2017/01/21

Cristallere (1874m)

EGUNA: 2017/01/21

IRTEERA: Aubise (933m)

ZAILTASUNA:
  • Eski-zailtasuna: S3
DENBORAK:
  • Aubise - Cabane de Pacheu : 2 ordu
  • Cabane de Pacheu - Cristallere : Ordu bat eta erdi
NOLA AILEGATU:
Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziak zeharkatu behar dira. Donibane Garazi, Lartzabale, Maule eta Atharratze herriak pasata, Montori herrian utziko ditugu Euskal Herriko lurrak. Lanne en Baretous herrira ailegatuko gara hurrena eta herri hau pasata eskuinetara Arette herrira doan bidegurutzea ikusiko dugu. Bertara joanen gara. Arettetetik Issor herrian barrena, Aspeko bailarara iritsiko gara. Behin hemen, Zaragozako norabidea hartuko dugu eta aitzinera segituko dugu Somporteko tunelera iritsi arte. Urdos herrira ailegatu baino lehen, eskuinetara, Baraleteko zentral elektrikora doan errepidetxoa hartu behar da. Errepide hau segidan bitan zatitzen da. Ezkerretara Berat du Bas auzoa dago eta eskuinetara Aubise. Gure kasuan bi auto izanda, bat Berat du Basen utzi genuen eta bertzea abiapuntuan, Aubisen. 

KRONIKA:
Urtarrileko elurte ederrarekin batera gure bailara kuttunera abiatu ginen elur-hauts, etxola eta txoko izkutuen bila. Hirurak harrapatu genituen, neurri onean harrapatu ere. Bi autotan joan ginenez, erran bezala, abiapuntu eta helmugan auto bana utzi eta ibilbide zirkularra eginen genuen baina zirkulua itxi gabe. Igoeran 950 metroko desnibela eta jaitsieran 1100ekoa. Auto bakarra izanez geroaiapuntuan edo helmugan utzi beharko genuke eta bien arteko errepide zatia oinez egin, elurrik egon ezean.

2017/01/20
16:17 : Aubise (933m)
Ahalik eta goitien igotzeko auto bati kateak jarri behar izan genizkion, elurra kentzeko makina pasa arren izotza baitzegoen errepidetxo estua eta aldapatsuan. Hala ere, ezin izan ginen bidea akitzen den Lamouraneko baserrira ailegatu, 2014ko udan inguru honetan ibili ginen aldian bezala. Hortaz, autoa bide bazterrean utzi eta bide elurtuan eskiak hanketan genituela abiatu ginen. Behean Urdos herria zuri-zuri ageri zen. Aspe bailara ez genuen inoiz hain eder ikusi.



Motxila pisuak bikarrean errepidean goiti abiatu ginen. Itzuli hau egun batean ere egin daiteke, baina etxoletan gaua pasatzea droga bezala ari da bilakatzen guretzat.


16:41 : Central Electrique de Borce (1039m)
Errepidearen lehe bihurgune estuan Borceko zentralaren ondotik abiatzen den bidea hartu genuen errepidea baino laburragoa izanen zelakoan. Distantziz hala zen, baina eskiekin pasatzeko zati deserosoagoa ere bazen eta denbora dexente pasa genuen zati horretan.


17:25 : Lamourane (1182m)
Horrela, lehen izerdiak botata, berez errepidea akitzen den puntura ailegatu eta Baraleteko bailara ederrean barneratu ginen.


Hemendik aitzin erabateko bakardadea...


Urtegitxo bat pasata zelai honetara atera ginen. Urrunago etxola kokatua dagoen bertze zelaitxoa ikusten da.


Baina aitzinetik baso zati bat pasa behar da.


Aitzineko egunetan eroritako elurra basoa zoragarri jantzi zuen.



18:25 : Cabane de Pacheu (1451m)
Erdi ilunduta ailegatu ginen etxolara. Ate erditik goiti zegoen elur maila beraz palarekin elurra kendu behar izan genuen sartzeko. Segidan tximiniako elurra kendu eta sua piztu genuen tenperatura beheraka baitzihoan.

Etxola polita da, 5-6 lagunendako lekua, sua, mahaia eta aulkiak eta sukaldeko hainat tresnarekin.


Goiz afaldu eta bederatzi eta erdietarako lotara.


2017/01/21
8:17 : Cabane de Pacheu (1451m)
Goizean 7etan ernatu, gosaldu, traste guziak bildu eta goiti abiatu ginen.


Etxola baino aitzinxeago dagoen zubitik erreka zeharkatu eta ezkerretara malda elurtua igotzeari ekin genion.


Segidan basora sartuko ginen.


Mpana begiratuz udako bidea segitu genuen basoan zehar.


Baraleteko bailaratxoa ixten duten pareta gorrixkak gibelean.


Baso zatia pasatuta zati irekira atera ginen eta irudian ezkerretara ikusten den pasabiderantz abiatu ginen.


Gibelean iaz eskiekin igotako Labigouer mendia.


Aspe bailara, joan eta ikustekoa...


Migel, eskiatzaile ona, alkate hobea...


9:40 : Breche de Couylaret (1732m)
Gure ezkerretara diagonal luze bat egin eta arteka batetik aristatxoa gainditu genuen. Gure helburua zen Cristallereko gailurra begibistan genuen jadanik.


Gailurra baino lehen Coumetteko lepora ailegatu behar genuen ordea. Berriz ere diagonal luze bat egin genuen bertaraino.


9:56 : Col de la Coumette (1789m)
Lepotik gailurra hurbil genuen jadanik.


Eguzkitan arista zabala igotzeari ekin genion.


Inolako zailtasunik gabe...


Gailurreko ertz borobildura atera ginen.


10:18 : Cristallere (1874m)
Gailurrean tenperatura onarekin eta haizerik gabe egonaldi lasaia egin genuen. Irudian Sesques ingurua eta Urdos herria.


Mendebaldera ezagun zahar asko: Arlet, Aillary, Pic Rouge...


Eta nola ez Labigouer ederra. Iaz gaua pasatako Cayalatteko etxola ere ikus zitekeen.



Jaitsiera Berat du Bas auzora egin genuen, igoera baino askoz ere zuzenagoa. Elur bikaina izan genuen bide ia bide osoan.


Azken metroetan elur-jauzi bat zeharkatzeko eskiak kendu genituen.


13:00 : Berat du Bas (770m)
Honela akitu genuen Aspe bailaran egindako bertze ibilbide eder bat. Bailara honek ez du inoiz huts egiten.


BIDEOA:

2017/01/06

Coll de la Marrana (2529m)

EGUNA: 2017/01/06

IRTEERA: Vallter 2000 (2085m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S1
DENBORAK:
  • Igoera : Ordu eta erdi
  • Jaitsiera: 45 minutu
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik Gironako Piriniora ailegatzeko bide luze xamarra egin beharra dago. Pirinioetako Autobidetik Jaka aldera hartu behar da, baina bertara ailegatu baino lehen, Puente la Reina de Jaca herrian Huescako norabidea hartuko dugu. Huescatik Lleidara eta hemen A2 autobidetik Bartzelona aldera. Momentu batean Manresarako bidea erakusten diguten seinaleak ikusiko ditugu. Bide hori hartuko dugu Manresa gibelean utzi eta Vic herrira iritsi arte. Hemen Ripollera iratu eta Ripoll ere gibelean utzita Camprodon herrirako norabidea hartuko dugu. Camprodonetik Vallter 2000 eski estaziora igo behar da eta bertan, goiko aparkalekura ailegatu aitzineko azken bihurgune itxian utziko dugu autoa.

KRONIKA:
Kataluniako gure stagea akitzeko, Nuria eta Puigmal ezagunak gibelean utzita bertze zonalde klasiko bat ezagutzera jo genuen: Vallter 2000 eski estaziotik Ulldeter ingurua. Mendi eskiko zonalde aprta da hau ere eta makina bat ibilaldi egin daitezke inguruko mendietara: Pic de la Dona, Gra de Fajol, Pic de l'Infern, Bastiments... Guk preseski azken hau bisitatzeko asmoa genuen eta horrela plantatu ginen Vallter 2000 eski estazioan. Aste osoan bezala eguzkia, haizea eta hotza izanen ziren eguneko protagonistak.


9:25 : Vallter 2000 (2085m)
Errepide ondoko aparkalekuan autoa utzi eta gauzak prestatzen ari ginela haize finak eman zigun ongi etorria. Errepidetik bortz minutu GR11aren bidetik Ulldeterreko aterpe aldera ibili eta eskiak jarri genituen.


Elur anitz dagoenean GR11aren bidetik segitu daiteke Ulldeterreraino baina kasu honetan harriak agerian zeudenez Xalet izeneko eski pistara sartu ginen lehen zatia erosoago egiteko. Aterpea aitzineam genuen, baita Gra de Fajol mendia ere.


Pistatik segitu genuen Ulldeterreko zirkuraino. Hemen pistatik atera eta argazkian ezkerrean ikusten den Marranako lepo aldera biratu ginen. Eskuinean gure eguneko helburua zen Bastiments mendia ikus daiteke.


Ulldeterreko zirkuan barneratu ginen tenperatura hotza eta haizea lagun.


Elurra nahiko gogor baina kutxilarik gabe erraz igotzeko moduan.


Marranako lepoaren azpiko malda haizeak gero eta gogorrago jotzen zuen eta gure aitzinetik zihoazen guziek lepoan buelta hartu zuten haize olada bortitzak zirela eta. Ezinezkoa zen lepotik gailurrerainoko malda igotzea.


10:53 : Coll de la Marrana (2529m)
Horrela gu ere hainbat mendiren bidegurutzea den Marranako leporaino ailegatu eta buelta hartu genuen ia zutik egotea ere uzten ez zuen haize gohor eta hotzaren erruz. Bastiments eta bere hegoaldeko malda ikusgarria bertze baterako utzi genituen.


11:45 : Vallter 2000 (2085m)
Eskiak jantzita ailegatu ginen ia autoraino eta nahi baino laburragoa izan zen ateraldia akitu. Egun horretan ez zegoen gailurrik egiterik...


Ripolles aldeko egonaldia akitzeko herri pare bat ezagutzen pasa genuen arratsaldea. Lehenik Setcases herria...


...eta geroxeago Garrotxako Beget herrixka. Zoragarria!


Zalantzarik gabe itzuli beharreko zonaldea...


BIDEOA:

2017/01/04

Puigmal (2910m)

EGUNA: 2017/01/04

IRTEERA: Vall de Nuria (1967m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S2
DENBORA:
  • Igoera: 3 ordu
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik Gironako Piriniora ailegatzeko bide luze xamarra egin beharra dago. Pirinioetako Autobidetik Jaka aldera hartu behar da, baina bertara ailegatu baino lehen, Puente la Reina de Jaca herrian Huescako norabidea hartuko dugu. Huescatik Lleidara eta hemen A2 autobidetik Bartzelona aldera. Momentu batean Manresarako bidea erakusten diguten seinaleak ikusiko ditugu. Bide hori hartuko dugu Manresa gibelean utzi eta Vic herrira iritsi arte. Hemen Ripollera biratu eta Ripoll ere gibelean utzita Ribes de Feser herrira hartuko dugu. Hemen hartzen da Nuriako santutegira igotzen den tren ezaguna.
Puigmal eta inguruko mendiak Jou mendatetik

KRONIKA:
Elur eskasi handiaren erdian, neguko oporrak aprobetxatu asmoz Pirinioetako elur gehiena gordetzen duen zonaldera joatea erabaki genuen, Gironako Piriniora hain zuzen ere. Bertan emandako egunetako lehen ateraldian aspalditik zerrendan nuen Puigmal mendi ezaguna egin ahal izan genuen. Gironako gailurrik altuena den hau, Kataluniako mendi ezagunenen artean dago.


9:00 : Vall de Nuria (1967m)
Goizean goiz Ribes de Freser herrian Nuriako santutegira igotzen den kremailera hartu genuen. Tren honek Ribes de Freser eta Queralbs herriak Nuriarekin lotzen ditu. Historia handiko lekua da hau eta garrantzi handia du kataluniarrentzat. 2000 metro inguruan kokatuta, santutegiaz gain, hotela eta eski estazioa daude Vall de Nurian.

Hego aurpegiak, Pirinioetako bertze lekuetan bezala, ia elurrik gabe aurkitu genituen, baina Puigmaleko igoera ekialde eta iparraldeko aurpegiak tartekatuz egiten da eta behetik goraino eskiak jantzita egin ahal izan genuen.


Nuriako instalazioak Finestrelles deitzen den pista berdetik utzi genituen gibelean.


Metro gutti ditu ordea pista honek eta bukarena erreka zubi honetatik gurutzatu eta pista uzten da. Berez bide arrunta errekaren ondotik doa. Elurrik ez zegoen zonalde horretan ordea, eta beraz, aitzinetik genituen bi eskiatzaileren gibeletik, erreka zeharkatu eta segidan gure ezkerretara gelditzen ziren maldak igotzeari ekin genion.


Lehen malda pinu tartean gaindituta, Coma de l'Embut deitzen den bailaratxoan sartu ginen. Hemendik igoko ginen ia goraino.


Hasieran errekaren ezkerraldetik igo ginen eta bukaeran eskuinaldetik. Hemen jadanik eguzkitara atera ginen eta Puigmal mendiaren iparraldeko aurpegia agertu zitzaigun parez pare.


Egun hotza eta haizetsua genuen eta beraz, gogotik eskertu genituen eguzki izpiak.


Coma de l'Embuteko bailaratxoaren bertze aldea Puigmal de Segre mendiak genituen. Hauetara ere eskiekin igotzeko aukera zegoen.


Azkeneko maldetatik gero jaitsiko genituen malda zabal eta ederrak oinetan genituen. Mendi eskirako leku bikainak aurkitu genituen Gironako Pirinioan.


Sasigailurrean jadanik haize boladak arras gogorrak ziren eta sentsazio termikoa zeroz azpitik 10 gradu ingurukoa zen.


12:48 : Puigmal (2910m)
Gailurrean beraz ez ginen denbora askoan egon. Foka-larruak kendu, argazki pare bat eta behera...


Hegoaldean Ripolles ingurua eta Gironako probintziaren zati handi bat.


Iparraldean Cerdanya. Argazki honetan gailurreko haizetea zenbateko zen imajinatu daiteke.


Azkar batean utzi genuen gailurra erran bezala haize-babesaren bila.


Nahiz eta hilabete baino gehiagoan elurrik ez bota ez genuen elur txarra harrapatu jaitsieran eta ikaragarri disfrutatu genuen.


14:30 : Vall de Nuria (1967m)
Ehun metro kenduta bertze guzia eskiak oinetan genituela jaitsi ahal izan genuen, marka ederra gauzak nola dauden ikusita. Garagardo banarekin ospatu genuen mendi-eski egun ederra.


Honela agurtu genuen Nuriako txoko ikusgarri hau.


Lehen ateraldi bikainaren ondotik Puigmal ingurua utzi eta Camprodon aldera jo genuen bertze zonaldeak ezagutzera.


BIDEOA: