Orriak

2025/12/28

Puig de Coma d'Or (2826m)

EGUNA: 2025/12/28

ABIAPUNTUA: Coll de Pimorent / Puymorens (1915m)

ZAILTASUNA: S2

IRAUPENA: 
  • Coll de Pimorent - Serra de les Lloses : Ordu eta hiru laurden
  • Serra de les Lloses - Pla de Cortal Rasso : 20 minutu
  • Pla de Cortal Rasso - Puig de Coma d'Or : Bi ordu
  • Puig de Com d'Or - Coll de Pimorent : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik urrun daude Ax-les-Thermes inguruak. Bertara ailegatzeko egokiena Baionatik A64 autopista hartzea da eta bertatik segitzea Toulouseko norabidean, Foixeko irteeran atera arte. Foixetik Andorrarako norabidea hartuz ailegatuko gara Ax-les Thermes herrira. Hemendik Puigcerdarako bidea hartuko dugu eta tuneletik pasatu ordez, Pimorent leporaino iganen gara.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Neguko oporraldia baliatuz, hainbertze ezagutzen ez dugun Ariege ingurura hurbildu gara. Bertako egonaldiko lehen ateraldia Pimorent lepotik hasi dugu. Hain zuzen ere, Puig de Coma d'Or mendia bisitatu asmoz, ibilbide zirkularra burutu dugu. Inguruko eski malda ezagun eta aproposak lotuta itzuli ederra gelditu zaigu.

9:15 : Coll de Pimorent (1915m)
Lepoko aparkalekuan utzi genuen autoa eta errepidea gurutzatuta ekialderantz zuzendu ginen. Argazkian erdian ikusten den mendira eginen genuen lehendabiziko igoera.


Aitzineko egunetan elurra egina zuen, baina haizeak ere bere lanak eginak zituen, eta aldakor zegoen elurra bai kantitate, bai kalitate aldetik.


Pinuen artetik pasatu eta bizkar zabalagotik goiti egin genuen.


Igan ahala hegoaldetik lainoa sartu eta inguratu egin gintuen. Berez eguraldi ona iragarria zegoen, baina lainopean eginen genuen egunaren zati eder bat. Coma d'en Garcia eta Cortal Rosso bailararen arteko bizkar luzea den Serra de les Lloses gainez gain igan genuen punturik altueneraino.


10:58 : Serra de les Lloses (2618m)
Kaskoan lainopean eguneko lehen trantsizioa burutu eta jaisteko prestatu ginen. Lehen jaitsiera gailurtxo honen ipar-ekialdeko malda ederrak bilatuz eginen genuen Cortal Rossoko bailararaino.


Elurra ez genuen uste bezain ona izan jaitsiera honetan. Hasmentan erran bezala, haizeak lana egina zuen eta elurra nahiko aldakor zegoen.


11:39 : Pla de Cortal Rosso (2150m)
Kasik 500 metroko jaitsiera polita dago Serra de les Lloseseko gailur altuenetik Cortal Rosso bailarako zelaitxoraino.


Berriz ere fokak paratu eta bigarren igoerari ekin genion. Cortal Rosso errekaren eskuineko aldetik iganen ginen Coma d'Or mendiaren hego magalak bilatu arte. 


Bailara eztia da Cortal Rossokoa, baina elur geruza sakona zegoen eta lanak eman zizkigun arrastoa irekitzeak.


2400 metro inguruan ekialdeko norabidea utzi eta iparraldera biratuko ginen errekari segituz.


Malda pixka bat tenteagoak gainditu beharko genituen Coma d'Or mendira hurbiltzeko.


Altuera irabazi ahala, lainoa saretzen hasi zen.


Eta mendiaren gaineko zatian eguzkitara atera ahal izan ginen. Puntu honetan Pimorent lepotik kaskora igaten den bide arruntarekin elkartu eta bertatik eginen genituen azken metroak.


Gailurreko bi punta nagusien arteko lepotxora atera ginen eta Carlit mendia bistaratu genuen handik.


13:56 : Puig de Coma d'Or (2826m)
Ezkerretara malda tenteago bat igan eta sasigailurrean izanen ginen. Handik gandor zabala oinez zeharkatu eta kaskora ailegatu ginen.


Sasigailurrera bueltan taldeko argazkia egin eta jaisteko prestatu ginen.


Joan den urtean igandako Carlit ederra parean ikusten genuen.


Jaitsiera mendiaren bide arrunta denetik eginen genuen. Oro har, mendebaldeko isurialdea duten maldak dira, etzanak eta zabalak.


Lehen maldak eskiatuta gailurrera ikuspegi hau genuen. Ikusten den bezala maldak errazak dira eskiatzeko. Eta elurrak ere ona genuen.


Elur baldintzak ikusita Cap de Llosadaren mendebaldeko malda ederra Coma d'Or lakuraino jaitsi genuen. Gozatu ederra hartu genuen zati honetan!


14:32 : Estany de Coma d'Or (2484m)
Laku elurtuaren gainean berriz ere fokak paratu eta eguneko azken igoerarako prestatu ginen.


50 bat metroko igoera laburra genuen aitzinetik Coma d'en Garcia leporaino.


14:52 : Portella de Coma d'en Garcia (2514m)
Coma d'Or ingurua agurtu eta Coma d'en Garciako bailaratxoa eskiatzeko prestatu ginen.


Bailara luze eta etzana da oro har Coma d'en Garciakoa. Hasiberri batek mendi eskiak lehen aldiz paratzeko aproposa. Baditu malda politak tarteka, eta horietan elur goxoa harrapatu genuen. Gainerakoan ziztu bizian zeharkatu genituen tarte zelaiagoak.


15:22 : Coll de Pimorent / Puymorens (1915m)
Horraino eman zuen Ariege eta Katalunia arteko mendietan egindako lehen ateraldiak. Biharamunean gehiago...

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina