2017/01/04

Puigmal (2910m)

EGUNA: 2017/01/04

IRTEERA: Vall de Nuria (1967m)

ZAILTASUNA:
  • Eski zailtasuna: S2
DENBORA:
  • Igoera: 3 ordu
  • Jaitsiera: Ordu bat
NOLA AILEGATU:
Euskal Herritik Gironako Piriniora ailegatzeko bide luze xamarra egin beharra dago. Pirinioetako Autobidetik Jaka aldera hartu behar da, baina bertara ailegatu baino lehen, Puente la Reina de Jaca herrian Huescako norabidea hartuko dugu. Huescatik Lleidara eta hemen A2 autobidetik Bartzelona aldera. Momentu batean Manresarako bidea erakusten diguten seinaleak ikusiko ditugu. Bide hori hartuko dugu Manresa gibelean utzi eta Vic herrira iritsi arte. Hemen Ripollera biratu eta Ripoll ere gibelean utzita Ribes de Feser herrira hartuko dugu. Hemen hartzen da Nuriako santutegira igotzen den tren ezaguna.
Puigmal eta inguruko mendiak Jou mendatetik

KRONIKA:
Elur eskasi handiaren erdian, neguko oporrak aprobetxatu asmoz Pirinioetako elur gehiena gordetzen duen zonaldera joatea erabaki genuen, Gironako Piriniora hain zuzen ere. Bertan emandako egunetako lehen ateraldian aspalditik zerrendan nuen Puigmal mendi ezaguna egin ahal izan genuen. Gironako gailurrik altuena den hau, Kataluniako mendi ezagunenen artean dago.


9:00 : Vall de Nuria (1967m)
Goizean goiz Ribes de Freser herrian Nuriako santutegira igotzen den kremailera hartu genuen. Tren honek Ribes de Freser eta Queralbs herriak Nuriarekin lotzen ditu. Historia handiko lekua da hau eta garrantzi handia du kataluniarrentzat. 2000 metro inguruan kokatuta, santutegiaz gain, hotela eta eski estazioa daude Vall de Nurian.

Hego aurpegiak, Pirinioetako bertze lekuetan bezala, ia elurrik gabe aurkitu genituen, baina Puigmaleko igoera ekialde eta iparraldeko aurpegiak tartekatuz egiten da eta behetik goraino eskiak jantzita egin ahal izan genuen.


Nuriako instalazioak Finestrelles deitzen den pista berdetik utzi genituen gibelean.


Metro gutti ditu ordea pista honek eta bukarena erreka zubi honetatik gurutzatu eta pista uzten da. Berez bide arrunta errekaren ondotik doa. Elurrik ez zegoen zonalde horretan ordea, eta beraz, aitzinetik genituen bi eskiatzaileren gibeletik, erreka zeharkatu eta segidan gure ezkerretara gelditzen ziren maldak igotzeari ekin genion.


Lehen malda pinu tartean gaindituta, Coma de l'Embut deitzen den bailaratxoan sartu ginen. Hemendik igoko ginen ia goraino.


Hasieran errekaren ezkerraldetik igo ginen eta bukaeran eskuinaldetik. Hemen jadanik eguzkitara atera ginen eta Puigmal mendiaren iparraldeko aurpegia agertu zitzaigun parez pare.


Egun hotza eta haizetsua genuen eta beraz, gogotik eskertu genituen eguzki izpiak.


Coma de l'Embuteko bailaratxoaren bertze aldea Puigmal de Segre mendiak genituen. Hauetara ere eskiekin igotzeko aukera zegoen.


Azkeneko maldetatik gero jaitsiko genituen malda zabal eta ederrak oinetan genituen. Mendi eskirako leku bikainak aurkitu genituen Gironako Pirinioan.


Sasigailurrean jadanik haize boladak arras gogorrak ziren eta sentsazio termikoa zeroz azpitik 10 gradu ingurukoa zen.


12:48 : Puigmal (2910m)
Gailurrean beraz ez ginen denbora askoan egon. Foka-larruak kendu, argazki pare bat eta behera...


Hegoaldean Ripolles ingurua eta Gironako probintziaren zati handi bat.


Iparraldean Cerdanya. Argazki honetan gailurreko haizetea zenbateko zen imajinatu daiteke.


Azkar batean utzi genuen gailurra erran bezala haize-babesaren bila.


Nahiz eta hilabete baino gehiagoan elurrik ez bota ez genuen elur txarra harrapatu jaitsieran eta ikaragarri disfrutatu genuen.


14:30 : Vall de Nuria (1967m)
Ehun metro kenduta bertze guzia eskiak oinetan genituela jaitsi ahal izan genuen, marka ederra gauzak nola dauden ikusita. Garagardo banarekin ospatu genuen mendi-eski egun ederra.


Honela agurtu genuen Nuriako txoko ikusgarri hau.


Lehen ateraldi bikainaren ondotik Puigmal ingurua utzi eta Camprodon aldera jo genuen bertze zonaldeak ezagutzera.


BIDEOA:

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina