2019/03/25

Auñamendi (2504m)

EGUNA: 2019/03/23-24

IRTEERA: Refuge de l'Aberouat (1450m)

ZAILTASUNA: S3, S4 azken zatian

DENBORAK:
  • Refuge de l'Aberouat - Cabane d'Ardinet : Ordu bat
  • Cabane d'Ardinet - Auñamendi : Bi ordu eta erdi
  • Auñamendi - Refuge de l'Aberouat : Bi ordu
NOLA AILEGATU:
L'Aberouateko aparkalekua Lescun herritik gora dago. Lescunera iristeko, gure kasuan, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatzea da lasterrena. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta kilometro batzuz bailara sartu ondotik, eskuinetara Lescun herrira doan desbideratzea aurkituko dugu. Puntu honetara Pirinioen hegoaldetik ere irits daiteke, Jaca eta Somporteko tunelean barrena. Lescun herrira ailegatzean, aparkalekura eramanen gaituzten seinaleei segituko diegu.




KRONIKA:
2009ko maiatzaren 3a. Zuberoa eta nafar Pirinioetan emandako oporraldiaren baitan, azken egunerako utzia eguneko ekintzarik garrantzitsuena. San Martingo Harraren inguruan gaua pasa eta Auñamendirantz abiatu ginen munduko ilusio guziarekin. Ilusio guzia, baina esperientziarik batere ez. Bakoitzak erraketa pare bana genuen, baina kranpoi pare bakarra biondako eta pioletik ez. Mendiaren hego-mendebaldeko aurpegiko maldak estuasun batzuk biziarazi zizkigun eta ez genuen arras igoera duina egin. Goitiraino ailegatu ginen hala ere eta hura izan zen Pirinioetan egiten nuen lehendabiziko gailur "handia".


Auñamendira bidean, 2009ko maiatzean


Urte hartan berean Taillon, Pica d'Estats eta Vignemale igo genituen eta handik aitzin mendira joatea nire zaletasun handienetariko bilakatu zen. Hasmentan oinez udan, alpinismo kurtso bat tarteko 2010ean neguko ateraldi batzuk egin nituen eta urte horretan berean mendi-eskia egiten hasi nintzen. Ordutik orain arte hamaika ateraldi egin ditut Pirinioetan oinez, eskiz, neguan, udan, eta lagun desberdin anitzekin. Pirinioez gain, Sierra Nevada, Kantauriar mendikatea, Alpeak edo Atlasa zerbait ezagutzeko aukera izan dut.

Auñamendi, Cette-Eygun herritik 2016ko otsailean

Lehen igoera haren hamargarrena urtebetetzea ospatzeko plana buruan nuen aspalditik. Berriz ere Auñamendira igo nahi nuen, baina ez edonola eta edozein tokitatik. Mendia oro har gustatu arren, nire mendi modalitate kuttunena mendi-eskia eta beraz eskiz igo nahi nuen aldi honetan. Lekua ere argi eta garbi nuen. Lescungo zirku liluragarrian kokatua dagoen Aberouateko aterpetxetik igotzen den bidetik izanen zen. 2013ko abenduan Burcq mendia eskiz egin genuelarik deskubritu nuen Lescun eta ikaragarria iruditu zitzaidan lehen momentutik. Belardi berdeen erdian eraikitako baserri giroko herriaren gainean tente altxatzen ziren tontor zuriak. Pirinioetako leku anitz bisitatu ondotik erraten ahal dut Lescungo zirkua dela nire leku gustukoena.

Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaitik 2017ko otsailean


Lekuaz eta moduaz gain, gaua etxola batean eginda igoko ginela erabakia nuen. Mendian gaua pasatzea ohitura dugu aspalditik eta anitz gustatzen zaigun jarduera da. Egia da erosotasunik ez dagoela, baina su-bazterreko egonaldiak, mila izarreko gauak eta haietan pasatako pasadizo guziak ez genituzke biziko bertze modu batera. Mendia egiteko modu bilakatu da guretako, nahiz eta noski ez dugun beti etxoletan lo egiten mendia egin aitzinetik. Auñamendirako hautatutako bideak ordea, etxoletan gaua pasatzeko aukera ere eskaintzen du, igoera Ardinet eta Cap de la Baitchen aitzinetik pasatzen baita. Guk lehena hautatu genuen, basoa hurbil izanda, egurra eskuragarriago duelako.


Auñamendi, Tourellesetik 2018ko martxoan


Astro guziak lerrokatu eta elur-baldintza eta eguraldi ona izatea behar nituen asmoa gauzatzeko. Aurtengo elur eskasia ikusita, garbi nuen ezin izanen nuela maiatzeraino zain egon urtebetetzea benetakoa izateko eta aurtengo denboraldiak emanen duen azken aukeretako bat aprobetxatuz bertara abiatu ginen.

2019/03/23
17:19 : Refuge de l'Aberouat (1450m)
Larunbat bazkalondoan abiatu ginen Lescun aldera. Udaberri beteko eguraldi aurreikuspena asteburu guzirako eta munduko ilusio guzia. Aberouateko aparkalekuan gauzak prestatu, eta motxila pisuak bizkarreratuta goiti abiatu ginen.


Mendiaren hego magala ia elurrik gabe zeuden altuera horretan eta beraz zapatiletan eginen genuen etxolarainokoa, eskiez gain, botak ere motxilan jarrita.


Basoan sartu aitzin inguru zoragarria izan genuen bidelagun. Billare, Hiru Erregeen Mahaia eta Auñamendi zuhaitz gibelean.


Gero oihanean barneratu ginen. Bideak ez du altuera handirik irabazten, 100 metro pasatxoko aldea baitago aterpetxetik etxolara. Nahiko luzea da ordea eta ordubete inguru eman genuen ailegatzeko.


GRko marka zuri-gorriei jarraika pago eta izeien artean ibili ondotik, bat-batean gure lo-lekua izanen zen Ardineteko etxola agertu zen zuhaitz artetik.

18:15 : Cabane d'Ardinet (1570m)
Lehen egunekoak eginak genituen beraz.


Midi d'Ossau etxolatik ilunabarreko argitan...


Leku zoragarrian dago kokatua Ardineteko etxola, Countende eta Soum Couy mendiek ixten duten zirkutxoan. Etxola handia izanagatik, mendizaleendako zatitxo bat bakarrik du irekita eta hori neguan bertzerik ez. Gainera, gure sorpresarako, lurreko surik ez du etxolak. Hala ere, egoera arras onean dago eta lau bat lagunek lo egiteko solairua du.


Barnean surik ezin genuenez egin, kanpoan egitea erabaki genuen. Gaua ez zen hotza eta ez zebilen haizerik, beraz gustura egon ahal izan ginen su bazterrean afaldu bitartean.


Hamaikak inguruan lotara, mila izarreko bertze hotel batean...



2019/03/24
9:01 : Cabane d'Ardinet
Igandea ere zeru urdinarekin argitu zen. Etxola aitzinean eguzkitan gustura gosaldu aitzinetik, eskiak jarri eta goiti abiatu ginen.


9:14 : Cabane de Cap de la Baitch (1689m)
Bailararen sakonetik segidan ailegatu ginen bigarren etxolara. Geldialdi bat egin genuen barneko aldea ikusteko. Gaua pasatu genuena baino ederragoa da, leku zabalagoa baitu mahai, lurreko su eta lo egiteko solairuarekin.


Etxolatik aitzin, hegoaldeko norabidea hartu eta Countende mendiaren azpiko maldak igotzearu ekin genion. Mendi ederra iruditu zitzaidan honako hau ere, Lescungo mendi ederren zerrendan bat gehiago.


Malda tente batzuk igo eta lehen aldiz gure helburua zen Auñamendiko gailurra bistaratu genuen.


Gibelean urtebete lehenago bisitatutako Orgues de Camplongeko inguruak...


Malda errazetatik egin genuen tontorraren azpiko alderainokoa. Azken zatian ordea, malda nabarmen tentetzen da.


Zeharkaldi bat egin eta ekialdeko malda igotzeari ekin genion. Irakurrita nuenez zati hau anitzetan hormatuta egoten da efa kranpoiekin egin behar izaten da. Guk ordea, elur baldintza bikainetan harraptu genuen eta ia gailurreraino eskiak hanketan genituela igo ginen.


Ezkerretara Countende mendia utzi genuen, behetitik ikusten genuenaren ikuspegi arras desberdinarekin.


Poliki-poliki ekialdeko maldetatik hegoaldekoetara pasatu ginen. Metroak irabazi ahal ikuspegia gero eta ikusgarriagoa zen. Igoera bikaina da Auñamendikoa!


Kaskoa baino 20-30 metro beheitiago utzi genituen eskiak eta azken metroak ertz errazetik egin genituen.


11:40 : Auñamendi (2504m)
Gailurrera ailegatuta igotako bailarara eman genion bistazoa. Soum Couy eta Tourelles de Camplong ezagunak arras beheitian gelditzen ziren.


Hego-ekialdera paradisua... A zer mendi giroa zegoen!


Gailurreko argazkia. Iduri du bakarrik geundela, baina jende anitz zegoen tontorrean, gehienak San Martingo Harri ingurutik igota.


Gozatzen...


Gailurreko tartea eta gero onena gelditzen zen. Jaitsiera arras ona du Auñamendik Lescun aldera. Gainera egun batzuk lehenago egindako elur hautsa ere harrapatu genuen ipar magaletan gure sorpresarako. Argazkian gailurrai begira lehen zatia jaitsi eta gero...


13:03 : Cabane d'Ardinet (1570m)
Ordubete eskasean berriz ere etxolan ginen bueltan. Gauzak bildu eta otordutxoa egin genuen atarian lasai ederrean...


Ia ordubetez gustura egonda, autora jaisteko momentua ailegatu zen... Leku bikain hau uztekoa...


Auñamendi eta inguruak jaitsierako bidetik...


Berriz ere porteo luzea...


15:06 : Refuge de l'Aberouat (1450m)
Eta horrela akitu genuen niretako arras berezia izan zen ateraldia. 10 urte hodei guzien gainetik... Izan daitezela bertze anitz!


BIDEOA:

2019/03/03

Puntal de Secus Norte (2442m)

EGUNA: 2019/03/03

IRTEERA: Refugio de Lizara (1540m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK:
  • Igoera: 3 ordu
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Iruñeatik Esako urtegia inguratuz Jacako bidean, Puente la Reina de Jaca herriraino ailegatuko gara. Hemen ezkerretera biratu Hecho aldera. Jasa eta Aragües del Puerto herriak gibelean utzi eta gero, pista asfaltatu batek Lizarako aterpe politeraino eramanen gaitu.

KRONIKA:
Azken hilabetean ia elurrik egin gabe egon ondotik, orain arte bilatu ditugun hego aurpegiak elurrez justu daude. Lizara aldean ibili gara azken asteetan izan dugun udaberriko elur bestarekin segitzeko intentzioarekin, eta harrapatu duguna halakoa harrapatu dugu, nahiz eta eskasten ari.

9:09 : Refugio de Lizara (1540m)
Goizean bertan egin ditugu Lizararainokoak. Aparkalekua nola ez gainezka, ia denak Bisaurin helburu jarrita. Guk masifikaziotik ihes egin eta Secus inguruak genituen jomugan. Eskiak motxilan jarri eta ttipi-ttapa abiatu gara.



Errana ziguten ordu erdi inguruz eskiak bizkarrean eraman beharko genituela eta baina gehiago ere izan da. Elurra dena den nahiko beheiti harrapatu dugu. Itxura hau zuen Lizara inguruak bidetik.


9:34 : Refugio de Oldecua (1700m)
Aterpetik atera eta 100 metroko desnibela eginda, irudiko aterpetxea baino dexente beheitiago, elurretan ginen jadanik. Hala ere, gero aurkituko genuenaz fidatu ez eta eskiak bizkarrean eramanez segitu dugu elur gogorraren gainetik.


Iparraldera biratu eta metro batzuk galduta Bisaurin eta Bernera menditzarren artean irekita dagoen erreka sakonetik goiti segitu dugu. Hemen, ikusten den bezala, elurra arras justu dago.


Egoera ikusita eskiak ez ditugu motxilatik kendu. Jarraikortasuna zuen elurrak amildegi osoan, baina gogor zegoen eta malabarismoak egiten ibili ordez nahiago izan dugu oinez segitu. Beheitirakoan eskien gainean jaitsiko genuen amildegi osoa elur-mingainak baliatuz.


10:39 : Plana Mistresa (1984m)
Amildegi estua lautada zabal batean akitzen da eta bat-batean paisaia erabat aldatzen da. Zonalde zoragarria da honakoa. Eskiak oinetara eta mendebalderantz abiatu gara.


Duela urte batzuk inguru honetan ibili nintzen Cupula de Secus mendia igo genuelarik. Elurrarekin ordukoaren antz gutxi dauka orain inguruak, baina ikusgarri segitzen du.


Malda tente samar bat gainditu dugu, elur gurian aise mugituz.


Aipatutako malda gaindituta ikuspegi hau genuen aitzinean. Ezkerretara Bisaurinen paretatzarrak eta eskuinean gure eguneko helburua zen Puntal de Secus mendia. Bertara abiatu gara argazkian eskuinetara ikusten den lepo aldera biratuz. Bide normala bi mendien artean ikusten den Secuseko lepotik pasatzen da, baina guk bide zuzenagoa hartu dugu.


Bertze malda  bat igotzen Bisaurineko harresiak gibelean genituela. Erran beharrik ez da inguruko mendi ezagunena Bisaurin izaki, kasik jende guzia harat joaten dela eta gu bakar-bakarrik ibili gara Secuseko malda goxoetan.


Puntal de Secusen ekialdera 2337 metrora dagoen izenik gabeko lepora atera garelarik, iparraldeko puntak aise elur gehiago zuela eta goitiraino eskiekin ailegatzen ahal ginela ikusita bertara jo dugu. Elur malda zoragarriak daude Bozoko lepotik erortzen den goi-ibartxo honetan, eta oso-osorik guretako.


12:19 : Puntal Norte de Secus (2442m)
Hiru ordu inguru behar izan ditugu gailurrera ailegatzeko. Iparraldean Aguas Tuertas ingurua zoragarri beti bezala.


Ekialdean erdialdeko Pirinioetako mendi handiak...


Eta ipar-mendebaldean Lescungo zirku ikusgarria...


Mendebaldeko haizea gogor samar zebilen gailurrean eta beraz, ez gara luzatu. Argazki batzuk eta beheiti...


Udaberriko elurra harrapatu dugu gaurkoan ere. Plana Mistresaraino malda zabal eta gozagarriak eta handik beheiti amildegiako elur-mingainetatik Oldecuako aterpetxea baino beheitiago eskiekin jaistea lortu dugu.


14:00 : Refugio de Lizara (1540m)
1650 metro inguruan eskiak bizkarrera eta ttipi-ttapa abiapuntura itzuli gara.


BIDEOA: