Mallo d'Acherito (2378m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Mallo d'Acherito (2378m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/10/05

Mallo d'Acherito (2378m)

EGUNA: 2022/10/02

ABIAPUNTUA: Guarrinza - La Mina (1235m)

ZAILTASUNA: Ertaina (V+, 400m)

DENBORAK:
  • Hurbiltzea: 2 ordu
  • Eskalada: 4 ordu
  • Jaitsiera: 2 ordu
NOLA AILEGATU:
Iruñetik Jaka aldera doan autobidea hartuko dugu Puente La Reina de Jaca herriraino. Bertatik Echoko bailarara doana hartu behar da eta osorik zeharkatu bailara hori Echo herritik goiti Selva de Ozara doan errepidea hartzeko. Selva de Ozako kanpina gibelean utzi eta bailararen hondarreraino segitu behar da, ezkerretara ateratzen den pista batetik Minako aparkalekuraino ailegatzeko.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc

KRONIKA:
Egunak eta asteak joan ahala Acherito mendiaren hegoaldeko aurpegian marraztutako Gran Diedro Sur bidea gero eta ezagunago ari da bilakatzen. Acheritoko bailararen edertasuna eta gailur honetara hegoaldeko pareta ikusgarritik igaten den bide egingarri honetatik ailegatzea mendi egun bikain baten osagai perfektuak dira. 

7:24 : Guarrinza - La Mina (1235m)
Joan den urteko isunak eskarmentatuta, kanpinean pasatu genuen gaua eta gosaldu ondotik hurbildu ginen Minako aparkalekura. Gauzak prestatu, kopetako argiak piztu eta goiti...


GR11aren bidea ezkerretara utzi eta Acheritoko bailaran barneratzen da guk segituko genuena, beti errekaren ibilbidearen ezkerreko aldetik. Lehen malda bat igan eta Acherito mendiaren hegoaldeko paretatzarra bistaratu genuen. Hori eskalatuko genuela pentsatze hutsak hotzikara bat sortu zidan bizkarretik goiti.


Lurrezko bide erosoak ez du altuera handirik irabazten eta aise egiten da. Gainera, ingurua zoragarria da...


Chipeta Alto mendia, iazko neguan eskiz izan ginen bertan.


Eguzkia Acherito eta Sobarcal mendien gaineko aldeak gorriz margotzen hasi zen mantso-mantso...


Hurbilago... Eskuineko aldean Ansabereko orratz ttipia, eskalada bide klasikoak igaten dira bertaraino.


Lescunekin muga egiten du bailara honek eta nabari da. Larre berde eta gailur bertikalen arteko kontarsteak zoragarroak dira. Eskuinetara Chourique edo Punta d'Acherito mendia ere agertzen hasi zen.


Bailara luzearen goitiko aldean plantatu ginen hala...


Paisaia dolomitikoa...


Eta paisaia honen erdian Acheritoko etxola dago.


8:36 : Refugio Barcal de Acherito (1745m)
Behin han ginela baliatuz etxolan sartu-atera bat egin genuen. Kanpotik egoera onean dago, baina barrenetik arras sinplea da. Deus guti du ikustekorik mendi hauen bertze aldean dauden Lescungoekin.


Etxolatik Huerto d'Acheritoko lepora doan bidea ezkerretara utzi eta zuzenean paretaren azpiko aldera igan ginen. Ahal izan genuen guzia belarretik egin genuen, baina azken zatian malda harritsu deserosoa zeharkatu behar izan genuen. Azken zatia hego-paretaren kontratik egin genuen bidearen hasmentaren bila eta nahi gabe lehen luzea akitzen den bilkuran plantatu ginen. Hortik hasiko genuen eskalada hortaz, luze bat gutiago eskalatuta... Egia erran uste dut merezi duela hortik hastea, azpiko luzea ez baitzirudien sobera interesgarria iduri, bat gehiago egiteagatik jarri izan balute bezala.

Bilkuran bilkuratxoa... Bi egun lehenago bota zuen elurrak hego paretaren zati bat bustita utzi zuen eta azken luzeetan elur pixka bat ere ageri zen. Horrek zalantzak sortzen zizkigun eta igan edo ez eztabaidatzen aritu ginen luze. Azkenean bideari ekitea erabaki genuen.


Lehen luzea salto eginda gure eskalada honela banatu genuen:

  • 1. luzea (IV+,40m): Metro batzuk ezkerretara egin eta gero irtengune batzuk eskalatu behar dira, tartean erlaitz erosoak dituztenak. Arroka arras itsaskorra da eta segurtasun handia ematen du.
Lehen luzea akitzen

  • 2. luzea (IV+,50m): Tximinia bat eskalatuz hasten da eta gero ezkerretara ateratzen den diedro batetik segitu. Aitzinekoa bezala ez da homogeneoa; hau da, erlaitz erosoak eta irtengunean tartekatzen dira. Irekitzen ari nintzela ez nuen berez hirugarren bilkura dena (guretako bigarrena) ikusi eta ohartu gabe hurrengo luzean sartuta nengoen. Sokek sobera tiratuko zutelakoan ez nuen hurrengo bilkuraraino segitu eta arroka batean bilgunea muntatu nuen.
Bigarren bilkurara ailegatzen
  • 3. luzea (V+,25m): Bilgunea muntatu nuen tokitik ondoko bilgunera oinez joan ginen (I) eta beraz gure hirugarren luzea bidearen bortzgarrena izan zen. Pasabide zailenaren azpian ginen.  Tximinia erraz batetik diedrora ailegatu eta eskuinetara dagoen pareta inklinatua eskalatu behar da. Hortxe dago bide osoko zailtasunik handiena.
B2bis bilkuran, V+ graduko pasabidea parean genuela


  • 4. luzea (III+,65m): Pausorik zailena gaindituta kanaltxo batzuez zatikatutako plaka etzanak eskalatuko genituen. Guk bidearen berezko 6. eta 7. luzeak elkartu genituen luze bakarrean eta ensanblean egin genuen 60 metroko soka ez baitzen gaineko bilkurara ailegatzen.
Kanaltxodun plaka etzanak eskalatzen


  • 5. luzea (V, 20m): Gure bortzgarren luzea bidearen zortzigarrena da. Tximinia bertikal bat eskalatu behar da bi aldeetako paretak baliatuz, hankekin gehienbat. V+ graduko pausoa baino aise errazagoa egin zitzaidan niri behintzat.
Tximiniaren irteeran

  • 6. luzea (IV+, 40m): Bilkuratik eskuinetara helduleku onak dituen pareta bertikala eskalatzen da. Behin hori eskalatuta, zailtasuna aunitz jaisten da eta tximinia baten azpiko aldean egiten da hurrengo bilkura.
  • 7. luzea (IV+, 25m): Luze honetan ere zailtasunik handiena hasmentan dago, tximinian hain zuzen ere. Behin tximinia gaindituta eskuinetara biratu eta terraza handian sartuko gara. Pauso erraz bat gaindituta aurkituko dugu bilkura.
Zazpigarren luzetik seigarren bilkurara

Zazpigarren luzea akitzen

Zazpigarren luzea erran bezala terraza handian akitzen da eta bertan oinez ibili beharreko 100 bat metro daude. Irristakorra izaten ahal da eta horregatik, tarteka paraboltak daude ezkerreko paretan. 


Terraza zeharkatuta ezkerretara kanal bat irekitzen da eta hortik igan behar da eskaladaren azken zatiari ekiteko.


Kobazulo polit batean dago azken zatiaren hasmenta.


  • 8. luzea (IV+,25m): Kobazulotik eskuinetara atera eta zuzen igan behar da kanaltxoz osatutako plaka bertikaletik. Behin zati hori gaindituta bidea etzaten da eta harkaitz handi baten eskuineko aldean egiten da bilkura.
Kobazulotik ateratzen

  • 9. luzea (II, 25m): Zailtasunik gabeko transizio luzea bertze koba batera ailegatzeko. Parabolt bakarra dago luze honetan eta bederatzigarren bilkurako zinta erorita aurkitu genuen guk.
II. graduko pauso errazak

  • 10. luzea (IV+,45m): Kobazulotik goiti zuzen atera eta hainbat irtengune gainditzen ditu luze honek. Bide eder hau akitzeko luze dotoreak gailurretik metro guti batzuetara uzten zaitu.
Azken metroak bidea akitzeko

 15:00 : Mallo d'Acherito (2378m)
Abiatu eta sei ordu eta erdiren buruan zapaldu genuen gailurra. Tenperatura bikainarekin egonaldi goxoa egin genuen elurrez apaindutako inguruko mendiak kontenplatuz. Arras kontent ginen zalantzak zalantza bidean sartu eta goitiraino ailegatu ginelako.



Chinebral ingurua kaskotik... Ea neguan bisitaren bat egiten diogu mendi honi...


Midi urrunean eta Sescques elur aunitzekin...


Petretxema, Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi, Billare, Dec de Lhurs...


Goitian ziren azken mendizaleak lekutu eta bakar-bakarrik egon ginen tarte batean.


Ondotik gailur polit hau agurtu eta hegoaldeko bide arruntetik beheiti abiatu ginen.


Huerto d´Acheritoko leporantz joan behar genuen berriz ere Acheritoko haranera itzultzeko. Hego magala jaitsi eta Linza aldera jaisten den bide nagusia eskuinetara utzita, pareko muinoa inguratzen duen bidexkatik ailegatuko ginen bertara.


Argi ikusgarriak urriko arratsaldeetakoak...


Acheritoko harana, horrat jaitsi behar genuen.


Gamuetako gainen iparraldeko pareta ere ikusgarria da zinez. Hegoaldera, berriz, eskiatzeko aproposak diren maldak erortzen dira.


15:52 : Collau del Huerto d'Acherito (2162m)
Lepoan ezkerretara biratu eta Acheritoko bailarara eramanen gintuen bidexkatik beheiti segitu genuen.


Parean pixka bat lehenago eskalatutako paretari harrotasunez begiratzen genion. Eskalada itzal handiena ikusten den ingurutik doa, gero gaineko erlaitzean eskuinetara biratu eta azken zatia bertze itzaleko zatititik egiteko.


Honako hau lasai-lasai egon zitzaigun begira metro guti batzuetara...


Berriz ere zirku politean barneratuz...


Behin eta berriz Acheritori begiratzeko itzultzen ginela...


Bidexka zatiak eta larre leunak tartekatuko genituen jaitsieran...


...etxola inguruan berriz ere goitirakoan ibili genuen bidexka harrapatzeko. Zer parajea eta zer eguna!


Zangoko behatzak minduta izanda ere, gustora zeharkatu genuen Acheritoko bailara oso-osorik Castillo d'Acherren begiradapean.


Acherito eta bere hego aurpegia bertze bat arte agurtu...


17:36 : Guarrinza - La Mina (1235m)
...eta atzenduko ez dugun egunari amaiera eman genion aparkalekuan. Ozara itzultzeko plan berriak pentsatzen hasiak gara!


BIDEOA:

2013/12/08

Mallo d'Acherito (2378m)

EGUNA: 2013/12/08

IRTEERA: Refugio de Linza (1340m)

ZAILTASUNA: 
- Alpinismo zailtasuna: PD. Azken malda arriskutsua izan daiteke, 40 gradu inguruko inklinazioa hartzen baitu.
- Eski zailtasuna: S3

DENBORAK:
- Igoera: 3 ordu eta erdi
- Jaitsiera: 2 ordu

NOLA IRITSI:
Iruñeatik Jaca aldera doan autobidetik jarraituko dugu Irunberri herriko irteeraraino. Hemen aterako gara eta Irunberri herritik Nabaskoitze herrira doan errepideari segiko diogu. Behin Nabaskoitzera iritsita, Coronaseko lepoan barrena Erronkariko ibarrera pasako gara. Burgi, Erronkari, Urzainki eta Izaba herriak gibelean utzita, eskuinetara Zurizara doan errepidea hartu behar da. Hemendik Linzako aterperaino joango gara.

DESKRIBAPENA:
Larunbatean hainbat motibogatik Acherito mendia igotzeko ideiaz aldatu eta Chinebral de Gamueta igo ondotik, igandean goizago abiatu eta berriz saiatzea erabaki genuen. Bigarren saiakera Foyas del Ingeniero bezala ezagutzen den eremu ikusgarritik eginen genuen, elur gehiago harrapatuko genuelakoan eta eskiak bizkarrean beharrean hanketan eramateko intentzioarekin. Eta halaxe izan zen. Toki hotza da Foyas del Ingeniero. Neguan hilabete askoz eguzki izpiek ez dute ukitu ere egiten. Hortaz, bertan oraindik elur hautsa dago.

9:10 : Refugio de Linza (1340m).
Autoz betetako aparkalekuan aparkatu eta ipar-eskiko pistetatik ekialderuntz abiatu ginen.



Gure gibelean, bezperan bezala Txamantxoia ikusgarri zegoen goizeko eguzki izpi gorrixketan.


Pistak gibelean utzita pagadi batean sartu ginen.


Pagadia metro gutxi irabazita zeharkatzen da eta jarraian Foyas del Ingenieroko parajean barneratu ginen. Zulo antzekoak dira eta bi daude. Lehena, irudikoa, bi aldetatik gainditu ahal da. Eskuinetik, zeharkaldi espuesto xamarra eginda (kontuz elur jauzi arriskua badago) edota ezkerreko elur malda tentetik. Gure kasuan, gorakoan eskuineko zeharkaldia hautatu genuen eta jaitsierarako malda zabal eta tentea.


Zeharkaldian. Aitzinago pausu estuago bat du, ezkerretara erorketa dexentearekin.


Behin lehenengo Foya gaindituta bigarrenera iritsi ginen. Hemendik jadanik Acheritoko gailurra ikusten zen.


Bigarren Foya ere igoeran eskuinaldetik gainditzen da, baina askoz ere errazagoa da. Foyaren ondoan gelditzen den balkoi antzeko batetik joaten da bidea.


Erraza izateaz gain, ingurua zoragarria da. Benetan merezi du elurrarekin bertatik fokeatzeak, ia jaitsieran bezainbat disfrutatu nuen zonalde honetatik igotzean. Irudian, Petretxema, Sobarcal eta Acherito mendiak. Acherito mendiaren eskuinaldean, Foyas del Ingenierotik Collada del Huertoko lepora ateratzen den kanala ikusten da.


11:59 : Collada del Huerto d'Acherito (2173m).
Honela ba bigarren Foyatik kanalean gora igo eta tubo batzuk gaindituta, azken maldaren azpikaldera iritsi ginen. Puntu honetan jaso genituen lehen eguzki izpiak eta baita eskertu ere. Lepoaren bertze aldera ezin da pasa, amildegia baitago, baina ikuspegia paregabea da Castillo d'Acher, Bisaurin eta enparauekin.


Lepotik gora azken malda bertzerik ez zen gelditzen. Tente xamarra da eta oraindik gogor xamar zegoenez kutxilak jarri behar izan nituen.


Maldak arista uzten dio lekua. Puntu horretan utzi nituen eskiak eta azken metroak oinez egin nituen harri dexente baitzeuden agerian.


12:34 : Mallo d'Acherito (2378m).
Eta azkenean gailurra! Ikuspegi ederra genuen. Lehen planoan Sobarcal eta Petretxema, atzerago berriz, Hiru Erregeen Mahaia eta Auñamendi.


Bezperan igotako Chinebral de Gamuetaren ipar aurpegia eta kresta ederrak dira Acheritotik ikusita.


Eta behean Lescun eta bere zirku bikaina. Urrunean Sesques mendia ere ageri zen zuri-zuri.


Gozamena...


 Erdialdeko Pirinioa, beti bezala Midi d'Ossau nabarmenduz. Vignemale ere ikus zitekeen.


Zer bait jan eta gailurraz pixkatean disfrutatu ondotik, beherakoari ekin genion. Arista zabaletik, itzaletan, Foyas del Ingenieroko parajea ikus daiteke.


Maldaren goikaldean eskiak prestatu nituen eta beheiti! Elurra transformatzen hasia zen eta egoera onean zegoen eskiatzeko. Elur gogorrarekin arriskutsua izan daiteke, maldaren ekialdean amildegia baitago Oza aldera, baina egoera onean gozamen hutsa da. Gainera malda osoa niretzat bakarrik zegoen, ez baitzen eskiatzaile gehiagorik igo egun horretan.


Malda gibelean utzita itzaletan sartu ginen berriz eta bertan elur hauts goxoa aurkitu genuen. Irudian, eskuinetan jaitsitako tubo politetako bat.


Zoragarria da paraje hauetan bakarrik eskiatzea.


Pagadian arratsalde izpi gorriek inguratu gintuzten...


14:52 : Refugio de Linza (1340m).
Berriz, arratsalde apaleko  eguzkitan iritsi ginen autora, asteburu bikainari bukaera emanez. Aspaldian igo nahi nituen bi eskiko klasiko igota...