EGUNA: 2015/07/25-26
IRTEERA: L'Artigusse (1591m)
ZAILTASUNA: Errexa (F). Gailurrera ailegatzeko azken zatian trepadatxoren (I) bat dago, patio dexentearekin.
DENBORAK:
- Parking d'Artigusse-Refuge de Bastan : 2 ordu eta erdi
- Refuge de Bastan-Pic de Bastan : Ordu eta erdi
- Pic de Bastan-Parking d'Artigusse (Lac de Port Bielhetik) : 4 ordu
NOLA IRITSI:
Pirinioen paraleloa den A64 autopistan barrena joango gara 15. irteeraraino, hau da, Lanemezango irteeraraino. Hemen hegooalderantz, Arreau eta Saint Lary herrietara joango gara Vallee d'Aure haran ederrean gora. Saint Lary herria atzean utzi eta Aragoira eramanen gaituen errepidea hartuko dugu, baina kilometro gutxi batzuetara, eskuinetara biratuko gara Fabian herrixkan, Neouvielleko Erreserba Naturalera igotzen den errepidea hartuz. Hem,endik igoko gara zabalune batean dagoen lehen aparkalekuraino: L'Artigusseko aparkalekua.
DESKRIBAPENA:
Ia zazpi hilabetez luzez Pirinioak zapaldu gabe egon ondotik azkenean ailegatu da mendi gosea pixkat asetzeko momentua. Gorputza probatzen poliki hasteko asmoz, Saint Laryra bidean jarri ginen larunbat goizean. Asmoa aspaldi pendienteen zerrendan nuen Bastan mendia igotzea, berez egun bakar batean egin daitekeen ibilbide zirkular ederra osatuz.
2015/07/25
12:50 : L'Artigusse (1591m).
Goseak amorraturik ailegatu ginen autoz betetako aparkalekura. Beraz, lehen lana bidean erositako urdaiazpiko, fuet eta ogiari astinaldi bat ematea. Behin tripa ongi beteta, motxilak hartu eta jadanik ezaguna nuen pistan goiti abiatu ginen Ouleko laku aldera.
13:25 : Chalet Refuge de l'Oule (1819m).
Aterpe eraberritua eskuinetan utzi eta izen bereko lakuaren eskuinetik segituko genuen. Eguraldia ilun xamar zegoen eta fite sartuko ginen laino tartean.
Eski estazioko pistak utzi eta bide zabal eta erosotik inguratu genuen Ouleko lakua.
Lakuaren hondarrean, bidexka bat ateratzen da eskuinera. Seinale batek erakusten zigun bertatik segitu behar genuela Bastaneko aterpera ailegatzeko. Bazirudien iragarpenak beteko zirela eta laino saretzen hasi ziren poliki-poliki.
Hartutako bidexkatik segidan sartu ginen laino tartean eta metroak azkar irabazten hasi ginen.
14:20 : Cabane de Bastan (2045m).
Malda tenteagoak gaindituta, oihantxotik atera eta Bastaneko etxolara ailegatu ginen. Itxita egoten da neguan eta udan aldiz artzaina egoten da bertan.
Atseden hartzeko tartetxo bat hartu eta aitzinera segitu genuen. Aterpea jadanik nahiko hurbil genuen.
Etxola gibelean utzi eta guttira, Col de Portetetik heldu den bidearekin elkartu ginen. Bastango aterpera ailegatzeko biderik motzena da portetetik abiatzen dena (ordu eta erdi inguru).
14:39 : Lac Inferieur de Bastan (2141m).
Bidegurutzetik malda pare bat gehiago gainditu eta eguneko lehen laku naturalera ailegatu ginen, Oulekoa presa bat baita.
Ez genuen inongo presarik, beraz bertze atsedenaldi bat hartu genuen laku bazterrean. Inguru hau benetan ederra da, nahiz eta lainoak ez zigun behar bezala ikusten uzten. Dena den, punttu berezi bat ematen zion lakuari.
15:03 : Lacs du Milieu de Bastan (2197m).
Bastaneko erdiko lakuetako lehenengora ailegatzean lainoak kendu eta egun ikaragarria gelditu zen. Aitzinean agertu zitzaigun bapatean ateraldiko gure helburua zen Bastan mendia.
Eguraldi ederra eta paisaia polita aprobetxatuz bertze geldialdi luze bat egin genuen lakuaz gozatzeko. Hirugarren geldialdia 200 metroko desnibelean!!!
Geldialdiaren ondotik, jadanik hurbil genuen aterperaino falta zitzaizkigun azken metroak egin genituen Bastan mendiaren begiradapenan.
Bastaneko erdiko lakuetako bertze batzuk aterpera ailegatu baino pixkat lehenago.
15:46 : Refuge de Bastan (2255m).
Lehen etapa jadanik ongi ezagutzen dudan aterpe honetan akitzen zen. hirugarren gaua pasako nuen bertan, lehena udan. Pirinioetan ezagutu beharreko aterpe horietako bat da Bastangoa. Inguruagatik eta aterpeak berak daukan xarmagatik.
Aterpera ailegatzean, erreserba baieztatu eta terrazan otordu ederra egin genuen. Arratsalde osoa genuen guretako lekuaz gozatzeko.
Arratsalde partean lainoak inguratu gontuen arren, arratsean garbitu eta arrats ederra gelditu zen. Bastan, Portarras eta Bastan d'Aulon mendiak aterpetik.
Afaldu baino lehen Bastango lakuetatik altuen dagoenera paseo bat eman genuen. Aterpetik bortz minutura bertzerik ez dago.
Bastan mendia eguneko azken eguzki izpiekin.
Gozatzen...
Bastango erdiko lakuak afalondoan. Bere ertzean kanpin-denda ugari zeuden. Leku bikaina da akanpatzeko ere.
Bastan aterpea eta udan jende gehiago sartzeko jartzen duten kanpin-denda. Guk ez geletan, ezta kanpinean ere ez genuen lekurik eta jangelan pasako genuen gaua. Aterpea beteta zegoen, egia erran ez da zaila arras ttikia baita.
Bihar arte...
2015/07/26
8:07 : Refuge de Bastan (2255m).
Aterpeko jangelan lo egiteak alde on eta txarrak ditu. Ona, sei pertsona bakarrik geundela gelan hogeita piko zeuden bitartean. Txarra, aterpeko zurrunkalari txapelduna gurekin zegoela lo egiten. Zer eginen diogu ba... Hori eta gosariak prestatzeko gu ernatu gintuztela noski.
Zazpi eta erdietan gosaldu genuen eta zortzietarako martxan geunden. Egun bikaina genuen aitzinetik. Argazkia jangelako leihotik aterata dago.
Bastan aterpea egunaren lehen argitan...
8:11 : Lac Superieur de Bastan (2260m).
Aterpetik atera eta segidan bezperan bixitatutako laku honetara ailegatu ginen. Lakua gure eskuinetara utziko genuen Bastaneteko lepora igotzeko. Argazkian laku honen inguruan zirkua osatzen duten Bastan, Portarras, Bastan d'Aulon eta Pichaley mendiak. lehen bien arteko lepoa Bastanet da eta bertze bien artekoa Bastan.
Goizeko freskura lagun tita batean plantatu ginen Bastaneteko lepoan.
8:51 : Col de Bastanet (2507m).
Lepoan lehen eguzki izpiek eta Campanako bailarak eman ziguten ongi etorria.
Ezker biratu eta Bastango gailurrera eramanen gintuen arista zabala igotzeari ekin genion.
Lehen zati zabala pasata, azken zatian bidexka Bastan mendiaren ipar aurpegian sartzen da eta trepada batzuk egin behar dira gailurrera ailegatzeko. Errexak izan arren, patio dexentea dago iparraldera, beraz hobe erne egotea.
Gailurrera atera aitzineko azken trepadan, gibelean patio guztia dugula. Behean Port Bielh lakua ageri da, baita Midi de Bigorre mendia ere urrunago.
Trepadak akituta gailurrera ailegatzen... Gibelean Bastango lakuak eta Ouleko urtegia.
9:23 : Pic de Bastan (2715m).
Gailurrean egote bikaina zegoen eta tarte zabala pasa genuen bistetaz gozatzen. Neouvielleko Erreserba Naturaleko 3000koak, Campbieil, pic Long eta Neouvielle bera, bertzeak bertze.
Balaitous mitikoa ere ageri zen urrunean bere Neouseko glaziarra distiratsu zuela. Eskuinerago palas mendia.
Gailurreko argazki bat...
...eta bi. Hor egon ginela frogatzeko. Eta ez Mutrikuko bestetan.
Port Bielh lakua, Midi de Bigorre eta Quatre Thermes.
Urrunean oraindik elur dexenterekin Luchongo mendi handiak, Perdiguero eta Gourgs Blancs nagusi direla.
Azken begirada jaisten hasi aitzinetik...
...eta beheiti abiatu ginen.
Destrepeak eta bidexka espuestoa bukatuta...
Jaitsieran, igoerako bidea hartu ordez, iparraldera jaitsiko ginen eskuinetan ikusten den Hourquetteko laku aldera eta ondotik Calderoleseko lepoaa gurutzatuta ezkerrean ikusten den Port Bielheko lakura pasako ginen handik ouleko lakura jaisteko. Horrela ibilbide zirkular ederra itxiko genuen..
10:35 : Lac de Hourquette (2405m).
Erran bezala Bastan menditik zuzenean iparralderantz jaitsi ginen eta laku horretara ailegatu baino lehen Hourquette de Calderoleseko lepora igotzen den bidexka hartu genuen.
10:48 : Hourquette de Calderoles (2495m).
Lepora ailegatzen gibelean Hourquetteko lakua eta Portarras eta Prada mendiak genituela.
Lepoan atsedenalditxo bat hartu eta Port Bielheko laku aldera jaitsi ginen.
Lac de Port bielhera ailegatu aitzinetik ezker biratuko ginen hegoaldeko norabidea hartuz.
Gibelean utzi genituen Calderoleseko lepoa eta Bastan mendia.
Laquets de Port Bielheko lakuetara ailegatu ginen ondotik.
Leku paradisiakoa...
Bastan mendiaren bertze ikuspegi bat.
Laquets de Port Bielh.
12:02 : Laquet de Coste Oueillere (2100m).
Ondoan etxola bat duen azken lakutxo baten ondotik pasa eta Bastango pinudian sartuko ginen.
Leku atsegina da ibiltzeko baina luze xamarra ere bai.
12:58 : Lac de l'Oule (1829m).
Horrela itxi genuen ibilbide zirkularra. Lakua bere mendebaldetik gurutzatu eta bezperan igotako pista jaitsiko genuen.
13:54 : L'Artigusse (1591m).
Horrela akitu zen gure asteburu pasa ederra. Leku politean eta konpainia onean, ezin gehiago eskatu!
BIDEOA: