EGUNA: 2026/08/10
ABIAPUNTUA: Matreier Tauernhaus (1514m)
ZAILTASUNA: Erraza
IRAUPENA:
- Igoera (lakuetatik): Hiru ordu eta erdi
- Jaitsiera (St. Pöltner aterpetik): Bi ordu eta erdi
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Austriako Hohe Tauern parke nazionala agurtu aitzinetik, azken ibilaldi-lasterkaldi bat egin nahi izan genuen. Azkenean Austrian eginen genuen azkena izanen zena. Parke nazional hau, bi menditzarrek osatzen dute: Grossglockener eta Grossvenediger. Lehena eskalatuta, bigarrenaren begiratoki bikaina den Hochgasser mendiko magaletan ibilbide polita diseinatu genuen.
10:11 : Matreier Tauernhaus (1514m)
Presa handirik gabe hasi genuen eguna bezperako Grossglocknerreko ateraldi luzearen ondotik. Aparkaleku handian autoa utzi, eta herrixkako etxe politen artetik egin genituen eguneko lehen pausoak.
Bailaran goiti egiten duen errepidetik pixka bat ibilita, eskuinetara St. Pöltner Hütte aterpera doan bidea erakusten duen seinale hau ikusi genuen. Bertatik joanen ginen.
Belardi bat zeharkatu eta pinudi batean sartzen da bidea.
Bertako biztanleak...
Pinudiaren tartetik doan bidexka erosotik fite hasiko ginen altuera hartzen. Marka zuri eta gorriak izanen genituen bidelagun.
Bidea basotik atera eta 2000 metro inguruan dagoen aparkaleku bateraino ailegatzen da. Bertara igaten den pista zeharkatu eta iparralderantz segitu genuen argazkian ikusten den errekaren ezkerreko magaletik. Erreka hori goitiago dauden lakuetatik jaisten da.
Metroak hartu ahala, eguneko protagonista izanen zen Grossvenediger mendia eta inguruko glaziarrak ikusten hasi ginen.
Grünseehütte aterpe ttipi eta polita gure eskuinetara utzi genuen.
Aterpea gibelean utzita, zati zelaiago batera ailegatu ginen. Lehendabiziko lakua hurbil genuen.
Grünsee izeneko lakua gure eskuinetara utzi eta bidexkatik altuera hartzen segitu genuen.
Fite ailegatuko ginen bigarren lakura ere: Schwarzsee.
Hau ere eskuinetara utzi eta parean ikusten genuen maldatik hirugarrenera ailegatuko ginen. Ur-jauzi horren ezkerretik doa bidea.
Inguratu berri genuen Schwarzsee laku ederra gibelean utzi genuen.
Eta igoerako azken lakura ailegatu ginen hala: Grausee. Laku horretatik pixka bat gehiago igaten segitu beharko genuen Messelingscharte leporaino.
11:53 : Messelingscharte (2563m)
Lepoan Loreak St. Pöltner aterpe aldera segitzea erabaki zuen bide markatutik.
Nik, aldiz, gure eskuinetara gelditzen zen Hochgasser mendira igatea nuen buruan. Argazkian ikusten den mendi borobil eta harritsua da. Gailurra erreferentzia gisa hartuta, bertarantz jo nuen bide argirik gabeko belardietatik.
Goitiago bidea erakusten duten mugarriak harrapatu nituen eta haiei segituz egin nuen aitzinera St. Pöltner aterpe aldetik igaten den zuri-gorriz markatutako bidexkara atera arte. Mendiaren azken zatia harrizko xaflaz osatua dago.
12:21 : Hochgasser (2922m)
Lepotik kaskora igoera azkarra egin nuen eta beroaldi ederra hartuta ailegatu nintzen kaskora. Ordurako zerua arras lainotua zegoen. Bertan zeuden Txekiar Errepublikako bi mendizalek argazkia atera zidaten eta luzatu gabe jaisten hasiko nintzen.
Jaitsi aitzinetik, ordea, parke nazionaleko bi erraldoietara dagoen ikuspegiaz gozatzen saiatu nintzen. Saiatu diot, kasko handienak nahiko tapatuak zeudelako. Argazkian Grossvenediger ageri da.
Ekialdean, aldiz, bezperan igan genuen Grossglockner...
Beheiti zuri eta gorriz markatutako bidetik eginen nuen. Bertatik ailegatuko nintzen St. Pöltner aterpera.
Zeruari eskapatzen zitzaizkion euri tantetatik eskapo, ziztu bizian jaitsi nintzen. Nire eskuinetara Tauernsee lakua utzi nuen.
Eta Messelingscharteko lepotik doan bidearekin elkartu nintzen bizkarrez bizkar aterperaino joateko.
Bertara ailegatzeko Weinbichl menditxotik pasatzeko da bidexka. Bizkarreko irtengune bat da eta igoera kablez ekipatua du.
12:55 : St. Pöltner Hütte (2479m)
Weinbichl menditik metro batzuk galdu eta Felber Tauern izeneko lepoan kokatua dagoen aterpera ailegatu nintzen. Bertan zegoen Lorea esperoan. Kafetto bat hartu genuen beheitirakoari ekin aitzinetik.
Jaitsiera hegoalderantz egin genuen, Tauernbach izeneko bailaratik. Belardi ederrak daude, baina tentsio altuko argi posteek dezente itsusten dute inguru hau.
Seinale honetan aparkalekura itzultzeko bi bideak daude markatuta. Guk bailaran beheiti egiten duena hautatu genuen.
Eta asmatu genuela erraten ahal da. Bidegurutzetik beheiti tentsio-altuko posteak utzi eta Grossvenediger mendiaren ikuspegi ederra izanen genuen.
Gainera ordurako zerua ia osorik garbi genuen eta inguruaz gozatzeko aukera eman zigun.
Bizkar honetan akitzen zen bailaratto berdea. Hortik baso tartean sartu eta jaitsiera bertikala genuen azpiko Gschlosstal bailararaino.
Grossvenediger mendiari azken begiratua...
Eta hain nabarmena ez zen bidexka politean beheiti egin genuen.
Bailaran barneratu ahala, Wohlgemuthalm auzoa utzi genuen gure eskuinetara. Pixka bat beheitiago bertara ailegatzen den errepidera ailegatu ginen eta bertatik egin genituen autorainoko azken metroak.
14:00 : Matreier Tauernhaus (1514m)
Hala akitu genuen paraje eder honetan egindako itzulia, Austriako Tirol eskualdeko esentzia bizi-bizirik duten bazterretan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina