Orriak

2026/07/19

Petretxema eta Acheritori itzulia

EGUNA: 2026/07/12

ZAILTASUNA: Erraza

ABIAPUNTUA: Refugio de Linza (1344m)

IRAUPENA (oinez):
  • Refugio de Linza - Col d'Esqueste : Hiru ordu eta erdi
  • Col d'Esqueste - Cabanes d'Ansabere : Ordu eta erdi
  • Cabanes d'Ansabere - Puerto d'Acherito: Ordu bat
  • Puerto d' Acherito - Refugio d'Acherito : Ordu erdi
  • Refugio d'Acherito - Collada del Huerto d'Acherito : Ordu bat
  • Collada del Huerto d'Acherito - Refugio de Linza : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu eta bertatik segitu behar da Irunberrin atera arte. Irunberritik Izu gaina zeharkatzen duen errepidea segituta Zaraitzu bailara aldera joanen gara, eskuinetara Nabaskoitze herrira sartzen den errepidea harrapatu arte. Bertatik Coronas mendatea pasatu eta Erronkari bailaran Goiti eginen dugu, Izaba gibelean utzi eta hiru kilometrora Zurizako errepidea hartzeko. Zurizatik Linzako aterperaino iganen gara.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Bertze itzuli eder bat kaskoak igateko beharrik gabe. Petretxema eta Acherito mendiei itzulia ematen dien ibilaldi honetan, leku ikusgarri aunitz pasatuko ditugu: Hiru Erregeen Mahaiko karsta, Ansabereko orratzak, Acheritoko bailara... Hainbat mendiren igoerak ezagutzeko aukera, eta haietara igatekoa ere bai indarrak eta gogoak baldin badira.

6:08: Refugio de Linza (1344m)
Gaua aterpearen kanpoko aparkalekuan pasatu eta lehen argiekin batera abiatu ginen Linzako Lepora igaten den bidea ezagunetik.


Arras goiz izanda ere, tenperatura altua zen hego haizea zela eta. Eskuinetara Linzako etxola eta Acherito mendia utziko genituen lehen igoera honetan. Ordu batzuk geroago Acheritoren bertze aldetik itzuliko ginen.


600 metro inguruko desnibela gaindituko genuen eguneko lehen lepora ailegatzeko. 


Chinebral de Gamueta eguneko lehen eguzki izpitan...


7:09 : Collado de Linza (1935m)
Ordubeteko igoeraren ondotik ailegatu ginen lehen lepora. 


Petretxema mendira doan bidea zuzen utzita, ezkerretara metro batzuk galduko genituen Foya de la Solana deitzen den sakonunera.


Bide nabarmena izaten segitzen du Hiru Erregeen Mahaira alderdi honegatik igaten den bide arrunta baita.


Ezkerretara Paquiza de Linzola mendia utziko genuen, eskiekin behin bisitatu genuena.


Beheitiago, berriz, gure eskuinetara metalezko etxola bat utziko genuen. Puntu honetan bideak berriz goranzko joera hartuko zuen eguneko bigarren leporaino.


Metro batzuk iganda, harkaitz marroixka izatetik grisa izatera pasatzen den puntuan Hiru Erregeen Mahaiko bidea utzi eta ekialderantz segituko genuen gutxiago markatutako bide batetik.
Desbideratzea


Bide hau inguruko karstikoan barneratzen da eta goitibeheiti batzuk baditu. 


Mugarriz ondo markatua dago eta arazorik gabe segitzen da.


Paquiza de Linzola urrun gelditzen zen dagoeneko...


Mouscate mendia gure eskuinetara utziko genuen eta bizkar batetik metro batzuk galduko genituen Esquesteko lepora ailegatzeko.


Parean Hiru Erregeen Mahaia genuela...


8:03 : Col d'Esqueste (2114m)
Eguneko bigarren lepoan Aragoiko isurialdea utzi eta Lescun aldera jaisten hasiko ginen.


Harritza deseroso samarra jaitsiko genuen goitiko partean...


Ansabereko orratzak ikusten hasiko ginen jaitsi ahala.


Eta beheitiago Pedaingo etxola aldera larre leunetatik lasterka egiteko terreno hobea harrapatuko genuen. Etxolara ailegatzean mastin zakur batzuen bisita jasan genuen, eta bidez kanpo egin behar izan genuen zati bat.


8:34 : Cabane de Pedain (1590m)
Inguratzea akituta argazki hau atera nion Pedain etxola inguruari. Idor zegoen udako idortearengatik, baina beti bezain eder!


Etxolaren azpiko aldean beheiti jaisten segitu ordez Ansabereko etxolarekin konektatzen duen pista hartu genuen. Oro har. beheranzko joera duen bidea da, baina maldaren bat edo bertze baditu.


Pistatik orratzek aurpegi hau erakusten dute.


Erran bezala, pista Ansabereko etxoletatik metro gutira ateratzen da.


8:48 : Cabanes d'Ansabere (1570m)
Tenore horretan dezenteko mugimendua harrapatu genuen Ansabereko etxolen inguruan: artzainak beren familiekin, mendizaleak... Etxola nagusiaren aitzinean ur pixka bat hartu eta goiti eginen genuen Petrageme lepora igaten den bide markatutik.


Sobarcal eta Petretxema arteko lepora igaten da aipatu bidea. Gu hala ere ez ginen bertaraino iganen.


1800 metro inguruan ezkerretara ateratzen den bidexka estuago bat hartu genuen irudian ikusten den Acheritoko lepora.


Ansabereko orratza ttipiaren ikuspegi bikaina genuen bide honetatik, baita bertara igaten den Montaner-Vicente eskalada bidearena ere.


9:22 : Puerto d'Acherito (1905m)
Eguneko hirugarren lepoa eta oraindik bederatziak eta hogei ziren. Sobarcal eta Acherito mendiek hesten duten zirkutto polita eskuinetara utzi eta beheiti abiatuko ginen Echoko bailaran barneratzeko.


Bide erosotik lasterka jaitsiko ginen Acheritoko aterpe aldera.


Bailara ederrean barneratuz...


Acheritoko etxolara ailegatu gabe, ordea, bidea laburtzeko-edo larreetatik zuzen eskuinetara egin eta Huerto d'Acheritoko lepora igaten den bidexka hartu genuen. Nire ustez hobe da laburtze hau egin ordez etxolaraino jaitsi eta bertatik igaten hastea.


Harkaitz bloke batzuen artetik pasatu ginen...


...eta Acheritoren hego aurpegiaren azpitik goiti egiten duen bidexka hartu genuen. Diedro Sur bidea eskalatu genueneko oroitzapen politak etorri zitzaizkigun burura.


Azken igoera gogorra egin zitzaigun nekea sumatzen hasiak baikinen.


Argazkian erdian ikusten den lepo hori da Huerto d'Acherito. Azken malda tentea eta harri xehezkoa da eta hortzak estutu beharko genituen.


10:21 : Collada del Huerto d'Acherito (2169m)
Chinebral de Gamuetaren iparraldeko ertzaren azpian gurutzatuko genuen Huerto d'Acherito lepoa.


Bertatik Linzaraino azken jaitsiera bertzerik ez zitzaigun gelditzen. Lepotik eskuinetara Acherito aldera igaten den bidexka utzi eta mendebalderantz harkaitz batzuen kontratik jaisten dena hartuko genuen.


Acherito mendia bertze baterako utzita...


Chinebral mendiaren ipar isurialdean kokatzen den bailaratxo gisakotik mendebalderantz egiten segitu genuen. Inguru honetan Foya de los Ingenieros aldera eskuinetara (iparraldera) bertze bide bat ateratzen da, Linzara ailegatzeko hau ere.


Chinebral azpiko bailarattoa zeharkatu eta mendi honetara Linzatik igaten den bide arruntera atera ginen.


Txamantxoia aitzinean genuela...


Chinebralen mendebaldeko bizkarretik belardi leunak harrapatuko genituen tarte batean...


Eta Paso del Oso aldera jaisten den malda tente eta zakarra aitzinerago...


Etxola baten ondotik pasatu eta pagadi ederrean barneratuko ginen.


Lasterka egiteko zoru gozoa...


Gozatu ederra hartu genuen pagadi ikusgarria jaisten...


Pagadiaren azpiko partean eskuinetara Achar del Caballo deitzen den pasabidera metro batzuk irabazi beharko genituen...


...eta pasabidetik beheiti azken malda Linzako aterperaino...


11:20 : Refugio de Linza (1344m)
Itzulo zoragarria burututa ailegatu ginen berriz ere Linzara. Inguruko mendi ezagunetara igaten diren ohiko bideetan joan-etorria egin nahi ez dutenendako alternatiba bikaina!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina