Orriak

2026/07/24

Pic de l'Etendard (3464m)

EGUNA: 2026/07/24

ABIAPUNTUA: Col de la Croix de Fer (2065m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

IRAUPENA:
  • Igoera: Sei ordu
  • Jaitsiera: Lau ordu
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Lagunekin Alpeetan bizikletaz egindako ibilbideetan atentzioa deitu zidaten mendi honek eta bere glaziarrak. Haiek joatean ni inguruan gelditzen nintzela baliatuz, mendia zein zen bilatu eta igateko aukerak aztertzen hasi nintzen. Bakarrik nengoen eta berez glaziarretan hobe da gutienez bi lagun ibiltzea arrakalen arriskuagatik. Hala ere, igoera nahiko segurua zela irakurri eta igatea erabaki nuen.

4:23 : Col de la Croix de Fer (2065m)
Alpeetako mendate ezagun honetatiz pista bat ateratzen da hegoalderantz eta aparkaleku batera ailegatzen da 200-300 metroren buruan. Bertan pasatu nuen gaua eta goizean goizik jaikita hasi nintzen ibiltzen. Aparkaleku horretatik ibilgailuendako debekatua dagoen pista bat Etendard aterpera igaten hasten da. Handik iganen nintzen aterpe aldera, pista bidexketatik laburtuz hainbat momentutan.


Bakardadean egindako igoera zatiaren ondotik, lehen argiak Lac Bramant lakura ailegatzean hasi ziren. Puntu honetan pistak metro batzuk galtzen ditu aterpera ailegatzeko. Bertara jaitsi aitzinetik lakua ekialdetik inguratzen duen bidexka hartuko nuen.


5:28 : Lac Bramant (2445m)
Lakua inguratzen duen bidexka laua da eta zati etzanenak lasterka egin nituen.


Lehen lakua gibelean utzita, Lac Blanc lakura ailegatuko nintzen segituan. Hura ere ekialdetik inguratuko nuen altuera handirik irabazi gabe.


Lehen zati honetan bertze mendizale bakarti bat harrapatu nuen. Hura ere Etendard aldera zihoan, baina pista guzia bizikletaz igan zuen. Aukera ona da, batez ere jaitsierarako.


Lac Blanc lakuaren muturrean Etendard aterpetik igaten den bidearekin elkartzen da ni nindoan bidea. Glaziarra hurbilago ikusten da puntu honetatik...


...baina oraindik aragzkiaren ezkerretara ikusten den bidexka etzana igan beharko nuen.


Aipatu bidexka iganda, azkenean Saint Sorlin glaziarraren oinean sortu den lakura ailegatu nintzen. Bide luzea da bertarainokoa, baina zati etzan aunitz dituenez lasterka fite ailegatu nintzen.


Egunsentiak momentu hunkigarria oparitu zidan puntu honetan. Eskuinean ikusten den Etendard mendia eta ezkerretara dagoen Grand Sauvage urre kolorez margotu zituen eguzkiak. Nik hortik goiti lakuaren eskuineko aldetik eginen nuen, glaziarren mingaina harrapatu eta haren izkinatik ahalik eta altuera gehien irabazteko kranpoiak paratu baino lehen.


Lehen zati etzanetik puntu honetara ailegatu nintzen. Elurra ibiltzeko moduan zegoenez, kranporik gabe segitu nuen argazkiaren erdiko harkaitzetaraino eta gero haietatik igan nintzen ahalik eta gehien. Bakarrik nindoanez, igoeran glaziarra ahalik eta gehien saihesten saiatu nintzen. Bi joanez gero, nire ustez hobe da ezkerreragotik igatea glaziarra baliatuz.


Puntu honetan sartu nintzen glaziarrean. 3050 metro inguruan nengoen, beraz 400 metro bakarrik falta zitzaizkidan kaskoraino. Eskuinean ikusten den harrizko punta da gailurra, eta haren ezkerreko malda tentetik iganen nintzen bertara. 


Momentu horretan nire aitzinetik zihoazen bi taldeak pasatuak nituen. 


Gailurraren hegoaldeko ertzera ateratzeko malda 40 bat gradura tentetzen da, baina zailtasun berezirik gabe gainditu nuen. Glaziara ikusten den bezala leun zegoen, baldintza onean-


Ertzetik eskuinetara biratu eta minutu gutitan kaskoan izanen nintzen.


8:00 : Pic de l'Etendard (3464m)
Goizeko zortzietarako kaskoan nintzen, hiru ordu eta erdiko igoera azkarra egin eta gero. Denak aitzinatuak nituenez, bakarrik egonen nintzen inguruaz gozatzen.


Urrunean Mont Blanc ageri zen...


Hego-ekialdean, berriz, Meijeko mendigune ikusgarria...


Eta nola ez Saint Sorlin bailarako izarrak: Aiguilles d'Arves.


Sobera luzatu gabe, han egon nintzenaren proba bat eta beheitirakoari ekin nion.


Jaitsieraren lehen zatia, igoera ez bezala, glaziarra ahalik eta gehien aprobetxatuz egin nuen. Baldintza onean zegoen eta modu horretan fiteago jaisten da harkaitzetatik baino. Bederatzietarako glaziarraren azpiko partean nintzen, inguru eder hura agurtzen.


Kranpoiak eta botak kendu, eta zapatiletan igoerako bide beretik autorainokoa eginen nuen.


Saint Sorlin glaziarra agurtuz...


Berriz ere aterpea eta Bramant lakua gibelean utzi...


Eta pista eta laburbideak aprobetxatuz ziztu bizian jaisti nintzen.


Biharamunean Frantziako Tourra pasatuko zenez, Croix de Fer lepo inguruak autokarabanaz betetzen hasiak ziren ordurako.


10:51 : Col de la Croix de Fer (2065m)
Nik, berriz, egun osoan kasik bakarrik ibilita kalapita hartatik eskapatzea bertzerik ez nuen buruan. Kontent egindako igoerarekin eta oporraldiaren bigarren partea hasteko gogotsu.

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina