2010/07/31

Anayet (2574m), Vertice de Anayet (2559m)

EGUNA: 2010/07/31

IRTEERA: Corral de Mulas

ZAILTASUNA: Errexa (F). Anayetera igotzeko kate bat dago pausu batean laguntzeko eta azken metroak tximinia tente batetik egiten dira. Vertice de Anayetek ez dauka inolako zailtasunik.

EGURALDIA: Eguzkitsua.

DENBORAK: 
- Corral de Mulas-Collado Anayet: 2h 18min
- Collado Anayet-Anayet: 0h 25min
- Collado Anayet-Vertice Anayet: 0h 20min

NOLA IRITSI: Iruñeatik Jacara joan eta hemendik Formigal eski estaziora joango gara. Formigal eta Pourtaleteko lepoaren artean Anayet aparkalekua dago. Hala ere, ateka batek ez digu uzten (Neguan izan ezik) bertaraino joaten. Atekaren ondoan dagoen aparkaleku txikian utziko dugu autoa.

DESKRIBAPENA: 
Lagun batekin plana eginda neukan astebururen batean mendira elkarrekin joateko eta hala, uztailako azken asteburuan, eguraldiaren iragarpena ona zela ikusita, Anayet aldera joatea erabaki genuen. Ostiral arratsaldean atera ginen eta gauerako Corral de Mulaseko aparkalekuan ginen furgonetarekin. Afaldu eta lotara iratzargailuak goiz joko baitzuen.


0h 00min: Corral de Mulas (1635m)
Seiak eta erdietan ernatu ginen. Goiz, baina egun oso beroa espero zen eta onena goiz ernatzea. Gosaldu eta prestatu ondoren, zazpiak eta laurdenean goruntz abiatu ginen. Hasieran, ateka zeharkatu eta bi km. inguruko errepide zatia ibili genuen Anayet aparkalekuraino. Lotsagarria da mendian errepide bat egitea urte erdia baino gehiagoan itxita edukitzeko. Diruaren hotsak.


Eguzkia Picos del Infierno mendien atzetik aterako zen.


0h 30min: Anayet aparkalekua (1720m)
Errepidea bukatzen den tokian, aparkalekua dago. Aparkalekua eta jatetxeak atzean utzi eta erremonteen azpitik abiatu ginen  Anayeteko lakuetara eramanen gintuen bidearen bila.


Metro gutxiren buruan, pisten ondoan, seinale honek markatzen du hartu beharreko bidea.


Metro batzuk galdu genituen, errekatxo bat zeharkatzeko.


Eta behin bidexkatik errekatxoa zeharkatuta, eskuinera biratu ginen Culibillaseko amildegian sartuz.


Amildegi hau osorik zeharkatu behar da.


Atzean ikusten den lepora iritsi arte.


Malda etzana zen momentuoro eta bistak paregabeak.


Behi tropak Culibillaseko amoldegian.


Azken metroetan, malda pixka bat tentetzen da eta horrela lepora ailegatu ginen.


1h 32min: Paso de Culibillas (2205m)
Lepora iritsita atzera begirada igotako zatiari.


Eta aurrera, Anayeteko zirkuan sartu ginen, gailurra lehen aldiz bistaratuz.


Zirkua ederra da oso. Lautada handi berdea, harri gorriz osatuta eta mendiz inguratuta. Urrunean Midi d'Ossau ikusten da, Anayeteko lakuen atzean.


Gure helmuga ordea, Anayeteko gailurra zen. Puntu horretatik itxura beldurgarria zuen oso. Ezin igoa zirudien. Hala ere, oinera hurbildu ahala,  gailurrera eramango gintuen tximinia ikusten hasiko ginen.


2h 18min: Collado de Anayet (2404m)
Lautada zeharkatu eta mala tente baina motz bat igo ondotik, Anayeteko lepora igo ginen. Hemendik, ezkerretara biratuz gero, Vertice de Anayetera joaten da eta eskuinetara biratuz gero Anayetera. Gu azken honetara abiatu ginen.


Lautadara begirada lepotik.


Hitoei segika metro batzuk egin eta gero, "Paso de la Cadena" pausu famatura ailegatu ginen. Pausu horizontal bat da, kate batekin lagundua. Hala ere, harkaitzak lehorrak badaude ez dauka inongo arriskurik. Bertze gauza bat izanen litzateke elurrarekin edo izotzarekin.


Pausua gaindituta ezkerretara biratu eta irudiko tximinia tentean gora igo ginen. Tarteka eskuak ipini behar dira, baina errexa da.


2h 43min: Anayet (2574m)
Tximiniatik atera eta eskuinetara metro batzuk eginda gailurrera iritsi ginen. Vertice de Anayet gailurretik.


Anayeteko lakuak gailurretik.


Midi d'Ossau gailurretik.


Collarada eta bertze mendi batzuk gailurretik.


Bista zoragarriez gozatu ondotik, zerbait jan eta behera abiatu ginen.


"Paso de la Cadena" pausutik jaisten.


Kolore gorrixkak bidean zehar.


3h 17min: Collado de Anayet (2404m)
Berriz ere lepora bueltan, Vertice de Anayetera igotzea eranaki genuen, oraindik goiz zen eta.


Verticeren tontor gorrixka, aldapa errex bat igo ostean harrapatzen da.


3h 37min: Vertice de Anayet (2559m)
Eguneko bigarren gailurra, hau ere bista ederrekin. Argazki batzuk atera eta gero, beheraka abiatu ginen.


Beherakoan Anayeteko lakuetara hurbildu ginen, zerbait jatera.


Anayeteko lakuetatik ere ikusmira ederra zegoen. Atzean Anayet.


Baina ona den guztia bukatzen da eta guk ere beherako bidea hartu genuen. Vertice eta Anayeti azken begirada.


Berriz ere Culibillaseko amildegian sartu ginen, Infernuen begiradapean.


Poliki-poliki inguruaz gozatuz kotxera buelta egin genuen.


Balaitous mendia bidetik.


Azkenean, kotxera iritsi eta etxera bueltan abiatu ginen. Egun ederra benetan!

2010/07/15

Neouvielle (3091m)

EGUNA: 2010/07/15

IRTEERA: Lac d'Aubert

EGURALDIA: Eguzkitsua

ZAILTASUNA: Errexa (F). Ez dauka aparteko zailtasunik.

DENBORA: 3h 00min (Igoera)

NOLA IRITSI: Saint Lary Soulan herritik hegoalderuntz errepidea hartu, Bielsako tunel alderantz. Haranean gora hainbat kilometro egin ostean, Fabian herrixkan Neouvielleko Erreserba Naturalera igotzen den errepidea hartuko dugu. Oregon lakura heltzean, eskuinetara biratuko gara Aubert lakuko aparkalekura igotzeko. Bide zati hau udan itxita egoten da bederatzi eta erdietatik arratsaldeko seirak arte.

SARRERA:
Neouvielle bere izen bereko Erreserba Naturaleko mendirik ezagunena da, altuena izan ez arren. Bere itxura ikusgarriak eta inguruko parajearen edertasunak jende asko erakartzen du bertara. Igo genuen bideaz gain, La Glere aterpetik Breche Chausenquen barrena joaten den bidea ere oso erabilia izan ohi da.

DESKRIBAPENA:
Udako San Ferminak eta geroko egun libre batzuk aprobetxatzeko asmoz, Pirinioetara joateko asmoz genbiltzan, Gavarnie aldera, La Munia eta Astazuak igotzeko ideiarekin. Hala ere, azken momentuan eguraldiaren iragarpen kaxkarra ikusirik, Saint Lary ingurura joan ginen, gutxiago ezagutzen genuen zonaldea eta eguraldi ona ez izan arren ere, ibilalditxoak egiteko aukera emanen ziguna. Baina bertze behin, iragarpenak ustelak izan ziren eta aste paregabea tokatu zitzaigun. Honela, hiru egunez Bastan lakuetan, Rioumajoun eta Pinetako haranean ibilalditxoak egin ondotik, laugarrenerako Neouvielle mendira igotzen saiatzea erabaki genuen. Ez zitzaidan ezezaguna mendi hau, bi hilabete lehenago Turon de Neouvielle mendian ibilia nintzelako. Gainera aspalditik erakartzen ninduen mendi multzo horretan sartzen zen Neouvielle ere, beraz...

Ostegun goizean seietan ernatu ginen Saint Laryko kanpin batean, gau txarra pasa ondotik Frantziako festa nazionaleko su artifizial amaiezinak tarteko. Lainoak zerua estaltzen zuen, baina aintzineko egunetan bezala, behe-lainoa baino ez zen. Gosaldu eta bixi-bixi abiatu ginen kotxez Aubert lakuko aparkalekura. Errepidean gora gindoazela, behe-lainotik atera eta mendi ikusgarrien lurraldean sartu ginen bete-betean. Neouvielleko Erreserba Naturala ikaragarria da benetan. Mendi ederrak inguruan eta egun pasa ederra egiteko ere txoko oparoak. Agian izorratzen duen gauza bakarra errepidea hain gora igotzea.

Auberteko aparkaleku hutsean prestatu eta eta zazpiak eta hamarrean abiatu ginen gogotsu.

0h 00min: Lac d'Aubert (2160m)
Errepidea gurutzatu genuen lakuaren barrera aldera.


Behiak jadanik erne goizean goiz.


Lakua ia erabat hustuta zegoen obra batzuk zirela eta. Barrera gainetik pasatu ginen eta bertze aldean belardian gora abiatu ginen hitoei segika.


Bitartean beheko haranek lainopean segitzen zuten. Gu berriz izerditan.


0h 58min: Breque de Barris (2437m)
Hitoek Ramougnetik jaisten den arista behekaldetik zeharkatzen duen lepo honetara eramaten dute teorian. Guk okerreko batzuk segitu genituen eta aristako bretxa txiki batera ailegatu ginen. Gure akatsaz ohartu eta lepo honen bila jaitsi ginen. Ez dira gora doazen hitoak segitu behar. Lepotik aurrera harrien kaos batean sartzen gara, anfiteatro antzeko batean.



Hemendik aurrera, parez pare ikusten genuen Chausenque bretxara jo genuen. Hasieran harri bloke nardagarrien gainetik eta gero gustura elurretatik.


1h 56min: Breche Chausenque-ren oina (2667m)
Ez dugu bretxa ikusgarri hau gainditu behar. Bere oinera iristean ezker biratu behar da, Neouvielleko glaziar aldera. Bretxa ederra benetan!


Honela, etenik gabeko maldan gora baina elur onarekin, goian ikusten genuen Neouvielleko gailurraren bila abiatu ginen.


Pic du Midi de Bigorreko antenak urrunean.


Gailurra gero eta hurbilago ikusten zen. Azken zatian, elurra utzi eta berriro harrietatik gora egin beharko genuen. Gailurreko piramidearen gainera berriz, gora zoazen bezela, ezkerraldetik igotzen den kanal batetatik igo ginen. Eskuak ipini behar ziren baina zailtasun handirik gabe.


3h 00min: Neouvielle (3091m)
Azkenean uste baino errezago gailurra zapaldu genuen. Ramougn eta haran lainotuak behean.


Eta Pic Long, Turon de Neouvielle, Trois Consellers eta konpainia bertze aldetik.


Gailurreko argazkia.


Azken malda gailurretik ikusita.


Aubert eta Aumar lakuak gailurretik ikusita.


Gailurra oso estua da.


Goian egonaldi ederra egin ostean hainbat euskaldunekin solasean beheraka abiatu ginen. Irudian goitik ikusita jaitsi beharreko kanala.


Eta behin jaitsi eta gero...


Harkaitzak atzean utzita elurrean behera ziztu bizian jaitsi ginen, erdi laisterka erdi arrastaka.


Elur ugari zegoen nahiz eta uztailaren 15a izan.



Elurra atzean utzita gosaltzeko tarte bat hartu genuen lasai asko.


Ramougn mendia behetik ikusita.


Ingurune honek bisita merezi du. Breque de Barrisen azken begirada Chausenqueko bretxari eta Neouvilleko anfiteatroari.


Eta hortik behera belardiak eta harriak, jadanik abiapuntua hurbil zegoen.




Auberteko lakura ailegatzen paraje ederrean.


Auberteko lakua eta goian Madameteko lepoa, GR10eko punturik altuena 2509 metrorekin.


Azkenean, autora ailegatu eta Cap de Long aldera abiatu ginen, kanpin gasarekin lata batzuk berotu eta ederki bazkaltzera. Auberteko aterpe librea, aparkalekuaren ondoan.


Eguna, afizioa sortrzen duten horietakoa.


Neouvielleren postal ederra.


Neouvielle errepidetik aterata. Ezin nion argazkiak egiteari utzi.


Oredon lakua, Neouvielleko Erreserba Naturalaren erdian.


Azkenean, Val d'Estaragneko errekatxo baten ondoan bazkaldu genuen eta ondotik Cap de Long-eko urtegi handira hurbildu ginen Neouvielleri azken argazki bat egiteko asmoz. Irudian, Ramougn eta Trois Consellers mendien artean ageri da. Arratsaldean, Sain Laryko igerilekuan egonaldi ederra eginez eta gauean ospatzeko afari oparoa eginez bukatu zen gure oporralditxoa. Oroitzen diren aste horietakoa!