Orriak

Iguzkimendi (844m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Iguzkimendi (844m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021/12/30

Iguzkimendi (844m), Itsusiko Harria (623m)

EGUNA: 2021/12/31

ABIAPUNTUA: Aritzakun - Berekotxeko borda (195m)

ZAILTASUNA: Erraza

DENBORAK:
  • Berekotxeko Borda - Itsusiko Harriak - Iguzkimendi : 3 ordu eta erdi
  • Iguzkimendi - Berekotxeko Borda : Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Aitzakungo Berekotxeatik abiatzen da ibilaldi hau. Bertara ailegatzeko Bidarraitik edo Otsondoko lepotik Gorramendira doan errepidetik pasatzen ahal gara. 


KRONIKA:
Urte bikaina izan da 2021a mendiari dagokionez, eta akabaila polita eman genion etxe inguruko zonalde basati honetan. Denboran iltzatuta gelditu dela ematen duen Aritzakungo errekatik (village perdu deitzen diote frantsesez inguruari, herri galdua) Itsusiko Harriak ikusgarri altxatzen diren orratzak dira. Lastima da kalitat kaskarrezko konglomeratuz osatuta daudela harkaitz hauek, bertzenaz eskalada inguru paregabea izanen bailirateke ziur. Eskalatuz ez, baina oinez inguru hauetan galtzea merezi du.

11:18 : Aritzakun - Berekotxea (195m)
Presarik gabe ailegatu ginen abiapuntura. Neguko egunik motzenetan egonagatik ere, martxoan edo apirilean ginela ematen zuen eguraldi epela ikusita. Autoa bordaren ondoko aparkalekutxoan utzi eta bordaren kontratik beheiti abiatzen den bidea hartu genuen.


Aritzakungo erreka eskuineko aldean utziz, paraleloan doan bidexkari segituko genion lehen zati honetan.


Geroago gainetik pasatuko genituen Itsusiko Harriak azpitik zeharkatzen ditu bide honek.


Zati bat bertatik eginda, puntu honetan bidexka pista zabal bilakatzen da. Hemendik begien bistan genuen Arruxia baserria eguzkitan. Geroago pasatuko ginen bertatik.


11:58 : Arruxia (270m)
Bidexkatik GR10 bidea pasatzen den bide asfaltatu batera atera ginen eta bertatik metro batzuk eginda ailegatu ginen baserri honetara. Hortik goiti errepidetxoa akitu eta bidexka ikusgarritik segituko genuen.


Bidexka Itsusiko amildegian goiti ateratzen da, pareten artetik bidea eginez.


Bide horretatik zati bat eginda, eskuinetara dagoen kobazulo kurioso hau bisitatu genuen. Harpeko Saindua deitzen da lekua.


Bisita laburraren ondotik berriz ere goitirakoari ekin genion. Arestian erran bezala, egun beroa genuen abenduko azken hau.


Puntu honetan GR10aren bidea utzi eta ezkerretara biratuko ginen bidexka estu eta ez hain nabarmen bat segituz. Itsusiko Harrietara eramanen gintuen minutu batzuetan.


Arruxia baserria arras beheitian utzia genuen jadanik, Zelaiburu gailurraren oinean...


Itsusiko Harrietako lehendabiziko puntara atera ginen hala. Martikoenea deitzen da punta hau mapa batzuen arabera eta Aritzankunerako ikuspegi bikaina duen talaia zabala da.


Lehen tontortxoa utzi eta aitzinera segitu genuen. Hemendik aitzin, bidea ez da aunitzik igotzen Itsusiko Harrien gainetik egiten duen zeharkaldian.


Hor utzi genuen lehen puntatxoa...


13:06 : Itsusiko Harria (623m)
Orratz bat inguratu, metro batzuk galdu eta gailur nagusia den honetara atera ginen. Ez da guzietatik altuena, baina iparraldera pixka bat aterata dago eta azpitik handiena ematen du. Horregatik, berak hartzen du izena.


Tontor nagusia utzi eta inguruko bertze puntatxo batzuk ere igan genituen.


Goiti eta beheiti gozatzen ibiltzeko parajea da honakoa...


Putreen erreinu bertikala...


Orratz eta tontortxoak utzi eta aitzinera segitu genuen bidexka politetik. Bizkar hau ere arras polita da, bere etxolatxo eta guzi.


Kasko hori utzita, eskuinetara biratu eta bizkar honetatik segitu genuen Iguzkimendi aldera.


Azken metroak larre berdeetatik zuzenean eginen genituen.


14:07 : Iguzkimendi (844m)
Hala ailegatu ginen Lapurdiko kostaldera bista ederra duen gailur honetara. 


Artzamendi hiurbil gelditzen da tontorretik...


Urrunean Atxuria, Aiako Harriak, Larrun...


Eta bertze aldean Pirinioak zuri-zuri, nahiz eta gero eta elur gutiago izan...


Gailurrean egonaldi luzea eginda beheitirakoari ekin genion. Horretarako irudian ikusten den bizkar luzea segitu genuen akabailaraino, handik ezkerretara berriz ere Aritzakungo errekan barneratuko gintun bidexka hartzeko. Zati hau neguan aise egiten da, iratze eta sasi gutirekin. Udan hibe da bizkarraren eskuineko aldera jaitsi eta pista bat segitu bidexka bera hartu arte.


Bidexkak berriz ere Itsusiko Harrien azpiko aldera eramanen gintuen. Negua izan arren, bidexka nahiko hestia harrapatu genuen, beraz erritmo honetan hemendik gutira kasik ezinezkoa izanen da ibilaldi hau egitea. Hori da Baztango bailararak duen garapena, gero eta turista gehiago, baina gero eta abeltzain gutiago eta ondorioz, mendiak zikinago.


15:45 : Aritzakun - Berekotxea (195m)
Horraino urteko azken mendi ibilaldiak emandakoa. Anitzerako eman duen urtea 2021a, inoiz atzenduko ez dudana...

Blog honek 47 erreportaje hartu ditu, baina ez dira mendian egondako egun bakarrak izan. Hiru egunetatik batean mendian egon naizela erratea ez litzateke astokeria izanen segur aski. Izan dira eski egun gogoangarriak, elur hauts hotzetan zein udaberriko krema epelaren gainean. Izan dira euritan dantzan egitekoak, ekaitzen aitzinean lasterka ibiltzekoak eta ilunabarrari lurrean jarrita begira egotekoak. Ertz estuen gainean oreka mantendu beharrekoak edo belardi berdeetako ardi kaka gainean iraulka ibiltzekoak. Denek izanen dute beren leku berezi oroitzapenen kutxan...

2018/06/26

Iguzkimendi (844m)

EGUNA: 2018/06/26

IRTEERA: Arruxia baserria (270m)

ZAILTASUNA: Erraza (F)

DENBORAK:
  • Arruxia - Iguzkimendi (Itsusiko Harrietatik pasata) : 3 ordu
  • Iguzkimendi - Arruxia (Aritzakundik pasata) : 2 ordu

NOLA AILEGATU:
Bertara ailegatzeko Nafarroa Beherako Bidarrai herrira jo behar dugu eta handik goiti ibilbidea abiatuko dugun baserrira doan errepidetxoa hartu. Hona hemen puntu zehatza. Baserriaren ondoan auto batzuk uzteko lekua dago.



ARRASTOA:

Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Anitzetan kanpora jotzen dugu Pirinioetako mendietara etxe ondoan ditugun txoko ederrak ezagutu ere egin gabe. Hori gertatzen zait niri behintzat maiz.

Uda beteko egun zoragarria lagun, Baztango txokorik ederrenetarikoan izan naiz, Itsusiko Erreserba Naturalean hain zuzen ere. Merezi du paraje hauetan ibiltzea, bai horixe!

9:10 : Arruxia baserria (270m)
Bidarraitik pasatu ordez, Aritzakungo pistan barrena hurbildu naiz ibilbidearen hasmentara. Dena dela, onena edoizein eratako autoan joanda, Bidarraitik pasatzea da, funtsean Aritzakungo bidetik ezin delako bertakoa ez dena pasatu.

Leku malkartsuan dago baserria, abeltzaintza eta nekazaritzarako leku gogorra dudarik gabe. Hori dela eta, inguruko baserri anitz hustu dira azken hamarkadetan. Baserriaren azpiko aldean autoa utzi eta GR11 ibilbideko marka zuri-gorriak segituz hasi dut ibilbidea.


Metro batzuk irabazita segidan egun osoan lagun izanen dudan Alkaxuri mendi ikusgarria agertu zait begien parean.


Goiz beroa harrapatu dut eta lehen zati maldatsuan segidan hasi naiz izerditan. Argazkian autoa utzi dudan baserria ageri da.


Ibilbidetik Urritzate eta Aritzakungo erreken hasmentak ikusten dira, erdian Alkaxuri eta alde banatan Iparla eta Itsusiko Harriak dituztela. Eskuinean ikusten den punta  zen nire lehen helmuga, bertan hasten baita Itsusiko Harriak zeharkatzen dituen ibilbidea.


Espaltzako lepora ailegatu baino lehen, erne egon behar da ezkerretara ateratzen den bidexenda hartzeko. irudian ikusten dena da, sasoi honetan iratze artean nahiko gordea dagoena. Iturburuko malda zeharkatzen du bidexendak.


Iturburuko maldatik, igo dudan GR11ko ibilbidearen ikuspegia ikusgarria da. Dena den, teknikoki ez dauka inolako zailtasunik eta leku estuenetan kable batzuk daude, nahiz eta ez beharrezkoak izan.


10:00 : Martikoenea (640m)
Honela ailegatu naiz Itsusiko Harrietako lehen kotara, Martikoenea izena hartzen duenera. Bertatik, ibilbidearen hasmentako puntua arras beheitian ikusten da.


Argazkiaren eskuinetik etorri naiz eta ezkerretara doan bidexkatik segituko dut.


Ikuspegi ederra lehen puntatxo honetatik, Iparla, Auza, Alkaxuri eta Gorramakil ageri direla...


Ibilbidea segitu dut Martikoeneako puntari bertze begiradatxo bat emanda. Pirinioetako Chipeta Alto edo Bizkaiko Tologorri mendien nolabaiteko antza du.


Ibilbidetik Bidegorrieta baserria, Urritzateko errekaren beheitiko partean.


Alkaxuri ikusgarria, batzuen erranetan Euskal Herriko mendirik politena omen dena. Ez dakit hala den, baina zoragarria da.


Ibilbidean aitzinera segituta, Iguzkimendi  mendia ere agertu da. Puntu honetan pixka bat bidez nahastu eta Itsusiko Harria deitzen den kota pasatu egin dut. Bertara igotzeko asmoa nuen, baina ohartu naizenerako gibelean utzia nuen.


Amildegiaren ertzean doan bideak, oasi txiki batzuk ere baditu. Bordatxo hau dagoen lekua hain zuzen ere.


Amildegi gehiago...


Itsusiko Harrien zeharkaldi eder hau, Sistagorri deitzen den puntan akitu nuen. hemendik, gibelera ibilitako ibilbidearen ikuspegi bikaina dago. Zeharkaldia akituta, ondoko helburua Iguzkimendi mendia igotzea nuen eta bertara abiatu naiz.


11:00 : Bagaarreta (670m)
Amildegiak akitu eta larre berde eta zabalak hasten dira. Lepotxo honetatik aitzinean nuen Iguzkimendi.


Pista batetik egiten da zati bat eta azken zatian zuzenean igotzen da.


11:26 : Iguzkimendi (844m)
Erritmo bizian laster ailegatu nintzen Iguzkimendira. Iparraldeko lautaden ikuspegia irekitzen da bertatik, baita Larrun, Arranomendi eta Artzamendi mendietarako ere.


Gailurreko tripodea...



Hegoaldean Erratzuko "kolosoak"...


12:00 : Bagaarreta (670m)
Berriz Bagaarretara itzuli, eta ibilbide zirkularrarekin segitzeko eskuinetara ateratzen den pista hartu dut.


Metro batzuk bertzerik ez dira egin behar pista honetatik dena den eta segidan, harkaitz gorrixka kurioso bat inguratzen duen bidexenda hartu hartu behar da.

Bidexenda honetatik barneratu naiz Aritzakunen. Xendan aurkitu dudan lehen bidegurutzean berriz ere ezkerretara biratu eta iratze eta sasi artean ia galduta dagoen bidexkatik segitu behar da.


Matroak galdu ahala Itsusiko Harrien ikusgarritasuna gero eta handiagoa da.


12:30 : Itsusiko Borda (250m)
Sasi arteko bidexkan borrokan ibilita zibilizaziora atera naiz Itsusiko borda inguruan. Hemen, etxearen larrainetik bertatik ezkerretara hartu behar da Espaltzako erreka zeharkatu eta Arruxia aldera eramanen gaituen bidexenda.


Bidexenda berriz ere sasi eta iratze artean zailtzen da. Itsusiko Harrien azpitik zeharkaldi luzea egiten du.


Martikoteneko borda inguruan bidea nabarmen zabaltzen da eta autoa utzia nuen Arruxia baserria bistaratzen da.


13:35 : Arruxia (270m)
Honela, Bernateneko bordaren azpiko bidexkatik pasatu eta errepidetik goiti hasierako puntura ailegatu naiz.

Leku basatia, bakartia, ahaztua, miresgarria da Itsusi ingurua, etxe ondoko altxo handi bat.



BIDEOA: