Orriak

2026/07/09

Cauteretseko lau bailaren zeharkaldia

EGUNA: 2026/07/01-02

ABIAPUNTUA: Cauterets (902m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK (oinez):
  • Cauterets - Refuge d'Estom : Hiru ordu
  • Refuge d'Estom - Col d'Arraille : Bi ordu eta erdi
  • Col d'Arraille - Refuge des Oulettes de Gaube : Ordu eta erdi
  • Refuge des Oulletes de Gaube - Col des Mulets : Ordu bat
  • Col des Mulets - Col d'Arratille : Ordu erdi
  • Col d'Arratille - Refuge de Wallon : Ordu eta erdi
  • Refuge Wallon - Col de Haugade : Hiru ordu
  • Col de Haugade - Refuge d'Ilheou : 45 minutu
  • Refuge d'Ilheou - Cauterets : Bi ordu eta erdi
NOLA AILEGATU: 
Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles-Gazost herrira ailegatuko gara. Bertan Cauterets aldera bideratuko gaituzten seinaleei kasu eginen diegu. Pierrefite-Nestalas herritik goiti ailegatuko gara Cauteretsera. Herritik beretik abiatuko dugu ibilaldi hau.

KRONIKA:
Cauterets herria goi-menditik jaisten diren lau bailara nagusiren urek elikatzen dute. Lutor, Gaube, Marcadau eta Ilheou dira bailara hauek. Ibilaldi-lasterkaldi honetan bailara hauek zeharkatu ditut herritik beretik aterata. Pirinioetan egiten ahal den ibilaldi ederrenetarikoa izanen da, eta egun batean baino gehiagotan egiteko aukera dago bailara bakoitzean dauden aterpeak lo-leku gisa erabilita.

2026/07/01
15:10 : Cauterets (902m)
Herriko antzinako tren geltokiaren ondoan aparkatu, etxetik eramandako bazkaria jan eta kafe baten ondotik martxan paratu nintzen.


Herriaren goitiko partera pixka bat igan eta udaletxeko plazan GR10-aren markak harrapatu nituen. Horiei segituz honako seinalera ailegatu nintzen. Nik Gaube aldera doan GR-a segituko nuen.


Hainbat z eginez bidexka batek herritik goiti aterako ninduen. Ondotik hegoalderantz zeharkaldi luzea egiten hasiko nintzen, betiere basopeko freskuraz lagunduta.


La Raillereko aparkalekua beheitian utziko nuen nire eskuinetara. Handik lasterrera GRak bertara jotzen du gero Gaube bailara aldera egiteko. Puntu horretan GRa utzi eta hegoalderantz segituko nuen Estomeko aterpea iragartzen duten seinaleei kasu eginez.


Pago eta izei arteko bidexka polt eta etzanetik ibiltzen segituko nuen ordura arte bezala.


Harik eta bat-batean oihanpetik atera eta Lutorreko bailaran sartzen hasi nintzen arte...


Frutiereko aparkalekua eskuinetara utzi eta Lutor bailara ederra beheititik goiti zeharkatzen duen bide zabal eta etzanari segituko nion aterperaino. Galbiderik ez du bide honek.


Arratsalde hasmentako hodeiak saretzen hasi eta bailara hesten duen Labas mendia agertzen hasi zen ordurako.


Izei arteko malda bat igan eta aterpea ikusi nuen lehen aldiz. Lehen eguneko ibilaldia akitua zen kasik!


17:12 : Refuge d'Estom (1804m)
Bi ordu eskasean ailegatu nintzen aterpera. Zati batzuk lasterka egin nituen bistan denez. Erreserba baieztatu eta aterpearen ondoan dagoen izen bereko laku ertzean garagardo bat edan nuen afaltzeko ordura arte.


Aterpe xumea da Estomekoa. 30 bat lagunendako lekua du, eta argazkian ikusten den bezala logelak ttipiak dira eta koltxoiak lurrean daude.

Frantsesa praktikatuz afaria eta tripa beteta lotarako bidea hartu nuen.


2026/07/02
6:58 : Refuge d'Estom (1804m)
Sei eta erdietarako hartua nuen gosaria eta ondotik lehena izan nintzen aterpea uzten. Lainopean zegoen oraindik ordu horretan, baina egun bikaina iragarria zegoen.


Aterpearen ondoko seinaleari kasu eginez, Arrailleko leporako bidea hartu nuen. Lainopetik inguruko mendiak agertzen hasi ziren pixka bat igan orduko.


Estomeko lakua, aldiz, oraindik lainopean zegoen.


Erritmo onean egin nuen eguneko lehen igoera eta laster bistaratu nuen Arrailleko lepoa.


Bidegurutze honetan Gentianeko leporako eta Estom Soubiran lakuetarako bidea ezkerretara utzi eta igoeraren azken zatiari ekin nion.


Elur pixka bat ageri zen azken zati horretan, baina bidea elurraren eskuinetara dagoen zati harritsutik doa eta ez nuen arazorik izanen. Azken zati horretan, hori bai, harkaitzak arras ezegonkor zeuden zati batean eta urrats bakoitzean mugitzen ziren. Min hartzeko aukera handia dago zati horretan.


8:07 : Col d'Arraille (2583m)
Ordubete pasatxo eman nuen eguneko lehen igoera egiteko. Lepoaren bertze aldean Vignemale handiak eman zidan ongi etorria.


Lepoan geldialdi teknikoa egin...


...eta bertze aldera jaisten hasi nintzen. Hasmentako bidexka estua fite elkartzen da Oulettes de Gaube aterpetik Hourquette d'Ossoue lepora igaten den bidearekin.


8:42 : Refuge des Oulettes de Gaube (2151m)
"Autopistatik" lasterka minutu gutitan ailegatuko nintzen aterpera. Lanak zirela eta, hetsia harrapatu nuen. Atarian ura hartu eta aitzinera segituko nuen.


Segitu aitzin, Piirnioetako panorama ederrenetarikoa den honi begiratu bat eman beharko nion nahitanahiez.


Aterpearen azpiko aldean zubi batetik erreka zeharkatu eta Ouletteseko zelai zabaletik metro batzuk eginen nituen argazkiaren eskuinetara ikusten den Muletseko lepora igaten den bidearen bila.


Hortik goiti altuera fite hartzen da eta Ouletteseko zelaia segidan uzten da beheitian. Gibelera begiratuz gurutzatu nuen lehen lepoa parez pare ikusten nuen.


Bigarren lepo honetara ailegatzeko elur-lauso batzuk zeharkatu beharko nituen, baina makilen laguntzaz zailtasun handirik gabe eginen nuen.


Azken begiratua uzten ari nintzen Gaubeko bailarara...


9:26 : Col des Mulets / Puerto de los Mulos (2591m)
...eta aitzineko aldean Arako bailara berdea agertu zitzaidan. Zeharkaldi punturik altuenera ailegatu nintzen horrela. Cauteretseko hirugarren bailarara pasatzeko Arako bailaratik metro batzuk egin beharko nituen eta argazkian eskuinetara ikusten den zeharkaldia eginda Arratilleko lepora ailegatuko nintzen. 


Arako bailararen burutik Vignemale erraldoiak bertze aurpegi bat erakusten du. 2021ean ,endi honen itzulia egin genuelarik bailara honetan alimaleko ekaitzak harrapatu gintuen. Oraingoan zorionez ez zegoen halakoen beldurrik.


9:47 : Col d'Arratille (2528m)
20 bat minutu pasatu nituen Arako bailararen goitiko aldea inguratzen. Lepo honetatik Ara utzi eta Cauteretseko hirugarren bailaran sartuko nintzen: Marcadau bailaran.


Lepoa gurutzatu bezala Col d'Arratilleko lakuak eman zidan ongi etorria. Nire ezkerretara utziko nuen lakua...


...eta bailararen goitiko zati gorrixkatik zelai berdeagoetara jaisten hasiko nintzen.


Marcadau bailararen adarra den Arratilleko bailara polta osorik jaitsi beharko nuen Wallongo aterpe handira ailegatzeko.


Arratilleko lakurantz jaitsi...


...eta hura eskuinetara utzita beheiti eginen nuen. Larre berdeek izeiz eta harkaitzez zipriztindutako larreei utziko zieten lekua.


Hala Marcadauko bailararen sakoneraino ailegatu nintzen. Wallon metro gutira nuen...


Pont d'Espagnetik Wallonera doan bidera atera eta metro batzuk iganda aterpean izanen nintzen.


10:47 : Refuge Wallon-Marcadau (1865m)
Aterpe honetan eguneko geldialdirik luzeena eginen nuen. Kafe bat hartu eta terrazan inguruari begira tarte batez egonen nintzen.


Inguru ederrean dago aterpea, nahiz eta eraikina nahiko itsusia izan. Argazkian Marcadau eta Falisse mendiak ikusten dira.


Atsedenaldiaren ondotik, aterpea utzi eta haren gibeletik iparralderantz igaten den bidexka hartuko nuen. Pinu artetik altuera hartzen du bidexka honek.


Bidegurutze honetan Cambaleseko lakuetara doan bidea ezkerretara utzi eta nik eskuinetara segituko nuen. Parean ikusten den Tuc de Bassia mendittoaren eskuinetik igaten da bidea.


Belardi berdeetan goiti...


Gibelean zein aitzinean paraje ederrak nituela...


Bidexkak galbiderik gabe Nere eta Pourteteko lakuetara eramanen ninduen.


Lehendik Nereko lakura ailegatu nintzen.


Ezkerretara utziko nuen...


...eta inguratuta bertze malda bat igan beharko nuen ondoko lakuraino.


12:02 : Lac du Pourtet (2422m)
Aterpetik kasik 600 metroko igoera eginda laku eder honetan nintzen. Inguratu eta eskuinetara jaisten hasiko nintzen Ilheou aterperantz joaten den bidea hartu arte.


Argazkiko bailara honetatik hasiko nintzen jaisten, hain zuzen ere. Lakutto horien ondotik pasatu...


...eta argazki honetan ikusten diren Embarrat izeneko lakuetara ailegatu aitzin ezkerretaa bidexka estuago bat hartuko nuen.


Bidexka horren hasmenta seinale honek markatzen du. 2220 metro inguruan dago, Pourteteko lakuan jaisten hasi nintzenetik 200 metro beheitiago.


Bidexka horretatik Embarrateko lakuen gainetik zeharkaldi bat egiten hasiko nintzen...


Castet Abarca izeneko orratzen azpitik pasatu...


...eta argazki honetan ikusten den Haugadeko leporantz zuzenduko nintzen zeharkaldi luzea eginez. 100 metro pasatxo bertzerik ez nituen igan beharko, baina zati hau gogorra egiten hasi zitzaidan eguneko nekea zela eta.


12:45 : Col de Haugade
Horrenbertzez, eguneko azken lepoan nintzen.


Marcadau bailararen isurialdea agurtu...


...eta metro batzuk jaitsita, argazkiko lepotxo horretan ezkerretara hartuko nuen Ilheouko bailaran sartzeko. 1400 metro galdu beharko nituen Cauteretseraino.


Ilheouko isurialdean sartzen...


Izen bereko lakua bistan nuela. Bertaraino jaitsiko nintzen...


13:08 : Lac d'Ilheou (1975m)
Eta behin lakuan GR10 bidearen markak harrapatuko nituen. Nire ibilbidea hasi bezala akituko zen: marka horiei segituz Cauterets herriraino.


Cambasque aldera jaitsiko nintzen Ilheouko lakutik beheiti. Tarteka pistatik, baina gehienean bidexendaz doa GR10 bidea.


Cambasqueko aparkalekua errekaren bertze aldean gelditzen da.


Eta GRa baso artean sartzen da herriraino jaisteko. Errepide zatiren bat kenduta, baso tarteko bidexenda erosotik jaitsiko nintzen azken zatian.

14:14 : Cauterets (902m)
Herriaren goitiko lau bailarak ederrak zeharkatuta, kontent akitu nuen ibilaldia. Paraje ederretatik zapatilen gainean bidaiatzeak beteta utzi ninduen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina