen alde hartara.


Zati bertikaletik  2627 metrora dagoen arrakala batera jaitsi eta bertze kotatxo bat igota zinta batez muntatutako rapel batera ailegatu ginen. Ez nuen sobera begiratua ibilbidea eta rapel horrek harritu ninduen. Hala ere, eskuineko aldetik destrepatzea lortu genuen. Argazkian jaitsi genuen zatia ageri da, behin pasatuta.


Honela azken maldaren azpiko arrakalara ailegatu ginen eta urrundik ikusita ematen zuena baino aise errazagoa zela ikusi genuen. Arrakalaren gaineko plaka eskuinetik inguratuko genuen zailtasun handirik gabe...


...eta hortik goiti xaflakatutako harkaitzetatik goiti segitu genuen.


Azken zati horizontal batek utziko gintuen gailurrean.


15:00 : Grand Gabizos / Pic des Taillades (2692m)
Hala ailegatu ginen mendiguneko gailurrik altuena den honetara. Haizerik gabe eta eguzkia lagun egonaldi luzea egin genuen bertan jan-edanean eta inguruaz gozatuz.


Taiillades Blanques gandorra ez da gailurrean akitzen ordea eta oraindik irudi zati guzia genuen zeharkatzeko. Zailtasuna aunitz jaisten da dena den, mendiaren bide arruntak gainditzen duen gandor zatian.


Gailurra gibelean utzi eta azken gandor zatiari ekin genion. Argazki honetan azken gailurrera ailegatzeko gainditu genituen kotak ikusten dira, baita urrunean Gabizos mendi dotorea ere.


Oinez egiten da gandor zati hau, eskuak kasik erabili ere egin gabe.


Azken zatitxoa harkaitza aldatu eta harri zurizko gandor ikusgarri eta errazetik pasatzen da bidea.


Zinez ederra iruditu zitzaigun zati hau eta udazkeneko arratsaldeko eguzkitan aunitz gozatu genuen.


Grand Gabizos eta Louesque mendien arteko lepotxo honetan akitzen da Taillades Blanques gandorra.


Hortik beheiti belardi zabalen arteko bidexka erosotik eginen genuen jaitsiera.


Petite Pene Medaa mendiaren azpian dagoen Larueko etxolatik pasatuko ginen.


16:57 : Cabane de Larue (1978m)
Bertatik pasatzen ginenez, etxola bisitatzeko aprobetxatu genuen. Txoko zoragarraian egoteaz gain, barnetik ere aski ongi dago etxola, litera, mahai, aulki eta lurreko suz hornitua. Inguruan ez dago egurrik, baina norbaitek egur pila ederra igo du bertara.


Etxolatik beheitixeago igoeran ibilitako bidera itzuli ginen eta hortik segituko genuen autoraino.


Behe-lainoaren artean sartu ginen jaitsi ahala...


Azken metroak udazkeneko koloreak hartzen hasia zen basotik eginen genituen.


17:43 : Cirque du Litor (1358m)
Eta jaitsiera pikoa akituta errepidetik itzuli ginen autoa utzia genuen lekuraino. Egun luzea izan zen, baina merezi izan zuen Gabizos inguru ikusgarria ezagutzea.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina