EGUNA: 2026/06/19-21
ABIAPUNTUA: Plaa d'Aste - Maison du Parc National des Pyrenees (1470m)
ZAILTASUNA:
- Palas - Hego-ekialdeko ertza (300m, IV)
![]() |
| Smithyrenbloga blogetik hartutako krokisa |
- Pointe Stefan - Excelsa Veille Sur Toi (305m, V+)
![]() |
| Luichyren krokisa |
IRAUPENA:
- Plaa d'Aste - Refuge de Larribet : Bi ordu
- Refuge de Larribet - Port de Lavedan : Bi ordu eta erdi
- Palasen hego-ekialdeko ertza : Hiru ordu eta erdi
- Palas - Refuge de Larribet (Ledormeur tximiniatik) : Bi ordu eta erdi
- Refuge de Larribet - Excelsa Veille Sur Toi bidearen hasmenta : 45 minutu
- Excelsa Veille Sur Toi eskalatzea : Lau ordu eta erdi
- Pointe Stefan - Refuge de Larribet : Ordu eta erdi
- Refuge de Larribet - Plaa d'Aste : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Baionatik A64 autopistaz Tarbesera ailegatuko gara eta hemendik Lourdesera. Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles-Gazost herrira ailegatuko gara. Hemen Aubisque mendate ezagunera igotzen den bidea hartuta Val d'Azunen barneratuko gara. Arrens herrira ailegatzean Tech lakura zuzenduko gaituen errepidetxoa hartu behar da. lakua gibelean utzi eta errepidea akitu arte segituko dugu eta bertan utzi autoa.
KRONIKA:
Larribeteko aterpeari mendi usaina dario. Bertze aterpe batzuk turistaz gero eta gehiago betetzen ari diren bitartean, Larribet inguruan piriniozaletasuna arnasten da. Inguruan Palas eta Bailatus mendi ederrak ditu, eta haietara igateko bide arrunt zein ertz zorrotzak ezagutzeko oinarrizko kanpaleku paregabea da. Hori guti balitz bezala, eskalatzeko bide moderno aunitz ditu inguruan, gehienak Artouste mendiaren hego-paretan. Sokak bizkarrean hartu eta bertan pasatu berri dugun asteburu ederraren kronika duzue honakoa.
2026/06/19
Powered by Wikiloc
16:54 : Plaa d'Aste - Maison du Parc National des Pyrenees (1470m)
Eguerdi sargorian abiatu ginen etxetik, eta Lore eta Txominekin hitzordua Hazparnen paratuta Arrens aldera egin genuen. Aparkalekura ailegatu, gauzak prestatu eta goiti abiatu ginen.
Laku eskuinetara utzi eta bide nagusitik segituko genuen.
Ederra da zinez laku ingurua eta egun pasa bisitatzera igaten den mendizale aunitz hartzen ditu. Autotik arras hurbil egoteak ere laguntzen du horretan.
Lakuaren goitiko mugan bidegurutze batera ailegatuko ginen. Peyre-Saint-Martin lepora igaten den bide luzea utzi eta eskuinetara biratuko ginen.
Metro lau batzuk eginda Doumblaseko etxolaren ondotik pasatu eta igoerarik tenteenari ekinen genion.
Bi zatitan bereizten da Doumblasetik aterperaino igoera. Lehen zatian izei artetik egiten da gehienbat, bidexenda malkartsuan goiti.
...Eta zati horren ondotik Larribeteko bailaran sartu eta zati lauago bat dago.
Puntu honetatik inguruko menditzarrak ikusten hasiko ginen jadanik. Argazkian ikusten den puntatxoa Cadier mendia da.
Bailaratxo zelaitik aterpea ere ikusten da, baina dezente gelditzen da bertatik goiti ailegatzeko.
Errekaren bazterreko bide politetik metro batzuk egin...
...eta igoeraren azken zatiari ekinen genion, jadanik Balaitus ederraren begiradapean.
Argazkiko harkaitz horien artetik pasatu eta aterpea metro gutira izanen genuen.
Azken metroak asteburuko oinarrizko kanpalekua izanen zenera ailegatzeko.
18:48 : Refuge de Larribet (2071m)
Gure zorionerako sei lagun bertzerik ez ginen egonen ortziraletik larunbaterako gauean. Sarreran aipatu dudan bezala, mendi usaina dario aterpeari eta zerbitzu arras atsegina eman ziguten egon ginen bi arratsetan.
Afalordura larri ailegatu ginen, baina aitzinetik garagardo bana hartzeko astia izan genuen. Afaria giro onean eta lotara, biharamunean egun luzea baikenuen esperoan.
2026/06/20
Powered by Wikiloc
7:01 : Refuge de Larribet (2071m)
Goiz hasi genuen bigarren eguna. Seietan gosaldu eta zazpietarako martxan ginen.
Aterpearen gibeleko aldetik igaten den bidetik Garenereko arrakala aldera iganez hasiko ginen.
Garenereko arrakala zeharkatuta, Batcrabereko lakuak dauden bailaratxora pasatuko ginen.
Inguru honetan bidez nahasi eta Batcrabereko beheitiko lakuaren bazterrera jaisten den bidea hartuko genuen. Berez bide nagusia goitixeagotik igaten da.
Lakuen bazterrean, ipar isurialdea duten magaletan elurra zapaltzen hasi ginen tarteka. Zorionez guri zegoen eta aise zeharkatu genituen lehen elur-lausoak.
Azpiko lakua utzi eta bailaran goiti egin genuen...
...gaineko lakura ailegatzeko. Parean genuen Palas mendia eta haren ezkerretara eskalatuko genuen ertz ederra.
Batcrabereko gaineko lakua ere eskuinetara utzi genuen bidexenda nabarmenetik goiti eginez.
Bidexenda nagusia Balaitusera doan bide arrunta da. Baraneko pasabidea zeharkatu eta Gran Diagonal aldera jotzen du.
Argazkian parean ikusten den lepoa da Baranekoa. Gu, ordea, haraino ailegatu gabe eskuinetara biratuko ginen HRP Pirinioetako Goi Bidearen markak segitzeko.
Gure ezkerretara Balaitus eta haren ipar-mendebaldeko ertz ezaguna utzi genituen. Egun osoan ikusgai izanen genituen.
Elurra metroak irabazi ahala gero eta ugariagoa zen, lauso soiletatik malda osoak estaltzeraino.
Erran bezala Balaituserako bidexenda mendebalderantz egiten utzi, eta gu iparraldera biratu ginen HRP bidearen marka zuri-gorriak segituz.
Lehen malda hego orientaziokoa izanik elurrik gabe harrapatu genuen, baina fite hasi zen berriz elurra agertzen.
Argazkian ikusten den Lavedaneko lepora ailegatzeko kranpoiak paratu behar izan genituen.
Gu ez ginen Lavedaneko leporaino ailegatuko. Haren azpian, Batcrabereko isurialdea utzi gabe kranpoiak kentzeko gelditu, eta bidenabar arnesak eta gainerako materiala paratu genituen. Segidan ezkerretara Lavedaneko lepoa utzi eta parean ikusten den lepora zuzenduko ginen. Lepo horretatik haren eskuinetan ikusten den ertzaren irtengunea inguratu eta kanal batetik igaten hasiko ginen.
Lavedaneko lepoa gibelean utzi genuen. Argazkian eskuinetara atzematen dena da. Bueltan bai pasatuko ginela bertatik.
Eta hala aipatutako kanalaren azpira alegatu ginen. Arrieleko lakuen isurialdera ematen duen kanala da, ez sobera markatua. Haren azpian sokak paratu eta eskalatzen hasi ginen. Lehen zati osoa luzerik egin gabe eskalatuko genuen, elkarri lotuta eta tarteka harkaitzean friend eta zinta batzuk paratuta aseguratuz.
III. gradua duen tximinia eskalatu eta ertzera atera ginen. Ertza zati honetan nahiko etzana da, irtengune tenteagoak tartekatuz. Elkarren artean 25 metro soka genituela egin genuen aitzinera.
Bi dira ertzaren zati honetan dauden irtengune nagusiak, eta biak III/III+ graduan ibiliko dira, Haietako lehena da hau, arrakala batean trabatutako friend bat duen pare bat metroko paretatxoa.
Gu lauroz gain, Iruñeko bertze sokada batek egin zuen ertza egun horretan. Argazki honetan haien aitzinean ikusten da ertzaren hasmentako zati honetako bigarren irtengunea. Kasu honetan 4-5 metroko diedro itxurakoa da.
Erran gabe doa, ertzean eskalatzen ari ginen bitartean gure inguruan paisaia zoragarria genuela, eta denen artean nagusi Balaitus handia.
Ertzaren lehen zatia gaindituta, oinez egiteko tarte bat dago, eta bertatik ailegatuko ginen bigarren zati bertikalera.
Oinezko zatiak Arrrieleko isurialdera ematen duen tximinia baten azpian utziko gintuen. II/III. graduen artean ibiliko den tximinia ere zailtasun handirik gabe iganen genuen.
Tximiniatik berriz ere ertzera aterako ginen. Hain zuzen ere, zatirik bertikalenaren azpiko aldean dagoen plataforma batera atera ginen.
Hortik aitzin zatirik teknikoena luzeka eskalatzen segitzea erabaki genuen. Guk 50 metroko sokaka erditik plegatuta segituko genuen, beraz 25 metroko luzeak eginen genituen. Nire ustez nahikoa da, justu 25 metro inguruko tarteetan bilguneak muntatzeko moduko ertlaitz zabal eta erosoak baitaude.
- 1. luzea (25m, III+) : Plataformatik goiti plaka eskuinetik ezkerrera zatitzen duen arrail batetik hasiko ginen eskalatzen. Lehen arrail zatia eskalatuta argazkian ikusten den sabai laranjaren azpian dagoen erlaitz zabalera eginen genuen, eta bertatik berriz ezkerretara bi iltzez aseguratutako diedro bat gainditu genuen. Luzea eskalatzailearen parean ikusten den lepotxo gisakoan akituko genuen, eskuinetara egiten duen tximinia batean azpian.
- 2. luzea (25m, III-) : Eskuinetara tximinia erraz bat (III-) eskalatu eta erlaitz batera aterako ginen. Erlaitzetik bertze pausu bat eginda ertzera itzuli ginen eskuinetara eginez.
- 3. luzea (25m, IV-) : Segidan ertzeko luzerik zailenari ekinen genion, zaila izan gabe. Bilkuratik goiti hainbat arrail dituen plaka eskalatzen hasi ginen. Zati bat eskalatuta eskuinetara erlaitz batera atera eta bertatik helduleku onak zituzten harkaitz bloke tenteak eskalatuta terraza zabal batera atera ginen. Niri zati hau krokisean ageri den III. gradua baino zailagoa iruditu zitzaidan.
- 4. luzea (25m, III+) : Eginen genuen azken luzearen koxka argazkian ikusten den diedrotxoa eskalatzea da. Bertaraino zailtasunik gabe ailegatuko ginen, baina bertatik ateratzeko pixka bat estutu beharko genuen. Gidetan eta III+ ematen diote diedro honi, baina guk egin genuen moduan zerbait gehiago izanen da. Hala ere, beharbada diedroaren sakonera sartu baino lehen ezkerretara ateratzea izanen da trukoa.
Ertza hiru bat ordutan eskalatuta kaskoan ginen azkenean. Niretako bigarren aldia zen gailur polit honetan. Lehen duela 10 urte izan zen Arete des Geodesiens deitzen den ertzetik.
Gailurretik inguruko mendietara ikuspegi ederra dago. Argazkian Arriel mendia eta Arremouliteko laku eta aterpe berria...
Balaitus eta Frondella mendiak... Frondella mendien ipar-mendebaldeko malda ederrean elur aunitz ikusten zen oraindik...
Iparralderago, aldiz, Artousteko lakua bere trenarekin eta Lurien mendia.
Ertza eskalatu genuen seioz gain, ez zegoen inor gehiago kaskoan eta lasai egon ginen inguruaz gozatzen. Ondotik jaitsierari ekin genion. Ledormeur tximiniatik eginen genuen jaitsiera gero Lavendago lepoa barrena aterpe aldera itzultzeko. Horretarako mendebalderantz jaisten den kanal zabalean beheiti abiatu ginen.
Oinez jaisten den kanala da, baina harri solte aunitz du eta kasu eman behar da azpian edo gainean jendea baldin badugu.
Kanalean beheiti metro batzuk eginda, bidexka nabarmenetik ezproi gisako bat zeharkatu eta mendiaren hego aurpegira pasatuko ginen.
Bertatik Ledormeur tximiniaren sarrera bilatu arte jaitsi ginen. Mugarri aunitz daude bidea erakusteko eta galbide handirik ez du bideak. Behin tximinian sartuta, garrantzitsua da hau bitan zatitzen delarik beti ezkerreko aldetik segitzea. Argazkian ikusten da zatiketa horietako lehendabizikoa eta harkaitz batean X bat markatua bertatik ez dela adierazteko.
Bifurkazioaren ondotik tximinia tentetu eta estutu egiten da. Azken zati honen sarreran parabolt bat dago rapel bat egiteko nahi izanez gero. Guk poliki-poliki sokarik gabe jaistea erabaki genuen.
Behin tximinia jaitsita, itxura hau du azpitik ikusita. Lore eta Txomin ageri dira jaisten.
Tximiniatik beheiti mugarriei segituz terraza gisako batzuetatik jaisten segitu genuen elurretara ailegatu arte.
Behin elurretara ailegatuta, kranpoiak paratu eta ezkerretara zeharkaldi bat eginen genuen Lavedaneko lepoaren azpiko alderaino. Argazki hau zeharkaldiaren akabailatik aterata dago eta Palas eta zeharkatu berri genuen elur malda osoa ikusten dira.
Lepora ailegatzeko harkaitz blokezko kanal hau igatea bertzerik ez zitzaigun falta. Zatirik bertikalena igateko harkaitzean sartutako grapa batzuk daude.
14:28 : Port de Lavedan (2615m)
Lepoaren bertze aldera pasatuta, aterperaino igoerako bidetik jaistea bertzerik ez zitzaigun gelditzen.
Arrieleko isurialdea agurtu...
...eta kranpoiak paratuta igoerako malda elurtua jaitsi genuen hegoalderantz eginez.
Berriz ere Batcrabereko lakuetara itzultzeko...
Inguru eder hau agurtuz biharamunera arte....
Garenereko arrakala zehakatu...
16:29 : Refuge de Larribet (2071m)
...eta bederatzi ordu eta erdi geroago berriz ere aterpearen babesean ginen. Arratsaldearen zati bat genuen oraindik aitzinetik egindako jarduera ederra garagardo batzuen aitzinean komentatu eta atseden hartzeko...
2026/06/21
Powered by Wikiloc
6:20 : Refuge de Larribet (2071m)
Igandea, baina ez horregatik atseden eguna. Bezperan baino ordu erdi fiteago jaiki ginen, gosaldu eta argia hastean martxan izateko. Eguneko plana eskalatzea zen. Lorek eta Txominek Artouste mendiaren azpian Triangle d'Or sektorean Renforts Estivaux bidea eskalatuko zuten eta guk Excelsa Veille Sur Toi.
Aterpe azpiko zelaitxo polita agurtu...
...eta bezperan bezala Garenereko arrakalara iganen ginen.
Arrakala inguruan elkar agurtu eta guk bezperako bidea hartu genuen Batcrabereko azpiko lakura jaisteko. Bertara jaitsi baino lehen komeni da eskalada bidea bilatzea parean dugun paretan. Lehen luzeko diedro zabal eta etzana aise ikusten da.
Lakutik goiti bidearen hasmenta erreferntzia gisa hartuta iganen ginen.
Horixe da hain zuzen ere lehen luzea. Diedro itxura plaka etzana da.
Azken bilgunetik goiti ertzetik eskalatzen segitu behar da III. gradu inguruko pasabideak gaindituz. Guk soka elkarri lotuta, baina luzerik egin gabe segitzea erabaki genuen.
Behin kanal tentean sartuta, goitiraino iganen genuen Batbielhko isurialdera pasatzeko lepoaren bila. Kanal honetan beheiti zuzenean Batcrabereko lakuetara jaisteko aukera dagoela iruditu zitzaigun beheitirakoan inguru horretara begira aritu ginelarik.
12:49 : Izenik gabeko lepoa (2559m)
Bidearen azpira zalantzekin ailegatu ginen, haize bolada gogorrak baitzebiltzan tarteka. Hala ere, eskalatzen hastea erabaki genuen eta ezin bagenuen 3. luzearen ondoko terrazan bidea uzteko aukera genuen. Hona hemen bidearen luzeak:
- 1. luzea (45m, 5b) : Diedroaren ezkerreko aurpegitik eskalatzen da. Plaka handi bat da, nahiko fina hasmentan eta helduleku hobeka dituena goiti egin ahala. Parabolten artean zati handi samarrak daude bide osoan, baina zatirik zailenak ongi ekipatuak daude.
- 2. luzea (25m, 5b) : Bilkuratik atera eta zati bertikal bat eskaltu behar da. Ondotik eskuinetara erlaitz batetik zeharkaldi erraza egiten da ondoko bilkuraraino.
- 3. luzea (45m, 5c) : Plaka eder bat eskalatzen da makurtua dagoen irtengune baten azpiraino-Makurtutako zati hau da luzeari zailtasuna ematen diona, baina eskuendako helduleku nahiko onak ditu. Hortik goiti pixka batean gehiago zuzen eskalatu eta eskuinetan dagoen diedro batetik akituko dugu luzea.
- 4. luzea (30m, 4c) : Terrazatik goiti helduleku oneko pareta bat eskalatzen da. Ezkerretara kanal bat zeharkatu eta bertze pareta tente batetik bilgunera ailegatzen da.
- 5. luzea (30m, 5c) : Bideko luzerik luzeena borzgarrena da. Bilgunetik ezkerretara egin eta plaka bat ezproi gisako batetik gainditzen da. Ondotik pareta bertikal bat eta eskuinetara erlaitz ttipi batean dagoen bilgunera ailegatzen da.
- 6. luzea (25m, 5c) : Bilgunetik pixka bat eskuin egin eta goitian dagoen plaka bat eskalatu behar da. Ondotik erlaitz bat zeharkatuta irtengune bertikal bat gainditzen da bilgunera ailegatzeko. Bilgune hau da bideko deserosoena.
- 7. luzea (40m, 4b) : Zazpigarren luzetik aitzin ppareta etzan egiten da eta luzeak errazagoak dira. Kasu honetan arrakaletatik eskalatzen da. Tarte batzuetan iltzeak ez dira ikusten eta komeni da friendak eramatea.
- 8. luzea (45m , 4c): Bilgunetik diedro bat eskalatuz hasten da. Zati bat igana dugularik eskuinetara atera behar da paretatxo bertikal batetik. Niri gradua baino zailxeagoa iruditu zitzaidan. Eskuinetarako pareta gaindituta goitian bilgunea hurbil ikusten da.
- 9. luzea (20m, 4b) : Bidetik ateratzeko luze motza da. Plaka arraildu bat igan behar da.
Harkaitzezko ertzaren zatia 50 bat metro eskalatuta akitzen da. Puntu horretan ertzaren ondoan belarra agertzen hasten da eta bidea uzteko aukera ikusi genuen. Hala, ertza goitiraino eskalatzeko gogorik ez genuenez sokak bildu eta terrazatxoetatik eskuinetara egin genuen kanal zabal baten bila.
Lepora ailegatuta, oraindik aldean generaman material guzia bildu eta jaitsierarako prestatu ginen.
Segidan iparraldera lepoa zeharkatu eta malda elurtuetatik beheiti egin genuen tarteka ikusten genituen mugarriei segituz.
Pixka bat eskuinetara bideratuko gintuzten mugarriek Lieko lepotik jaisten den HRP bidearekin elkartu arte. Bide honek Artousteko lakua eta Larribeteko aterpea lotzen ditu.
Behin HRP bidea hartuta, galbiderik gabe ekialderantz eginen genuen bertatik. Aipatu guk malda aunitz oraindik elurtuak harrapatu genituela, baina guri zegoen elurra eta kranpoiak paratu gabe jaitsi ahal izan ginen.
Argazkiko lakuttoaren ondotik pasatu...
...eta pixka bat aitzinerago bideak erreka nagusia utzi eta eskuin egiten du.
Balaitus mendia aitzinean genuen...
...baita eskalatu berri genituen paretak ere. Argazkian ezkerrean ikusten direnak dira.
Ttipi-ttapa beheiti...
Laster Batcrabereko lakuak ikusten hasiko ginen berriz. Haietara jaitsi eta aterpera ailegatzeko Garenereko arrakalara eramanen gintuen maldattoa gainditzea bertzerik ez zitzaigun gelditzen.
Paraje ederra!
Lakuetatik goiti Garenerera igateko malda gainditzen...
Inguru honetatik eskalatu genuen bide osoa parez pare ikusten genuen.
Artousteko hego paretetan bada zer eskalatua oraindik ere!
14:09 : Refuge de Larribet (2071m)
Berriz aterpera bueltan, Txomin eta Lorerekin elkartu, eta arraultza frijitu eta xingar plater eder banarekin berritu genituen indar gastatuak.
Ordu eta erdiko egonaldi goxoaren ondotik, leku hura agurtu eta autora itzultzeko momentua ailegatua zen.
Igoeran ibilitako bide beretik eginen genuen jaitsiera.
Paraje eder hauetatik, baina arratsalde sargorian...
Doumblaseko etxola bisitatzeko geldialdia egin genuen jaitsieran. Halakoetan aunitzetan gertatzen den bezala, atea irekia utzia zuten bertan ibili ziren azkenek. Pena da horrelako aterpeak ez zaintzea eta ikusten da mendia gero eta jende axolagabeagoa ibiltzen dela. Gizartearen islada!
Suyen lakuaren ondotik pasatu eta fite izanen ginen aparkalekuan.
16:57 : Plaa d'Aste - Maison du Parc National des Pyrenees (1470m)









iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina