EGUNA: 2024/11/02
ABIAPUNTUA: Chiroulet (1062m)
ZAILTASUNA: Erraza
DENBORAK:
- Igoera (mendebaldetik): 2 ordu eta erdi
- Jaitsiera (ekialdetik): 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopista hartu eta Tarbeseraino joko dugu bertatik. Tarbeseko irteera hartuta, Bagneres de Bigorre herriko norabidean jarraituko dugu momentu oro. Herri honetara ailegatuta, Campan aldera joko dugu, baina bertara ailegatu aitzinetik, Beaudean herriaren irteeran eskuinetara atertazen den errepidetxo bat ikusiko dugu. Lesponne haranean goiti Chirouleteraino igaten den bidea da. Bide hau hartuko dugu akitzen den arte.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Azaroko lehendabiziko asteburuan Bigorre aldean izan gara. Mendi kaskoenak elur pixka batekin zuritzen hasiak dira, baina ez daude ez oinez ibiltzeko, ez eskirako. Horrelakoetan, altuera apalagoak bilatu behar dira eta oraindik ezagutu gabea nuen Peyreladeko laku ingurua bisitatzeko baliatu dugu. Chiroulet ingurua, bertze erreportaje batzuetan aipatu dudan bezala, Pirinioetan ezagutu nuen lehen lekua izan zen duela 31 urte. Gurasoekin eta anaiarekin izan ginen orduan, eta geroztik leku berezia izan da niretako. Oraingoan Peyreladeko laku bazterrak ezagutzeko eta Cap de Labasset mendia igateko bertatik abiatzen den zirkular hau prestatu dugu.
10:07 : Chiroulet (1062m)
Autoan aterpearen ondoko aparkalekuan utzi eta Lesponneko erreka zubi gainetik zeharkatuta, Lac Bleu lakura igaten den bidea hartu genuen.
Bi ordu inguru eman genituen kaskora ailegatzeko. Berez fama gutiko kaskoa da, baina Peyreladeko laku ezaguna bisitatu bidenabar merezi du bertara igatea.
Izan ere, Pene Blanque, Cremat, Esquio d'Asou eta Merlheu mendiek hesten duten zirku ikusgarrira primerako ikuspegia dago tontorretik.
Tarte luzea eman genuen kaskoan; azaroa izan arren, tenperatura goxoa eta eguzkia lagun baikenituen. Ondotik, kaskoaren hegoaldeko bizkarretik Peyreladeko lakura zuzendu ginen.
12:52 : Lac de Peyrelade (1928m)
Arestian aipatu mendiek osatutako zirkuaren sakonean dagoen laku polita da Peyreladekoa. Lehen aldia zen guretako han, eta udan ez bezala nahiko lasai harrapatu genuen bazterra.
Lakua eta igandako mendia utzi eta beheitirakoari ekin genion.
Jaitsiera Cap de Labasset mendiaren ekialdeko isurialdetik egin genuen zirkularra burutzeko. Hasteko, bide zabaletik Brouilheko aparkalekura jaitsiko ginen. Aparkaleku hau da Peyreladera igateko jende gehienak hautatzen duen abiapuntua.
Pinuz inguratutako zelaitxo polit batean dago aparkalekua.
13:47 : Parking de Brouilh (1307m)
Inguru honetatik Midi de Bigorre aldera ikuspegi polita dago eta negurako eskiatzeko aukera batzuk ere bai.
Aparkalekura ailegatzen den errepidetxotik beheiti segitu genuen gure bidea.
13:52 : Cabanes de l'Haya (1261m)
Errepidetik zatitxo labur bat egin eta etxola hauetara ailegatu ginen. Bertan seinale batek Chirouletera doan bidea markatzen du.
Etxolen ondotik beretik abiatzen den pista hau da Chirouletera eramanen gintuena.
Berriz pagadien artean barneratzen da bidea...
14:12 : Chiroulet (1062m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina