2020/05/31

Txamantxoia (1941m)

EGUNA: 2020/05/30

ABIAPUNTUA: Borda Marengo (923m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Igoera: Bi ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Erronkari ibarrera joateko Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu eta Irunberrira joan behar da. Hemendik Zaraitzuko bailarara doan errepidea hartu behar da Nabaskoize herrian utzi eta eta Burgi aldera jo arte. Coronaseko lepoa zeharkatu, Erronkarin sartu eta bailara igotzeari ekinen diogu. Izabatik goiti, Belaguan barneratuko gara eta errepidearen eskuinetara dagoen gasnategi bat bilatu beharko dugu. Bertatik hasten da ibilaldia.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Konfinamenduaren irekierarekin batera, herri inguruko mendiak utzi eta aspaldiko partez Pirinio aldera jo genuen. Nafar Pirinioaren lekurik ezagun eta ikusgarriena Belagua ingurua da dudarik gabe eta bertara joateko ohitura aunitzik ez dugun arren, leku zoragarria da. Mendian lasterka egun batzuk lehenago orkatilan egin nuen bihurrituaren ondorioz Hiru Erregeen Mahaiari itzulia emanez egin nahi genuen bi eguneko zeharkaldia alde batera utzi eta B plan baten bila hasi ginen. Zuriza eta Belaguaren artean altxatzen den Txamantxoia mendia hautatu genuen, bere altuera apala izan arren inguruetako mendien begiratoki ederra dena.

10:26 : Borda Marengo (923m)
Mantso hasi ginen ibiltzen gasnategi inguruan autoa utzita.


Alertze eta belar arteko bidexkak segidan hartzen du goitiko bidea, atsedenik gabe lehen zati honetan.


Itzalak ematen zigun freskotasunean erritmo bizian egin genuen igoeraren puska hau.


Zuhaitz artetik atera eta larre berdeetan igo ahala inguruko mendiak agertzen hasi ziren: Kartxela eta Lakora inguruak, bertzeak bertze.


Erronkari ibarra, gutxitan etortzen gara etxetik hurbil dugun txoko honetara.


Baso zatiak eta larreak tartekatzen dira igoeraren erdiko zatian.


Polita da zati hau, eta gainera igoera guzia bezala ibiltzeko arras erosoa.


Azken baso zati hetsian...


Kartxela eta Keleta inguruak, ekaina ia gehienean Nafarroatik ezinen garenez atera bertara ere joanen gara agian.


Goitiko zatian arbolak desagertu eta larre zabaletatik ibili ginen gandor zabalera atera arte.


Alfonbra berdea, asteon erran bezala ibiltzeko arras erosoa.


Mendiaren hegoaldean Ezkaurre eta bere ipar-ekialdeko ertza. Ea noizbait bisitatxo bat egiten diodan.


Maldak akitu eta azken zatia gandor zabal eta luzetik egiten da. Gailurra urrunen ikusten dena da.


Zati honetako panoramika ederra da alde guzietara eta Zuriza inguruko mendiak dotore ikusten dira.


Azken maldatxoa gailurrera ailegatzeko...


12:21 : Txamantxoia (1941m)
Bi ordu eskasean goitian ginen erritmo onean igo eta gero...


Gailurrean luze egon ginen inguruaz gozatzen. Zuriza aldera duen ikuspegia zoragarria da bertako mendi guziekin. Irudian ezkerretik eskuinera Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema, Sobarcal, Acherito, Chinebral, Gorreta de los Gabatxos, Quimboa mendiak, Alano mendiak...


Egonaldiaren ondotik beheitirakoa igotako bide beretik...


Argazkian Lakora eta Belaguako aterpe inguruak...


Ziztu bizian alfonbra berdean beheiti. Edozein lekutatik jaisten ahal da.


Lehen arbolak...


Baso trinkoenerako sarrera tunel itxurako sarrera honek markatzen du. Garrantzitsua da toki hau harrapatzea basora ongi sartzeko.


Tunelaren barrenean...


Azken zatia...


14:15 : Borda Marengo (923m)
Lau ordu azpitik eman genuen Belaguako mendi polit eta ezagun hau bisitatzeko itzulia. Gehiagotan etorriko beharko gara inguru hauetara...

2020/05/29

Olateko Ttutturru (926m), Olate (936m), Elhorriko Kaskoa (987m), Harrigorri (1115m)

EGUNA: 2020/05/27

ABIAPUNTUA: Erratzu (285m)

ZAILTASUNA:
Nahiko erraza (PD-). Olateko Ttutturrura igotzeko ertzean I-II arteko eskalada pausuak daude. Batzuk saihesten ahal dira, baina bertzeak ez. Olateko Ttutturrutik Olate alderako gandorrean ere eskalada errazak egin behar dira.

DENBORAK:
  • Erratzu - Olateko Ttutturru : 2 ordu
  • Olateko Ttutturru - Olate : 20 minutu
  • Olate - Elhorriko Kaskoa : 30 minutu
  • Elhorriko Kaskoa - Harrigorri : 45 minutu
  • Harrigorri - Erratzu : Ordu eta laurden
NOLA AILEGATU:
Erratzu herritik beretik abiatuko gara. Herri sarrerako pisuen inguruko aparkalekuetan uzten ahal da ibilgailua.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Erratzuko bertze mendien itzalean ezkutatuta dago Olateko Ttutturru mendia. Auzaren handitasunak, Iparlako gandorraren ikusgarritasunak eta Alkaxuri basatiak urtero ehunka mendizale erakartzen dituzten bitartean, Olateko Ttutturruan harkaitzetan putreek hartzen duten babes lasaitasun osoan. Gailurrean ez dago harri mukururik, ezta postontzirik ere. Baina herritik mendietara begiratzen jartzen bagara, oharkabean gure begirada bere punta zorrotzera zuzenduko da, tente altxatzen baita mendebaldetik begiratuta. Nik Txindokiren antza pixka bat hartzen diot, eta Txindoki Goierriko Cervino baldin bada, Olateko Ttutturru Erratzuko Cervino izendatu beharko dugu.

Erratzuko kasko guziak igotzeko falta zitzaizkigun azken gailurrak Ttutturrutik hasita eginen genituen, Elortako larre berde eta politen inguruan ibilita.


8:11 : Erratzu (285m)
Egun zoragarria lagun abiatu ginen herritik goizeko freskura goxoan. Herria utzi eta Iñarbil auzoko errepidetik goiti abiatu ginen.


Iñarbil osorik zeharkatuko genuen asfaltoa akitzen den lekuraino eta puntu honetan belar artean nekez ikusten den bidexka batetik segitu genuen.


Darteko zelaian pistara atera ginen eta lehen aldiz ikusi genuen Erratzuko Cervinoa.


Pistatik zatitxo bat eginda, iratze eta belar arteko bidexka honetatik errekara jaitsiko ginen igoera gogorrari ekin aitzinetik.


Oihan artean sartu ginen erreka ondoan. Berdea nagusi inguruan...


Erran bezala, errekatik goiti atsedenik gabeko igoera hasten da pagadi artetik Olateko Ttutturruren mendebaldeko ertzera atera arte.


Bidean harkaitz berezi hauen ondotik pasatuko ginen.


Harkaitzetako batean korrale bat egiteko aprobetxatu dute.


Pagaditik atera eta iratze artetik egin genituen ertzerako azken metroak.


Lepotxo honetan hartuko genuen Ttutturruren mendebaldeko ertza. Leku polita da arras!


Poliki-poliki ertzean goiti abiatu ginen, lehenik oinez eta inguruko ikuspegiaz gozatuz. Argazkian aitzineko ibilaldietan igo ditugun Erratzuko bertze gailurrak ageri dira: Aizpitza, Gorramendi, Gorramakil, Bardako Kaskoa, Alkaxuri, Iparla, Tutulia, Buztanzelai...


Ertzean tarteka harkaitz pasabide batzuk daude. Batzuk saihesten ahal dira, baina bertzeak ez.



Gozatzen...


Beherantz egin beharreko eskaladatxo hau da pausurik zailenetarikoa. Dena den, bazterretik saihets daiteke.


Gailurrera hurbiltzen...


Azken metroak...


9:48 : Olateko Ttutturru (926m)
Eguneko lehen gailurra sakelara...


Segidan irudian ikusten den gandorra zeharkatuko genuen Olateko gailur nagusiraino. Gailurrean zuhaitzak dituen hori da.


Bideak eskaladatxo gehiago. Pausu politak daude han-hemenka...


Gibelera begirada Olateko Ttutturruri. Ekialdetik ikusita ez da hain tentea.


Harkaitz arteko zatiak utzi eta gandorra zabaldu eta pago artean barneratzen da azken zatian.


10:01 : Olate (936m)
Hala ailegatu ginen eguneko bigarren tontorrera. Ez da erraza zein den jakitea, gandorrean hainbat kota baitaude eta gailurrean ez baitago inolako harri mukuru edo seinalerik. Guk tartetxo bat hartu eta harri mukuru txiki bat egin genuen gailurra zein den identifikatzeko.


Jarraian, gandorra utzi eta larre berde ederretatik Elortako eremuan barneratu ginen. Toki zoragarria da, eta garai honetan kolore biziekin dotore dago. Parean genituen ondotik igoko genituen bi gailurrak: ezkerretara Elhorriko Kaskoa eta eskuinetara Harrigorri.


10:07 : Nekaitzeko lepoa (815m)
Lepo honetara lasterka jaitsi eta alfonbra berdean goiti abiatu ginen Elhorriko Kaskora.


Azken metroak... Leku paregabea ibiltzeko, lasterka egiteko, etzanda egoteko...


10:20 : Elhorriko Kaskoa (987m)
Erratzuko gailur guziak igotzeko proiektutxoaren azken aitzineko mendian ginen! Helburua kasik lortuta!


Eta parean genuen azkena ere: Harrigorri. Auzara magalean altxatzen den harkaitz gorrixka ikusgarria. Elorrietako lepora jaitsi eta malda tente batetik eginen genituen bertarainokoak.


10:28 : Elorrietako lepoa (831m)
Lepoan, azken igoerari ekiteko prest...


Gure gibelean berriz lehentxeago igotako mendiak. Olateko Ttutturruk alde honetatik begiratuta itxura arras desberdina du.


Igoera tentea da Harrigorri aldera doana eta dagoeneko bero egiten zuen...


Eskertzen zen beraz pagadi arteko freskura...


10:51 : Harrigorri
Helburua lortuta! Erratzu inguratzen duten 21 mendi gailurrak igota, herritik beretik abiatutako lau ateralditan.


Olate Harrigorritik.


Eta Elhorriko Kaskoa... Hau berez Erratzuko mugetatik kanpo gelditzen da, baina hurbil dagoenez zerrendan sartu genuen.


Gora gu ta gutarrak!


Pixka bat egon ondotik gailurra utzi eta beherakoari ekin genioen. Akitzeko plan polita izanen zen Auza, herriko gailurrik altuena, igotzea baina ez genuen denborarik eta alde batera utzi genuen.


Elorrietako lepora itzuli eta herri aldera biderik zuzenetik jaisten hasi ginen, nahiz eta tartean igoeratxo bat egin.


A zer lekuan dagoen borda hau! Zoragarroa!


Pagadi artetik lasterka jaisten segitu genuen. Ondoren Larreta eta Iñarbilera doan pista hartuko genuen handik herrira itzultzeko.


Kuarteleko kaskoan geldialditxoa Olateko Ttutturruri azken begiradatxoa emateko.


11:55 : Erratzu (285m)
Eta ziztu bizian jaitsi ginen herriraino. Udaberriko proiektutxoa gauzatua!

1. sektorea (Auza hegoaldeko zirkua)
Soralar (827m)
Burga (872m)
Argañeta (1004m)
Ixtauz (1024m)
Antxola (1119m)
Auza (1306m)

2. sektorea (Gorramendiko mendigunea)
Aizpitza (959m)
Gorramendi (1071m)
Otanarte (1064m)
Gorramakil (1087m)
Bardako Kaskoa (949m)
Alkaxuri (967m)

3. sektorea (Iparlako gandorra)
Iparla (1044m)
Tutulia (987m)
Astate (1016m)
Buztanzelai (1029m)
Aintziaga (905m)

4. sektorea (Elorta ingurua)
Olateko Ttutturru (926m)
Olate (936m)
Elhorriko Kaskoa (987m)
Harrigorri (1115m)


BIDEOA: