EGUNA: 2025/12/05
ABIAPUNTUA: Granges de Lurgues-erako errepidea (1310m)
ZAILTASUNA: S3
IRAUPENA:
- Igoera: Lau ordu eta erdi
- Jaitsiera: Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Baionan A64 autopista hartu eta bertatik joan behar da Saint-Lary-Soulango irteera hartu arte. Behin autopistatik aterata, Guchen herrira ailegatu beharko dugu. Herri honetatik goiti Aulon herrira iganen gara. Bidean elurrik ez dagoelarik, Aulondik goitiago autoz igatea ere posible da; Granges Lurgues izeneko bordetaraino, hain zuzen ere.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Batzuetan planak ez dira nahi dugun bezala ateratzen. Halako zerbait gertatu zitzaigun joan den abenduaren 6an. Bastan aterpean gaua pasatzeko asmoz abiatu ginen Granges de Lurgues ingurutik, biharamunean zirkularra eginez bertara itzultzeko. Aterpera ailegatzean, ordea, sorpresa ederra hartu eta bide beretik itzuli behar izan genuen.
9:40 : Granges de Lurgues-erako errepidea (1310m)
Etxoletara igaten den errepidea garbitua zegoen, baina zati batean elurra eta horma pixka bat zituen eta ezin izan ginen akabailaraino ailegatu. Hortaz motxila pisuak bizkarrean paratu eta errepidetik oinez ekin genion egunari.
Kasik hiru orduko igoeraren ondotik eguneko lehen lepoa ginen. Ertza zeharkatu eta Montarrouyes izeneko paraje zabalean barneratuko ginen.
Foka-larruak kendu gabe altuera pixka bat galduko genuen eta paraje honetan dauden eski pistak zeharkatuko genituen. Pichaley mendira igatea zen gure hasmentako plana, baina berandutuko zitzaigula pentsatu eta bide laburrago batetik joan ginen aterpera.
Han gibeleko lepotxotik heldu ginen, altuena denetik.
Eta pareko hartara gindoazen, pinuak dituenera. Bertatik zeharkatuko genuen parean genuen Graoules Blanques ertza.
13:31 : Crete des Graoules Blanques (2411m)
Pinuen arteko lepo honetatik Bastengo aterpera kokatua dagoen parajerako pasabidea dago.
Foka-larruak kendu eta 170 bat metroko jaitsiera eginen genuen malda politetik.
Paraje zoragarri honetan berriz ere fokak paratu eta aterperako metro apurrak eginen genituen.
Parean Bastan eta Portarras mendiak genituen...
Ezkerretara Bastango erdiko lakuak utzi eta fite izanen ginen aterpean.
14:19 : Refuge de Bastan (2255m)
Aterpe xarmangarri honetara goiz ailegatu ginen, arratsaldea bertan gustora pasatzeko asmoz. Sorpresa bat genuen esperoan ordea. Atea irekitzen hasi eta hetsia, eskaileretatik goiti igan eta bertze horrenbertze... Atean aterpera hetsia zegoela paratzen zuen oharra ageri zen. Sartzeko aukera bakarra kristal bat haustea zen, eta hori ere pentsatu genuen; baina azkenean oraindik astia genuela ikusita egindako bidetik itzultzea erabaki genuen. Txarrenera ere iluntzen bazuen Saint-Laryko pistetatik jaistiko ginen herrira eta han taxi bat hartu.
Hala berriz Graoules Blanqueseko malda igan, pistak zeharkatu eta Soumayeko ertzera atera ginen.
Abenturatxoari arratsaldeko argi politek beren kolorea eman zioten.
Soumayeko ertzean oraindik asti genuela ikusi eta autorantz jaitsiko ginela erabaki genuen.
Coussitirouko etxolaraino eskiatu ahal izan genuen, 1600 metro ingururaino.
Handik beheiti eskiak bizkarrera eta egunaren azken argiekin batera autora ailegatu ginen.
17:14 : Granges de Lurgues-erako errepidea (1320)
Sentsazio gozoarekin akitu genuen eguna hasmentako plana gainbehera erorita ere. Mendi egun ederra pasatu genuen, kasik inor ikusi gabe eta paraje berriak ezagutuz. Ea Bastango aterpea berriz ere irekitzen duten.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina