Orriak

Petretxema (2360m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Petretxema (2360m) etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/02/07

Petretxema (2360m)

EGUNA: 2022/02/06

IRTEERA: Pont Lamaryko pista (1087m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S3, azken zatian S4
DENBORAK:
  • Igoera: 4 ordu
  • Jaitsiera: Ordu eta erdi
NOLA AILEGATU:
Masousako aparkalekua Lescun herritik goiti dago. Lescunera ailegatzeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne-en-Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere ailega daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. Lescun herrira iritsi baino pixkat lehenago, Masousako aparkalekura gidatuko gaituzten seinaleei segiko diegu. Masousatik Pont Lamary arteko pista neguan normalean elurtua egoten da, baina batzuetan pixka bat igaten ahal da.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Idorte luzea Pirinioetan. Jadanik bada hilabete bere manerako elurterik botatzen ez duela eta eskiaz gozatzeko aunitz begiratu behar da: orientazioak, altuera... Berez altxorra den Lescungo zirkuak elurra bertze edozein lekuk baino beheitiagotik du, ipar-mendebaldetik ailegatzen diren fronteek prezipitazio aunitz uzten baitute bertan. Atzo larunbatean botatako elur hauts goxoa izan genuen lagun paraje zoragarri hauetan.

9:23 : Pont Lamaryko pista (1087m)
Bezperan ailegatu ginen elurrak bidea mozten zigun punturaino eta gaua bertan pasatuta, pistatik goiti hasi genuen eguna. Eguzkiak ordurako Ansabereko orratz ikusgarriak parez pare jotzen zituen. 


9:38 : Pont Lamary (1171m)
Ordu laurden eskasean pista akitzen den aparkalekuan ginen. Udan puntu honetaraino igaten ahal da autoz. Oraindik eskiak paratzeko elur gutiegi izanik, oinez segitu genuen tarte batean.


Lamaryko zelaitxoan hasten zen elur jarraia, 1200 metro inguruan. Pirinio osoan leku guti izanen dira hilabete elurrik gabe daramagun honetan hain beheiti eskiak jartzen ahal direnak. Metro batzuk gehiago eginen genituen eskiak bizkarrean, zelaiaren ondoko basoan elurrik ez zela izanen uste bainuen...


...usteak erdia ustel! Pagadia ere elurtuta zegoen. Eskiak zangoetara eta goiti segitu genuen.


Uste baino aise porteo laburragoarekin, gauzak ongi ateratzen ari ziren sentsazio gozoarekin ailegatu ginen Ansabereko lautada ederrera. Borzgarren aldia zen niretako leku honetan, baina lehen aldia izanen balitz bezain aho zabalik utzi ninduen. Pirinioetako lekurik ederrenetarikoa da, dudarik gabe.


Baso ederrak, lautada elurtua, orratz ikusgarriak... Altxor bat! Hori guti balitz bezala, bezperan botatako elur kapatxo fina genuen azpi-azpitik, altuera irabazi ahala loditzen joanen zena.


Zelaia zeharkatu eta bukaeran ezkerretara hartu behar da. Bide estu batetik goiti, galbiderik gabe segitu genuen Ansabereko etxolen aldera.


10:54 : Cabanes d'Ansabere (1570m)
Zatiren batean elur gutiago zuen baso zatia zeharkatu eta paraje garbira atera bezain laster Ansabereko etxoletara ailegatu ginen. Gaua pasatzeko leku bikaina da honakoa, hiru etxolarekin, zein baino zein egoera hobean. 


Etxolak gibelean utzi eta Ansabereko orratzen eta Sobarcal mendiaren arteko lepora abiatu ginen. Ekialdeko orientaziodun maldak gainditu behar dira bertara ailegatzeko, otsailetik aitzin nahiko ongi transformatzen direnak. Gure kasuan bi karta genituen eskuetan, transformatzearena eta elur hautsa harrapatzearena, eta biak baliatu genituen.


Petite Aiguille d'Ansabere ikusgarriaren azpian ttipi sentitzen zara. Paretatzar hauek eskalatzaile onenek bertzerik ez dituzten gainditu. Gu haiei begira egotearekin konformattzen gara, eta haien azpiko maldetan eskiatzearekin, nola ez!


Lepora hurbildu ahal,malda estutu etab itzaletan sartu ginen. Elur gogorrarekin gainean 5-10 zentimetroko hauts freskoa genuen momentu oro, eta horrek aunitz erraztu zigun igoera.
.

12:05 : Col de Petrageme / Port d'Anso (2082m)
Orratzen artetik lepo honetara ateratzen aunitz aldatzen da panorama. Linza aldeko isurialdea aise eztiagoa da, lauagoa. Zerbait jateko geldialdi motza egin eta eskuinetara biratuko ginen Petretxemaren hegoaldeko malda igateko.


Irudikoa da gailurrera eramanen gintuen malda. Nahiko tentea da, gehienbat azken metroetan 40 gradu ere harrapatuko baititu. Guk malda hau igateko izaten ahal diren baldintzarik onenak genituen ordea. Hauts geruza gozoak azken zatitxoa arte arazorik gabe igaten utziko zigun.


Gibelean Foyas del Ingeniero aldera jaisten diren maldak utzi genituen. Hortik segituta Linzara ailegatuko ginateke.


Sobarcal (edo Petrageme), Acherito eta Chinebral parez pare...


Azken igoerako ikuspegia ikusgarria iruditu zitzaigun, metroak irabazi ahala gero eta gailur gehiago ageri baitziren. Ordu horretarako eguzkiari laino geruza fin batek traba jartzen zion eta elurra pisuegi ez jartzea ahalbidetuko zuen horrek. Baldintza kasik perfektuak genituen zentzu guzietan...


Gailurra baino 80 bat metro beheitiago malda 40 graduraino tentetzen da. Eskiz igatea baino erosoagoa zen oinez segitzea, hortaz eskiak motxilara eta egurra! Gure gibelean beranduxeago eskiatuko genuen magal bikaina genuen.


13:13 : Petretxema edo Pic d'Ansabere (2360m)
Sarreran aipatu bezala mendi hau klasiko bat da euskal mendizaleendako eta tontorrean horin ziurtatu genuen. Euskara zen kasik kaskoko hizkuntza bakarra, gure karriketan baino gehiago ere aditzen zen ia-ia... Zerbait jan, sozializatu eta beheiti jaisteko prestatu ginen...


Jaitsiera bikaina du Petretxemak, Lescun aldera batik bat. Kaskotik Ansabereko etxoletaraino 800 metroko desniblea malda zabal eta tenteetatik...Lescungo zirkuko onenetarikoa izanen da segur aski... Hori jakina elur ona harrapatuz gero. Libururen batean irakurria nuen mendi honetan zaila dela hautsa topatzea, haizeak aunitz jotzen duelako. Bezperako haizerik gabeko elurtetxoak hauts goxo-goxoa utzi zigun guri alabaina eta eski baldintza zoragarriak izan genituen.


14:24 : Cabanes d'Ansabere (1570m)
Jaitsiera puskaren ondotik geldialdi bat egin genuen Ansabereko etxola nagusia bisitatzeko. Gaua bertan pasatua zuten hiru familiak, beren haur eta guzi! Gu ere duela zortzi urte izan ginen hemen. Itzultzeko modukoa da, bai horixe! Barnean mahaia, aulkiak, estufa bat eta ohatzeak ditu, kanpoko aldean iturria...


Etxolako familiak agurtu, basoan basurde eski pixka bat praktikatu (zenbat gustatzen zaigun...) eta Ansabereko lautada gurutzatuta txoko liluragarri hau agurtu genuen.


1200 metroraino elur-mingainak aprobetxatu genituen, Pont Lamarytik bortz minuturaino eskiatuz... Irribarrea ez zitzaigun aurpegian sartzen...


14:53 : Pont Lamary (1171m)
Hortik beheiti eskiak bizkarrera eta ordu laurden inguruan autoan izanen ginen...


15:03 : Pont Lamaryko pista (1171m)
Eski egun ahantzezina bertze behin ere inguru honetan, eta jadanik badira batzuk: Rouge eta Sobarcal 2014an, Hiru Erregeen Mahaia 2017an, Auñamendi 2019an... Nola ez naiz bada Lescunez maitemindua egonen.


BIDEOA:

2010/04/05

Petretxema (2360m)

EGUNA: 2010/04/05

IRTEERA: Linzako aterpea

EGURALDIA: Eguzkitsua

ZAILTASUNA: Errexa (F). Nahiz eta elurrarekin izan, mendi honek ez dauka zailtasun handirik.

DENBORA: 3h 00min (Igoera).

NOLA IRITSI: Iruñeatik Izabara hurbildu behar dugu eta hemendik San Martingo Harriko lepora doan errepidea hartu. Herritik atera eta km. gutxi batzuetara eskuinera biratuko gara Ansora doan errepidea hartuz. Errepide honetatik zuzen Zurizako kanpinera iritsiko gara. Hemendik aurrera pista bat jarraituz Linzako aterpea topatuko dugu.

SARRERA:
Petretxema Hiru Erregeen Mahaia bezalako mendi baten baten itzalean egon arren, tontor klasikoa da nahiz udan nahiz neguan. Zonaldearen edertasunak eta igoeraren erreztasunak jende asko erakrtzen du. Igotzeko biderik erabilienak Linzako aterpetik eta Lescundik ateratzen dira. Berez, Petretxema, bere ondoan zerurantz luzatzen den Ansabereko orratz dotorearen "anaia txikia" da.

DESKRIBAPENA:
Negu zati gehinena neraman Petretxemara joan nahian baina eguraldiagatik edo bertze planengatik behin eta berriz atzeratzen ari nintzen. Azkenean Bazko biharamunean, besta eguna aprobetxatuz eta eguraldiaren iragarpen bikaina ikusirik, saiakera egiteko ideiarekin atera ginen lagun kuadrila.
Neguan esperientzia apala izanik, Petretxema ikasteko leku bikaina zela irakurri nuen eta horrek eraman gintuen bertaraino.
Bazko egunean bertan, gauez atera ginen eta hamaikak aldera ailegatu ginen Linzako aterpera. Gutako bik aterpean erreserba eginda zeukaten eta bertze biek furgonetan pasako genuen gaua. Hala biharamunean, ia gaua begirik itxi gabe pasa eta gero 7etan ernatu ginen eta aterpean gosaldu ondotik 8etako prest geunden igoerari ekiteko.

0h 00min: Linzako aterpea (1340m)
Goiz hotza atera zen eta bixi-bixi abiatu ginen berotzeko asmoz. Irudian El Paso del Oso.

Linzako aterpe ederra.

Eguzkiak poliki-poliki inguruak goxatzen zituen.

Eta gu ere parez pare jotzen gintuen.

Sobarcal eta Acherito mendien artetik zetozen izpiak.

Lehenengo maldetan belarra zapaldu arren, laister hasi zen elurra agertzen.


0h 30min: Sobrante de Linza (1580m)
Ateka batetik pasatuta zonalde lau batera iritsi ginen gure eskuinean txabolatxo bat utziz. Lautada utzi eta gero arrastoak berriro gorako bidean jarri gintuen Petretxemako amildegia gaindituz. Elurra gero eta ugariagoa zen eta laster jantzi genituen raketak.

1h 30min: Linzako lepoa (1905m)
Uste baino denbora gehiago pasatuz eta nahiko sufrituz elur biguna zela eta, Linzako lepora ailegatu ginen.

Ikuspegia ederra benetan! Ezkerrean Hiru Erregeen Mahaia eta eskuinean Petretxema itxura politarekin. Bertze esfortzutxo bat...

Hala ere, gure indarrak akitzen hasiak ziren negu sedentarioa eta gero, eta horri elur biguna gehitzen badiogu, sufimendua ederra. Gainera, elurra aurreko egunetan bota zuenez arrastoa ireki gabe zegoen eta guk egin behar izan genuen lan pisu hori. Azkenean, arista zabalera atera ginen eta hemen jadanik elur gutxiago eta gogorragoa aurkitu genuen.

Benga azken esfortzua eta... Gailurra!

Hiru Erregeen Mahaia.

3h 00min: Petretxema (2360m).
Gora gu ta gutarrak! 20 bat minutuan egon eta behera, goian hotz ederra egiten zuen eta.

Pixkat jaitsi eta gero, Linzako lepora ailegatu aurretik gosaltzeko geratu ginen. Tenperatura goxoagoa zegoen hemen eta umorea ere ona!

Eta berriro erritmo ederrean beheraka.

Atsedenaldiren bat tartean...

Eguraldia apartekoa.

Mendiko egun ederra giro onean!