EGUNA: 2026/05/23
ABIAPUNTUA: Vallee de la Glere (1650m)
ZAILTASUNA: S3
IRAUPENA:
- Igoera: Lau ordu eta erdi
- Jaitsiera: Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Lourdes hiritik Gaveseko bailaran barneratuko gara Luz Saint Sauveur herri ezaguneraino. Hemendik Tourmalet mendateko errepidea hartuko dugu eta Bareges herria pasata, Tournaboupeko aprkalekura iritsi baino pixka bat lehenago, eskuinetara ateratzen den errepidetxo bat hartuko dugu Plateau de Lienz aldera. Lienzera ailegatzean, ostatu baten ondotik abiatzen den pista hartuko dugu. Pista honetatik Glereko bailaran barneratuko gara, 1676 metro inguruan autoa utzi arte. Berez bailararen sarreratik aitzin debekatua dago autoak sartzea eta pista ere egoera nahiko kaskarrean dago. Gu halere barneraino sartu ginen.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Neouvielle mendia eski denboraldi akabailako klasiko bat da. Auberteko urtegirako errepidea garbitzen dutelarik, esku-eskura gelditzen da gailur hau. Ez da hain klasikoa, ordea, bertara Glere bailaratik igaten den bidea. Klasikoa ez, baina zinez ederra bai. Maiatzean iganda Glereko bailaratik goiti tarte eder batean eskiak bizkarrean eraman beharra fite atzentzen da Glereko lakutik goiti harrapatuko dugun paisaia ederrean barneratzean.
5:05 : Vallee de la Glere (1650m)
Arras goiz jaiki ginen, gure asmoa iragarrita zegoen egun beroan elur ez hain txarretan eskiatzea baitzen. Bailaratik goiti pistak Glereko aterperaino segitzen du eta hau mozten duten bidexkak ere badaude. Bata eta bertzea tartekatuz iganen genuen lehen zatia, eskiak eta botak bizkarrean genituela.6:
Ordubeteko igoeraren ondotik, Glereko lakura ailegatu ginen. Ezkerretik inguratu eta Mounicot laku aldera segituko genuen elurrak parte horretan gehiago irauten baitu.
Glereko aterpea gibelean utziko genuen bertara ailegatu gabe. Handik pasatuz igateko aukera ere badago, baina bizkarrez bizkar igaten da bidea Mail laku aldera eta eskiak aise beranduago paratzen dira.
Laku harkaitz blokezko zati deserosotik inguratu eta ekialderantz eginez bertze maldatto bat igan beharko genuen eskiak paratu aitzin.
2200 metrora paratu genituen eskiak zangoetan eta bertatik kaskoraino Chausenqueko arrakala zeharkatzeko bakarrik kendu beharko genituen.
Igoera bidea hainbat lakuk osatzen duten bailara gisakotik eginen genuen, Moureleko gandorraren azpitik goizeko eguzkiaren itzaletan.
Mounicot eta Mourele lakuak gure ezkerretara utzita, Mail lakura atera ginen. Hau eskuinetara geldituko zitzaigun eta puntu honetan elkartzen da Glereko aterpetik bizkarrez bizkar igaten den bidearekin.
Mantso-mantso eguzki argitan ikusten den Neouviellek Espadeko ertzarekin osatzen duen zirku gisakoan sartzen hasi ginen.
Zirku honetan aterabiderik ez dagoela ematen du, baina orduan arteko maldarik tenteena iganda Chausenqueko arrakala irekiko zitzaigun ezkerretara. Hala ere, nahiko goiti igan arte ez da ikuten arrakala hau.
Ezkerretara Espadeko orratzak utzi genituen. Hauek eskalatzeko hainbat bide daude granitozko pareta eder horietan.
Erran bezala, zirkuan malda tente samar bat gaindituko genuen Chausenqueko arrakalara ailegatzeko. Gure kasuan gau epela izanda elurra guri zegoen eta kutxilarik paratu gabe pasatu genuen zati hau. Hala ere, normalean elur gogorra izaten duen ingurua da.
Malda tentea iganda, atsedengune batera atera ginen eta bertan ezkerretara eginda Chausenqueko arrakalara zuzendu ginen.
Azken metroak tentetu egiten dira Chausenquera ateratzeko.
8:07 : Breche de Chausenque (2790m)
Elurrik gabeko azken 50 metroak gaindituta, arrakala eder honetara atera ginen. Eguzkiak eman zigun ongi etorria Auberteko isurialdera pasatu ginelarik. Hiru ordu pasatuak genituen bertaraino ailegatzeko eta atseden ahtzeko tartetxo bat hartu genuen.
Ondotik, fokak kendu gabe bertze aldera metro batzuk galdu eta Aubertetik igaten den bide klasikoarekin elkartuta azken zati ezagunari ekinen genion.
Aubert, Aumar, Oredon eta Cap de Long lakuetara igaten den errepidea lanak zirela-eta hetsia zegoen, eta inor ez zen alde hartatik igaten ari. Gure aldetik ere ez, beraz bakar-bakarrik ginen inguru eder hartan.
Aitzineko egunetan egindako arrastotik antzinako glaziarra kokatua zegoen malda tentea igan eta kaskora hurbildu ginen.
Iparraldeko ertzetik hurbil egin genuen azken zatia...
Harkaitz baten azpian eskiak utzi eta azken metro tenteak oinez eginen genituen.
Malda elurtu motza gaindituta, iparraldeko ertzera atera eta granitozko bloke erraldoien artetik gailurrera ailegatuko ginen.
9:15 : Pic de Neouvielle (3091m)
Gailurrean bakar-bakarrik eta tenperatura bikaina lagun egonaldi luzea egin genuen.
Inguru horretatik igan ginen. Argazkian Glereko aterpea ikusten da ttipi-ttipi.
Cap de Long ingurua eta Ramougn mendia...
Gailurreko egonaldiaren ondotik eskietara itzuli eta goitiko malda eskiatzen hasi ginen. Elurraren kalitatea nahiko eskasa zen zati honetan, tenperatura arras beroa baitzen. 300 bat metro jaitsiak genituelarik, argazki kamera goitian utzia nuela ohartu eta berriz kaskorako joan-etorria egin behar izan nuen.
Arrakalatik beheiti elur baldintzak hobeak ziren eta tarte batzuetan gustura eskiatu genuen.
Paraje ederrean beheiti...
Chausenqueren azpiko maldak dira eskiatzeko aproposenak. Beheitiago maldak lakuen inguruko zati lauagoekin tartekatzen dira eta nahiko zuzen eskiatzen da zati hau.
2200 metroraino eskiatu ahal izan genuen.
12:15 : Lac de la Glere (2101m)
11:03 : Breche de Chausenque (2790m)
Bigarren jaitsiera egin eta Chausenqueren azpiko malda igan genuen Glere aldera itzultzeko.Hortik beheiti eskiak berriz bizkarrera eta igoerako bide beretik autora itzuliko ginen.
13:17 : Vallee de la Glere (1650m)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina