2020/10/31

Kartxela (1982m), Keleta (1904m)

EGUNA: 2020/10/31

ABIAPUNTUA: Juan Pito benta (1164m)

ZAILTASUNA: 
Erraza (F+). Kartela eta Keletaren arteko gandorrean puntu batzuetan eskaladatxo errazak (I) egin behar dira.

DENBORAK:
  • Juan Pito - Kartxela : 2 ordu
  • Kartxela - Keleta : Ordubete
  • Keleta - Juan Pito : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Erronkari ibarrera joateko Iruñetik Pirinioetako Autobidea hartu eta Irunberrira joan behar da. Hemendik Zaraitzuko bailarara doan errepidea hartu behar da Nabaskoize herrian utzi eta eta Burgi aldera jo arte. Coronaseko lepoa zeharkatu, Erronkarin sartu eta bailara igotzeari ekinen diogu. Izabatik goiti, Belaguan barneratuko gara eta San Martingo Harrira igotzen den errepideari segituko diogu lehen bihurgune hetsian Juan Pito benta ikusiko dugun arte. 

Pakiza, Ukerdi eta Budogia inguruak gauez, Juan Pito bentatik 

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:

Etxealdiaren ondotik Baztandik ateratzen utzi zigutelarik, lehen ateraldia Belagua ingurura egin genuen eta berriz ere Nafarroatik ateratzeko debekua ezarri orduko han izan naiz bueltan. Kasu honetan, harana iparraldetik hesten duten Kartxela eta Keletaren gandor polita izan dut jomuga.

Keleta, Juan Pito bentatik gauez

8:34 : Juan Pito benta (1164m)
Presarik gabe ernatu nintzen ibilbidearen hasiera puntuan eta gosaldu ondotik goiti abiatu nintzen. Aparkalekuan berean dagoen seinale honek adierazten du zein bideri segitu behar zaion.


Lehen metroak pagadi eder honetatik egin nituen. 


Udazkenaren egunik ikusgarrienak pasatu dira Belaguan, baina oraindik ere kolore gorrixkek puntu zoragarria ematen diote paisajeari.


Pagadi arteko lehendabiziko malda gaindituta bizkar honetara atera nintzen eta Keleta eta Kartxela aldea bistaratu ahal izan nuen lehen aldiz.


Arrako inguruak beheitian... Oraindik izotza ikusten ahal zen azpiko partean, baina eguzkitan tenperatura goxoa zegoen.


Marka zuri-gorriei segitu nien oraingoan altuera gutxi irabaziz Arrakogoitiko lepo aldera.


9:15 : Arrakogoitiko lepoa (1416m)
Zuberotarrek Urdaiteko lepoa ere deitzen diote honi. Hemendik ezkerretara biratzen da bidea Binbaleta mendiaren magalen azpitik zeharkaldi luzea egiteko.


Zeharkaldi lepotxo honetan akitzen da. Bertatik parez pare nuen azken metroak eginen nituen Kartxelaren iparraldeko isurialdea.


Lepoaren bertze aldera Zuberoako ikuspegi ederra dago, Xardekagaina eta Orhi mendiez gain.


10:03 : Kartxela (1982m)
Ordu eta erdi eskasean gailurrean nintzen eta parean nuen Keletaraino jarraitu beharreko gandor polita. Haize zakarra zegoen kaskoetan eta egonaldi luzerik gabe bertarako bidea hartu nuen.


Gandorra erraza da eta era berean ikusgarria ere bai. Erritmo onean zeharkatu nuen eta laster hasi nintzen Kartxela aldetik urruntzen.


Azken zatian du zatirik estu eta ikusgarriena, baina ez du zailtasun handirik (I).


10:30 : Keleta (1904m)
Kartxelatik gandorrak luzeagoa iduri badu ere, nahiko laster zeharkatzen da eta uste baino lehenago plantatu nintzen Keletako kaskoan. Bertatik Belagua aldera dagoen ikuspegiak ez du preziorik. Zoragarria da! 


Bertze aldera zeharkatutako gandor polita nuen. Bi mendizale ikusten dira zatirik ikusgarrienean.


Eguneko bigarren gailurrean bai egin nuen argazkian, nahiz eta haizea nahiko higuingarri zebilen.


Sobera luzatu gabe hegoaldeko ertzetik hasi nintzen jaisten. Eskuak erabili beharreko punturen bat badu, baina erraza da...


Ertzaren zatirik estuenak gibelean utzita bizkar zabaletik segitu nuen. Argazkian Keletaren hegoaldeko ertza eta Kartxelarekin lotzen duen gandor guzia.


Otsogorrigaina ingurua...


Jaitsiera larre zabalak...


Lasterrago ezkerretara biratu bidea mozten ahal da, baina nik Lapatiako leporaino segitu nuen.


11:08 : Lapatiako lepoa (1543m)
Lepoan geldialditxoa egin nuen mandarina bat jateko, gailurretan ez bainuen deus ere jan haizeagatik. Seinale horrek erakusten du Arrakogoitiko lepo aldera itzultzeko segitu behar den bidea.


Otsogorrigaina Lapatiatik...


Hala bada, marka zuri-gorriak lagun berriz ere, beheitirakoari ekin nion.


Larre berde zabal batzuk zeharkatuta, pagadi polit honetan sartzen da bidexka.


Keleta ingurua baso artetik...


Keletaren ekialdeko magaletik doa bidea eta Belaguako gailurretara ikuspegi ederra dago bertatik.


Belaguako aterpea, aurten berriz ireki dutena, eta Auñamendi eta Soum Couy. Duela gutxi bertan ginen eskiatzen...


Juan Pito bentaren inguruak... Oraindik bidea nuen bertara ailegatzeko...


GRak Arrakogoitiko lepora segitzen du, baina nik magal honetatik beheiti laburtuko nuen bidea. Ez dago biderik, baina larre zabaletik eroso jaisten da.


Errekatxo polit honetara jaitsi nintzen zuzen. Hemendik malda motz bat igo eta Juan Pito eta Arrakogoiti arteko bidera aterako nintzen.


Behin bide arrunta hartuta, Keleta eta Kartxela mendiei azken begiratua bota nien pago artean "galdu" aitzinetik...


12:06 : Juan Pito benta (1164m)
Azkenean motz samar gelditu zitzaidan ibilbidea, 12 kilometro eta 1000 metroko desnibela izan arren. Nafarroan guzian zehar ibiltzen uzten badigute badago zer egina!


BIDEOA:

2020/10/25

Aubas (2071m), Trona (2087m), Arres (2162m), Mont de Montagou (2151m), Campsaure (2141m), Poilaner (2219m), Cap de Poilaner (2266m), Entecada (2269m)

EGUNA: 2020/10/24

ABIAPUNTUA: Hospice de France (1379m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORAK:
  • Hospice de France - Aubas : Bi ordu eta laurden
  • Aubas - Entecada (gailurren zeharkaldia) : Bi ordu
  • Entecada - Hospice de France : Ordu eta laurden
NOLA AILEGATU:
Baionan A64 autopista hartu eta bertatik segituko dugu 17. irteeran atera eta Bagneres de Luchongo norabidea hartu arte. Luchonera ailegatuta Hospice de Francera igotzen den errepidea hartu behar da, bukaeraraino segituz.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Udazkena bete-betean dago Pirinioetan eta azken urteetan baino elur gehiago izateak kolore kontraste zabalagoa gehitu dio jadanik koloretsua izaten den urtaroari. Kolore hauetaz gozatzeko Hospice de France aldera jo nuen, Aubas eta Entecada arteko bizkarra osorik zeharkatzeko ikuspegi panoramikoaz gozatuz.

8:26 : Hospice de France (1379m)
Gaua aterpe ondoko aparkalekuan pasatu nuen eta goizeko lehen argiekin batera ernatu eta martxan jarri nintzen.


Campsaureko etxolara eramanen ninduen bidexka hartu nuen laranja koloreko zuhaitzen artetik.


Lehen malda pikoak pagadietatik gainditu ondotik Campsaureko zelai zabalera atera nintzen. Atentzioa deitu zidan garai honetan oraindik azienda mendian egoteak.


Ordekatik egin nituen ondoko metroak Campsaureko etxola aldera.


Gibelean ikuskizuna goi-mailakoa zen. Panorama eder honetaz gozatzeko hautatu nuen inguru honetara etortzea...


8:58 : Cabane de Campsaure (1650m)
Di-da batean ailegatu nintzen duela bi gaua pasatu genuen etxola honetara. Orduko hartan elur zama ederra zegoen etxola inguruan eta eski ateraldu bikaina egin genuen.


Etxolatik pistari segituz metro batzuk egin eta gero, eskuinetara bidexka bat hartu nuen parean ikusten nuen Varetjako lepo aldera.


Bidexkatik nindoala duela bi urteko ateraldi hartan gaua pasatutako bigarren etxola ikusi nuen basoaren erdian. A zer lekuan dagoen Barguereseko etxola!


Campsaureko etxola dagoen lepotxoa gibelean...


...eta Luchongo 3000koak zuri-zuri ostertza edertuz.


9:39 : Coth de Varetja / Col de Bareges (1749m)
Altuera gutxi irabaziz ailegatu nintzen lepo honetara. Badira bortz urte baino gehiago txoko hau deskubritu nuela, baina lehen aldiz ikusten nuen elurrik gabe.


Zoragarria!


Lepotik eskuinetara biratu eta Aubaseko mendebaldeko maldan goiti abiatu nintzen. 300 metroko igoera zuzena da, eguneko gogorrena!


Metroak irabazi ahala Maladetako mendigunea agertzen hasi zen Benasqueko lepoaren gibelean.


10:18 : Aubas (2071m)
Abiatu eta bi ordu eskasera ailegatu nintzen lehendabiziko gailurrera, Aubas mendira. Bertatik Neouvielle ingurua zuri-zuri ageri zen urrunean, baita hurbilago Superbagnereseko eski estazioa ere.


Gailurrean bertze mendizale batekin solasalditxoa izan ondotik aitzinera segitu nuen. Parean nituen hurrena igoko nituen bi gailurrak: ezkerrean Trona eta eskuinean Arres.


Malda honetatik di-da batean zapalduko nuen Trona mendia.


10:28 : Era Trona (2087m)
Gailurraren iparraldera Vall d'Aranera ikuspegia ederra da.


Geldialdi motzaren ondotik parean ikusten den Arres mendirantz abiatu nintzen.


Pinu arteko malda bat gainditu behar da gailurrera ailegatzeko. Gibeleko mendi zuriekin kontrastea ederra zen...


10:40 : Arres (2162m)
Aubasekin batera duela bi urteko eski ateraldiko lehen egunean gailur hau ere zapaldu genuen eta bertatik eski jaitsiera ederra egin genuen Campsaureko etxolara. Oraingoan bertze itxura bat zuen gailurrak.


Bertze batzuen artean Luchongo bortzkote magikoa: Maupas, Crabiouleseko bi gailurrak, Lezat eta Grand Quayrat. Badut gogoa horietara joateko!


Hirugarren gailurra utzi eta bidexka erosotik Montagou aldera segitu nuen.


Behin eta berriz leku berera begiratuz. Aneto-Maladetarekin batera, Perdiguerokoa zen eguneko protagonista. Inguru honetatik 3000 metrotik goitiko mendi aunitz ikusten ahal dira.


Luchongo mendietatik urrundu ahala, Aneton eta enparauak indarra hartzen hasi ziren.


10:55 : Mont de Montagou (2151m)
Eguneko laugarren tontorretik Mauberme ingurura joan zitzaidan begirada. Ezagutzeko bertze leku bat...


Honaino duela bi urte igotako gailurrak, hemendik aitzinera leku berriak ezagutuko nituen.


Parean nuen Campsaureko gailurra. Metro gutxi batzuk galdu eta segidan igoko nuen...



11:02 : Campsaure (2141m)
Eguneko bosgarren tontorretik parez pare ikusten da Benasqueko lepoa. Inguru horretan egiteko ibilaldi bat fitxatu nuen...



Campsauretik orduan artekoak baino jaitsiera luzeago bat egin behar da ondoko mendia igo baino lehen.


11:19 : Pas de Vilamos (2048)
Lasterka pixka bat egiteko aprobetxatu nuen zati hau. Handik nentorren...


Lepotik ondoko gailurrera 200 bat metroko igoera zetorren, azken zatian bezperan botatako elur lapatsarekin.



Gailurrera ailegatzen... Handik Anetoko glaziarrerako ikuspegia zoragarria da.


11:36 : Poilaner / Pouylane (2219m)
Malda gogorraren ondotik seigarrenean nintzen eta gailurreriaren akabaila hurbil nuen jadanik. Luchongo handiak berriz gero eta urrunago...


Aitzinetik nuena... Elurtuta ikusten dena Cap de Poilaner mendia da, ondoko helburua.


Mauberme zoragarri!


Puntu honetatik aitzin berriz ere bezperan botatako elurra zapalduko nuen.


Cap de Poilaner hurbil nuen...


11:58 : Cap de Poilaner (2266m)
Zazpigarren mendia sakelara... Sei kilometroko gailurretako zeharkaldia akitzen ari nintzen.


Lepotxo horretara jaitsi eta Entecadara igotzea bertzerik ez zitzaidan gelditzen.


Entecada gero eta hurbilago...


Azken metroak... Gailur honetan bertzeetan baino jende gehiago harrapatuko nuen, nahiko mendi ezaguna baita.


12:13 : Entecada (2269m)


Gailurretik ibilitako gailur guziak parez pare nituen.


Bertze aldean Artiga de Lin ingurua eta goian Mulleres eta Forcanada, bertzeak bertze.


Aneto, Coronas, Maldito, Maladeta, Cordier, Alba... Pirinioetako mendirik altuenetarikoak.



Mauberme inguruak...


Montardo, inguruko bertze mendi ezagunetako bat.


Gailurrean egonaldi luzea egin nuen, jan, edan eta ingurukoekin solasean. Pena ematen zuen handik joateak...


Jaitsiera Entecadaren bide arruntetik egin nuen, bidexka zabal eta erosotik.


Arroko etxolak kokatuta dauden larre zabaletara jaitsiko nintzen.


Gibelean utzi nituen Cap de Poilaner (ezkerrean) eta Entecada (eskuinean).


Poriacako lakutxoaren ondotik pasatu nintzen. Ingurua zoragarria da, edozein bazterretan etzanda lasai ederrean egoteko modukoa.


Azken begirada bat Forcanadako gailur bikoitzera.


Alfonbra berdearen gainetik Arroko etxoletara ailegatu nintzen. Uda garaian hetsita egon arren, neguan bertan lo egiteko aukera dago eta inguruan eskiatzeko malda bikainak ditu.


Kontrasteak beheitirakoan... Pique mendia ikusgarri ageri da hemendik...


Bide arrunta utzi eta pixka bat desbideratu nintzen Romingauko lakuaren ondotik pasatzeko. Bertze postal bat...


Ondotik larre berdeetatik Campsaureko zelaiko pistara jaitsi nintzen. Inguru honetatik hartu behar da Hospice de Francera jaisteko bidexka.


Bidexka maldatsuaren goitiko partetik aparkalekua ikusten da. Ez zen aunitz falta ibilaldi eder hau akitzeko.


Berriz ere udazken koloreak beheitiko partean...


Hospice de Francerako jaitsiera bertze txoko eder bat ezagutzeko aukera ere izan nuen: Pessongo aterpea kokatua dagoen Freche bailaratxoa.


14:24 : Refuge le Pesson (1500m)
Bidetik pixka bat desbideratu eta aterpea bisitatu nuen. Gau goxoa pasatzeko behar den guzia du...


Azken jaitsiera zatia bertzerik ez zen gelditzen autora ailegatzeko, egun osoan bezala seinalez ongi markatuta.


14:32 : Hospice de France (1379m)
Sei orduko ibilaldiaren ondotik akitu zen udazkeneko kontraste politez apaindutako ibilaldi eder hau. A zer paradisua!


BIDEOA: