2021/10/20

Hiru Erregeen Mahaia (2444m), Table des Trois Rois (2421m), Dec de Lhurs (2176m)

EGUNA: 2021/10/16

ABIAPUNTUA: Pont Lamary (1171m)

ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD-). Teknikoki zailtasun guti du bideak eta guziak Hiru Erregeen Mahaiaren inguruan kokatzen dira. 
  • Igoeran, hegoaldetik doan bide arruntaren azken metroetan eskuen laguntza beharko dugu pasabide errazen (I) bat gainditzeko. 
  • Ipar aurpegian jaisteko hautatu genuen tximinia II. graduko pausu bat dauka.
  • Lhurseko laku aldera jaisten den kanala tentea da eta pausuren batean eskuak erabili behar dira. Kasu harrien erorketarekin puntu honetan.
DENBORAK:
  • Pont Lamary - Hiru Erregeen Mahaia : 3 ordu
  • Hiru Erregeen Mahaia - Dec de Lhurs : 2 ordu
  • Dec de Lhurs - Pont Lamary : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Lescunera herritik joateko Nafarroa Behera eta Zuberoa zeharkatu behar dira. Garazitik Lartzabalera joanen gara, hemen eskuin biratu eta Oskaxeko lepoan barrena Zuberoan sartzeko. Urdiñarbetik Idauze Mendi eta Mendikota herrixketatik pasatzen den laburbidea hartu eta Atarratzera ailegatuko gara. Hemendik Montorin barrena Euskal Herritik atera eta Arette aldera hartuko dugu. Arettetik Issor herrira eta bertatik Somport mendatera igotzen den bide zabala hartzeraino. Bide honi segituko diogu eskuinetara Lescunera eramanen gaituen bidea hartu arte. Lescun herritik mendi ateraldien abiapuntu diren aparkaleku guziak ongi markatuta daude. Guk Masousakora joko dugu eta bertatik ateratzen den pista segitu Pont Lamaryra.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Lescun. Pirinioetako nire leku kuttuna. 2013. urte akabailan ezagutu nuenetik aunitzetan izan naiz bertan: neguan eskiz, udaberrian, udan... Udazkenean ere izan ginen behin, Kaxtel, Migel eta hirurok, baina azaroa zen eta ordurako zuhaitzek hostoak galduak zituzten. Pasaden asteburuan koloreen leherketa harrapatu genuen paradisu ttipi hartan, hain ederra den Lescun, inoiz baino ederrago aurkeztu zitzaigun.

8:20 : Pont Lamary (1171m)
Gau hotza izan zen eta gradu bateko tenperaturarekin ernatu ginen aparkalekuan. Egun zoragarria heldu zen hala ere, eta gosalondoan goiti gogotsu abiatu ginen.


Metro batzuk egin eta zelaitxo honetan Ansabereko orratzak ikusiko genituen lehen aldiz. Haiek izanen ziren eguneko protagonitak...


Pagadiak laranja kolorez margotuta harrapatu genituen. Honetakoan bai, udazkena erdiz erdi harrapatu nuen Lescunen.


Zelaitxoa gurutzatu eta baso motz batean sartu ginen...


...Ansabereko lautadara ateratzeko. Pirinioetan leku aunitz ikusiak ditut, baina zelaitxo hau bezain politak guti dira nire ustez.


Osorik zeharkatuko genuen zelaia eta bukaeran eskuinetara ateratzen den bidexka bat hartu.


Artzain etxolak, zelaietako berdea, baso koloretsuak eta orratz ikusgarriak... 


Erran bezala, zelaiaren akabailan eskuinetara ateratzen den bidexka batetik hasi ginen igotzen.


Sobarcal eta Ansabereko orratzak...


Bertze baso zati bat zeharkatzen du bideak eta irteeran jadanik Hiru Erregeen Mahaia ikusi ahal izan genuen.


Zuhaitzak gibelean utzi eta eremu irekira atera ginen. Pedaingo etxola ez genuen urrun...


9:06 : Cabane de Pedain (1605m)
Oroitzapen onak ekarri zizkidan etxola honek, duela lau urte bertan pasatu baikenuen gaua Hiru Erregeen Mahaia eskien laguntzaz igo aitzinetik. Inguruko iturrian ura hartu eta goiti segitu genuen...


Etxola ingurutik begibistan genuen Esquesteko lepoa. Bertara gindoazen...


Harat ailegatzeko bailara segitu behar da goiti. Azken zatian malda tentetzen da eta inguru harritsu hau zeharkatu behar da.


10:02 : Col d'Esqueste (2114m)
Lepotik Linzatik igotzen den bidea bistaratu genuen. Gu bakar-bakarrik ibilki ginen gure bidean, baina Lizakoan jende dezente ikusten zen. Zorionez mendiaren azken metroetaraino ez ginen haiekin elkartuko.


Gailurra begien aitzinean genuela egin genuen ondoko zatia, han-hemenka ikusten genituen harri-mukuruen laguntzaz eremu karstikoa gaindituz.


Mendiaren mendebaleko lepoan elkartu ginen Linzatik heldu zen jendearekin. Zorionez goiz zen oraindik eta ez genuen jende sobera aurkituko.


Lepotik hegoaldeko aurpegian barrena igotzen den bidea hartu genuen. Bi aldiz ibilia nintzen Hiru Erregeen Mahaian aitzinetik; baina ez nuen bide hau ezagutzen, mendebaldeko ertzetik zuzenean pasatu bainintzen bietan.


Azken metroak...


10:40 : Hiru Erregeen Mahaia (2444m)
Tenperatura goxoa lagun eta gailurra oraindik lasai zegoela ikusita, egonaldi luze samarra egin genuen.


Zerbait jan, ingurukoekin solastatu eta kaskoko argazkia atera genuen.


Beheitirako iparraldeko magaletik egin genuen eta metro batzuk jaitsita tximinia hau zeharkatu behar izan genuen. Irudiko pausuak II. gradua edo izanen du.


Mendiaren ekialdeko lepotik hurbil dagoen Table des Trois Rois mendira zuzendu ginen.


11:17 : Table des Trois Rois (2421m)
Toponimiari dagokionez, hau da benetako Hiru Erregeen Mahaia. Bere gailur zapala antzinako hiru erreinuen muga zen eta hortik heldu zaio izena. Bertzea altuagoa izanik izena ebatsi dio, baina frantziarrendako Pic des Trois Rois da, hau da, Hiru Erregeen gailurra.


Guti egon ginen bigarren tontorrean... Berriz Hiru Erregeen Mahaiaren azpiko aldera jaitsi eta iparralderantz biratuko ginen.


Mugarriei segituz Lhurseko lakura jaisten den bidea bilatu genuen, handik joanen baikinen Dec de Lhurs mendira.


Lhurseko lakura korridore batetik jaisten da. Gaineko aldean estua da eta eskuak erabili beharreko pausuren bat badu (I).


Beheitiago zabaldu egiten da kanala. Parean genituen Billare eta Dec de Lhurs, Lhurseko lakuaren alde banatan.


Mugarriei segituta ezkerretara biratu ginen zertxobait. Zuzen segituz gero amildegia topatuko genuke.


Azken zatian eremu harritsu bat jaitsi genuen, tamaina guzietako harriz osatua. 


Malda harritsua gibelean utzi eta eskuinetara biratu ginen. Non dago Beñat?


Table mendiaren azpitik zeharkaldi luzea egin genuen bidexka ttipietatik... Inguru honetatik Table des Trois Rois mendia ikusgarri ikusten da, baina Peneblanque ere.


Harriak utzi eta belarrezko bizkar honen gainetik zuzendu ginen Dec de Lhurs mendiaren oinera.


Hortik goiti atsedenik gabeko malda...


Azken metroetan harkaitzak agertzen dira.


Eskuak erabili beharreko pausuren bat, baina erraza da...


12:38 : Dec de Lhurs (2176m)
Hala ailegatu ginen eguneko hirugarren eta azken tontorrera...


Lescungo mendietara ikuspegi bikaina eskaintzen du mendi honek. Tarte luzea hartu genuen gailurraz gozatzeko.


Lescun herria tontorretik...


Jaitsierako lehen zatia igo genuen bidetik egin genuen Ansabere eta Tableren begiradapean.


Berriz belarrezko bizkarrera jaitsi ginen eta ezkerretara jo genuen hegoaldera jaisten den bizkar baten bila.


Puntu honetan hartu genuen aipatutako bizkarra. Garrantzitsua da bidea ongi hartzea hemen, malda tentea baita arras eta jaisteko modurik seguruena bizkar honetatik egitea da.


Bizkarra zuzen jaisten da Ansabereko lautada aldera. Tentea da, ez dago bidexkarik, baian ez du inolako arriskurik... 


Gaineko zati bertikala gaindituta, malda pixka bat lasaitzen da beheitiago eta bidexka ttipi batzuk ere agertzen dira han-hemenka.


Pagadira ailegatu aitzinetik eskuinetara bidexka zabalago bat hartu behar da eta bertatik segitu Pedaingo etxola inguruko lautadara.


Hortik beheiti igoerako bide bera segituko genuen...


Ansabereko lautadara jaitsiz...


Inguru eder hau gibelean utzi genuen. Bertan bizitzera gelditzeko gogoa ematen zuen. Zer eguna, zer paisaia...


Berriz ere azoiko basotxoan...


14:23 : Pont Lamary (1171m)
Eta azpiko larreak zeharkatuta berriz ere aparkalekura ailegatu ginen. Ibilaldi ederra mila koloreko paisaia liluragarrian. Lescunek ez du inoiz hutsik egiten!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina