2022/03/28

Peyreget (2487m)

EGUNA: 2012/03/27

ABIAPUNTUA: Parking de Cabane d'Araille (1725m)

ZAILTASUNA: S3

DENBORAK: 
  • Igoera: 2 ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Erratzutik aterata Behe Nafarroara pasatu behar da Izpegitik. Baigorritik Garazira jo eta hemendik Donapaleu aldera. Donapaleutik Sauveterre de Bearn aldera doan bidea hartu behar da, baina seinaleetan Oloron ikustean azken honetara joanen gara. Oloronetik Paue aldera hartu, baina hiria gibelean utzi eta gutxira Laruns eta Artouste aldera bideratzen gaituzten seinaleak ikusiko ditugu. Laruns gibelean utzi eta Portaleteko mendatea igotzeari ekinen diogu. Goiti ailegatu baino kilometro inguru lehenago dago gure abiapuntua.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
Portaleteko sektorea ez da nire ingururik kuttunena mendi eskirako. Aukera aunitz eskaintzen ditu, Midiren itzalean paisaia polita ere bai; baina jendez lepo egoten da normalean, batik bat asteburuetan. Eguraldi iragarpen nahasia eta birus batek emandako errepasoa izan dira bertara bidean paratu gaituztenak. Helburua? Duela urte batzuk igandako Peyreget, Pombie aldetik igo eta Iouko lepo aldera jaitsiz. Bide anitza eta entretenigarria, erraza izateaz gain.

9:35 : Cabane d'Araille (1725m)
Errepide ondoan autoa utzi, eskiak bizkarrean hartuta metro batzuk jaitsi eta zubia zeharkatuta segidan paratu genituen eskiak oinetan. Hori da sektore honek uen abantailetako bat, eskiak fite ezartzen ahal direla.


Canal Roya eta Cuyalaret ezagunetarako bidea ezkerretara utzi eta eskuin biratuko ginen Peyreget mendia errreferentzia gisa hartuta. Zubia zeharkatu eta hego orientazioko malda leunetatik bidea bilatu behar izan genuen jadanik eskasten hasia den elurretik segitzeko.


Azpiko zatian elurrak jarraikortasuna zuen, gutigatik izan arren. Goitiago zati motz batean kendu behar izan genituen eskiak, Soum de Pombieko lepoaren  azpiko maldetan. Azken zatian jadanik elur geruza lodiagoa harrpatuko genuen. Gure gibelean iaz igandako Peña Blancako malda ederrak utzi genituen.


10:42 : Col de Soum de Pombie (2107m)
Ordubete pasatxoan eguneko lehen lepoan ginen. Toki honetatik Midi d'Ossauren ikuspegia zoragarria da. 


Foka-larruak kendu gabe pixka bat jaisten den zeharkaldia egin genuen Pombieko aterperaino. 


11:02 : Refuge de Pombie (2032m)
Aterpe ezagun honetara ailegatu gabe ezkerretara biratzen ahal ginen Peyregeteko lepora, baina hain hurbil egonda bertaraino segitu genuen bisitatzeko asmoz. Zati handia da neguan irekita uzten dutena: sarrera, jantokia eta gela bat.


Geldialde motzaren gibeletik aterpea utzi eta mendebaldekko norabidea hartu genuen Midiko paretazarren azpitik doazen malda politetatik.


Inguru honetatik Midiko bi gailurren paretek eta bien arteko Grande Raillereko korridoreak inpresioa eragiten dute. Hiru mendizale zebiltzan azken honen goitiko partean.


Jaitsiera ez genuen inguru honetatik eginen, baina malda hauek eskirako aproposak dira. Bertze baterako gelditzen da Peyreget Caillou de Socqueseko aparkalekutik igateko plana. Ederra izan behar du jaitsierak, 1100 metro ingurukoa.


Gailurra gero eta hurbilago ikusten genuen. Malda errazetatik ailegatuko ginen bertara.


Egunak aitzinera egin ahala mendiak hegoaldetik zetozen lainoz estaltzen hasi ziren mantso-mantso.



11:54 : Col de Peyreget (2325m)
Peyregeteko lepoan haize gogorrak eman zigun ongi etorria. Sobera gelditu gabe ezkerretara biratu eta malda etzanetatik gailurrera segitu genuen.


Azken maldan ere, bidean osoan bezala, elur guria harrapatu genuen eta zailtasunik gabe ailegatu ginen goitiraino. Pena bakarra inguratu eta ikuspenik gabe utzi gintuzten lainoak izan ziren.


12:19 : Peyreget (2487m)
Lainopean eta haizearekin gailurra ez zegoen bertan luze egoteko. Foka-larruak kendu eta jaitsierarako prestatu ginen ahal bezain fite. Denborarik galdu gabe mendebaldeko ertza jaisten hasi ginen eskiak paratzeko leku aproposa bat harrapatu arte.


Gailurreko eta ertzeko egonaldiak hormatuta utzi ninduten eta ez ginen nahi orduko eskapatu goitiko partetik. Hego-mendebaleko orientazioa duen gaineko malda esposizio handi samarra du. Kasu emanez jaitsi genuen zati hori eta Iouko lepora ailegatu baino lehen hegoaldeko malda ederretatik beheiti sartu ginen. Tarteren batean elurra motelago harrapatu bagenuen ere, oro har jaitsiera ona izan zen.


13:27 : Cabane d'Araille (1725m)
Errekaraino jaitsi ginen eskiatzen eta metro batzuk oinez egindako Aneouko zirku emankorra agurtu genuen. Eguraldia eta gure gorputz ahulak kontuan hartuta, ongi probestutako eguna bertze behin ere.

 

2022/03/15

Madamete (2657m)

EGUNA: 2022/03/12

ABIAPUNTUA: Tournaboup aparkalekua (1450m)

ZAILTASUNA: S2

DENBORAK: 
  • Igoera: Hiru ordu eta erdi
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU: 
Baionatik autopistaz joanen gara Tarbesen atera arte eta hemendik Lourdesera joko dugu. Lourdes hiritik hegoaldera joanda, Argeles eta Luz Saint Sauveur herrietara iritsiko gara, hurrenez hurren. Azken herri honetan Tourmalet mendate mitikorako bidea hartu behar da eta Tournaboupeko aparkalekura igo.

ARRASTOA:
Powered by Wikiloc


KRONIKA:
 
Sektore honetako bertze hainbat mendi bezala, Madameteko zirkularra eskiz egiteko bide klasiko bat da. Luzea da eta jaitsiera tente eta jarrairik gabea, baina inguruaren edertasunak eskiatzaile aunitz erakartzen ditu. Hamar urte geroago, bigarren aldiz izan dut aukera bide hau egiteko, honakoan arrats horretan berean botatako 20-30 zentimetroko elur geruzarekin.

9:16 : Tournaboup (1450m)
Autoa oraindik nahiko hutsik zegoen aparkaleku zabalean utzi eta elur maluta batzuk eskapatzen zitzaizkion zeru ilunpean abiatu ginen hegoaldeko norantza hartuta.


Pistetatik metro batzuk eginda, hauek utzi eta Coubouseko bailaratxoan barneratu ginen. Parean genuen Coubouseko pareta izenez ezagutzen den malda. Hortik jaitsiko ginen bueltan.


Mantso-mantso atertu eta mendi inguruetako lainoak saretzen hasi ziren. Eski egun zoragarria genuen aitzinetik.


9:58 : Pountou (1740m)

Zubia zeharkatu eta ezker biratuko ginen. Puntu honetan hetsiko genuen zirkulua ordu batzuk beranduago.


Coubousekoa utzi eta Aygues Cluseseko bailaran goiti segitu genuen. Eguna oraindik gris egonda ere, lekua zoragarria da eta gaueko elurrak Gabonetako postalak marratzen zituen inguru guzian.


Dena ez zen arrosa kolorekoa ordea. Hezetasuna zela eta, kasik ibilbidearen hasmentatik elurra foka-larruetan kolatzen hasi zitzaigun. Momentu aunitzetan zentimetro batzuetako geruza ere bagenuen eskien azpian eta horrek aunitz moteldu zuen gure erritmoa.


Bailaran goiti poliki igotzen da bidea, metroak mantso-mantso irabazten dira. Fokeatzeko leku perfektua da egia erran...


Goiti egin ahala, lainoa desagertu eta ostarte zabalak irekitzen hasi ziren zeruan.


GR10a ere inguru honetatik pasatzen da.


Bailararen zatirik estuena zeharkatuta, bat-batean paisaia aunitz zabaltzen da. Puntu honetan ekialdeko norabidea utzi eta berriz ere hegoalderantz biratuko ginen.


Crete de la Pegue ezaguna gibelean utziko genuen. Mendigune honen iparraldeko isurialdea ere eski klasiko bat da, bat gehiago Baregeseko sektore oparoan.


Gure ezkerretara Aygues Cluseseko aterpe berria utzi genuen. Leku liluragarrian iltzatuta, aurten irekiko omen ditu bere ateak.


Fokak pixka bat idortzeko intentzioz, geldialdi bat egin genuen inguru honetan. Zerbait jan, drone irudi batzuk grabatu... gozatzeko eguna genuen.


Geldialdiaren ondotik berriz ere goiti segitu genuen, Madameteko lakuen aldera.


Gibelean Aygues Cluseseko zirku zabala, eskiatzeko aukera aunitz eskaintzen dituena.


Leku ezaguna bada ere, bi talde bertzerik ez ginen igan hemendik goiti. Gure aitzineko bat eta gu. Haiek ireki zuten arrastoa 30 zentimetroko lodiera ere hartzen zuen elur geruzan.


Iparraldetik hodei batzuk sartu ziren momenturen batean, baina gero berriz ere garbituko zuen.


Madameteko lakuetako lautadatxotik, izen bereko gailurra ikusten hasi ginen. Laino artean erdi altxatuta zegoen momentu horretan.


Allemand eta Contade mendiak gure gibelean... Horien gibelean daude Grand Tourmaleteko eski pistak.


Erran bezala, igoera luzea da eta poliki irabazten da altuera momentu oro. Egun horretan 3ko elur-jausi arriskua genuen eta ingurua nahiko segurua da horrelakoetarako.


Aygues Cluseseko bailaratik jaitsiera eginen genuen Coubousekora pasatzeko zeharkatu beharko genuen lepoa hurbil genuen jadanik. Azken malda bat bertzerik ez zitzaigun falta. Lepo horretatik gailurrera 90 bat metro bertzerik ez daude.


Azken maldan lainoek zeruan jostatzen segitzen zuten bitartean...


Zatirik tenteena puntu honetatik leporainokoa da...


Azken metroak lepora ailegatzeko...


Izenik gabeko lepo honetatik ezkerretara biratu eta minutu gutian igaten da kaskora. Zati horretan normalean ez da elur aunitzik izaten eta oinez egin behar izaten da.


Gailurrerako bidean jadanik eskiak utzita...


13:42 : Madamete (2657m)

Azken metroetan guri tokatu zitzaigun elur sakon eta freskoan arrastoa irekitzea. Horrek badu bere saria ordea: han goitian bakarrik egotea.


Neouvielle eta Campbieil inguruak gainetik...


Gailurreko argazkia eta beheiti, bertzeak lepoan baikenituen zain.


Balaitous urrunean...


 

Lepotik beheiti hasi zen eski saioa. Elur berriak hezetasun pixka bat bazuen, baina aski goxo zegoen jaisteko. Gainera goitiko zatian ez zen inor pasatu gure aitzinetik eta malda zabalak guretako izan genituen oso-osorik. 


Tracens eta Blanc lakuak inguratuta, Coubouseko ailegatu ginen. Hainbertze lakurekinez da jaitsiera jarraia eta zelaitxo batzuk baditu.



15:11 : Pountou (1740m)

Goitiago ez bezala, Coubouseko malda arrastoz beteta zegoen, bertan elkartzen baitira Lurtet, Crampettes eta Touateretik jaisten diren bide guziak. Maldaren azpian ura hartu eta atsedenalditxoa egin genuen autora itzuli aitzinetik.


15:52 : Tournaboup (1450m)

Goitirakoan pixka bat sufritu ondotik, aho zapore onarekin utzi gintuen jaitsierak. Bide ederra, elur egin berriarekin postaletakoa iduri duena.


BIDEOA: