EGUNA: 2021/08/09
ABIAPUNTUA: Hospice de France (1379m)
ZAILTASUNA: Erraza
DENBORAK:
- Hospice de France - Port de Venasque : 3 ordu
- Port de Venasque - Escaleta : Ordu eta erdi
- Escaleta - Hospice de France : 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segituko dugu 17. irteeran atera eta Bagneres de Luchongo norabidea hartu arte. Luchonera ailegatuta Hospice de Francera igotzen den errepidea hartu behar da, bukaeraraino segituz.
ARRASTOA:
Powered by Wikiloc
KRONIKA:
Duela hiru urte deskubritu nuen Hospice de France, negu gorrian. Baregeseko lepotik goiti dauden mendi biribiletan alimaleko eski ateraldia egin genuen hiru egunez, parez pare pareta eta menditzarrez osatutako poster perfektua genuela. Txoko eder hura gehiago ezagutzeko gogoz gelditu nintzen eta udazkenean bigarren saioa etorri zen, kolore epelez eta tontorretako lehen elur zuriz edertua. Udan egotea falta zitzaidan eta ibilbide zirkular hau egiteko aitzakia ezin hobea zen berriz harat hurbiltzeko.
7:52 : Hospice de France (1379m)
Gau freskoa pasatu nuen autoan eta goizean aparkalekuan gosaldu ondoren ekin nion bideari.
Beheitiko seinaleetan hiru orduko bidea dela paratu arren, ordu eta laurden inguruan aterpetxoan nintzen. Uda honetako bertze ateraldi batzuetako ohiturarekin segitzeko astia banuen beraz eta kafetxo lasaia hartu nuen laku bazterreko mahaian.
Boums du Port deitzen diren lakuen inguruko zirkua txoko arras polita iruditu zitzaidan, Salvaguardia (irudian) eta Mina tenteek hesten dutena.
Atsedenaldiaren ondotik Venasqueko lepora ateratzeko azken metroak gainditu nituen...
Gibelera begirada azken maldatik... Laku bazterrean eraikitzen ari diren aterpe berriaren lanak ikusten ahal dira.
9:45 : Port de Venasque (2444m)
Hala zeharkatu nuen lepo historiko hau, urte luzeetan zehar Pirinioen bi aldeetara pasatzeko erabilia izan dena. Tartean gerretatik eskapatzeko ihesbidea izan zen, 1936ko altxamendu faxista eta gero adibidez.
Lepoa bertze mundu batera garamatza. Lakutxo eta zirku hetsiak utzi eta Pirinioetako kasko handienen azken glaziar kolpatuak agertzen dira bat-batean.
Ibilbidearekin segitzeko irudiko zelaitxora metro batzuk galdu nituen eta gero ezkerretara biratu nintzen Picadako lepoaren bila.
Inguru honetatik guzitik Aneto-Maladeta mendiguneko ikuspegia mundiala da. Nik, ordea, tartetxo batean bakarrik gozatu ahal izan nuen hodeiak zirela eta. Irudian Maladeta eta bere glaziarra, Pirinioetako eski jaitsiera onenetariko bat!
Maladeta, Alba eta enparauak... Tontor aunitz ditut ezagutzeke inguru honetan oraindik...
Aigualluts ingurua hodeien azpian...
Ni pareko lepora nindoan, Picada izenez ezagutzen denera...
Bertara ailegatzeko igoera eztia da eta ez da altuera handirik irabazten... Gibelera begirada lepo ingurutik...
Salvaguardia ederra hodeiek besarkatuta...
10:25 : Port de la Picada (2475m)
Lepotik segitu beharreko bidea argi ikusten da parean... Lautadatxo hori ezkerreko aldetik zeharkatu eta segidan Aranera joaten den bidea utzi beharko nuen Escaletako lepora igotzeko.
Puntu honetan, hain zuzen ere... Ezkerreko bidea hartu nuen.
Segidan ailegatu nintzen lepora eta hemen zeharkatu ordez harkaitzean zizelkatutako bide honi segituko nion.
Zizelkatutako zatia pasatuta segidan agertu zitzaidan egunean igoko nuen lehendabiziko gailurra. Azken metroak paseotxo bat...
10:50 : Tuca dera Escaleta / Soum de l'Escalette (2466m)
Gailurretik Mulleres aldera joan zitzaidan lehen begirada. Bertan ibili ginen uztaila hasmentan... Oroitzapen onak...
Mendebalean gailur guzien artean Mina nabarmentzen da. Erakargarria arras... Fitxatua gelditu zen.
Han izan nintzenaren seinale bakarra...
Mina eta Pique gailurrak lotzen dituen ertza izanen nuen bistan jaitsiera osoan zehar. Kontraste handiko mendiak belardi leunetatik altxatzen diren hauek...
Behitirako lehen zatia bidexka honetatik eginen nuen bizkarrez bizkar... Korrika pixka bat egiteko momentua zen...
...tarteka inguruaz gozatzeko geldialdiak eginez.
Frecheko lakuak ezkerretara utzi nituen, Minaren oinean.
11:24 : Pas de la Mounjoye (2069m)
Lepotxo honetara ailegatu nintzen bidez bide. Bertan Hospice aldera segitzen duen bidexka nabarmena utzi eta pareko mendira zuzenduko nintzen bertze hiru tontortxotatik pasatzeko intentzioarekin.
Hortik heldu nintzen...
Hospice de France abiapuntua eta Superbagneres eski estazioa Monjoia ingurutik...
11:34 : Tuc dera Monjoia / Pic de la Mounjoye (2164m)
Belarrezko malda tentetik minutu gutxian harrapatu nuen bigarren gailurra. Gelditu gabe iparraldeko norabidean segituko nuen hurrengo biak igotzeko.
Argazki honetan ikusten da Escaletatik gainez gain egindako bidea.
11:45 : Tuc Roi / Pic Roye (2159m)
Eguneko hirugarrenera ailegatu nintzen horrela. Parean nituen udazkenean igotako Entecada eta Poilaner mendiak.
11:50 : Tuc de Ribassetes / Pic de Ribesautes (2142m)
Eta bortz minutu geroago azken gailurra zapaldu nuen, Pique eta Mina alderako ikuspegi ezin hobearekin...
Azken honek ez dirudi gailur bat ere, Roiren ondoan ia ez baita nabarmendu ere egiten.
Horrebertzez beheitirakoa gelditzen zitzaidan. Irudiko ertz belartsutik egin nituen lehen metroak, landare artean ia ikusi ere egiten ez zen bidexkari segituz.
Hortik heldu nintzen...
Eta ertz malkartsuago egiten den puntuan bideak eskuinetara egiten du Poilaner azpiko larre zabaletara.
Aberez betetako larreak...
Hortik bide jakinik segitu gabe egin nuen hurrengo zatia, Pique mendi zorrotzak hipnotizatuta...
Hau ere agendara...
Puntu honetan hesia zeharkatu eta Hospice de Francera jaisten den bidexka markatua hartuko nuen, udazkenetik ezaguna nuena.
12:30 : Hospice de France (1379m)