EGUNA: 2016/08/26-27
IRTEERA: Barrage d'Ossoue (1834m)
ZAILTASUNA:
Errza (F+). Ez dauka zailtasun berezirik. Glaziarra gero eta ttikigoa da eta arteka gutti ditu. Bertzetik, azken zatian treapda erraz bat egin behar da (I).
DENBORAK:
- Barrage d'Ossoue - Refuge de Baysellance : 2 ordu eta erdi
- Refuge de Baysellance - Vignemale : 2 ordu eta erdi
- Vignemale - Barrage d'Ossoue : 3 ordu
NOLA IRITSI:
Lourdes (Frantzia) hiritik iparralderuntz Argelesera joan behar da eta hemendik Luz Saint Sauveur herrian barna Gavarniera. Gavarnie herria gurutzatu eta eski estazioko errepidea hartu behar da, baina lehenengo bihurgunean errepide hau utzi eta eskuinera jo behar dugu Ossoueko urtegi aldera, hasmentan asfaltatuta eta gero nahiko zakar dagoen pista batetik (Gavarnietik 9 km-tara).
DESKRIBAPENA:
Mendizalea banaiz, hori hein handi batean nire gurasoei esker da. Ttikitatik joan izan naiz igandetan Erratzu inguruko mendietara eta baita udan, tarteka, Pirinioetara ere. Nerabezaroan menditik pixka bat urrundu arren, berriz ere grina piztu zitzaidan hogeita bizpahiru urterekin eta hortik aitzin indartzen joan da grina eta zaletasun hau. Gurasoekin ezer egin gabe nengoen ordea berriz mendian hasi nintzenetik, eta aspalditik genuen elkarrekin Pirinioetan zerbait egiteko asmoa. Asmo horri izena ere jarri genion: Vignemale. Bateko gauza bat eta bertzeko bertzea, Eguna gibelatuz joan ginen elkarrekin tarte bat hartzeko genituen zailtasunengatik. Azkenean, abuztuan, hitzordua jarri eta bertara joan ahal izan ginen.
2016/08/26
15:15 : Barrage d'Ossoue (1834m).
Bazkalondoan jarri ginen martxan eguzki beropean.
Ossoueko urtegia gibelean utzi eta jarraian dagoen zelai handia zeharkatu genuen...
Zubi hau gurutzatu ostean zelaiak akitu eta bideak goiti egiten du atsedenik gabe.
Gure eskuinean ur-jauzi ezagun hau genuen...
Bideak aitzinera egin ahala Pont de Neige izeneko ingurutik pasatu ginen. Izen hau hartzen urte osoan zehar irauten duen elur lausoagatik. Hala ere, gu pasa ginenean ia desagertuta zegoen lausoa.
Ossoueko amildegiaren goiko partean izen bereko glaziarraren lehen ikuspegia genuen begi bistan.
Bellevueko kobetara aikegatu ginen horrela. Russell kondeak koba hauek eraikitzeko agindu zuen eta nahiz hauetan zein glaziarraren goiko partean daudenetan egonaldi luzeak egiten zituen.
Hemendik aterpera ez zen askorik gelditzen.
17:47 : Refuge de Baysellance (2651m).
Arratsalde apalean ailegatu ginen Pirinioetako aterpe mitiko honetara. 2651 metrotako altueran, Baysellancekoa Pirinioetako aterpe gorderik altuena da.
Honenbertzez, gure irteeraren lehen etapa burutua genuen. Afaldu eta lotara! Biharamunekoa egun handia izanen zen!
2016/08/27
7:13 : Refuge de Baysellance (2651m).
Erdipurdiko gau pasa ondotik, sei eta erdietan ernatu eta gosaldu ondotik martxan jarri ginen. Hasteko bezperan igotako bidetik metro batzuk galduko genituen Petit Vignemaleko ertza inguratzeko.
Ertza inguratzeko 2500 metro inguraino jaisten da bidea. Ondoren igoeran erabilitako GRko bidea utzi eta glaziarraren morrena aldera doan bidexka horizontala hartzen da. Bidexka hau lehen zatian arriskutsu xamarra izan daiteke harria bustita edo izoztuta baldin badago.
Eguzkiaren lehen izpiek Gavarnieko mendiak argitzen zituzten dagoeneko egunsenti ederrean.
Bidexka horizontala gibelean utzita morrenaren gainetik ibili ginen glaziarrera ailegatu arte.
Hortik goiti kranpoiak jarri eta Ossoueko glaziar ederra igotzeari ekin genion. Lehen zatian aldapa dexenteko zatiak pasa genituen, baina arrasto zabaletik erraz egin genuen goiti.
Ondotik izotz zaharraren gainean ibili ginen.
Eta akitzeko glaziarraren goiko zatian malda guttitu eta Vignemaleko koroaren gailur guztiak ikusten dira.
Gailurraren oinera iritsita, kranpoiak kendu eta trepada erraz baten ondotik gailurrera ailegatu ginen.
Gailurretik glaziarraren eta inguruko kaskoen ikuspegia ikaragarria da. Ezkerretik eskuinera Montferrat, Central eta Cerbillona mendiak ageri dira.
10:22 : Vignemale (3298m).
Gailurrean nengoen berriz ere justu zazpi urte geroago.
Baysellanceko aterpea gailurretik.
Mendebaldeko 3000koak: Infiernos, Gran Facha, Balaitous eta konpainia.
Azken begirada glaziarrari beheiti abiatu baino lehen. 1400 metro beheitiago Ossoueko urtegia zain genuen.
Aitzinetik ordea destrepe piska bat egin behar.
Berriz ere Montferrat, Central eta Cerbillona,
Glaziarrean beheiti gindoazela ezkerrean ikusten den Piton Carre mendia igotzea erabaki nuen Gaubeko bailarara dituen bistez gozatu asmoz.
11:50 : Piton Carre (3197m).
Trepada erraz batzuen ondotik eguneko bigarren tontorrean nengoen. 1000 metro beheitiago Oulettes de Gaubeko aterpea eta urrunean Gaubeko laku ezaguna. Gaubeko bailarara gailur honetatik dagoen ikuspegiak zirrara eragiten du.
Gailurreko egonalditxoaren ondotik lasterka jaitsi nuen glaziarra familiarengana ailegatu arte.
Metro gutti batzuk bertzerik ez ziren gelditzen glaziarra gibelean utzi eta kranpoiak kentzeko.
"Zailtasunak" gibelean utzita bidexkatik jaistea bertzerik ez zen gelditzen. Hasieran morrenatik doan bidetik...
...eta gero GR10aren bide zabaletik.
Ossoueko urtegiaren ondoan bazkaldu genuen autora ailegatu baino lehen.
15:28 : Barrage d'Ossoue (1834m).
Eta horrela akitu zen ibilaldi eder hau, Vignemale handia "sakelean" genuela.
BIDEOA: