Orriak

Crabe (1916m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Crabe (1916m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/01/10

Plagnot de Soubirou (1726m), Crabe (1916m)

EGUNA: 2022/01/05

ABIAPUNTUA: Lac de Payolle (1140m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK:
  • Lac de Payolle - Plagnot de Soubirou : 2 ordu
  • Plagnot de Soubirou - Crabe : 2 ordu eta erdi
  • Crabe - Lac de Payolle : 45 minutu
NOLA  AILEGATU:
Pirinioak zeharkatzen dituen A64 autopista hartuko dugu eta bertatik segituko dugu Tarbes hiriraino. 12.irteeran, Tarbesen bertan, aterako gara autopistatik eta une oro Bagneres de Bigorre herrira eramaten gaituzten seinaleei segituko diegu. Behin herri hau gibelean utzita Campan bailaran goiti iganen gara, errepide nagusia utzi gabe, bukaeran dagoen Payolleko lakuraino. Lakuaren puntan dagoen urbanizazioraino joanen gara autoz.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Elurra nahiko beheiti botatzen duelarik, eguraldia sobera ziurra ez delarik edo elur-jausi arriskua handia delarik Payolle inguruak aukera onak eskaintzen dizkigu mendi eskirako. Mendi apalak, pinudiak, magal eztiak, orientazio anitzak... Ateraldi honetan sektorearen hegoaldeko bi menditxo lotu genituen, bi mila metrotik beheiti biak, hodei guzien azpitik...

11:03 : Lac de Payolle (1140m)
Presarik gabe hasi genuen eguna. Eguraldi iragarpenek hobekuntza izanen zela zioten eta lehen orduetako elurteak egun argiari lekua utziko zion esperantzaz abiatu ginen Payolleko lakua inguratuz.


Lakuaren bertze aldera ailegatuta, Hourquette d'Ancizango lepora igotzen den errepide elurtua hartu genuen. Asmoa ipar isurialdeko magalak eskiatzea zen, baina ez genuen helburu garbirik.


Errepidetik metro batzuk eginda ezkerretara ateratzen den pista zabalago bat hartu genuen. 


Bezperan botatako elurtetxoak ikusgarri utzia zuen ingurua, ipuinetako paisaiak marraztuz.


Tarteka pinuak, tarteka pagoak... Baina dena eder eta zuri...


Aipatutako pistak Hosseko etxolen ingurura eramanen gintuen. Beran utziko genituen basoak eta larre irekietara atera. Ingurua ikusita pareko muinotxoen gainera igoko ginela erabaki genuen, elur gehien zutenetara.


Hourquetterako errepidea zeharkatu, La Plagne deitzen den lautadatxo zabala pasatu eta malda eztietatik goiti segitu genuen Plagnot de Soubirou muinotxo alde.


Igoeran hodeiak ugaritu eta elur pixka bat ere izan genuen. Momentu horretan ez zegoen goiza espantu handietarako.


13:02 : Plagnot de Soubirou (1726m)
Hala muino zabal honetan akitu genuen eguneko lehen igoera. Pixka bat goitiago dagoen Husseko muinotxora joatea pentsatu genuen, baina haizeak bertako elurra eramana zuen eta gehiago igatea ez zuela merezi erabaki genuen.


Haize hotzetik babesteko arropa guzia jantzi, zerbait jan eta lehen jaitsirra egin genuen Plagneko lautadara itzuliz. Argazkian ezkerretara ikusten den muinotik gentozen...


14:02 : Artigou (1382m)
Plagnetik Hourquetteko errepidean beheiti segitu genuen pixka batean Artigouko zirkutxoraino. Hemen berriz ere foka-larruak paratu eta Hourquetteko errepideari segituko genion Camoudieteko etxoletaraino.


Eguna pixka bat argitu zela ikusita, duela zenbait urte igandako Crabeko mendi aldera segituko genuela erabaki genuen. Argazkian eskuinetara ikusten den mendi borobila, elur baldintza honetan egoten dena ingurua haizeak zigortzen duelarik ere.


14:38 : Cabanes de Camoudiet (1418m)
Errepidea utzi, etxolen ondotik pasatu eta malda zabaletatik goiti igaten hasi ginen.


Monfaucon eta Coste Oueillere mendien azpian ingurua ederra da. Neguko arratsaldeko argi magikoek ikuskizun ederra eskaini ziguten zati honetan.


Ekialdeko magal eta bizkarretik eginen genuen gailurrerainokoa, elur-hauts goxoan arrastia irekiz.


Eguneko lehendabiziko mendiuan bezala, azken metroetan hodeiak sartu zitzaizkigun poliki-poliki...


...eta gailurrra lainoz inguratuta ailegatu ginen, erabateko zuritasunean.


15:49 : Crabe (1916m)
Zorionez kaskora ailgatu eta gutira hodiak berriz irekita arratsalde polita gelditu zitzaigun. Monfaucon, Aulon eta Arbizon hirukotea hodei guzien gainetik agertu zen...


Mendabaldean Midi de Bigorre inguruak, baita hurbilago Pla de les Peneseko malda ederrak ere.


Egonalditxoarn ondotik egunko bigarren jaitsira torri zen. Elur hauts goxoa harraoatu genuen bigarren honetan ere. Egun hotzak ez zion elurrari transformatzen utzi.


Gozatu ederra hartu genuen Camoudieteko etxoletarainoko malda zabaletan. Hemendik beheiti berriz ere Hourquetteko errepidetik itzuliko ginen Payollera.


16:45 : Lac de Payolle (1140m)
Nahiko berandu eta nekatuta akitu genuen urte berriko lehendabiziko eski ateraldia, aspaldiko partez elur hautsa dastatuz inoiz hutsik giten ez duen inguru honetan.

BIDEOA:








2017/02/09

Crabe (1916m)

EGUNA: 2017/02/09

IRTEERA: Payolle (1089m)


ZAILTASUNA:
  • Eski-zailtasuna: S2
DENBORAK:
  • Igoera: 3 ordu
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Pirinioak zeharkatzen dituen A64 autopista hartuko dugu eta bertatik segituko dugu Tarbes hiriraino. 12.irteeran, Tarbesen bertan, aterako gara autopistatik eta une oro Bagneres de Bigorre herrira eramaten gaituzten seinaleei segituko diegu. Behin herri hau gibelean utzita Campan bailaran goiti igoko gara, errepide nagusia utzi gabe, bukaeran dagoen Payolleko lakuraino. Lakuaren puntan dagoen urbanizazioraino joanen gara autoz.

KRONIKA:
Azken elurtea dastatzeko agendari baimena eskatu eta arramaladan Pirinioetara eskapatu ginen. Aspe, Ossau, Gavarnie eta Ripollesen eskiatu ondotik, oraingoan Payolleren aldia zen. Meteo Francen elur-jausi arriskua 4ko eskalan kokatua zegoen eta horrek zailtasun eta malda guttiko leku bat bilatzera behrtzen gintuen. Payolle ingurua bikaina da horretarako. Malda eztiko menditxo ugari eta eskirako bazter zabalak eskaintzen dizkigu Pirinioetako ipar-eskiko estazio honek. Horrez gain, leku zoragarria da eta niretzat arras berezia. Izan ere, duela 24 urte (1993ko udan), gurasoekin Pirinioetara egindako lehen ateraldian bailara honetara etorri baikinen. 7 urte bertzerik izan ez arren, ongi iltzatuta gelditu zaizkit Chiroulet eta Payolle (lehen bizpahiru egunetan bertan ibili baikinen); eta beti izanen dira leku berziak niretako.

8:22 : Payolle (1089m)
Egun ona baina hotzari hasiera eman genion barnetik eta kanpotik hormatutako autoan. Zakutik atera eta gauzak prestatu bitartean Midi de Bigorreren kolore gorrixkek eman ziguten ongi-etorria. Dudarik gabe mendi-eski egun eder baten aitzinean ginen.


Payolleko lakura doan errepide elurtutik egin genituen lehen metroak. Ondoren, eskuinetara ikusi genuen lehen zubitik erreka gurutzatu eta Camp Bataille eta Pelouse Saint-Jeaneko zelai ederrak zeharkatu genituen eskiko pisten bila.


Ipar-eskiko paradisua da Payollekoa, zelai zabal eta inguru ederrarekin.



Segidan Hourquette d'Ancizaneko lepora igotzen den errepide elurtua hartu genuen. Neguan ipar-eskiko pistak daude bertan eta horietatik eginen genuen zati bat. Parez pare Arbizon eta inguruko mendiak agertu zitzaizkigun.


Lehen zati honetan erratu eta Camoudiet aldera jo ordez, eski pistetatik Courtaou d'Artigou ingurura joan ginen. Gure helburu ziren Camoudieteko etxolak mendebalderago dagoen bailaratxo batean gelditzen ziren.


Bidetik, berez eguneko helburua zen Pla de l'Arcouade mendia ikusten hasi ginen. Berez diot azkenean ez baikinen bertara igo, iparralderago dagoen Pic de Crabe mendira baizik, elur gehiago zuelako.


Eski pistak segituz gure akatsa zuzendu eta Camoudieteko etxolen eremura ailegatu ginen. Parean Montfaucon eta Coste Oueillere zonaldeko mendi klasikoak genituen. Gu eskuinean ageri den Crabeko tontor zurira igoko ginen.


Pistak utzi eta elur-hautsaren erreinuan barneratu ginen.


10:12 : Cabanes de Camoudiet (1438m)
Lehenik eta behin Camoudieteko etxolen artetik pasatuko ginen. gaua pasatzeko leku aproposa izan daiteke hau, etxoletariko bat irekita baitago eta baldintza onean gainera. Erreka ondoan izatea ere alde ona da. Ondoko baterako fitxatuta gelditu zen etxola.


Etxolak gibelean utzi eta malda zabaletan goiti egin genuen.


Honela, Clot d'Aouassoleko zirkutxoa bistaratu genuen. Elurrik gabeko bizkar ttiki bat zeharkatu genuen bertan sartzeko. Haizeak aitzineko egunetan gogor jo zuenaren seinale zen.


Hemendik goiti dena elurtua aurkituko genuen berriz ere.


Gure mendia parean eta ezkerretara Coste Oueillere eta Montfaucon.


Gailurrera ailegatzen...


11:27 : Pic de Crabe (1916m)
Argazki historikoa Crabeko tontorrean, seguraski ni izan bainaiz munduko lehena bi gidarekin igotzen eta zentimo bat ere ordaindu gabe! Jajajaja...

Arkaitz eta Martin mendi gidekin mota guzietako ibilaldiak egiteko aukera izanen duzue: udan, erraketak, alpinismoa, eskia, eskalada...


Mendebaldean Soum de Marianette, Midi d'Ossau, Pla de las Penes...


Gailurra utzita eskiada bikaina egin ahal izan genuen, elur perfektuan...


Igoerako bidetik jaitsi ordez, gailurraren hego-ekialdean gelditzen den Aoubereko bailaratxotik jaitsi ginen. Elur ona eta dena guretzat...


Berriz ere Camouditera bueltan, eski pistak hartu eta dida batean autoan plantatuko ginen.


12:50 : Payolle (1089m)
Ibilaldia ospatzeko garagardo bana eta presaka etxera arratsaldean lana nuen eta.

BIDEOA: