2024/11/30

Auñamendi (2504m) eta Añelarra (2357m)

EGUNA: 2024/11/30

ABIAPUNTUA: Plateau de Sanchese (1081m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Igoera: Lau ordu eta erdi
  • Jaitsietra: Bi ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Plateau de Sanchese Lescun herritik goiti dago. Lescunera ailegatzeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasatuta, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne-en-Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere irits daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. 

Lescun herrira iritsi baino pixkat lehenago, Plateau de Sanchesera gidatuko gaituzten seinaleei segiko diegu. Herria zeharkatu eta lehenik errepidetxo batetik eta gero pista batetik aparkalekura ailegatuko gara.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Lehen elurteen atarian, Lescun inguruan bertze ateraldi bat egiteko probestu dugu. Kasu honetan, Sancheseko zelaitik Auñamendiko kaskora igan gara, mendia hegoaldetik iparraldera zeharkatuz. Lescungo zirkuko tontorrik altuena den honetara igateko L'Aberouat aterpetik igaten den bidea baino luzeagoa da, baina zeharkatzen dituen paisaia anitzek arras gomendagarri egiten dute.

8:23 : Plateau de Sanchese (1081m)
Gaua zelai polit honen inguruan pasatu genuen, bertan autiz sartzea debekatua baitago. Gosaldu, gauzak prestatu eta goiti abiatu ginen. Brecqueko mendi ikusgarriaren hegoaldetik goiti Anayeko bailaran barneratzen den bidea hartuko genuen hasteko.


Bide horretara ailegatzeko zelai ia osorik zeharkatu beharko genuen.


Gure ezkerretara Anayeko errekako ur-jauzi hau utzi genuen.


Parean, aldiz, Orgues de Camplong izeneko mendizerra berezia genuen, eguneko lehen izpi gorrixkaz margotua.


Zelaia utzi eta bidea pagadi batean memtroak irabazten hasten da.


Momenturen batean harkaitzean zizelkatuta dagoen bideak inguru malkartsua gainditzen du.


Zatirik aldapatsuena gibelean utzi eta Anayeko bailaran barneratzen da mantso-mantso...


Pagadi eder bat zeharkatuz...


Azken pagoak gibelean utzi eta Billare mendiaren iparraldeko oinera atera ginen. Anayeko etxolak hurbil genituen puntu honetatik.


10:17 : Cayolars d'Anaye (1534m)
Bide nagusitik pixka bat desbideratuta, etxola nagusia bisitatu genuen. Mendizaleendako zati irekia du, egoera onean: aulkiak, mahaia, koltxoiak... Estufa edo lurreko sua da falta duen bakarra.


Etxola utzi eta mugaz gaindiko GR-aren markei segituko genien leporaino.


Bideak altuera mantso irabazten du bailara etzanean goiti.


Bailararen azken zatian Marmitou deitzen den parajea agertzen da bat-batean. Inguru honetan paisaia pixka bat aldatu egiten da, eta ordura arteko larre leunak harkaitz eta izeiz zipriztintzen dira.


Paraje honen hegoaldean Pene Blanque eta Hiru Erregeen Mahaia mendiak elur pixka batekin ageri ziren. Guk bidegurutze batean azken honetara doan bidea utzi GR-ari segituko genion Anayeko leporaino.


Bideak goitibeheiti batzuen ondotik azken malda gainditzen du lepora ailegatzeko.


10:24 : Insoleko lepoa / Col d'Anaye (2011m)
Lepotik Nafarroako lurretan barneratu ginen, eremu karstikoan.


Iganen genuen Añelarra mendiaren hegoaldeko harresia mesfidatu ageri zen gure eskuinean. Hala ere, bideak punturik ahulenak baliatuz zailtasunik ez du kaskora ailegatzeko.


Anayeko lepotik oraindik zati batean GRa segitu genuen eta seinale honen inguruan utziko genuen. Bertan iparraldeko norabidea hartuko genuen.


Bidexenda ez hain nabarmen batek hartxingadi bat zeharkatzen du Añelarrako hegoaldeko harresiaren bila.


Eta kanaltxoz osatutako irtenguneak saihesten ditu ezker eta eskuin eginez.


Gibelean Hiru Erregeen Mahaia nabarmentzen zen bertzeen gainetik.


Hala, giltzarri den pasabide honetara ailegatu ginen. Eskuinetara kanal bat hartu genuen eta honek katuka igan beharreko tximinia labur batera eramanen gintuen.


Zailtasunik gabeko (I+) tximinia gainditu eta harresiaren goitiko "solairura" iganen ginen.


Hortik goiti eskuak gutitan erabili beharko genituen, mugarriek eremu errazenetik eramaten baikaituzte.


Gailurra ikusten hasi ginen goiti egin ahala...


Azken zatian malda dago, baina zailtasunik ez!


Añelarraren mendebaldeko gailur inguru atera ginen.


Eskuinetara biratu eta tontor nagusira ailegatzeko azken metroei ekin genien.


11:27 : Añelarra (2357m)
Hiru ordu eman genituen autotik Añelarrako gainera. Niretako bigarren aldia zen Euskal Herriko hirugarren mendirik altuena den honetan.


Luze gabe, lehen kaskoa utzi eta eguneko helburu nagusia zen Auñamendirantz abiatu ginen. Añelarratik hurbil dagoela ematen du, baina terreno karstikoan deus ez da iduri duena.


Añelarratik ahalik eta altuera gutien galduta, Pene Castetne izeneko menditxoa iparraldeko magaletik inguratu genuen. Horra arte zailtasun aunitz ez genuen harrapatu, baina gogor zeuden elur-lauso batzuk inguratu behar izan genituen.


Castetnetik Auñamendiko bide arrunta hartu arte, ordea, paraje karstikoko zuloak eta elurra saihesten lan handiagoa izan genuen. Ailegatzen ari ginela iduri zuelarik, beti agertzen zen inguratu beharreko zuloren bat. Elurrik ez dagoelarik zati hau aise errazagoa izanen dela iruditzen zait dena den.


Behin Auñamendiren hego-mendebaldeko aurpegitik igaten den bide arruntera ailegatuta, atsedenaldi motz bat hartu eta azken maldari ekin genion.


Zati honetan ere elur-lausoren bat zeharkatu behar izan genuen, baina eguzkitan zeudenez aise guriago zeuden.


Bidexenda zabaletik mendiaren hegoaldeko ertzera atera eta bertatik egin genituen azken metroak...


Ailegatzen...


12:42 : Auñamendi (2504m)
Kaskoan argazki bat atera eta zerbait jateko egonaldi luzea egin genuen. Azaroaren azken eguna izanda ere, tenperatura epela lagun genuen.


Gailurra utzi eta jaitsiera luzeari ekin genion. Beheitirakoan L'Aberouat aterpetik igaten den bidea hartuko genuen. Hego-mendebaldeko malda jaitsi eta Auamendi iparraldetik inguratzen du bide honek.


Eta iparraldeko itzaletan berriz ere elur-lausoak harrapatu genituen. Tarteren batean malda dago eta inguratu behar izan genituen.


Itzaletan fresko zegoen...


Behin elurrak gibelean utzita mendiari azken begiratua eman eta bidexenda erosoan beheiti segitu genuen.


Poliki-poliki harkaitzak gibelean utzi eta Cap de la Baigt bailarako larre horixketan barneratu ginen.


Countende mendia gibelean...


...eta bailara aitzinean.


14:57 : Cabane de Cap de la Baigt (1689m)
Behin bailararen sakonean sartuta, Soum Couy mendiaren azpian dagoen etxolatxoan geldialdi motza egin genun.


Aitzineko aldietan hemen izan nintzenean etxola hau egoera onean eta irekita harrapatu izan dut, baina oraingoan hetsia zegoen zatirik nagusiena.


Etxola utzi eta GR10-aren bidetik beheiti segitu genuen.


Basoan sartzen da GRa eta bertatik ailegatzen da L'Aberouat aterperaino.


...baina laster utziko genuen, puntu honetan eskuinetara Sancheseko zelaira doan bertze bide bat hartzeko. Bidexka hauMoulineko eskalada eskolaren ondotik pasatzen da eta errekara jaisten da.


Errekan zubi hau ez da zeharkatu behar. Horren ordez ezkerretara errekaren bazterretik segitzen duen bidexkari jarraitu behar zaio. Guk zubia zeharkatu eta bide nabarmenago bat hartu genuen zati batean, baina buelta hartu behar izan genuen.


Aipatu bezala, bidexka ona erreka zeharkatu gabe haren ondotik doana da. Ez da sobera nabarmena, ezta markatua ere; baina garbia da momenturo pagadi artetik baitoa.


1200 metro inguruan bidexka pista izatera pasatzen da eta bertatik Sancheseko zelairako azken metroak eginen genituen.


Azken zatian mugaz gaindiko GR T13 bidea harrapatuko genuen berriz...


16:23 : Plateau de Sanchese (1081m)
...eta zelai ederrean zortzi orduko ibilaldi ikusgarria akitutzat emanen genuen. Auñamendi mendi ederra bisitatzeko bertze modu bat!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina