2016/05/04

Grand Tapou (3150m), Milieu (3130m)

EGUNA: 2016/05/04

IRTEERA: Espugue de Millas (1714m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S3
DENBORAK:
  • Igoera: 4 ordu
  • Jaitsiera: 2 ordu
NOLA IRITSI:
Lourdes (Frantzia) hiritik iparralderuntz Argelesera joan behar da eta hemendik Luz Saint Sauveur herrian barna Gavarniera. Gavarnie herria gurutzatu eta eski estazioko errepidea hartu behar da, baina lehenengo bihurgunean errepide hau utzi eta eskuinera jo behar dugu Ossoueko urtegi aldera, hasmentan asfaltatuta eta gero nahiko zakar dagoen pista batetik (Gavarnietik 9 km-tara). Urtegira iritsi baino kilometro inguru lehenago, zelai zabal batean utziko dugu autoa.



DESKRIBAPENA:
Duela lau urte eta erdi saiakeran gelditu zen mendia lainoak zirela medio. Ordutik agendan egon da, gordeta aukera suertatzen zenerako. Denboraldi arraro honek eman digu aukera hori. Izan ere, 2000 metrotik beheiti normalean baino elur gutxiago egin du aurtegoan eta horrek Ossoueko bidea oztopatzen duten elur-jauziak ez sortzea eragin du. Horrela, bidea normalean baino askoz lehenago ireki dute, elurreraino autoz igotzeko aukera dagoelarik. Aipatu elur-jauziak direla eta normalean maiatza hondarrean edo irekitzen dute bidea, baina ordurako normalean elurra altuago egoten da.

7:41 : Espugue de Millas (1714m).
Autoan gaua pasatu ondoren, argia hastean ernatu, gosaldu, gauzak prestatu eta martxan jarri ginen. Eguzkiak jadanik gure ibilbide guzian zehar jotzen zuen.


Autotik 5 minutura elurra genuen jadanik, beraz eskiak jantzi eta aurrera.


Lehen maldaren bukaeran...


Lehen malda pasata Lourdeseko etxola kokatuta dagoen zabalunetik gora igo ginen. Etxolara ailegatu baino lehen eskuinetara biratu ginen.


Errepidea itxita dagoen garaian, gaua pasatzeko leku aproposa da Lourdeseko etxola. Horrela, aktibitatea bi egunetan egiteko aukera ematen du.


Gu parean ikusten diren bi mendien oinetik pasatuko ginen. Pic Rond eta Pic Pointu dira mendi hauek.


Behin bi mendien oinetik zeharkaldia burututa, hodi honetatik Montferrateko lakuetara aterako ginen.


Hodiaren azken metroetan...


9:17 : Lacs de Montferrat (2392m).
Lakuek osatzen duten zirku ederretik gure eguneko helburua begibistan genuen, nahiz eta urrun xamar gelditu oraindik.


Atsedenalditxoa hartu genuen aitzinera segitu baino lehen.


Lakuen lautadatxoa gibelean utzita malda tente bat igotzen da, goiko bailaratxoetan sartzeko.


Hemen lehen bailaratxoa, Petit Tapou eta Milieu mendien artean dagoena- Zati honetan malda eramangarriagoa da.


Gure gibelean genuen iuspegia gero eta ederragoa zen, Gavarnieko mendiak protagonista magusi zirela.


Azken malda gogorra egin zitzaigun beroa zela eta.


11:52 : Col IGN 3111m (3111m).
Honela Grand Tapou eta Milieu mendien artean dagoen izenik gabeko lepora ailegatu ginen. Gailurrak eskura genituen jadanik eta bertan zerbait jaten eta atseden hartzen tarte zabala pasa genuen. Tenperatura epela zegoen oso.


Lepoaren bertze aldean Panticosako mendiak ikusten ziren: Garmo Negro, Infiernos... Baita urrunean Lescunekoak ere, eta nola ez Midi d'Ossau.


12:27 : Pic du Milieu (3130m).
Atsedenaren ondotik, lepoaren alde batera 5 minutuan Milieu mendia igotzen da. Gailurretik Grand Tapou , gero igoko genuena, eta gibelean Montferrat, Central, Cerbillona, Clot de Hount eta Vignemale mendiak.


Arako bailararen ikuspegi ederra eskaintzen du gailur honek.


Eta nola ez Gavarnieko 3000koena ere. Behean, oso behean Ossoueko bailara, ibilaldiaren abiapuntua.


Gailurrean...


Milieu gibelean utzi eta Grand Tapouko arista erraza (I) igotzeari ekin genion.


Gailurrera ailegatzen...


12:38 : Grand Tapou (3150m).
Gailurretik igotako bide osoa ikusten da. Jaitsiera ederra genuen aitzinetik.


Vignemaleko tontorrak hurbil daude, baina urrun ere era berean...


Eguneko bigarren gailurrean...


Eta horrenbestez jaitsierari ekin genion. Udaberriko elur bikaina harrapatu genuen nahiko berandu jaitsi arren.


Eskien gainean jaitsi ahal izan ginen ia autoraino.


14:29 : Espugue de Millas (1714m).
Ia zazpi orduko ibilaldiaren ondotik berriz ere autora itzuli ginen, egun ederrari amaiera emanez. Udaberria puri-purian dago Pirinioan!


BIDEOA: