Orriak

2026/02/27

Pico Agüerri (2447m)

EGUNA: 2026/02/22

ABIAPUNTUA: Refugio de Gabardito (1373m)

ZAILTASUNA: S4

IRAUPENA:
  • Igoera (Anzotiellotik): Lau ordu 
  • Jaitsiera (Petrafichatik): Bi ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jaka aldera doan autobidea hartuko dugu Puente La Reina de Jaca herriraino. Bertatik Echoko bailarara doana hartu behar da eta osorik zeharkatu bailara hori Echo herritik goiti Selva de Ozara doan errepidea hartzeko. Errepide honetan goazela, eskuinetara Gabarditoko aterpera igaten den errepidea hartu beharko dugu. Aterpearen ondoko aparkalekuan utziko dugu ibilgailua.

KRONIKA:
Agüerri mendia ez da ezagunegia, baina bere hegoaldeko malda elurrez estaltzen direlarik, inguruko jaitsiera onenetarikoa eskaintzen du. Goitiko gandorretik errekaraino kasik 1000 metroko jaitsiera dago, horietako gehienak tente eta mantenduak. Hori horrela, eskiatzaileen artean izena egin duen kaskoa da. Guk kasu honetan itzuli zirkular ederra osatu dugu, izen bereko bailara bakartitik goiti eta hegoaldeko maldetatik beheiti eginez.

9:34 : Refugio de Gabardito (1373m)
Aparkalekutik beretik aterpera jaitsi gabe iraupen eskiko pistak pasatzen dira. Aparkalekuaren goitiko aldean mendebaldera egiten hasiko ginen haietatik. Ikusten den bezala hasmentako zatian ez zuten kasik elurrik.


Lehen baso zatitik aterata, Agüerriren hego-mendebaldeko malda ederra ikusten hasi ginen. Azpitik ikustean zirrara eragiten duen maldatzarra da.


Altuera aunitzik irabazi gabe iraupen eskiko pistak utzi eta mendebalderantz segitzen duen bidexka Salto de la Vieja izeneko pasabidera ailegatzen da.


Harkaitz baten terrazatxotik egiten den zeharkaldia da. Guk elur guti aurkitu genuen bertan, baina aunitz eta gogor dagoelarik esposizio pixka bat du pasabideak.


Pasabidea gibelean utzita, segidan paratu genituen eskiak zangoetan. Handik metro gutira eskuinetara Bisaurin aldera doan bidea utzi eta metro batzuk galduko genituen Agüerriko errekaraino jaisteko.


Erreka gurutzatzeko eskiak kendu behar dira. Ondotik Agüerriko amildegia osorik igateari ekinen genion, momentu guzian errekaren bazterretik eta altuera sobera irabazi gabe.


Hasmentako zatian izei ttipi artetik doa bidea.


Baina goiti egin ahala, zuhaitzak desagertzen hasten dira. Zati honetan erreka gure eskuinetara genuen, baina fite aldatuko ginen aldez.


Animaliendako korrale batzuen ondotik pasatuko ginen eta poliki-poliki bidea bailarattoa iparralderantz biratzen hasiko zen. Zati honetan nahiz eta altuerarik kasik ez irabazi, fite aitzineratzen da eskiekin.


Iparraldera biratzen hasita, errekaren bertze aldera pasatuko ginen.


Eta igoerako lehen puntu konfliktiboa gainditu beharko genuen. Malda tentetzen den zati bat da eta ordu horretan itzalean zegoenez elurra gogor genuen. Argazkian erdian bakarrik ikusten den zuhaixkaren gainetik ezkerretara eguzkiak pixka bat ematen dion bizkarttora esposizio handiko zeharkaldia egin nuen nik. Elur gogorrarekin arriskua duen zatia da. Hobe da zuhaixkatik goiti ikusten den hodi itxurako malda zuzen segitzea goitiraino.


Argazki honetan Lorea hodi horren irteeran dago. Kranpoiak paratu zituen malda hori gainditzeko. Ni erran bezala eskiak eta kutxilak nituela zeharkaldi txar bat eginez atera nintzen puntu berera.


Behin zati hori gaindituta bailara pixka bat irekitzen da eta zailtasuna ttipitu egiten da. Zati honetan altuera sobera irabazi gabe malden azpiko aldetik segituko genuen bailaran goiti.


Azken aldiz elurpean zegoen erreka gurutzatu eta Secuseko etxolaren ondotik pasatuta bailaratik aterako gintuen malda iganen genuen. Hau eguzkitan zegoen jadanik eta ez zuen bertzearen zailtasunik.


Amildegia Paul de Secus izeneko zelaittoan "hiltzen" da. Leku ederra da, energia berezia duena. Hor ezkerretara biratu eta argazkian ikusten den lepora iganen ginen poliki-poliki inklinazioa hartzen joaten den maldatik.


Gure gibelean utziko genuen Paul se Secus izeneko mendiz inguratutako zelaittoa. Udan azienda egoten da inguru honetan bazkatzen, baina oraingoan asteetan inor ibili ez zenaren sentsazioa genuen.


Agüerri mendiaren iparraldeko lepora aterako ginen ekialdeko orientazioa duen maldatik. Eguzkitan hau ere, aise gaindituko genuen. Gure gibelean Bisaurin mendia eta bere mendebaldeko aurpegi ezezaguna ageri ziren. Bisaurin eta Puntal de Secus mendien arteko lepora alde honetatik igaten den hodi itxurako maldak ere itxura ederra zuen, baina Secus mendiaren hegoaldeko aurpegiak ere.


Lepora ailegatuta azken malda bertzerik ez zitzaigun gelditzen kaskora ateratzeko. Gure gibelean Secus eta Costatiza mendien hego aurpegitxoak genituen, eskiatzeko aproposak biak ere.


Urrunago Castillo d'Acher eta bezperan ibilitako Ozako mendiak.


Argazkian ikusten den bezala Agüerriren iparraldeko maldak ez du ikaragarrizko maldarik, baina delikatua izaten da normalean. Azken 150 metroak egiteko kranpoiak paratuko genituen.


Aitzineko asteetan egindako euriak hormatua utzi zuen malda, eta kasu emanez igan ginen.


Azken zatian... Atsegin hartu genuen akitu zelarik! 


Maldak kaskotik metro gutira utziko gintuen. Ezkerretara biratu eta gandor errazetik segidan ailegatuko ginen bertara.


13:31 : Pico Agüerri (2447m)

Lau orduko igoera ederraren ondotik kaskoan ginen! Hego-mendebaldeko maldatik igaten ari ziren bertze bi eskiatzaile kenduta inor ere ez genuen ikusi egun osoan.


Sobera luzatu gabe, gandorretik ekialdera egin eta hego-mendebaldeko maldan sartzeko bidearen bila hasi ginen. Gandorreko lepo bat da, kanal zabal batetik malda zabalagoetan sartzeko aukera emanen ziguna.


Lepottoan prestatu eta kanalean lehen bira eman ondotik malda tentean barneratu ginen. 1000 metro eskaseko jaitsiera genuen esperoan! Hasmentan 40 gradu inguruko malda du, baina jaitsi ahala pixka bat etzaten da. Argazkian ikusten da abiatu ginen lepoa edo arrakala.


Hortik beheiti frenoak askatu eta gozatuz jaitsi ginen udaberriko elur goxotan.


Dena guretako bakarrik!


Malda zabalak eskiatuta, azpiko partean zuhaixken artetik pasatu behar da berriz ere Agüerriko errekaraino jaisteko. Azpian geldialdia fokak paratzeko eta zerbait jateko eskiatu berri genuen aurpegi ederra parean genuela.


Errekatik goiti igoera ttipi bat dagoenez, fokak paratu genituen. Elurra guri zegoen ordurako eta fiteago joanen ginen eskien gainean oinez baino.


Fokekin ailegatu ginen Salto de la Vieja inguruko pasabideraino. Hor eskiak bizkarrera eta aterperaino eramamen gintien paseoari ekin genion.


15:32 : Refugio de Gabardito (1373m)

Aterpeko atarian garagardo bat hartuz ospatu genuen egun eta asteburu ederraren akabaila. Echo bailarak berriz ere liluratuta utzi gaitu!


 

2026/02/25

Quimboa Alto (2182m) eta Petraficha (2186m)

EGUNA: 2026/02/21

ABIAPUNTUA: Guarrinza (1203m)

ZAILTASUNA: S2

IRAUPENA:
  • Igoera (Anzotiellotik): Lau ordu 
  • Jaitsiera (Petrafichatik): Bi ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jaka aldera doan autobidea hartuko dugu Puente La Reina de Jaca herriraino. Bertatik Echoko bailarara doana hartu behar da eta osorik zeharkatu bailara hori Echo herritik goiti Selva de Ozara doan errepidea hartzeko. Elurte handien ondotik Boca del Infierno deitzen den arroiletik pasatzen den bide zatia hetsia egotea posible da. Elurrik ez badago Guarrinzako aparkalekuraino ailegatzen ahalko gara.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Klima aldaketa dela eta, Echo bailaran eskiatzeko aukerak gero eta gutiagotan izaten dira. Duela lau urte egon ginen azken aldiz inguru honetan elurretan eta ordukoan Lariste mendiaren hego-aurpegia izan genuen jomuga. Oraingoan asteburu zoragarria pasatu dugu zonaldean eta lehen egunean Guarrinzatik Quimboa Alto eta Petraficha mendien itzulia egin dugu. 

9:14 : Guarrinza (1203m)
Echo herrian gaua pasatu eta lehen orduan hurbildu ginen Guarrinzara. Bertaraino autoz ailegatuta kontent ginen, Selva de Ozatik abiatzeak bi kilometro eta erdiko errepide zati lauan joan-etorria egitea erran nahi baitu. 


Minako aparkalekura doan pistatik eman genituen lehen metroak. Egia erran azken aparkalekurainoko bidea garbi zegoen eta aise ailegatzen ahalko ginen autoz ere.


Minako aparkalekutik ezkerretara igaten hasten den bidexka bat hartu genuen. 


100 bat metro igan eta bizkar batean eskiak paratzen ahalko genituen.


Urrunean duela urte batzuk eskalatutako Acheritoren hegoaldeko pareta ederra ikusten hasi ginen.


Sabucarreko etxolatxoa kokatua dagoen bizkarretik pixka bat mendebalderantz egin genuen.


Eta etxolaren parera ailegatuta iparralderantz biratzen hasiko ginen. Argazkian ikusten den basotxoaren gaineko terraza gisakotik eginen genuen ondoko zatia.


Gure gibelean bailara honetako bertze ezagun bat ageri zen: Castillo d'Acher.


Aipatutako terraza gisakora aterata zati batean ez genuen altuerarik irabaziko.


Gure ezkerretara jaitsieran gurutzatuko genuen Petrafichako lepoa ikusten hasi ginen. Lepo horren paretik beheiti jaisten den amildegi sakona gurutzatzeko punturik errazenaren bila altuera pixka bat galdu beharko genuen.


Azkenena pinu artetik 100 bat metro galdu beharko genituen amildegiaren puntu ahularen bila.


Erreka gurutzatzeko eskiak kendu behar izan genituen, baina ez genituen gehiago kenduko egunaren hondarrera arte.


Alde guzietara paisaia dolomitikoa genuela Anzotielloko lepoaren bila iparralderantz egiten segitu genuen.


Ansabereko orratzak ere ageri ziren Acheritoko lepoaren bertze aldean.


Iparralderako zeharkaldia Anzotielloko lepora doan bailaratxoan sartuta akitu genuen. Puntu honetatik parean genuen leporaino joko genuen malda etzan eta errazetatik.


Gure ezkerretara beranduago zapalduko genituen Quimboa Alto eta Petraficha mendiak ikusten genituen. Zurizako aldetik mendi etzan eta borobilak dira, baina alderdi honetatik pareta tente ikusgarriak.


Inguru honetatik Gorretako lepora joateko aukera ere badago, gero bertatik Chinebral mendia igateko. Bertze baterako...


Bide zatirik handiena gure ibilbide bera egiten ari ziren lau errioxarrekin egin genuen. Agur bat haiendako lerro hauek irakurtzen badituzte!


Bikote izatetik seikote izatera pasatu ginen... Lepora ailegatzeko azken metroak pixka bat tentetzen dira, baina arras errazak dira.


11:54 : Paso de Anzotiello (2014m)
Bi ordu eta 40 minutuko zeharkaldiaren ondotik eguneko lehen lepora ailegatu ginen.


Lepotik bertze aldera metro batzuk galdu behar dira ezkerretara biratu eta Quimboaren hego-mendebaldeko maldara pasatzeko.


Guk foka-larruak kendu gabe jaitsi genituen metro horieak. Argazkian erdian ikusten den puntatxoaren ondoraino jaitsiko ginen, bertatik ezkerretara jotzeko.


Quimboa Baxo eta Alto mendien arteko lepo zabaletik pasatu eta Quimboa Altoren hego-mendebaldeko malda igaten hasiko ginen. Azkena kaskora ailegatzeko!


Malda tenteagoa da zati honetan, baina saihesteko aukera dago argazkian gure gibelean ikusten den bailaratxotik.


12:47 : Quimboa Alto (2182m)
Quimboaren mendebaldeko bizkarrera atera eta bertatik egin genuen lehen kaskorainokoa. Bertan gelditu gabe aitzinera egin genuen Petraficharaino doan gandor errazetik.


Gibelean Quimboa Baxo eta gure eskuinetara Alano mendiak...


Paraje ederra eta elurra ausarki!


13:05 : Petraficha (2186m)
Minutu guti batzuetan eguneko bigarren eta azken kaskoan ginen. Zerbait jateko geldialdia egin genuen kasik lau orduz gelditu gabe ibili ondotik.


Ondotik mendiaren hego-mendebaldeko malda ederra eskiatzeari ekin genion.


400 bat metroko jaitsiera egin genuen, gehiena argazkian ikusten den hodi zabal itxurako maldatik.


Jaitsiera arras ona iruditu zitzaigun!


13:40 : Barranco de Petraficha (1730m)
450 metroko jaitsiera ederra Petrafichako amildegiaren sakonean akitu genuen, bi hodiren arteko bidegurutze modukoan


Berriz fokak paratu eta ezkerretara genuen bailaratxotik goiti Petrafichako leporaino iganen ginen.


230 bat metroko igoera izanen zen azken hau...


14:23 : Collado de Petraficha (1964m)
Lepotik berriz ere Oza aldera itzuliko ginen. Uste genuen elurra guriegia izanen genuelako tenorea ikusita, baina sorpresa polita eramanen genuen.


Parean Acheritoko laku hormatua ikusten genuen urrunean...


Chipeta mendiaren itzalean zeuden maldetan elur-hauts goxoa harrapatu genuen eta aunitz gozatu genuen eguneko bigarren jaitsieraz.


Maldak eskuinetara eginen genituen zeharkaldiekin tartekatu genituen. Auto aldera ongi jaisteko hobe da bailararen eskuineko aldetik altuera sobera galdu gabe joatea.


1330 metrora arte jaitsi ahal izan ginen eskiak zangoetan genituela; igoeran paratu genituen puntu berera hain zuzen ere. 100 metro eskas jaitsita Minako aparkalekuan izanen ginen.


15:27 : Guarrinza (1203m)
Errioxarrak agurtu eta pistatik Guarrinzako aparkalekurako azken metroak eginez akitu genuen ateraldia. Pena da paraje hauek gehiagotan elurtuta ez ikustea, baina aukera dugularik itzuliko gara. Huescako Dolomitak!