EGUNA: 2025/04/18
ABIAPUNTUA: La Mongie (1740m)
ZAILTASUNA: S3
DENBORAK:
- Igoera : 3 ordu
- Jaitsiera : 45 minutu
NOLA AILEGATU:
A64 Pirinioetako autopistan zehar joanen gara Tarbes hiriraino. Hemen utziko dugu autopista eta Bagneres de Bigorre herrira eramaten gaituzten seinaleak segituko ditugu. Herri hau gibelean utzi, Campan herritik pasa eta Sainte-Marie-de-Campan herrian eskuinetara biratuko gara Tourmalet mendate ezaguneko errepidean goiti. Mendatera ailegatu baino 4 kilometro lehenago aurkituko dugu La Mongieko eski estazio ezaguna.
ARRASTOA:
KRONIKA:
Bigarren eguna genuen La Mongieko eski estazioan. Bezperan Contade mendiaren iparraldeko maldetan ibili ondotik, bigarrenean guretako klasiko bilakatzen ari den Quatre Termes mendian izan ginen. Erran behar da guretako ez ezik, La Mongietik abiatuta egiten diren mendi-eski ibilbideetatik klasikoena ere badela. Abiapuntu altua, 1000 metroko igoera eta jaitsiera zuzena eta paraje ederra nahikoa aitzakia dira mendi honi urtero bisita egiteko.
8:28 : La Mongie (1740m)
Estazioko taberna batean kafea hartu, eta Sapins izeneko pista gorritik eskiak zangoetan genituela ekin genion egunari.

Bezperako eguraldi eguzkitsuak ez zuen aitzineko egunetako elurra urtzea lortu eta beraz elur dezente genuen azpitik beretik.
Pista goitiko partean eskuinetara biratzen delarik, hau utzi eta zuzen segituko genuen. Argazkiaren erdian ikusten diren izeien eskuineko maldetatik iganen ginen.
Malda tente samarra da aipatu berri dudana, baina elur guri genuen goizetik eta zailtasunik gabe igan genuen.
Malda hori gaindituta zirku batean barneratuko ginen. Metro zelai batzuk egin eta eskuinetara biratuko ginen zirkutik ateratzeko.
Ingurua ikusgarria da argazkian ikusten den bezala.
Teste Guilhem da zirku honetako gailur nagusia bere 2670 metroekin. Hala ere, gure eguneko kaskoa eskuinerago gelditzen da eta hau baino altuagoa da.
Inguruaz gozatzen...
Zirkuaren azpiko lautadatxoa eskuinetara malda tente bat iganez utziko genuen. Puntu honetatik aitzim eguzki beroak joko gintuen eta elur fite pisutzen hasiko zen.
Ekialdeko orientazioa duen malda hau ere tente samarra da.
Behin malda gaindituta, bertze zati zelai bat genuen atseden hartzeko.
Puntu honetan Quatre Termes mendia ikusten hasiko ginen, eta bere ezkerretara harat ailegatzeko lepoa. Ondoko irtengunea argazkiaren ezkerreko edo eskuineko maldatik gainditzen ahal da. Gu beroa zela eta ezkerreko aldeko itzala bilatuz iganen ginen.
Kostra egoeran zegoen elur malda bat gainditu genuen itzaletik.
Eta leporako azken malda igateari ekin genion. Gure gibelean beranduago eskaitu genituen malda ederrak ageri ziren, nahiz eta ez genuen elur kalitate onegiaz gozatzeko aukerarik izan.
Lepora ailegatuta Quatre Termesera igateko ertz motza gure eskuinetara gelditzen zen. Lorea lepoan gelditu zen eta nik kaskora igatea erabaki nuen. Zailtasun handirik ez du ertzak, baina igateko elur sakona izan nuen eta kosta zitzaidan gailurrera ailegatzea.
10:59 : Pic des Quatre Termes (2724m)Bigarren aldiz nintzen mendi honen gailurrean. Lehen aldia 2013an izan zen, duela 12 urte. Orduko hartan La Mongietik abiatuta hiru eguneko zeharkaldi polita egin genuen eta azken egunean Quatre Termes mendia igan genuen.
Neouvielle ingurua zuri-zuri ikusten zen tontorretik...
Iparraldean Midi de Bigorre...
Sobera luzatu gabe, eskietara itzuli eta jaisten hasi ginen. Elur heze eta pisua izan genuen jaitsiera osoan eta ahalik eta bira gutien egiten saiatu ginen.
Parajeaz gozatzeko tarteren bat hartuz...
12:03 : La Mongie (1740m)Autoaren ondoraino eskiatu ahal izan genuen behintzat, eta nahiz eta elur eskasa izan kontent akitu genuen eguna.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina