2016/07/29

Torrecerredo (2648m)

EGUNA: 2016/07/28-29

IRTEERA: Poncebos (200m)

ZAILTASUNA:
  • PD. Azkeneko trepadak IIko pausuak ditu eta zaila ez izan arren ezin da hutsik egin, erorketa handia baitu. Horrez gain, Jou de los Cabroneseko aterpera heltzeko ere trepadaren bat egin behar da, baita Delgado Ubeda aterpetik Bulnes aldera jaisteko ere Balcosineko kanalean barrena. Goi-mendiko ibilbidea, trepada askorekin eta desnibel handiekin.
DENBORAK:
  • Poncebos - Refugio Jou de los Cabrones : 5 ordu
  • Refugio Jou de los Cabrones - Torrecerredo : 2 ordu eta erdi
  • Torrecerredo - Refugio Vega de Urriellu : 2 ordu
  • Refugio Vega de Urriellu - Poncebos (Balcosinetik) : 4 ordu
NOLA IRITSI:
Picos de Europako mazizoa Kantabria, Leon eta Asturias artean dago, beraz sarrera anitz ditu. Gure kasuan, Poncebos (Asturias) herrira heltzeko A8 autobidetik Euskal Herria eta Kantabria zeharkatu eta Asturias eta Kantabria artean dagoen Unquera herrian aterako gara. Hemendik Panes herrira joko dugu eta gero Arenas de Cabrales herrira. Herri honetatik ateratzen da Poncebosera igotzen den errepidea.

DESKRIBAPENA:
Nahiz eta Pirinioetako bazter ugari ezagutu Picos de Europan sekulan ibili gabea nintzen eta banuen gogoa bertan bueltaxka bat emateko. Azkenean sortu da aukera eta bertara igo gara, bertako gailur ezagunenetariko bat igotzeko: Torrecerredo, Picoseko eta Kantauri mendilerroko gailurrik altuena.

2016/07/28:
10:15 : Poncebos (200m).
Bezperan abiapunturainoko bidea egin ondotik, presarik gabe altxatu eta egun eguzkitsu eta beroan gorakoari egin genion turistaz estalitako aparkalekutik. Segitu beharreko arroila begibistan genuen errepidetik bertatik.




Lehen bide zatiak Bulnes herrixkaraino eramanen gintuen.


Horretarako bide zabal eta erosoak arroila ikusgarri bat zeharkatzen du erran bezala.


Bulneseko lehen etxeak begibistan, zehazki gaineko auzoa edo Castillo deitzen diotena.


Aurretik ordea zubi honetara heldu ginen eta hemen seinale batek argi erakusten zigun segitu beharreko bidea, Jou de los Cabrones aterpera.


Herrixka bisitatzea beraz biharamuneko utzi genuen eta atsedenik ematen ez duen Amuesako kanal tentea igotzeari ekin genion eguerdiko eguzki kiskalgarripean.


Tarteka gero eta beheitiago zegoen Bulnes eta bere goikaldean dagoen Pandebanoko lepoa ikusteko biratzen ginen.


Bikote hau gu baino hobe zegoen beren hotel erromantikoan.


12:20 : Collado de la Cima (1390m).
Kanala gaindituta zelai eder honetara ailegatu ginen eta eguneko lehen atsedenaldi luzea egiteko aprobetxatu genuen.


Zelaitxoan dauden etxolak.


Baita behi ugari ere.


Bulnes jadanik oso behean ikusten zen.


Atsedenaldiaren ondotik Cuesta del Trave deitzen den malda gainditu behar izan genuen eta izenak berak erraten duen bezala hemen ere atseden gutxi.


Cuesta del Traveko malda belartsuak kareharriari ematen dio bide, pixkanaka kareharrizko munduan barneratuko ginen beraz.


Hemendik aitzin aterpera ailegatzeko trepada bat edo bertze egin beharko genuen, baita sokaz ekipatutako zati bat pasatu ere. Zailtasun handirik ez hala ere.



Bat-batean Pico de los Cabrones ederra ikusten hasi ginen, aterpea hurbil zegoen seinale.



Urriellu ezaguna eta Torrecerredorekin batera, ikusgarriena Cabrones mendia bera iruditu zitzaigun, bikaina da.


Azkenean eta izerdi ederrak botata Jou de los Cabronesera ailegatu ginen. "Jou"ak Picos de Europan dauden sakonuneak dira, garai batean glaziarrak egondako lekuetan, kareharrian urak egindako erosioak sortuak.


Jou batean kokatuta dago guk gaua pasako genuen aterpea, Jou de los Cabronesen erran bezala. Izena garai batean artzainek ahuntzak bertara bidaltzen zituztelako du.


Aterpea kokatuta dagoen lekua ikaragarria da, ederra. Bertara igotzeak merezi du egindako esfortzua.


14:25 : Refugio Jou de los Cabrones / JR Lueje (2045m).
Aterpean ginen beraz. Aterpe ttikia da, 20 pertsonendako du lekua logela batean eta jantoki ttikia ondoan. Bertzerik ez. Komunak kanpoaldean daude eta metro batzuk beherago iturri bat. Xarma ikaragarria du, baina jatekoa hobetu daiteke.


Arratsaldea atseden hartzen eta berriketan eman genuen, giro ederrean. 8etan afaldu eta ohera.


Egunaren azken eguzki izpiak Cabrones mendian. Bihar arte!!


2016/07/29
7:57 : Refugio Jou de Cabrones (2045m).
7etan ernatu ginen, gosaldu eta martxan jartzeko. Egun luzea genuen aitzinetik.


Eguneko lehen lana, Jou guztia zeharkatzea.


Cabrones mendian lehen izpiak hasiak ziren, gu bere ezkerraldean dagoen harri xehe eta legarrezko malda tente batetik igoko ginen hasteko.


Bezperan aterpean ezagututako Legazpiko Dani gurekin elkartu zen eta berarekin eginen genuen gailurrerainokoa.


Jou Negroko sakonunera ailegatzean gure eguneko tontorra begibistan genuen, ikusgarri. Begiak beregana joaten zitzaizkigun etengabe. Hala ere ez ginen argazkian ateratzen den ipar aurpegi bertikaletik igoko, ekialdekotik baizik. Lehenengo Jou Negro zeharkatu eta ezkerrean ikusten den lepotxora joanen ginen.


Hemen lepotxotik gailurrera egin genuen gutxi gorabeherako bidea gorriz markatuta. Hasiera partean trepadaren bat dauka, gero harri xehe eta areazko maldak. Azken zatian kanal bat igotzen da eta kanletik ateratzean azken trepada, patio askorekin nahiz eta zaila ez izan.


Irudian kanalean trepada errazak egiten.


9:23 : Torrecerredo (2648m).
Eta azken trepadaren ondotik gailurra.


Cabrones mendia eta bi mendiak elkartzen dituen ertz zorrotza.


Gora gu ta gutarrak!!


Gailurrean pixka batean egonda destrepeari ekin genion, poliki-poliki arazorik gabe jaitsi genuen.


Bistak ekialderantz.


Behin bertikalitatetik ihes eginda jaitsiera luzeari ekin genion. Igotako bidea hartu ordez, Urrielluko aterpe aldetik jaitsiko ginen eta horrela bide batez Urriellu mendi ezaguna ikusiko genuen. Aitzinetik ordea, gibelera begiratu eta igotako mendi ederra agurtu genuen.


Horcada Arenerako lepo aldera jo genuen ondotik. Nahiz eta uztaila bukaera izan, Cabroneseko aterpetik Urrielluraino ia ez genuen inor ikusi.


10:53 : Horcada Arenera (2280m).
Lepo hau harrapatu behar da Urriellu aldera jaisteko.


Hemendik aurrera Urriellu ikusten hasiko ginen.


Zerbaitengatik dauka horrelako ospea, ikaragarrizko paretatzarra da.


Corona del Rasuko pasabidean destrepe bat egin behar da Urrielluko aterpera jaitsi aitzinetik.


11:41 : Refugio Vega de Urriellu / Delgado Ubeda (1960m).
Aterpean jan eta edateko tarte zabala hartu genuen, mendebaldeko paretatzarraren itzalaren azpian. Jaitsiera luzea genuen oraindik Ponceboseraino.


Jaitsiera Balcosineko kanaletik egin genuen. Malda handiko bidea oso azkar jaisten da eta niri zati hau oso luze egin zitzaidan izterretan pilatutako nekeagatik.


Balcosineko kanaletik atzera begirada jaitsitakoari.


Ez genuen nahi bezain laster bistaratu Bulneseko herritxoa.


14:06 : Bulnes (649m).
Picos de Europako herririk ezagunena da Bulnes. Aipagarria da bertara ez dela errepiderik ailegatzen eta horrek ematen dio xarma berezia. Hala ere, funikular batek turista piloa eramaten du bertaraino eta zaila da udan lasaitasuna aurkitzea bertan.


Herriko ostatu batean merezitako bazkaria eta garagardoak!!!


Ondotik Bulneseko goiko auzoa bisitatu eta beherakoari ekin genion, bide pixka bat gelditzen baitzen Ponceboseraino.


17:27 : Poncebos (200m).
Eta horrela akitu genuen Picos de Europako gailurrik altuenera egindako irteera eder hau. Inoiz egon gabeko inguru honen ideia orokor bat egiteko balio izan digu. Hurrengoa??

BIDEOA: